Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Musika Soinu-Tresnen Deskribapena, Historia eta Bestelako Informazioia



 
Soinu-tresnen deskribapena historia eta bestelako informazioa
Idiofonoak
Membranofonoak
Kordofonoak
Aerofonoak

SOINU-TRESNEN DESKRIBAPENA, HISTORIA ETA BESTELAKO INFORMAZIOA

  Hona hemen, aurkezturiko sistema erabiliz, lan honetan agertzen diren Euskal Herriko soinu-tresnen zerrenda. Hau, Aita Donostiak "Instrumentos de Música Popular Española" lanean erabilitakoaren antzekoa da, bera ere, E. Hornbostel eta C. Sachs-en sailkapen-eran oinarritu baitzen.

 Zerrenda honetan, gaur egun erabiltzen direnak, orain dela gutxi arte erabilitakoak eta aspaldi galdutakoak sartuko ditugu , eta hauekin batera zenbait helburutarako erabilitako hots-tresnak eta jostailuak.

1.- IDIOFONOAK

TXALAPARTA

     txlaparta

 Txalapartaren itxura ez da beti eta toki guztietan berdina izan.
 Txalaparta tradizionalean itxurari buruz, gehien azaltzen zaiguna honakoa da:

Bi euskarri; otarrak edo saskiak ahoz behera jarririk, aulkiak edo bankuak. Hauen gainean, isolatzen duen zerbait; arto-hostoa (artorria), belar idorra, zaku zaharrak,... Gainean horizontalki jarririk, gutxi gorabehera bi metro luze, hogei zentimetro zabal eta sei zentimetro lodi den ohol bat. Euskarriak, gutxi gorabehera ohol-muturretik bosten batera kokatzen dira.
Jotzeko lau makila. Hauen luzera eta ixura desberdina izaten da tokiaren arabera: Luzera, Lasarteko Zuaznabartarrenak 52 zentimetro, Astigarragako Goikoetxeatarrenak 60 zentimetro eta Billandegiko baserrietakoak 88 zentimetro. Hiru kasuetan makilak kono-enbor formakoak dira.
Jotzeko era: Horizontalki (eta erresonantzia galdu ez dadin, isolaturik) jarrita dagoen ohola jotzen dute bakoitzak dituen bi makilekin, goitik behera eta makilak bertikalki hartuz. Bi izaten dira joleak. Bien artean osatzen dute musika. Tokiaren arabera jole bakoitzak izen desberdina du:

ttakuna herrena
tukutuna urguna

Izen hauek adierazten dutenez, jole bakoitzak bere zeregina du. Batek ordena-oreka jartzen du eta besteak lagunak jarritakoa hausten, desordena-desoreka sortuz. Horrela, joaldian zehar erritmoa egin eta deseginez, gero eta azkarrago orden-oreka hautsiezinezkora iristen da.

Txalapartak baditu jotzeko arauak, eta hauek oso estuak badira ere, askatasun handia ematen diete jotzaileei bere irudimen eta inprobisatzeko ahalmena erabil ditzaten.
Batek "ttakun" edo "tukutun" deitzen dena egiten du, denbora guztian bi kolpe emanez, eta besteak, "ttakunak" jotzen dituen kolpe bikoitzen artean, "herrena" edo "urguna" deitzen dena jotzen du. "Herrenak " egiten ditu joko eta aldaketak, bi kolpe bezala kolpe bat nahiz batere ez sartuz, eta konbinazio desberdin osatuz.
Honen gainetik bada beste aukerarik ere musika egiteko: soinuaren "tinbre", "tonu", intentsitate eta abiadurarekin jokatzea.

Non erabili izan da?
Gipuzkoako Donostia-Urumea aldea, Lasarte, Usurbil, Hernani, Ereñotzu, Urnieta, Altza-Intxaurrondo, Astigarraga, Ergobia eta Andoain dira garai batean ohitura hauek izan dituzten lekuak.
Beti baserritar-inguru edo giroan agertzen da eta bere bizimoduarekin erlazionaturik.
Hirurogeiko hamarkadan, bikote gutxi zeuden eta hauek hoanko eskualdeetan: Donostia-Urumea inguruan: Lasarte, Hernani, Astigarraga, Ergobia, Altza. Toki horietan guztietan ikasi dugu txalapartaz dakiguna, baina denetan, Lasarteko Sasoeta baserriko Migel eta Pello Zuaznabar eta Astigarragako Erbetegi-Etxeberri baserriko Asentsio eta Ramon Goikoetxea anaiak izan dira gure berriemaile eta irakasle nagusiak.

Noiz eta zertarako erabili izan da?
Auzolanetako eginbeharrekin eta ospakizunarekin lotuta; hori bai, beti festa-giroan. Donostia-Urumea aldean sagardoa egiteko auzolanaren inguruan ezagutu dute bertakoek bizirik ohitura hau. Sagarra jotzearen ondotik, lanean aritutakoek afaria eginez, festa bat ospatzen zuten. Afaldu ondoren jendea pixka bat berotzen zen, kargatu ere bai, eta orduan, han bertan prestatzen zuten txalaparta. Normalean atarian, kanpoan, eta berehala txalaparta jotzen hasten ziren. Orduan hasten zen festaren zati berria, ordura arte etxean zeuden afalkideekin eta hortik aurrera txalaparta entzun ondoren inguruko baserrietatik etortzen zen jendearekin, gazteak gehienbat.
Esaten dutenez txalaparta 5 kilometroko erradioan entzuten zen eta horren barnean bizi zirenetako asko inguratzen ziren festa horretara.
Ramon Goikoetxeak dioenez: Tolaretik sagarra jotzerakoan txalaparta jotzeko aukeratzen genuen ohola bustia egoten zen, hezea, eta teilatuan jartzen genuen lehortzeko, hots hobea atera zezan. Bide batez jendeak ikusi eta jakin egiten zuen han aurki festa izango zela. Jendea erne egoten zen, Erbetegi-Etxeberrin festa hori noiz antolatuko zuten jakitearren.
Han egoten ginen, saltoka, oihuka, sagardoa edaten eta txalaparta jo eta entzuten eguna zabaldu arte.
Ikusten denez, garai batean ere gaupasak egiten ziren eta ez nolanahikoak, sasoi horretan gauak luze eta gogorrak izaten dira eta. Hango festa giroa ulertzeko hona hemen R. Goikoetxeak kontatzen duen beste bitxikeria bat: Gure aitona atzeraka okertuta, oholaren azpitik pasatzen zen anaia eta biok jotzen genuen bitartean.
Migel Zuaznabarrek ere sagardoaren inguruko festa hauei buruz kontatzen ziguna berdintsua zen eta txalapartaren inguruko giroa ulertzeko beste gertakizun bat kontatzen zuen. Behin, "kinto"-afaria egin omen zuten Lasarteko jatetxe batean eta afaria bukatutakoan txalaparta jotzea bururatu zitzaien, baina han ez zeuzkaten txalaparta osatzeko behar zituzten gauzak. Zer egin zuten? Donostia-Bilboko trenbideko "pasonibelean" zegoen kaseta desmontatu eta material horrekin txalaparta osatu eta segidan jo eta ke jardun omen zuten jotzen.
Txalapartarekin batera beste osagai batzuk erabiltzen dira. Lasarteko Zuaznabartarrek, esate baterako, joaldi guztien aurretik adarrak jotzen dituzte.
Txalapartak badu beste berezitasunik. Idatzitakoetan eta zuzenean guk ezagutu ditugun kasu guztietan, gauez jo izan dela azaltzen da. Sagardoaren inguruko festak, karobi-ezteiak eta ezkontza inguruko ospakizunetan. Salbuespen bakarrak azkeneko urteetan, bere ingurutik kanpo eta erakustaldi gisa txalapartari zaharrek emandako joaldiak dira.
Hau sakon aztertu beharko da, ez baitzaigu iruditzen kasualitatez izan denik, mundu zabalean ezagutzen ditugun txalaparta antzeko ohituretan gauza bera gertatzen da eta.


