Tolosan (Gipuzkoa) jaioa da Xabier Olarra, 1953an. Filosofia eta Letretan lizentziatua da (Hizkuntza Erromanikoetan, hain justu) eta, euskarako eta euskal literaturako irakaslea izana da hainbat urtez, 1988az geroztik Nafarroako Gobernuko itzultzaile bada ere. Itzultzaile gehienek ez bezala, Olarrak literatur itzulpengintzaren lubakiaren bi aldeak ezagutzen dituela esan daiteke: alde batetik, hogei urte egin ditu literatura itzultzen, bere kutuna duen genero beltzeko eleberriak batez ere; bestetik, editore lana zer den ere ondo ezagutzen du, 1989ko apirilean Joseba Urteagarekin eta Jose Manuel Gonzalezekin batera Igela argitaletxea osatu zuenetik.
1983an itzuli zuen bere lehen lana, eta harez geroztik hainbat eta hainbat lan euskaratu ditu. Bere itzulpenetako zenbait: Antropologo bat Marten (Oliver Sacks), Postariak bi aldiz deitzen du beti eta Iruzurgilea (James M. Cain), Azken hitzordua (Sandor Márai), Deabruaren Hiztegia (Ambrose Bierce), Kameleoientzako musika, Odol hotzean eta Eskuz landutako hilkutxak (Truman Capote), Historiarik goibelena (Madox Ford Ford). Aipatutakoez gain, beste hainbat autore ezagun ere itzuli ditu: hala nola Ernest Hemingway, RobertLouis Stevenson, Jack London, William Faulkner, Jim Thompson...