Euskal Instrumentuak
Idiofonoak >> Toberak
Itxura aldetik aldaera batzuk badaude ere, arruntena honelakoa izaten da: gutxi gorabehera metro eta erdiko altzairuzko palanka. Bi muturretatik zintzilik dago, bi pertsonak sokekin helduta. Jotzeko 30 zentimetro luzeko lau burdin ziri.
Bi jotzaileak. Bi burdin ziri dituzte, bat esku banatan. Biekin txalapartarekin egiten den antzeko jokoa egiten da. Lesaka aldean, erritmoa markatzen dionari "bia" deitzen diote, eta "pikatzailea" edo "errepikia" besteari (bigarren honi Oiartzun aldean "bata"). Koplaria, bertsolaria. Honek, palanka joaldiarekin tartekatuz kantatzen ditu, bai Toberaren bertso propio zaharrak, saio horretarako prestatutakoak, eta bai bertso berriak bat-batean jarriak.
Txalapartaren "aldaera" hau (askotan nahastu egiten dira txalaparta eta tobera izenak ere) ez da soinu-tresna bakarrik, baizik eta festa-giroan egiten den ekintza.
Toberak, txalapartaren antzeko ekintzetan jotzen ziren, baina azken denboraldian izan zuen zeregin nagusia, bai Lesakan eta bai Oiartzun inguruan, ezteiei lotua dago. Lesakan Pregoi-egunean eta Oiartzun aldean eztei-egunean jotzen ziren.
Karobietako inguruan ere askotan agertzen dira halako ekintza edo ospakizunak. Karea egiteko elkartzen ziren eta gauez, karobien inguruan suak pizturik, "karobi eztaya" izeneko festa ospatzen zen. Hau, afari, bertsolari, irrintzi eta musikaz osatzen zen eta txalaparta jotzen zuten.