TOBERAK

   Itxura aldetik aldaera batzuk badaude ere, arruntena honelakoa izaten da: gutxi gorabehera metro eta erdiko altzairuzko palanka. Bi muturretatik zintzilik dago, bi pertsonak sokekin helduta. Jotzeko 30 zentimetro luzeko lau burdin ziri.
Bi jotzaileak. Bi burdin ziri dituzte, bat esku banatan. Biekin txalapartarekin egiten den antzeko jokoa egiten da. Lesaka aldean, erritmoa markatzen dionari "bia" deitzen diote, eta "pikatzailea" edo "errepikia" besteari (bigarren honi Oiartzun aldean "bata"). Koplaria, bertsolaria. Honek, palanka joaldiarekin tartekatuz kantatzen ditu, bai Toberaren bertso propio zaharrak, saio horretarako prestatutakoak, eta bai bertso berriak bat-batean jarriak.
Txalapartaren "aldaera" hau (askotan nahastu egiten dira txalaparta eta tobera izenak ere) ez da soinu-tresna bakarrik, baizik eta festa-giroan egiten den ekintza.
Toberak, txalapartaren antzeko ekintzetan jotzen ziren, baina azken denboraldian izan zuen zeregin nagusia, bai Lesakan eta bai Oiartzun inguruan, ezteiei lotua dago. Lesakan Pregoi-egunean eta Oiartzun aldean eztei-egunean jotzen ziren.
Karobietako inguruan ere askotan agertzen dira halako ekintza edo ospakizunak. Karea egiteko elkartzen ziren eta gauez, karobien inguruan suak pizturik, "karobi eztaya" izeneko festa ospatzen zen. Hau, afari, bertsolari, irrintzi eta musikaz osatzen zen eta txalaparta jotzen zuten.


TRONPA, mosugitarra, mosumusika

     tronpa

   Gure tronpak giltza zahar baten itxura du. Itxi gabeko zirkulu antzekoa den uztaia. Muturretatik paraleloki bi beso ateratzen dira aurrealdera. Bi beso horien erdian, behatzarekin eraginez bibratzen duen altzairuzko mihi bat duela. Dena metalezkoa da.
Tronpa, musugitarra eta musumusika, hiru izen hauekin ezagutzen da Euskal Herrian, mundu osoan oso zabaldurik dagoen soinu-tresna hau.
Soinu-tresna txiki eta sinple hau Euskal Herrian asko jotzen omen zen joan zen mendera arte. Mende honen hasieran jotzaile batzuk baziren Gipuzkoan eta Bizkaiko Durangaldean.
Aita Donostiak (1952) zenbait xehetasun ematen du: Durangokoei "tronperriko" deitzen zieten goitizenez, bertan tronpak egiten baitziren, eta jo ere bai. Durangoko dendetan 1890-1895. urte inguruan tronpak saltzen ziren eta 1906-1910. urte inguruan jotzen omen zuten, oso ongi jo ere.
XIX. mende hasieran, Hernaniko plazan "tronpa dantza" izeneko dantza egiten omen zen. Dantza honek, izena, bere musika-emailearen soinu-tresnetatik hartzen zuen, tronpekin (guimbardes) jotzen zen eta.
Aita Barandiaranek esaten zuenez, mende honen hasieran Ataungo plazan jendeak Tronpa-musikarekin dantza egiten zuen. Donostiako San Telmo Museoan soinutresna honi buruzko informazio gehiago aurkitu dugu. Bedaioko J. A. Sarasola txistulari zenaren amak, ilunabarretan, etxeko sukaldean jotzen zuen tronpa txiki bat besteek kanta eta dantza zezaten.
Ezagutu dugun azken tronpa joleari buruzko berriak, Orioko San Martin auzoko Sarobe baserrian bildu ditugu bertako Jose Peñak emanda. Mutiko zenean bere etxera etortzen omen zen Aretxabaletako gizon handi bat, Nikolas Garmendia. Kontrabandoan, eskopetak konpontzen, pistolak saltzen eta horrela ibiltzen omen zen. Saroben egon eta lo egiten zuen. Sukaldean bertan asko jotzen omen zuen eta oso ondo gainera, era guztietako kantu eta dantzak. Tronpa handi bat zuen, kolorez horia. "Zer bulla ateratzen zuen!". Bukatutakoan, kortxozko azal edo kaxa batean gordetzen zuen (Beltran, 1997).

2.- MENBRANOFONOAK

DANBOLINA ttun-ttuna

ttunttun

Txistularia, bera bakarrik aski izaten da doinua eta erritmoa emateko behar den taldea osatzeko, berak jotzen baitu esku batekin txistua eta bestean daraman makilarekin txistua jotzen duen besotik zintzilik daukan danbolina.
Tresna hau garrantzitsua izan dela garbi adierazten du historian zehar joleari eman zaion danboliterua izenak. Eskualde batzuetan, ttun-ttuna deitzen diote, eta toki horietan, txistulariak "ttunttunerua" izaten da. Txistuak jotzen duen doinuari laguntza erritmikoa ematen dio eta gutxi izan dira danbolina jo ez duten "danboliteruak".




ATABALA
   Izen batekin edo bestearekin, aspaldidanik ikusi izan dira soinu-tresna hauek txistulari eta xirularien doinuei laguntza erritmikoa emanez. Txistu-taldeko atabalariek, trebetasun handiaz jotzen dute, konplexutasun handiko erredoble eta joko erritmikoek txistularien musika (danbolinaren laguntzaz gain) apaindu eta aberastu egiten dutelarik.

