Dultzaina-gaitaren osagaiak: Mihi bikoitzeko pita. Kanaberazko bi mihi metalezko tudel bati lotuak. Tudela tutuan sartzen da, mihiak eta tutua lotuz eta hauen soinu-bibrazioak tutura bideratuz. Tutua. Konikotasun irregularreko formarekin (zenbat eta beherago konikotasun handiagoa). Gehienetan zurezkoak izaten dira eta ezpela izan da zur erabiliena. Joan den mendearen bukaeran Bizkaian eta Gipuzkoan metalezkoak egiten hasi ziren. Hauek arrakasta handia izan zuten (bereziki Bizkaian). Horregatik gaur egun jende askorentzat metalezko dultzaina, Bizkaiko dultzainaren sinonimoa da.
Tonu-aldaketarako zortzi zulo ditu: zazpi aurrealdean eta bat goiko atzealdean. Behatz txikiarekin ixten den behealdean dagoen lehena, erosotasunagatik pixka bat alboratua da (dultzaina zahar batzuek ez dute zulo hau eta horregatik nota bat gutxiago ematen dute).
Dultzaina guztiek behealdean beste bi zulo dituzte alboetan, biak parean, soinu-tutuaren luzera finkatzen dutenak. Hauetatik bukaerara dagoen tutu-zatiak bozgorailu-zeregina du.
Gehienetan danborraren laguntzaz jo izan bada ere, panderoa ere izan da taldean (A. Donostia, 1952). Soinu txikia hasi zenetik, honen laguntzarekin ere osatu du taldea.
Noizkoa den ez badakigu ere, txistuaren kasuan ikusi dugun bezala, honetan ere gutxienez azkeneko ehun urtetan bi motako musikariak ditugu: Baserritar eskola musikal gabekoak eta kaletarrak (musika eskoladunak). Aurreko dultzaina hori ikusiko dugu oraingoan.
Baserri ingurukoek belarriz ikasten eta jotzen zuten, erromeria eta herri txikietan. Errepertorioa, salbuespen gutxi izan ezik, fandango jota, arin-arin, porrusalda, martxa eta herri kantuz osaturik dago. Etxeko edo inguruko dultzaineroek entzunez ikasten zuten. Geroago ere, jotzen aritzen zirenean, belarriz ikasten zituzten pieza berriak.