Pita, tutua eta tonua emateko eta aldaketarako zuloak dultzainak bezala ditu. Horrez gain, Nafarroako gaitarien artean zaharra da beste osagai hau ere: katea-txapa. Kasu askotan, tutua (behealdetik) eta pita lotzen dituen mutur batean txapadun katea izaten dute.
Dokumentu zaharretan ikus dezakegunez, gaita-dultzaina aspaldidanik Euskal Herri osoan erabili izan da. Idatzitako dokumentu horietan, ez da beti garbi geratzen "gaita" hitzaren azpian zein soinu-tresna dagoen; dultzaina ala xirolarrua. Horregatik, hemen argi dagoen dokumentazioa baino ez dugu erabiliko.
XVIII. mendean Iruñeko festetara joandako musikarien zerrendan, dultzaina eta gaita askotan agertzen dira (J Ramos, 1990).
Gipuzkoa eta Bizkaian salbuespen gutxi izan ezik, dultzaineroak musika ofizialetatik urruti aritu badira, Araba eta Nafarroan gehienetan "musika-eskolako" musikariak izan dira, eta kasu askotan banda edo orkestrako beste soinu-tresnaren bat ere jo izan dutenak.
Inguru horretako herri eta hirietan entzuten da soinu-tresna honen hotsa festetako goiz-soinua ematen, erraldoi eta buruhandien konpartsak mugitzen, plazetan kontziertuak eta dantzarako musika eskaintzen. Antzinako errito edo ospakizunetako dantza askotan erabiltzen dela ere aipatu behar da.
Nafarroako gaitariak aspaldidanik ezagunak dira beren lurraldeetatik kanpo ere. Gipuzkoako eta Bizkaiko kaletar inguruetan esate baterako, nahiz eta inguruan bertako "herri-dultzaineroak" eduki, festa handi eta nagusietarako Nafarroako edo Lizarrakoak ekartzen zituzten.
Musikari hauen errepertorioa txistulari kaletarren kasuan bezala oso bariatua eta garaiko estiloetakoa da. Azkar asko nabarmentzen da gaitariek kanpotik etorritako eta modan zeuden doinu eta dantzak bere egiten zituztela. Horregatik, bertako musika eta erritmoez gain, sonatak, polkak, mazurkak, habanerak, rigodoiak, pasodobleak, schotisak eta abar dira beraien errepertorioa osatzen dutenak.
Jotzeko eraren teknika-maila altuena XIX. mendean lortu omen zen Lizarrako Julian Romano (1831-1899) gaitariaren partiturek erakusten dutenez. Gaur egun ez dira gaitari-dultzainero asko partitura horiek ondo jotzeko gai direnak. XX. mendearen hasieran atzerakada hasi zen eta mende erdialderako oso gaitari gutxi daude; Lizarra aldean besterik ez ia-ia. Hirurogeiko hamarkadan nafar familiako Bilbon bizi diren Lakunza anaiek hasi zuten gero gaitaren berreskuratzea izango zena. Urte askotan soinu-tresna honi buruz ikasi eta bildutakoarekin, erakusten hasi ziren talde berriak bultzatuz, eta 1968. urtean lehen ikas-liburua argitaratu zuten. Ondoren, han eta hemen, talde berriak sortu dira. Horietarik batzuk oso talde on, sendo eta autonomoak dira, jotzen, ikerketan, hobekuntzen bila, erakusten,... hitz batean esanda, tresna bultzatzen ari direnak.