Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskal Instrumentuak


Aerofonoak >> Alboka, Albokea, Albokak

AlbokaAlboka, mihi bateko klarinete bikoitza motako soinu-tresna dugu. Mihi batekoa, hots, sortzaile diren fitak mihi batekoak direlako, eta bikoitza, bi soinu-tresna direlako batean edo erantsita.

Errepertorioa bereziki fandango jota, arin-arin porrue, eta martxaz osatzen da. Nahiz eta doinu ezagunak eta jakinak jo, albokariek jotzean interpretatzeko joera librea izan dute eta bakoitzak bere estilo eta gustuko ukitua ematen zion. Horregatik gaur doinu bakoitzeko hamaika aldaera ezagutzen dugu. Pandero eta koplarekin lotuta doa. Panderoak laguntzen du dantza horietan erritmoa markatzen eta doinu gehienek badute koplak kantatzeko zati berezi bat.

Alboka jotzean haizea etengabe bota behar da, isildu gabe, kornamusa edo xirolarrua balitz bezala. Baina albokak ez du haize-erreserba gordetzeko zaku edo poltsarik eta albokariak haizeari buelta ematea teknikaren bidez lortzen du hori, hau da, haizea hartzen du botatzen duen bitartean. Teknika hori ikasteko, urez betetako baso batean lasto edo kanabera fin baten muturra sartu eta beste muturretik putz egiten da, uretan etengabe burbuilak ateratzen direla. Hori lortzeko beste ariketa bat, adar txikia txapelarekin estaliz eta haizea txapel-iragazkian zehar botaz egiten zen.

Euskal Herrian alboka noizkoa, nondik edo nola sortua den esatea oso zaila da. Hona hemen albokari buruz idatzitako dokumentu zaharrak:
1443. urtean Arrasaten: dantzetarako eta kantuetarako danbolina, albokak eta panderoak erabili izan ziren. / / 1777. urtean Durangaldean ... danbolin- eta alboka-emanaldiak udan bostetan eta neguan ordubi eta erdietan moztea txarra izan daitekelakoan,.../ / 1826. urtean Bizkaiko Eguberrietako bertso zahar batzuetan "albokia" aipatzen da (A. Donostia, 1952).

Portugaleteko parrokiako ordainketetan. 1670etik 1673ra bitartean egindako kontuetan, / / ... albokariei egindako ordainketak be. Bi dira, eta urte desbardinetakoak, euretariko batek honako hau dino:"a un alboquero que asistio a bispera y dia de Nuestra Señora". / / Hurrengo urtean, 1675ean, 1682an legez, beste ordainketa batzuk agertzen dira: "alboqueros y tamborileros que asistieron a las fiestas acostumbradas". / / Antzertaleseko kontuok 1679tik 1713ra bitartekoak.... Urte batean zera agertzen da gastuetan: "que hizo Çabala el al boguero". / / ...Larreako orubeko dorretxean eta Karmeliten Komentuaren artean egoan plazatxo baten, "danzas con tamboril, alboque, flauta y otros instrumentos" egiteagatik sortutako auzian. Auzia dorretxeko jaubeak eragin eban, bertan batzen ziran lagunek sortzen ebezan eragozpenen eta jasan ezineko zaratengaitik. ... hau 1730 inguruan jazo zan.

Záraterengandik hartuta (Barcelona, 1884), euren sakrifizioak egiten ebezan Gipuzkoako mendi goi batez egiten dau berba, eta han dino: "tambien a usanza antigua sus biguirias, danzando al son de rabeles, albocas, y tamboriles". / / Durangoko artxibuetan / / egindako ordainketaren barri be badala, artxibuetan nahikotan aitatzen dana, "los alboqueros que estuvieron durante la permanencia de SS.MM." (1828) (Irigoien, 1994).

Alboka antzinatik erabili izan dela argitzeko, ez gara dokumentu zaharren berri ematen gehiago arituko. Emandakoekin nahikoa dela iruditzen zaigu. Ikusten dugunez, aspaldikoa da alboka gure inguruan. Azkenaldian atzerakada handia jasan du albokak, baina zuzenean entzunda eta idatzitakoetan ikusten dugunez (hemen derrigorrezkoak zaizkigu J. M. Barrenetxeak albokari buruz idatzitako bi liburuak), orain dela gutxi arte Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan erabili izan da: Gorbeia mendi inguruko Arratia eta Durangaldean, Aizkorri magaleko Oñatitik Otzaurteraino, Arrasaten eta Urbasan. Guk Gipuzkoako kostaldean, Deba eta Aian, ere albokarien berriak jaso ditugu.

Azken eguneratzea: 2006/02/06