Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Epaimahia:

Beatriz Zabalondo Loidi, epaimahaiburu.
Karlos Zabala Oiartzabal, epaimahaikide.
Oskar Arana Ibabe, epaimahaikide.
M. Bakartxo Arrizabalaga Labrousse, epaimahaikide.
Josu Barambones Zubiria, epaimahaikide.
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabe).

Epaimahiaren erabakia:

Lan finalisten kalitateaz luze-zabal hitz egin ondoren epaimahaiak honako erabaki hau hartu du: aurtengo itzulpenaren Euskadi sariaren irabazle Xabier Olarra Lizaso jauna izendatzea, Raymond Queneauren Estilo-ariketak lana euskaraz emateagatik.

Besteren artean, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu liburu hau saritzeko:

“Queaneauren Estilo-ariketak liburu berezia da: eguneroko gertaera bat da, 99 aldaeratan emana, beste horrenbeste idazmoldetan. Estilo ariketok umorera eta hizkuntzarekin jolastera gonbidatzen gaituzte. Xabier Olarrak neurri-neurrian jakin du itzulpenak eskatzen zituen erregistro eta hizkuntza aldaerei heltzen, irakurleen gozamenerako.

Sormenetik ere asko du, halabeharrez, batik bat atal batzuetan, eta maisuki berritu dizkigu, euskarak lozorroan dituen berezko hizkerak. Queaneauren liburu hau itzulezintasunaren adibidetzat jo izan da. Xabier Olarrak bikain aurre egin dio erronka honi eta garaile atera da.”

Saritutako obrari buruz: Estilo ariketak

Eguneroko bizitzako gertaera bat, hutsal bezain harrigarria, modurik xumeenean kontatua, eta ia beste 100 bariazio, gai horixe bera dutenak. Hori besterik ez da Estilo-ariketak. Istorioa behin eta berriz kontatzen zaigu, idazkuntzan erabili ohi diren modu eta baliabideetako zenbait erabiliz. Hemen aurkituko du irakurleak kontakizun berbera hiru literatur genero nagusietan kontatua (epikoa, lirikoa, dramatikoa), zenbait figura erretorikoren arabera moldatua eta OULIPO taldeak testu-eraldaketarako proposatutako baliabideez emana. Parodia hitza erabili beharra dago liburu honen ezaugarriak azaltzerakoan. Esperimentalismoa ere erabili izan da. Baina jolas-literatura da hau batez ere. Hizkuntzak eta hizketak ematen dituzten aukerekin jostaketan dihardu idazleak, eta jolaserako gogoa jartzen digu besteoi.
Ariketa hauen itzulgarritasuna eztabaidagai izan da aspaldidanik. Raymond Queneauk berak, ordea, ez zuen inolako zalantzarik horretaz: liburu hau omen zen berak sortutakoen artetik itzulia ikustea gogokoen zuena. Har dezala, beraz, gure omenaldi apal hau.

Raymond Queneau (Le Haver 1903 – Paris 1976).
Idazle, filologo eta matematikari frantsesa, umoristaren maskarapean, XX. mendearen erdialdean, bai hitz lauz eta bai hitz neurtuz egin izan diren literatur lanik bikainenetako batzuk sortu zituena. Encyclopédie de la Pléiade ospetsuaren zuzendari izan zen, eta OULIPO taldearen sortzaile eta kide funtsezko. Surrealismoaren bideetatik abiaturik, laster utzi zuen alde batera joera hori, eta umoreaz eta ironiaz baliatuz, eta hizkuntzari eta literaturari buruz egindako hausnarketen ondorioz, lan bikainak eman zituen poesian, narrazioan eta saiakeraren arloan.Aipagarria da haren lanetatik euskaraz argia ikusi duen bakarra, Zazie metroan eleberria. Hori da haren obretatik ezagunena, film arrakastatsu ere bihurtu zelako, besteak beste. Estilo-ariketak da, ordea, han eta hemen harrerarik gartsuena izan duena, zalantzarik gabe, eta literaturari buruz Queneauk zuen jarreraren aldetik adierazgarriena.

Sariak: Irabazleak oroitikurra eta 14.500 euro gordin jasoko du eskuz esku, azaroan egingo den ekitaldian.

Finalistak:

Danilo Kis, Hildakoen entziklopedia; Monika Etxebarriak itzulita (Alberdania & Elkar).

Gianni Celati, Denak hasperenka; Pello Lizarraldek itzulita (Igela).

Denis Guedj, Loroaren teorema; Jon Muñozek itzulita (Euskal Herriko Unibertsitatea).

Gianni Celati, Paradisuko almanaka; Fernando Rey-ek itzulita (Igela).