Urritzaren azalez egindako tutu konikoa. Goiko muturra zapaldua du mihi bikoitzeko pita osatuz. Tonu-aldaketarako bi zulo ditu. Pita ahoan sartu, haizea eman eta doinuak osatzeko dituen bi zuloak itxi eta ireki bi eskuetako behatz erakusleekin.
Euskal Herrian baditugu mota horretako bi soinu-tresna, horietako bat urritzaren azalarekin egiten dena eta sunpriñua deitzen dena. Ez da batere ezaguna gaur egun, erabat galdu da eta. Nafarroako Larraungo bailaran, Aralar mendian ibiltzen ziren artzainak izan dira azkeneko sunprinu jotzaileak. 1936ko gerra bitartean normal jo izan dute, eta geroago ere baten batek jo izan du noizbait.
Bi zulo dituenez, hiru notako doinuak jo ahal izaten dira. Sunpriñuarekin jotzen den doinu nagusiari "Durunbele" deitzen zaio, eta jotzaile bakoitzak askatasun handiz bere gustura jotzen zuen: batzuek azkar eta txio asko eginez, beste batzuek polikiago eta nota luzeak joz. Entzuleek entzuterakoan berehala ezagutzen zuten zein zen jotzen ari zena.