Javier de Dios López 1966an jaio zen Madrilen, eta Alcalá de Henaresko Unibertsitatean ematen dituen dramaturgia eskolekin tartekatzen ditu bere sorkuntza lanak. Berak idatziak dira, besteak beste, Noche de San Juan, Tormenta de verano, Todo va bien, Vacío edota Chat/Indefensos. La Barca Teatro konpainia zuzentzen du 1996. urteaz geroztik, eta testu klasikoak zein garaikideak eszenaratu ditu, hala nola El libro del buen amor edota José Sanchís Sinisterraren Pervertimiento y otros gestos para nada. Javier de Dios Lópezen antzezlanak, beraz, idazlearen eta bere idazmahaiaren arteko distantzia itxitik ez, baizik eta teatroaren ezagutza sakon batetik eta esperientziatik abiatutako lanak dira, antzerkiaren funtsak eta bere publikoa ezagutzen dituen norbaiten lumatik eratorriak, beraz.
José Carlos Plaza antzerki zuzendariak Comida para peces liburuaren aitzinsolasean adierazten duen legez, zorrotz eta bizi mintzo dira obra honetako pertsonaiak, elkarrizketak sinesgarriak dira (naturalista izatera iritsi gabe), eta irakurlea (edo ikuslea) sutzeraino haserrarazten dute. Egoera klaustrofobikoak eraikitzen oso trebea da egilea.
Comida para peces teatro lana 2004. urteko otsailaren 6an antzeztu zen lehen aldiz, Madrilgo Youkali aretoan, La Barca Teatro konpainiaren eskutik eta Javier de Dios beraren zuzendaritzapean. Hauxe izan da antzezlan batek Euskadi Saria jaso duen estreinako aldia