PANDEROA
   XVI. mendeko berri batek Karlos IX.a Donibane Lohitzunera etorri zenean, neska gazteak dantzatzen ikusiz entretenitzen zela esaten digu. Neska dantzari hauek guztiek, eskuetan zintzarri asko zituen bahe/zurdabahe gisako "danbortxoa" zeramaten. Panderoari buruzko XVII. mendeko beste berri batek zera esaten digu: Aulnoy-ko andereak egin zuen bidaian, Pasaiara iritsitakoan, <<batelari emakumea atera zen bila berrogeita hamar lagunekin, emakume bakoitzak bizkarrean arrauna zuela; bi ilara luzetan zihoazen, eta segizioaren buruan hiru batelari panderoa oso ongi jotzen ari ziren. Aulnoy-ko anderea agurtu ondoren, panderoa ozenago jotzen hasi ziren, ihu handiak egin zituzten eta arraunean aritu ziren jauzi eginez eta dantzan oso dotore. Bidaiariari azken agurra beren panderoez, dantzatuz eta abestuz egin zioten.>> (A. Donostia, 1952).
XVIII. mendean Iruñeko festetara joandako musikarien zerrendan bederatzi panderojole agertzen dira. Horietatik sei Iruñekoak, bi Aoizkoak eta bat Biasterikoak ziren. Zortzi bakarka eta bat kitarrari lagunduz (Ramos, 1990).
XIX. mendean Charles Davilier baroiak 1862. urtean idatzitako "Viaje por España" liburuan honakoa irakur daiteke:<<Panderoaz gain, euskaldunek gaitaren doinuaz dantza egiten dute, asturiarrek eta galiziarrek bezalaxe, eta danbolin eta xirulaz lagundurik.>>.
"Erregiñetan, o las fiestas de las Mayas" idatzitako artikuluan, A. Donostiak honakoa dio:<<Langunek, neskek, panderoaren soinuaz abesten dute.>>.
Dokumentu hauetan garbi ikusten da panderoa aspaldidanik eta asko erabili izan dela gure artean, eta oraindik dantzatzen dira panderoen laguntzaz garai hartako moduko dantzak. Ezin dugu ahaztu gainera, kanpoko toki batzuetan, soinu-tresna honi "tambour de basque" deitzen ditoela dutela (ikus GROVE Dictionary of Musical Instruments).


ELTZEGORRA
   Neurri desberdinetako (30-60 zentimetro altuerako) eltzea izaten da. Ezagutzen ditugunetan, Baigorriko herrian aurkitutakoa izan ezik, beste guztiak buztinezkoak dira. Ipurdia kentzen zaio eta teinkatutako larruzko partxearekin ixten da. Larruaren erditik bikeaz zikindutako soka pasatzen zaio.
Tresna honi buruz, dokumentazio gutxi badugu ere, zahar askok ondo gordeta dituzte bere gogoan honen inguruan gertatutakoak eta kontatzen ziren istorioak. Batzuek zuzenean ezagutu eta erabili ere erabili izan dute. Gure inguruan izan duen funtzioa ez da izan batere musikala, zalaparta egiteko eta ikaratzeko edo beldurtzekoa baizik.
A. Donostiak (1952) honakoa esaten digu:Beste leuetan bezala, soinu-tresna hau buztinezko pote huts biribila da eta goiko ertzean larru teinkatua ipintzen da. Larruaren erdian soka sartzen da eta honi gora eta behera eraginez soinu zakarra ateratzen du... Beste herrialde batzuetan marruskadura-danbor hau Gabonetan jotzen da, baina Euskal Herrian galarrotsetan eta xaribarietan jotzen da. Eltzagor hitzak adarra ere san nahi du, eta gauez jotzen da basapiztiak uxatzeko.
Ez dakigu garai batean non erabiliko zen, baina guk jaso dugun informazioak garbi uzten du azkenaldian, tresna hau Gipuzkoan, Nafarroan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean jo eta erabili izan dela.
Han eta hemen bildutako informazioan garbi ikusten da eltzagorrak zituen zeregin bereziak edo zertarako erabiltzen zuten. Zarata ateratzea eta helburu desberdinekin animaliak edo pertsonak izutzea eta uxatzea zen helburua. (Beltran, 1996).

3.-KORDOFONOAK

LAUTEA
   Gaur egun, mota honetako sokazko soinu-tresnak eta sokazko taldeak ia erabat galduak badira ere, garai batean, garrantzizkoak izan dira euskal herri-organografiaren barruan.
Nafarroako Gortean:<<Ancho de Echalecu-ri erregeak laute bat erosi zionari...(1424)./...../ Bianako Printzeak (1421-1461) bazeuzkan frantziar abeslari bat, nafar lautejole bat eta ingeles organo-jole bat (A. Donostia, 1951).
XVIII. mendean Iruñeko sanferminetara azaldutako beste soinujoleekin batera hau ikusten dugu: Juan Antonio de Andiarena - bandurria - Donamaría - 1777-78 (Ramos, 1990).
Bestetik, informazio gutxi badugu ere, garbi dago "errondailak", "estudiantinak" eta antzeko soka-taldeak, XIX. mendean Euskal Herriko Herri askotan ezagutzen zirela.
Talde hauek, handiago edo txikiagoak izatearen arabera, ondoko soinu-tresnez osaturikoak izan zitezkeen: Soka punteatua.- Bandurria eta lautea doinu-emaileak, gitarra harmonia- eta erritmo-emailea, eta batzuetan mandolina ere erabiltzen zen doinu-emaile gisa. Soka igurtzitakoa.- Biolina. Haizezkoa.- Zeharkako flauta eta klarinetea. Panderoa, triangelua eta bestelakoak erritmoa markatzeko.


GITARRA
   Gitarra dugu soka, edo Errondaila deitutako musika-taldeetako soinu-tresnetako bat. Baina askotan, bera izan da (eta izaten da) ahots-kantuetan soinutresna bakarra. Abeslariari laguntzen dio bere doinu, harmonia eta erritmoarekin.
Hona hemen A. Donostiak (1951) bildutako Nafarroako gorteetako aspaldiko datuetako bi adibide: Karlos III.a erregearen anaia zen Don Telloren jarraigoko musikarietan (1349-1387), harpa, viela eta gitarra-joleak zirela,.... Idazlan horretan jarraituz: XVIII. mendeko Baionako gizartean musikari buruz honakoa dio: Oso familia gutxi izaten ziren, familiakideetan biolina, tronboia eta bereziki gitarra norbaitek jotzen ez zuenik.
Juan Mañé y Flaquerren "El Oasis". Viajes al País de los Fueros"en aurkitu dogu: 1880an argitaratuan. Herri horretako (Markina) Karmengo jaiei buruzkoa da eta zera diosku: erromesek tripa beterik, fandango eta arinarina dantzaten dute,/..../ denak nahasturik, kaletarrak eta baserritarrak, jauntxoak eta jende arrunta, denek erritmo berean, silbo eta danbolina, zarrabetea, gitarrak eta panderetak, irrintziak eta etxafueroen eztandak,.... (Irigoien, 1994).
Nafarroako eskualde ezberdinetako gitarrajole asko inguratzen ziren Iruñeako festetara XVIII. Mendean (Ramos, 1990). Idazlan horretan ikusten dugunez, gitarrajole horietako asko itsuak ziren. Asko, Iruñeko "Casa de Misericordia"n bizi ziren eta gure ustez, honek, maila sozial pobrekoak izango zirela adierazten du eta askotan horrela kalean gitarra jotzea eskalea izatearekin bat izango zelakoan gaude.


MANIURA harpa
   Azkenaldian agertzen ez bada ere, aurkitutako dokumentu zaharrek garbi adierazten dute garai batean erabili izan zela.
Higinio Angles-ek (1970) honakoa esaten du: Pierres de Carriere eta Juanón de Ezpeleta, "juglares de arpa", aurkeztu ziren 1407. urtean Nafarroako errege-gortean....
A. Donostiak (1952) idatzitakoan, gitarra eta "viela"rekin batera harpajolea agertzen da XIV. mendean Nafarroako gortean.
Soinu-tresna honek euskaraz duen maniura izena, 1635. urtean Tristán de Aphezte-k, Joanes de Etcheberri-ri eskeinitako kopla hauetan aurkitu zuen (A. Donostiak, 1952).


