Euskal Herriko herri soinu-tresna berriena. Akordeoi diatoniko hau XIX. mendearen bukaeran indartsu sartu zen gure herriko musikaren munduko bazter guztietan, kaletar eta baserritar inguruetan. Baina azkeneko honetan lortu du herrikoitasunaren kategoria edo plaza.
Txistu, alboka, dultzaina eta antzeko soinu-tresna zaharren munduan sartu da eta neurri handi batean hauen errepertorioa bereganatu du. Soinu-tresna zaharren errepertorioaren eta soinu berri honen baliabide handiagoaren elkartasun edo nahastetik musika-estilo berri eta berezkoa sortu zen euskal herri-musikaren barruan. Hau da gaur egun trikiti estilo gisa ezagutzen duguna.
Jotzaileek ikasteko erabiltzen duten modua ez da batere akademikoa. Alderantziz, baserritar inguruko txistulari, dultzainari eta albokariek ikasten duten modu berean ikasten dute, hau da, entzunda ezagutzen duten musika eta estilo hori beren kasa ikasten saiatzen dira.
Alde batetik, estilo zaharraren ezaugarri funtsezkoenak mantentzen dituzte eta bestetik polifoniko-harmoniko izate horrek aukera ematen die musika hori aberasteko. Kasu askotan aurreko soinu-tresnekin aritzen ziren familiak berak izaten ziren akordeoi hau hartzen zutenak eta zenbait alditan pertsona berak ziren soinu-tresna berrira pasatzen zirenak.
Mende honen hasieran azaldu zen txirula eta atabalarekin taldea osatuz, eta dultzaina eta panderoz lagundua ere bai. Horrela mantendu da orain arte toki gutxi batzuetan, baina ospe eta arrakasta handiena Gipuzkoa eta Bizkai aldean lortu du pandero eta koplaz lagundurik. Hau da trikitia deitutako talde ezagunena.