Pantaleon badoa
Elurrezko panpina bat da Pantaleon. Iparburuan bizi da, baina dagoeneko aspertuta dago betiko hotzaz eta paisaia zuriaz. Horregatik erabaki du, bere lagunen gomendio guztien kontra, basamortura txango bat egitea, beroa eta koloreak ezagutzera. Baina nola abiatu Iparburutik basamortu urrunerantz? Txalupa bat hartu eta arraunari ekin dio, lehenbizi: petroliontzi batek eragindako mareak belztu egingo du panpina zuria zena... Baina panpinaren abentura hasi besterik ez da egin
Pantaleon badoa. Zatiak
Pantaleon elurrezko panpina bat da eta elurrezko panpinen paradisuan bizi da, hau da, Iparburuan, elur eta izotz artean. Han, beste tokietako elurrezko panpinak ez bezala, ez da sekula urtzen, ez da sekula desagertzen. Baina, hain zuzen ere Iparburuan bizi delako, asper-asper eginda dago beti toki hotz eta zurian bizitzeaz.
–Ai, oi, ei! Basamortua oso urrun dago, tokitan dago esan dio Natasha hartzak.
Basamortuan eguzkiak bete-betean jotzen du –esan dio Paxkal pinguinoak.
–Eta urtu egingo zara –esan dio Goizalba neskatilak.
–E-e-erotuta zaude –esan dio Chuck mutikoak.
–Nola joango zara basamortura? Hori zinez ezinezkoa da –esan dio Benjamin fokak.
Pantaleonek berriro zerura jaso ditu bere botoi begiak, Aurora Borealaren aldera. –Beste kolore batzuk ikusi nahi ditut, beroa zer den ezagutu. Nire ametsa da. Basamortura joango naiz, bai, eta kitulis
Eta lagunak esnatzerako, elurrezko panpina tokitan dago.
–Ai, oi, ei! Pantaleon desagertu egin da!
–esango du seguruenik Natasha hartzak.
–Basamortua oso-oso arriskutsua da
–esango du seguruenik Paxkal pinguinoak.
–Ez zen txantxetan ari!
–esango du seguruenik Goizalba neskatilak.
–A-a-a ze e-e-erokeria!
–esango du seguruenik Chuck mutikoak.
–Elurrezko panpina bat basamortuan…
Hori zinez ezinezkoa da –esango du seguruenik Benjamin fokak.
Hasieran ez du jakin non dagoen, baina laster oroitu du: petroliontzia, olatua, larrialdia… Eta laster ere, aurre egin behar izan die gero eta gertuago dituen zakurrei. Orduan, Iparburuan Chuck eta Natashak zakur amorratuekin nola jokatzen zuten oroiturik, lau hankatan jarri da.
Pantaleon beste zakur bat da orain, animalia amorratuen parean dagoena, eta zaunka egiten die, eta atzaparka. Eta orduantxe ikusi du bere besoa, beltz baino beltzagoa… Haserre bizian, oihu lazgarri bat atera zaio, garratza, ozena, eta zakurrek, beldurrak hilik, atzera egin dute, gero eta atzerago>
Pantaleon biderik bide doa, batzuetan pausu luzeka, beste batzuetan ttipi-ttapa. Halako batean bide bazterrean bizikleta abandonatu bat topaturik, zalantza egin du, hartu, ez hartu, zeren panpinak ez baitaki bizikletaz ibiltzen. Baina gero eta bero handiagoa egiten du, eta txilaba barnean urtzen sentitzen du gorputza. Azkar ibili beharra daukala pentsaturik, bizikleta gainean eseri da eta, aurrena balantzaka, eta hurrena estropezuka, azkenean ikasi egin du.
Bidea, ostera, mendi piko eta aldapatsu baten azpian amaitzen da. Handik oinez jarraitu beharra dauka. Ibilian-ibilian, Pantaleonek errekasto bat topatu du. Gelditu egin da: txilaba erantzi, eta freskatu egin da. Eta orduan konturatu da: asko izerditu da, asko urtu da, eta izugarri argaldu; baina, ustekabean, petrolioaren beltza ere desagertu egin zaio, joan egin zaio elur urtuarekin batera, eta berriro ere zuri agertzen da bere gorputzaren azal gehiena.
–Antizikloia! –atera zaio.
Denbora galdu gabe, tarrapatan-tarrapatan, Pantaleon eta Natasha azkenean basamortura heldu dira. Bibaka eta iufika eta zermilasorginka hasi dira orduan. Eta hare artean ibiltzean, basamortuko beroa ezagutu dute. Eta, begiak plater, basamortuko koloreak ezagutu dituzte hurrena, ilunabarrean, zerua diren eta ez diren kolore guztiekin apaindu denean: more, gorri, laranja, urdin…
Gauean hoztu egin du eta bi lagunak pozaren pozez aritu dira berriketan, eta a ze lo ederra, a ze lo potzoloa egin duten gero, hainbeste nekeren ostean.
Laponiarrak edo inuitak Iparburuan bezalatsu, beduindarrak basamortuko jendea dira. Eta beduindarrak lotara erretiratzen direnean, argiontzi bat piztu ohi dute duna baten gainean. Basamortua itsasoa balitz, han utzitako argiontzi hori faro bat izango litzateke. Eta argitasun horrek gidatu egiten ditu galdurik eta egarriturik dabiltzan bidaiariak.
Eta beduindarrenean, bi lagunak printze, preso eta poeta izan dira. Printze izan dira ongi etorri beroa egin dietelako, eta jatekoak eta edatekoak eta freskatzekoak eskaini dizkietelako. Eta preso sentitu dira hainbeste ohoreren artean. Eta poeta izan beharra egokitu zaie, zeren hitzik ederrenak hautatu behar izan baitituzte beren esker ona agertzeko: poeta eta kontalari, zeren beduindarrak haien historia guztia ezagutzeko irrikaz egon baitira.
Laponiarrak edo inuitak Iparburuan bezalatsu, beduindarrak basamortuko jendea dira. Eta beduindarrak lotara erretiratzen direnean, argiontzi bat piztu ohi dute duna baten gainean. Basamortua itsasoa balitz, han utzitako argiontzi hori faro bat izango litzateke. Eta argitasun horrek gidatu egiten ditu galdurik eta egarriturik dabiltzan bidaiariak.
Eta beduindarrenean, bi lagunak printze, preso eta poeta izan dira. Printze izan dira ongi etorri beroa egin dietelako, eta jatekoak eta edatekoak eta freskatzekoak eskaini dizkietelako. Eta preso sentitu dira hainbeste ohoreren artean. Eta poeta izan beharra egokitu zaie, zeren hitzik ederrenak hautatu behar izan baitituzte beren esker ona agertzeko: poeta eta kontalari, zeren beduindarrak haien historia guztia ezagutzeko irrikaz egon baitira.