Neurri desberdinetako (30-60 zentimetro altuerako) eltzea izaten da. Ezagutzen ditugunetan, Baigorriko herrian aurkitutakoa izan ezik, beste guztiak buztinezkoak dira. Ipurdia kentzen zaio eta teinkatutako larruzko partxearekin ixten da. Larruaren erditik bikeaz zikindutako soka pasatzen zaio.
Tresna honi buruz, dokumentazio gutxi badugu ere, zahar askok ondo gordeta dituzte bere gogoan honen inguruan gertatutakoak eta kontatzen ziren istorioak. Batzuek zuzenean ezagutu eta erabili ere erabili izan dute. Gure inguruan izan duen funtzioa ez da izan batere musikala, zalaparta egiteko eta ikaratzeko edo beldurtzekoa baizik.
A. Donostiak (1952) honakoa esaten digu: Beste leuetan bezala, soinu-tresna hau buztinezko pote huts biribila da eta goiko ertzean larru teinkatua ipintzen da. Larruaren erdian soka sartzen da eta honi gora eta behera eraginez soinu zakarra ateratzen du... Beste herrialde batzuetan marruskadura-danbor hau Gabonetan jotzen da, baina Euskal Herrian galarrotsetan eta xaribarietan jotzen da. Eltzagor hitzak adarra ere san nahi du, eta gauez jotzen da basapiztiak uxatzeko.
Ez dakigu garai batean non erabiliko zen, baina guk jaso dugun informazioak garbi uzten du azkenaldian, tresna hau Gipuzkoan, Nafarroan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean jo eta erabili izan dela.
Han eta hemen bildutako informazioan garbi ikusten da eltzagorrak zituen zeregin bereziak edo zertarako erabiltzen zuten. Zarata ateratzea eta helburu desberdinekin animaliak edo pertsonak izutzea eta uxatzea zen helburua. (Beltran, 1996).