   ARRABITA rabela
   Biolinaren antzekoa da. Itxura ezberdina duen erresonantzi kaxa eta kirtena zurezkoak izaten dira. Arruntek, zurdazko bi soka izaten dituzte.
Igurtzitako halako soinu-tresnen izendapenari buruz A. Donostiak (1952) zenbait xehetasun ematen ditu: Arrabit = violón, rebec; arrabitari = biolina jotzen duena; arrabit-egil e = luthier, sokazko soinu-tresnak egiten dituena; xirribita = biolina, rabel ; xirribitari = jotzen duena. El rabel recibe también el nombre de "chirrin",.....
Gaur egun, arrabita (euskaraz) = "violin" (erdaraz) ia erabat onartua dago, baina aurreko eta ondorengo dokumentazio zaharra ikusiz, garbi dago izendapen honekin nahasturik agertzen direla antzekoak diren bi soinu-tresna desberdinak (erdaraz, rabel eta violín).
Soinujole hauek XIX. mende arteko dokumentu zahar askotan agertzen dira ia gure lurralde guzietan /Donostia, 1952-Ramos, 1990).


BIOLINA arrabita

     biolina

   Arrabita/rabelan ikusi dugunez, garbi dago izendapen honekin nahasturik agertzen direla antzekoak diren bi soinu-tresna desberdinak (erdaraz, rabel eta violín). Guk hemen biolina agertzen diren horietara mugatzen saiatuko gara. A. Donostiak (1952) zenbait xehetasun ematen ditu: Arrabit = violón, rebec; arrabitari = biolina jotzen duena; arrabit-egile = luthier, sokazko soinu-tresnaren egilea; xirribita = violín, rabel; xirribitari = jotzen duena. Halaber "soinu", "soñu" (son) izenarekin ezagutzen da. Hitz bera erabiltzen da ttunttuna eta "musika" orokorrean izendatzeko ere. "Sunü", "sonülari" = herri-biolinjolea. Idazlan honetan jarraituz, garai bateko erabilpenari buruzko berriak aurki ditzakegu.
Pamplona, 1641. // Y Juan de Gorroz, jular rabelista y Guillén de Garroch salterio, bascos, haciendo música por las calles con vigolín y salterio y danzando el dicho violinista". (Bascos = de la Navarra francesa). / / Lapurdi, 1819.- L'orchestre... est composé pour l'ordinaire d'un violon ou d'une flûte à trois trous (chirola) / / tambourin ou sur une espece de tympanon....
XVIII. mendean, Iruñeko festetara inguratutako halako joleen zerrendan, Lapurdi, Araba, Baxenafarroa, Gipuzkoa, Erronkari, Baztan eta Nafarroako beste aldeetatik etorritako biolin jole asko agertzen dira (Ramos, 1990).
Garbi dago soinu-tresna hauek gure lurralde guztietan oso erabiliak izan direla; bakarka, panderoarekin edo askotan agertzen den bezala, "tamborin", "salterio"arekin (Txirula-txistu/danburia) taldea osaturik.


ZARRABETEA
   F. Baraibar Zumarraga-k (Vocabulario de palabras usadas en Alava, Madril, 1903) ematen digu soinu-tresna honi buruzko definizio garbiena:<<Zarrabete (s. m.) Gaita de ciego, instrumento musical a modo de cajón más largo que ancho, con cuerdas, que una rueda que está en el centro hiere, al ser movida por una cigüeña de hierro. A un lado tiene varias teclas, las cuales, pulsadas con la mano izquierda, forman las diferentes notas. // del vascuence charrabeta "rabel" en los diccionarios de Larramendi, Aizkibel y Novia, aunque zarrabete es muy distinto del rabel, que se tañe con arco>>.
Emilio Arriagak egindako "Lexicón bilbaíno" liburuan (1896) honakoa esaten du:del e Txarrabeta.- Especie de rabel o gaita de manubrio // Chinfonía.
Europako ia herri guztietan aspaldidanik erabili izan da halako biolin mekanikoa. Euskal Herrian ere, XIX. mendera arte agertzen da dokumentu zaharretan (Donostia, 1952-Ramos, 1990-Irigoien, 1994).


TTUN TTUNA
   Zurezko erresonantzi kaxa luzeska da. Goitik behera ondo tinkaturik sei soka izaten ditu. Aurrealdean itxura ezberdineko lehioak izaten ditu. Sokak kolpatzeko makila bat.
Makilarekin erritmoa markatuz jotzen da, eta ronkoiaren bordoi musikala ematen dute. Bi funtzio ditu beraz, txirulak ematen dituen doinuei erritmoz laguntzea eta baxu iraunkor gisa, bi notako oin harmonikoa jartzea. Baxu iraunkor hau, doinu-tonatilatearen tonika eta dominantea izaten da. Tonalitatea aldatu ahal izateko, soka guztiak batera tonuz aldatzen dituen zubi mugikorra edukitzen du.
Sokazko danbor hau, Euskal Herrian izendapen desberdinekin ezagutu izan da. Hona hemen horietako batzuk: danburia, ttun ttuna, soinu, arrabita, salterioa, tambourin (Donostia, 1952-Ramos.1990).



