Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskal Instrumentuak


Herri-Musika

Herrien arteko ezberdintasuna gehien adierazten duen elementua, dudarik gabe, bere herri-kultura da, honen zatirik garrantzitsuenetariko bat musika delarik.

Zer da eta nola osatu da herriarekin hain lotuta eta identifikatua dagoen ondare kultural hori? Asko dira musika herrikoia fenomeno fosilizatua, aldagaitza eta aportazio berriak onartzen ez dituena dela pentsatzen dutenak. Beraientzat, musika herrikoiak interpretazioa bakarrik onartzen du, sormenari aukerarik eman gabe.

Horrela pentsatzen dutenetan, kultura herrikoiarekin eta batez ere folklorearekin loturik daudenak dauzkagu. Beraiek interpretazio soilera mugatzen dira, "egiazko bertsioaren" benetakotasun eta jatortasuna aldarrikatuz.

Bestalde, askoz ere gehiago dira herrietako kultura herrikoi-tradizionala, gure kasuan musika herrikoia, historiaren une batean eta era indibidual batean sortua izan ondoren, era aldagaitzean ez dela errepikatu pentsatzen duten folklore-ikerleak.

Hau, zuzenean belaunaldiz belaunaldi transmititu da kolektibitate baten baitan edo familian bertan. Bere osaketan, gehixeago edo gutxixeago, parte hartzen joan da belaunaldi bakoitza, eta are gehiago, berau erabili duen pertsona bakoitza.

Doinu eta abesti herrikoiak biltzen ibili eta ibiltzen direnak lekuko izan ziren eta dira, doinu edo abesti bera nola aldatzen den, bai leku ezberdineko lekuetan jaso ondoren, eta bai leku bereko gazte bati edo heldu bati jaso ondoren ere. Halaber, aldaketa handia jasango du, abestua izatetik soinu-tresnaz jotzera pasatutakoan edo soinu-tresna ezberdinak erabilitakoan. Berdin gertatuko da, leku berean handik denbora batera berriro jasota, eta askotan interprete bera da saio berean aldaketak egiten dituena.

Horregatik, kantutegi herrikoietan, jatorri bereko doinu berean aldaera handiak aurki ditzakegu. Honekin, musika herrikoia fenomeno bizia eta aldakorra izan zela, eta kasu askotan izaten jarraitzen duela frogatzen da.

Ikus dezagun C. Brailoiu etnomusikologo errumaniarrak horretaz zer esaten duen:
<<Doinu herrikoiak.....benetan abestu edo interpretatzen den unean bakarrik du izatea, eta bere interpretearen borondateagatik bakarrik bizi da, berak nahi duen moduan. Sortzea eta interpretatzea bertan nahasten dira musika idatzi eta inprimatuak ezagutzen ez duen moduan>> (Bartók, 1979. 43. orr.).

Kantutegi herrikoiak horrela joan dira osatzen denboran zehar, bakarkako eta taldeko lanaren fruitu, denen artean itxura estetiko eta nortasun berezia emanez.
Ez dugu ahantzi behar, kultura herrikoiak fenomeno irekiak izan direla, eta historian zehar beren harremanetan elkarren eraginak izan dituztela.

Soinu-tresnak Herri-musikan 

Musikari forma ematen dioten osagarriak asko dira. Nabarmenenak, doinua, erritmoa, harmonia eta tinbrea.
Munduan zehar sortu izan den musika herrikoi bakoitzaren itxura hartzen eragina izan duten zergatiak zehazteko, ikerketa sakona egin beharko litzateke. Baina, zalantzarik gabe, herri bakoitzeko musika autoktonoaren itxura estetikoan eragina mugatu eta zehaztu izan dutenak, soinu-tresna autoktonoak izan dira.

Baina zein dira benetako "Autoktonoak" eta zein "Unibertsalak"? Beste edozein ideia edo gaitan bezala, ezin dugu dena bitan banatu (zuriak-beltzak). Kasu honetan ere, "Autoktono"-"Unibertsala" bi kontzeptu hauen mugak ez daude gehienetan oso definiturik. Honekin ondoko hau esan nahi dugu: ez daudela soinu-tresnetan erabat autoktono edo unibertsalak direnik. Neurri batean edo bestean, denetan aurki ditzakegu alde bateko edo besteko osagaiak.

Beraz, zertan oinarritzen gara titulu hori emateko? Herri batek tradizioz erabiltzen duen tresna horrek duen itxura (eraikuntza eta materiala), joera, soinua, musika edo betebehar propio edo berezian. Soinu-tresna hauen tinbre eta eskala bereziek, soinuaren emisioak, tesiturak, hedapenak eta abarrek kolore eta forma melodiko ezberdina eman diete herri ezberdinetako musika autoktonoei. Orkestra-eraketak eta soinu-tresna polifonikoek ere eragin dute eraketa harmonikoetan.

 

Azken eguneratzea: 2006/02/03