Taulatxo bat da, soka bat duena. Tokian tokiko neurri eta itxurak izaten dituzte. Sokaren mutur batetik heldurik, taulatxo hori abiadura bizian airean bueltaka jartzen da, zurrunbilo-hotsa emanez. Abiaduraren arabera hotsaren tonua aldatu egiten da.
A. Donostiaren (1952) euskal soinu-tresnen bilduman, haur-jostailuen artean halako "aerofono libreak" egin eta erabiltzen zirela ikusten dugu. Besteak beste zurrunbera izenaz Araban haurrek jolasteko erabiltzen zutena dugu. J. Caro Barojak (1977) Araban itxura berezia eta furrufarra izenaz honen berri ematen digu.
J.M. Barandiaranek (1974) Saran aurkitu zuen burrun deitzen dioten tresna hau. Animaliak ikaratzeko erabiltzen omen zen.
Furrunfarra: Oholtxo luze (30'5zm) eta fin honek zarata ateratzeko balio du eta soka du mutur batean. Lekeitioko haurrek garizuman erabiltzen zuten txolarreak uxatzeko (Museo Bilbao, 1998).
Oiartzungo haurrek ere, bakarka eta taldeka erabiltzen zituzten halako hots-tresnak, bai zurezko taulatxo eta harriekin eginak.