4.- AEROFONOAK

TXISTUA, Txilibitua, Silboa
   Txistua, hiru zuloko (hirurak behealdean ditu; bi aurrealdean eta bat atzealdean) moko-flauta zuzena da. Idatzitako dokumentazioan ikusten denez, antzina, txistuak hezurrezkoak edota erabat zurezkoak izaten omen ziren (gaur egungo txirularen antzera).
Hau dugu gure herri-musikan azken garaiotako (eta lehenagokoetan ere bai) soinu-tresna zabalduena eta ezagunena. Horren adibide argienetakoa XVIII. mendean Iruñeko festetara joandako mila inguru musikoen zerrendako gehienak, Euskal Herriko eskualde desberdinetako (gehienak Gipuzkoa eta Nafarroakoak) txistulariak dira (Ramos, 1990).
Soinu-tresna honen historiaz, dokumentazio ugari eta aspaldikoa dugu. Batzuen ustez, lehen aztarna Nafarroa Behereko Isturitzeko "Laminazilo" leizezuloan agertutako hezurrezko txilibitua da (adituek diotenez, hau orain 25.000 urte ingurukoa da). Hiru zulo ditu, hirurak alde berean. Muturra, hirugarren zuloan puskaturik dago eta hau da gorde den zati bakarra. M. Barrenetxeak Gorbeialdean hezurrezko txistuaren erabilpenari buruzko informazio oso interesgarria bildu zuen (Barrenetxea, 1984).
Isturitzekoa gaurko txistuen abiapuntu izan ala ez, dakiguna honakoa da, bere musika belaunaldi askotako euskaldunek entzun dutela. Dokumentu zaharretan ikus dezakegunez, txistularia bere inguruko gizartearekin erabat lotuta zegoen, baserritarren eta antzinako kultura eta ohitura zaharrak, (kasu batzuetan kristautasun aurreko kultura eta sinesmenak) mantentzen ziren inguru horietan eta bere musikarekin parte hartzen zuen herriko bizitzan; lan, festa, dantza, gizarteko ospakizun eta abarren inguruko ekintzetan (A. Donostia, 1952): Kostaldeko herrietan baleak agertzen zirenean txistuarekin aritzen zen txistularia arrantzaleei abisatzen. / / Oiartzungo herrian, 1749. urtean txistulariek jotzen zuten pilota-frontoia eraikitzen ari ziren langileak beren eginbeharrean animatzeko. / / Lekeition, 1573. urtean bederatzi hilabeteko izurria jasan zuten eta txistulari bat kontratatu zuten bere musikarekin herriaren mina, goibeltasuna eta kezka xamurtzeko. / / Ezteietan, ezkonberriek bizi behar zuten, etxera arreoarekin karriketan zihoazenean txistularia joaten zen segizioaren buruan.
Halako adibide asko aipa genezake txistulariaren funtzio eta gizarte-egoera nolakoa izan den ezagutzeko.
Baina dena ez da beti gozoa izan txistularientzat. Gaur egun Eliza eta erakunde ofizialekin gehienetan harreman onak badituzte ere, historian zehar txistulari hauek marjinazio latza jasan dute askotan, hauek ibiltzen baitziren zenbait dantza, ekintza (askotan paganotzat jotzen ziren) eta ohitura zaharretan partaide eta buruzagi gisa.
Hona hemen historian zehar azaltzen diren adibide batzuk (gehienak A. Donostiak idatzitako "Instrumentos Musicales ..." liburutik hartuak: Aitortzean, txistulariaren txistu eta danbolina erre egin behar izan zituztela barkamena lortu ahal izateko. / / Txistulariak, edo txistulari izandakoak, ezin zuen kargu publikorik izan zenbait tokitan. Horregatik herri batzuetan "danboliteroak" agote eta ijitoak izaten ziren eta bestetan festetarako kanpotik ekartzen zituzten. / / Inkisizio santuak 1611. urtean Hondarribian sorginei egindako epaiketan, salatari baten aitorpenean, "Inesa Gaxengoa, danbolina jotzen ikusi zuala" agertzen da. Ez dakigu justu-justu zergatik erabiliko zuten arrazoi hau bere kontra: emakumezkoek txistua jotzea debekatuta zutelako ala berez txistua jotzea pekatu zelako, edota bi arrazoiengatik.
Ikus daitekeenez, txistuak bide luze eta zabala egin du gure historian eta aspaldidanik oso hedatua dagoenez, nahiz eta itxuraz bat izan, jotzeko aldaera eta estilo asko daude eta horrekin batera, joera, errepertorio eta txistularien funtzioaren aldetik desberdintasun nabarmenak ere bai. Hala ere bi estilo nagusitan bana daiteke: "baserritarra-herrikoia" bata eta "kaletarra-eskolakoa" bestea.
Zaila da eskolako edo akademiako txistularia noizkoa den jakitea, noiztik ari den hiri eta herri handietan musikari "ikasitzat" kontsideraturik. Erdi Aroko datu ikonografiko askotan azaltzen da, gehienetan gorteko ingurunearen barruan, bakarka edo beste soinu-tresnekin taldea osatuz. Ez dugu ahaztu behar garai hartan eta geroago ere, Europa osoan Errenazimentuko kultur mugimendu indartsua zegoela, eta horrelako soinu-tresnak (tambourin) asko erabiltzen zirela.
Hemezortzigarren mendetik aurrera xehetasun asko dugu. Txistulari hauek orduko dantzak eta kontzertuak jotzen zituzten, bakarka edo taldeka. Beren errepertorioan biolin eta beste soinu-tresnetako obrak sartzen dira, eta baita garai haietan "kultu" ziren eta kale inguruan modan zeuden dantza eta erritmoak ere: minuetoak, kontrapasak, polkak, baltsak, habanerak, etab. "Birtuosismo" handia erdietsi zuten txistulari handi haiek. Gasteizko Baltasar de Manteli txistulariari buruz, Mozarten Il Flauto Magico-ren Oh cara armonia atalaren aldaketak bi txisturekin batera jo zitzakeela esaten da. Euskal Herritik kanpo ere, Madrilgo aristokraziaren aretoetan esate baterako, jo izan zuten beren trebetasuna erakutsiz.
Euskal Herriko hiriburu eta herri nagusietan Diputazio eta Udaletako talde ofizialak dira, korporazioari bere aurkezpenetan lagunduz, prozesio erlijioso eta bestelakoetan, kanpotik etortzen diren handikiei ongi etorria emateko eta bestelako ekintzetan musika jarriz.
Hasieran aipatu dugunez, "herrikoia" eta "akademizista" bi estilo hauek izan dira nabarmenak txistulariengan, baina mugak erabat finkaturik ez zeudenez, baziren neurri batean edo bestean bietan aritzen zirenak ere.
Izakera aldetik desberdintasunak badira, taldea osatzean ere, inguruan zer zeukatenaren arabera "formula" asko erabili izan direla ikusten baitugu. Hona hemen txistulariek historian zehar osatu dituzten musika-talde desberdin batzuk: Txistua eta danbolina ("tamboril", "tamborin", "tambolitero" edo halako izendapenekin agertzen da) jole bakar batek jota agertzen den modu arruntetako bat. Dokumentu askotan "salterio" hitza agertzen da eta halakoetan txistuarekin batera sokazko danborra erabiliko zutela uste dugu. Txistu eta "salterio"-"chun chun" (ikus Ramos, 1990 eta Humboltd-en idazlanak). Txistu eta panderoa. Txistu-danbolina eta atabala erritmo aldetik laguntzen.
Bi txistu-danbolin (duoa eginez, hala uste dugu) eta bestetan atabalaren laguntzaz. Txistu-danbolina eta arrabita (tamboril y rabel / tamborin y rabete).
Noiz sortu zen ez badakigu ere, azken garaian talde finko bat agertzen zaigu: Txistu 1ª, txistu 2ª (biak danbolinekin), silbotea eta atabala, gure garaira iritsi den laukotea. Talde-mota honek indar handia hartu zuen mende honen hasieran eta aldaketa gutxirekin jarraitzen du gaur egun txistulari-talde ofizial gisa. Hego Euskal Herriko Udal handi gehienek eta Diputazio guztiek, badute halako talde ofizial bana. Kontzertu eta dantza-saio ugari eskaintzen dute urtean zehar.


XIRULA, Txulula, Txürüla
   Xirula, txistua bezala, hiru zuloko moko-flauta zuzena da. Txistua baino motzagoa eta doinu altuagoa ematen du, lau tonu eta erdi altuagoa (Do tonuan afinatua dago gutxi gorabehera). Altutasun honek berezitasun eta bizitasun handia ematen dio (askotan nota baten bi harmoniko batera entzuten dira) eta urruti-urrutitik eta beste soinu-tresnen gainetik bere hotsa entzuterik izaten da. Itxura eta egitura aldetik ere ez dira berdinak. Dirudienez, txirulak aldaketa edo eboluzio gutxi izan du. Ezpel-egurrez egiten da, dena puska batean (aho-pitako takoa izan ezik). Askotan goiko eta beheko muturrak adarkiz sendotzen dira, hauek baitira kolpez puskatzeko arriskurik handiena duten zatiak.
Gaur egun Euskal Herriko Ipar-Ekialdean jotzen da. Zuberoan ez da festarik eta dantzarik xirularik gabe.
Xirula jotzeko modurik arruntena danburiarekin jotzea da. Xirulari berak xirula eta danburia, biak batera jotzen ditu. Xirula jotzen duen beso berarekin heltzen dio danburiari bere gorputzaren kontra. Batzuetan bi xirularik batera ere jo izan dute bakoitzak bere danburiarekin. Azken aldian Zuberoan danburia gero eta gutxiago erabili izan dute eta talde arruntena Xirulak eta atabalak osatzen dutena izan da. Txistuaren kasuan ikusi dugun bezala, xirulariek ere beste soinu-tresnen joleekin elkarturik bestelako taldeak osatu dituzte, hala nola biolinarekin edo akordeoi diatonikoarekin.
Soinu-tresna hauek (xirula-danburia) atzerakada handia izan dute azkenaldian. Antzinako idazlanei begiratzen badiegu ia Nafarroa osoan (Tuteraraino) azaltzen da, eta Iparralde osoan ere bai, kostaldetik Zuberoraino.
Non eta nolako taldeak osaturik jo izan den jakiteko, oso garrantzizkoa da Jesus Ramosek idatzitako "Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares..." ezagutzea. Idazlan honetan, XVIII. mendean, Iparralde (gehienak) eta Nafarroakoekin batera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak ere garbi agertzen dira (ikus ttun-ttuna).


SILBOTEA
   Handiagoa bada ere, txistuak duen egitura bera du. Hiru tonu eta erdi baxuago afinaturik dago. Duen luzeragatik zaila da esku batekin jotzea eta silbote-joleak bi eskuak erabiltzen ditu jotzeko.
Noiz sortu zen ez badakigu ere, azken aldian silbotea, txistulari taldean ikusten dugu. XIX. mende hasierakoak dira aurkitu ditugun tresna eta talde honi buruzko berri zaharrenak. Txistulari-talde finko bat agertzen zaigu: Txistu 1.a, txistu 2. (biak tanbolinekin), silbotea eta atabala, gure garairaino iritsi den laukotea. Garbi ikusten da txistulariek "ganbara" moduko beren arteko taldea osatu nahi zutela eta horrela aurreko bi txistuei, bazirudien beste txistu baxuagoa erantsi zietela harmonia aberastu nahian.


ZIKIRATZAILE-TXILIBITUA
   Sasi trapezoidala den ezpelezko taulatxoa da. Goialdeko ertzean luzera ezberdineko eta bertikalki egindako zuloak ditu. Behealdeko muturra txoriburu itxurarekin erremataturik izaten du.
San Telmo Museoko soinu-tresna honen fitxa zaharrean informazio hau aurkitu dugu 1920. urtean D. Telesforo Aranzadik emana halako oharrarekin: Ahuntzainen txulubita (Silbato de cabrero). Ezpelezko zurez, Oloroen egina. Frantzialdeko Euskal ahuntzainek erabiltzen dute eta zikiratzaileek Euskal Herriko herri eta toki askotan.


SUNPRIÑUA
   Urritzaren azalez egindako tutu konikoa. Goiko muturra zapaldua du mihi bikoitzeko pita osatuz. Tonu-aldaketarako bi zulo ditu. Pita ahoan sartu, haizea eman eta doinuak osatzeko dituen bi zuloak itxi eta ireki bi eskuetako behatz erakusleekin.
Euskal Herrian baditugu mota horretako bi soinu-tresna, horietako bat urritzaren azalarekin egiten dena eta sunpriñua deitzen dena. Ez da batere ezaguna gaur egun, erabat galdu da eta. Nafarroako Larraungo bailaran, Aralar mendian ibiltzen ziren artzainak izan dira azkeneko sunprinu jotzaileak. 1936ko gerra bitartean normal jo izan dute, eta geroago ere baten batek jo izan du noizbait.
Bi zulo dituenez, hiru notako doinuak jo ahal izaten dira. Sunpriñuarekin jotzen den doinu nagusiari "Durunbele" deitzen zaio, eta jotzaile bakoitzak askatasun handiz bere gustura jotzen zuen: batzuek azkar eta txio asko eginez, beste batzuek polikiago eta nota luzeak joz. Entzuleek entzuterakoan berehala ezagutzen zuten zein zen jotzen ari zena.


TXANBELA
   Mihi bikoitzekoa da, denok ezagutzen dugun dultzaina-gaitaren antzekoa, baina pixka bat txikiagoa. Mihiak, kanabera, adar eta (Caubet-ek azkenean egiten zituenak bezala) plastikozkoak egiten ziren. Tutua, konikoa eta ezpelez egindakoa da. Luzeraz dultzaina baino motzagoa, gutxi gorabehera dultzainak belarriak deitutako zuloetaraino (txanbelak ez du horrelakorik). Tonu-aldaketarako, dultzainak bezala zortzi zulo ditu: zazpi aurrealdean (azkena pixka bat alboratua behatz txikirako) eta bat goiko atzealdean.
Txanbelak antzinako euskal musikaren estilo eta joera berezia mantendu du, gaur egun gure herri-kantutegian dugun musika era zaharrenetariko bat, zaharrena ez bada. Horregatik guretzat txanbela ez da soinu-tresna bakarrik, musika egiteko era ere bada. Estilo honi buruz, Zuberoan bada esaera bat; "txanbela bezala ari da kantatzen".


DULTZAINA

     dultza

   Dultzaina-gaitaren osagaiak: Mihi bikoitzeko pita. Kanaberazko bi mihi metalezko tudel bati lotuak. Tudela tutuan sartzen da, mihiak eta tutua lotuz eta hauen soinu-bibrazioak tutura bideratuz. Tutua. Konikotasun irregularreko formarekin (zenbat eta beherago konikotasun handiagoa). Gehienetan zurezkoak izaten dira eta ezpela izan da zur erabiliena. Joan den mendearen bukaeran Bizkaian eta Gipuzkoan metalezkoak egiten hasi ziren. Hauek arrakasta handia izan zuten (bereziki Bizkaian). Horregatik gaur egun jende askorentzat metalezko dultzaina, Bizkaiko dultzainaren sinonimoa da.
Tonu-aldaketarako zortzi zulo ditu: zazpi aurrealdean eta bat goiko atzealdean. Behatz txikiarekin ixten den behealdean dagoen lehena, erosotasunagatik pixka bat alboratua da (dultzaina zahar batzuek ez dute zulo hau eta horregatik nota bat gutxiago ematen dute).
Dultzaina guztiek behealdean beste bi zulo dituzte alboetan, biak parean, soinu-tutuaren luzera finkatzen dutenak. Hauetatik bukaerara dagoen tutu-zatiak bozgorailu-zeregina du.
Gehienetan danborraren laguntzaz jo izan bada ere, panderoa ere izan da taldean (A. Donostia, 1952). Soinu txikia hasi zenetik, honen laguntzarekin ere osatu du taldea.
Noizkoa den ez badakigu ere, txistuaren kasuan ikusi dugun bezala, honetan ere gutxienez azkeneko ehun urtetan bi motako musikariak ditugu: Baserritar eskola musikal gabekoak eta kaletarrak (musika eskoladunak). Aurreko dultzaina hori ikusiko dugu oraingoan.
Baserri ingurukoek belarriz ikasten eta jotzen zuten, erromeria eta herri txikietan. Errepertorioa, salbuespen gutxi izan ezik, fandango jota, arin-arin, porrusalda, martxa eta herri kantuz osaturik dago. Etxeko edo inguruko dultzaineroek entzunez ikasten zuten. Geroago ere, jotzen aritzen zirenean, belarriz ikasten zituzten pieza berriak.


NAFAR GAITA, Dultzaina
   Pita, tutua eta tonua emateko eta aldaketarako zuloak dultzainak bezala ditu. Horrez gain, Nafarroako gaitarien artean zaharra da beste osagai hau ere: katea-txapa. Kasu askotan, tutua (behealdetik) eta pita lotzen dituen mutur batean txapadun katea izaten dute.
Dokumentu zaharretan ikus dezakegunez, gaita-dultzaina aspaldidanik Euskal Herri osoan erabili izan da. Idatzitako dokumentu horietan, ez da beti garbi geratzen "gaita" hitzaren azpian zein soinu-tresna dagoen; dultzaina ala xirolarrua. Horregatik, hemen argi dagoen dokumentazioa baino ez dugu erabiliko.
XVIII. mendean Iruñeko festetara joandako musikarien zerrendan, dultzaina eta gaita askotan agertzen dira (J Ramos, 1990).
Gipuzkoa eta Bizkaian salbuespen gutxi izan ezik, dultzaineroak musika ofizialetatik urruti aritu badira, Araba eta Nafarroan gehienetan "musika-eskolako" musikariak izan dira, eta kasu askotan banda edo orkestrako beste soinu-tresnaren bat ere jo izan dutenak.
Inguru horretako herri eta hirietan entzuten da soinu-tresna honen hotsa festetako goiz-soinua ematen, erraldoi eta buruhandien konpartsak mugitzen, plazetan kontziertuak eta dantzarako musika eskaintzen. Antzinako errito edo ospakizunetako dantza askotan erabiltzen dela ere aipatu behar da.
Nafarroako gaitariak aspaldidanik ezagunak dira beren lurraldeetatik kanpo ere. Gipuzkoako eta Bizkaiko kaletar inguruetan esate baterako, nahiz eta inguruan bertako "herri-dultzaineroak" eduki, festa handi eta nagusietarako Nafarroako edo Lizarrakoak ekartzen zituzten.
Musikari hauen errepertorioa txistulari kaletarren kasuan bezala oso bariatua eta garaiko estiloetakoa da. Azkar asko nabarmentzen da gaitariek kanpotik etorritako eta modan zeuden doinu eta dantzak bere egiten zituztela. Horregatik, bertako musika eta erritmoez gain, sonatak, polkak, mazurkak, habanerak, rigodoiak, pasodobleak, schotisak eta abar dira beraien errepertorioa osatzen dutenak.
Jotzeko eraren teknika-maila altuena XIX. mendean lortu omen zen Lizarrako Julian Romano (1831-1899) gaitariaren partiturek erakusten dutenez. Gaur egun ez dira gaitari-dultzainero asko partitura horiek ondo jotzeko gai direnak. XX. mendearen hasieran atzerakada hasi zen eta mende erdialderako oso gaitari gutxi daude; Lizarra aldean besterik ez ia-ia. Hirurogeiko hamarkadan nafar familiako Bilbon bizi diren Lakunza anaiek hasi zuten gero gaitaren berreskuratzea izango zena. Urte askotan soinu-tresna honi buruz ikasi eta bildutakoarekin, erakusten hasi ziren talde berriak bultzatuz, eta 1968. urtean lehen ikas-liburua argitaratu zuten. Ondoren, han eta hemen, talde berriak sortu dira. Horietarik batzuk oso talde on, sendo eta autonomoak dira, jotzen, ikerketan, hobekuntzen bila, erakusten,... hitz batean esanda, tresna bultzatzen ari direnak.


ALBOKA, Albokea, Albokak

     alboka

   Alboka, mihi bateko klarinete bikoitza motako soinu-tresna dugu. Mihi batekoa, hots, sortzaile diren fitak mihi batekoak direlako, eta bikoitza, bi soinu-tresna direlako batean edo erantsita.
Errepertorioa bereziki fandango jota, arin-arin porrue, eta martxaz osatzen da. Nahiz eta doinu ezagunak eta jakinak jo, albokariek jotzean interpretatzeko joera librea izan dute eta bakoitzak bere estilo eta gustuko ukitua ematen zion. Horregatik gaur doinu bakoitzeko hamaika aldaera ezagutzen dugu. Pandero eta koplarekin lotuta doa. Panderoak laguntzen du dantza horietan erritmoa markatzen eta doinu gehienek badute koplak kantatzeko zati berezi bat.
Alboka jotzean haizea etengabe bota behar da, isildu gabe, kornamusa edo xirolarrua balitz bezala. Baina albokak ez du haize-erreserba gordetzeko zaku edo poltsarik eta albokariak haizeari buelta ematea teknikaren bidez lortzen du hori, hau da, haizea hartzen du botatzen duen bitartean. Teknika hori ikasteko, urez betetako baso batean lasto edo kanabera fin baten muturra sartu eta beste muturretik putz egiten da, uretan etengabe burbuilak ateratzen direla. Hori lortzeko beste ariketa bat, adar txikia txapelarekin estaliz eta haizea txapel-iragazkian zehar botaz egiten zen.
Euskal Herrian alboka noizkoa, nondik edo nola sortua den esatea oso zaila da. Hona hemen albokari buruz idatzitako dokumentu zaharrak:
1443. urtean Arrasaten: dantzetarako eta kantuetarako danbolina, albokak eta panderoak erabili izan ziren. / / 1777. urtean Durangaldean ... danbolin- eta alboka-emanaldiak udan bostetan eta neguan ordubi eta erdietan moztea txarra izan daitekelakoan,.../ / 1826. urtean Bizkaiko Eguberrietako bertso zahar batzuetan "albokia" aipatzen da (A. Donostia, 1952).
Portugaleteko parrokiako ordainketetan. 1670etik 1673ra bitartean egindako kontuetan, / / ... albokariei egindako ordainketak be. Bi dira, eta urte desbardinetakoak, euretariko batek honako hau dino:"a un alboquero que asistio a bispera y dia de Nuestra Señora". / / Hurrengo urtean, 1675ean, 1682an legez, beste ordainketa batzuk agertzen dira: "alboqueros y tamborileros que asistieron a las fiestas acostumbradas". / / Antzertaleseko kontuok 1679tik 1713ra bitartekoak.... Urte batean zera agertzen da gastuetan: "que hizo Çabala el al boguero". / / ...Larreako orubeko dorretxean eta Karmeliten Komentuaren artean egoan plazatxo baten, "danzas con tamboril, alboque, flauta y otros instrumentos" egiteagatik sortutako auzian. Auzia dorretxeko jaubeak eragin eban, bertan batzen ziran lagunek sortzen ebezan eragozpenen eta jasan ezineko zaratengaitik. ... hau 1730 inguruan jazo zan.
Záraterengandik hartuta (Barcelona, 1884), euren sakrifizioak egiten ebezan Gipuzkoako mendi goi batez egiten dau berba, eta han dino: "tambien a usanza antigua sus biguirias, danzando al son de rabeles, albocas, y tamboriles". / / Durangoko artxibuetan / / egindako ordainketaren barri be badala, artxibuetan nahikotan aitatzen dana, "los alboqueros que estuvieron durante la permanencia de SS.MM." (1828) (Irigoien, 1994).
Alboka antzinatik erabili izan dela argitzeko, ez gara dokumentu zaharren berri ematen gehiago arituko. Emandakoekin nahikoa dela iruditzen zaigu. Ikusten dugunez, aspaldikoa da alboka gure inguruan. Azkenaldian atzerakada handia jasan du albokak, baina zuzenean entzunda eta idatzitakoetan ikusten dugunez (hemen derrigorrezkoak zaizkigu J. M. Barrenetxeak albokari buruz idatzitako bi liburuak), orain dela gutxi arte Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan erabili izan da: Gorbeia mendi inguruko Arratia eta Durangaldean, Aizkorri magaleko Oñatitik Otzaurteraino, Arrasaten eta Urbasan. Guk Gipuzkoako kostaldean, Deba eta Aian, ere albokarien berriak jaso ditugu.


SOINUA, Akordeoi diatonikoa, Soinu-txikia, Trikitia
   Euskal Herriko herri soinu-tresna berriena. Akordeoi diatoniko hau XIX. mendearen bukaeran indartsu sartu zen gure herriko musikaren munduko bazter guztietan, kaletar eta baserritar inguruetan. Baina azkeneko honetan lortu du herrikoitasunaren kategoria edo plaza.
Txistu, alboka, dultzaina eta antzeko soinu-tresna zaharren munduan sartu da eta neurri handi batean hauen errepertorioa bereganatu du. Soinu-tresna zaharren errepertorioaren eta soinu berri honen baliabide handiagoaren elkartasun edo nahastetik musika-estilo berri eta berezkoa sortu zen euskal herri-musikaren barruan. Hau da gaur egun trikiti estilo gisa ezagutzen duguna.
Jotzaileek ikasteko erabiltzen duten modua ez da batere akademikoa. Alderantziz, baserritar inguruko txistulari, dultzainari eta albokariek ikasten duten modu berean ikasten dute, hau da, entzunda ezagutzen duten musika eta estilo hori beren kasa ikasten saiatzen dira.
Alde batetik, estilo zaharraren ezaugarri funtsezkoenak mantentzen dituzte eta bestetik polifoniko-harmoniko izate horrek aukera ematen die musika hori aberasteko. Kasu askotan aurreko soinu-tresnekin aritzen ziren familiak berak izaten ziren akordeoi hau hartzen zutenak eta zenbait alditan pertsona berak ziren soinu-tresna berrira pasatzen zirenak.

trikit Mende honen hasieran azaldu zen txirula eta atabalarekin taldea osatuz, eta dultzaina eta panderoz lagundua ere bai. Horrela mantendu da orain arte toki gutxi batzuetan, baina ospe eta arrakasta handiena Gipuzkoa eta Bizkai aldean lortu du pandero eta koplaz lagundurik. Hau da trikitia deitutako talde ezagunena.

AKORDEOIA, Soinua, Soinu handia, (kromatikoa)

   Akordeoi diatonikoaren ondoren Akordeoi kromatikoa azaldu zen. Hauek bi eratakoak ziren: bata eskuin-"botoizkoa" eta kromatikoa deitzen zena eta bestea teklazkoa edo "pianozkoa" izenaz ezagutzen dena.

XIROLARRUA, Bota, Gaita
   Hona hemen soinu-tresna honen zatiak: Tutu melodikoa, "ronkoia", haize-zakua eta haize-puztaria. Agertutako dokumentu idatziek eta Euskal Herriko toki askotan dauden dokumentu ikonografikoek garbi uzten dute, inguruko herrietan bezala, gurean ere halako soinu-tresnak erabili izan direla.
Ez dago garbi zenbateraino erabiliko ziren, zeren, dokumentu zaharretan, askotan ezin dugu argitu "gaita" hitzaren atzetik "dultzaina" ala "xirolarru"-motako soinu-tresna dagoen. Baina badakigu Arabako Errioxa aldean halako soinu-tresnak erabiltzen zirela. Oion herriko 1611. urteko dokumentu zahar batek honela dio: ...Sortzez Garbiaren festetako "bota" jotzeagatik gaitariari hirurogeita hamazazpi ogerleko ordaindu zitzaizkion. Gure ustez, "Bota" izena zahato gisako haize-zakuagatik hartuko zuen. Hona hemen zer dioen A. Donostiak: ... Badirudi XIII. mende bukaeran eta XIX.aren hasieran, Arabako herri batzuetan ez zela danbolina jotzen. "Arabako hegoaldean horren ordez gaita galiziarra jotzen da (Donostia, 1952). Inguru horretako Erioxako zenbait herritan mende honen hogeiko hamarkadan artean ere entzuten zen soinu-tresna hau. Horko ikertzaile-talde batek azken urte hauetan egindako ikerteta sakon eta berreraiketa-lanaren ondoren, gaur egun berriz ere ikusi, jo eta entzun dezakegu soinu-tresna hau.


XIROLARRUA, Boha
   Klarinete bikoitza den alboka antzeko xirolarru hau Landetan jotzen da eta Boha izenez ezagutzen dute.
Xirolarruak Euskal Herrian izan duen erabilpenari buruzko dokumentazio zaharra ugaria eta nahastua dugu. Horietan bada oso bitxia den bat. Karlomagnoren garaikoa da eta A. Donostiak jaso zuen Música y músicos en el Pais Vasco idatzitako liburuan (1951). Horretan, Aimeric de Peyrat-ek Stromatheus Tragicus de gestis Caroli Magni idatzitakoan, egin ziren festei buruz honakoa dio:
quidam cabreta vasconizabant, levis pedibus persaltantes
Hona hemen A. Donostiak ematen digun itzulpenaren euskarazko itzulpena: batzuek, "cabreta" musikarekin salto eta dantza egiten zuten euskal erara (Donostia, 1952). Frantziako zenbait tokitan xirolarru gisako soinu-tresnei Cabreta deitzen diete.


BURRUNA, Furrufarra, Zurrunbera
   Taulatxo bat da, soka bat duena. Tokian tokiko neurri eta itxurak izaten dituzte. Sokaren mutur batetik heldurik, taulatxo hori abiadura bizian airean bueltaka jartzen da, zurrunbilo-hotsa emanez. Abiaduraren arabera hotsaren tonua aldatu egiten da.
A. Donostiaren (1952) euskal soinu-tresnen bilduman, haur-jostailuen artean halako "aerofono libreak" egin eta erabiltzen zirela ikusten dugu. Besteak beste zurrunbera izenaz Araban haurrek jolasteko erabiltzen zutena dugu. J. Caro Barojak (1977) Araban itxura berezia eta furrufarra izenaz honen berri ematen digu.
J.M. Barandiaranek (1974) Saran aurkitu zuen burrun deitzen dioten tresna hau. Animaliak ikaratzeko erabiltzen omen zen.
Furrunfarra: Oholtxo luze (30'5zm) eta fin honek zarata ateratzeko balio du eta soka du mutur batean. Lekeitioko haurrek garizuman erabiltzen zuten txolarreak uxatzeko (Museo Bilbao, 1998).
Oiartzungo haurrek ere, bakarka eta taldeka erabiltzen zituzten halako hots-tresnak, bai zurezko taulatxo eta harriekin eginak.