Literatura itzulpen onena
Itzultzailea: Josu Zabaleta
Izenburua: Gaueko gezurrak
Egilea: Gesualdo Bufalino
Jatorrizko izenburua: Le menzogne della notte
Argitaletxea: Alberdania eta Elkar
Epaimahaia:
Karlos del Olmo Serna, epaimahaiburu.
M.Bakartxo Arrizabalaga Labrousse, epaimahaikide.
Mirari Garcia de Cortazar Aguirrezabal, epaimahaikide.
Iker Sancho Insausti, epaimahaikide.
Adolfo Arejita Oñarteechevarria, epaimahaikide.
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).
Epaimahaiak ikusitako merituak
Lan finalisten kalitateaz luze-zabal hitz egin ondoren epaimahaiak honako
erabaki hau hartu du: aurtengo itzulpenaren Euskadi sariaren irabazle Josu
Zabaleta jauna izendatzea, Gesualdo Bufalinoren Gaueko gezurrak
lana euskaraz emateagatik.
Josu Zabaletak Gaueko gezurrak lanean oreka harrigarrian
eutsi dio literatur itzultzaileen beharkizunari, hau da, idazlearena zenbateraino,
irakurlearen hainbesterainoko morroia ere izateari.
Bikain heldu dio jatorrizko lanaren tonu eta estilo original eta barrokoari, eta, dena dela, lanak sortzez euskaraz idatzia ematen du. Egileak kutsu arkaikoa eman zion testuari, lexikoan ez ezik, sintaxiari ere, XIX. mendeko hegoaldeko italieraren kutsua erantsita. Horren guztiaren usaina eta zaporea euskal irakurleari ekartzea lortu du itzultzaileak, baita dialektalismo ugariek sortzen zuten zailtasun erantsia gainditzea ere. Antzematen batere errazak ez diren aipamen ezkutuz beteta dago testua, batzuk historikoak, besteak, literarioak opera eta antzerki txatalak. Eta, guztiarekin ere, Zabaletak jakin du lexiko egokia aukeratzen eta, besteak beste, trebetasun handiz ematen, euskaraz, operako libretoetako esaldiak, hitzez hitz.
Testua behin eta berriro irakurri eta dastatzekoa da, arretaz bistatu beharrekoa; dena dela, euskal irakurleari gozatsua gertatuko zaio saria merezi izan duen itzultzailearen lan eskergari esker. Testu zati bakoitza jolas bat bailitzan, hara hor euskaldunon eskura ezkutuko esanahi maila, oihartzun gorde, aipamen isilpeko eta gurutzamendu isil-gorde horiek guztiak.
Saritutakoari buruzko hainbat datu
1948. urtean jaio zen Josu Zabaleta Legazpin. Filosofia
ikasketak egin zituen Lobaina eta Erroman, baina bere jarduna beti egon da
itzulpengintzari eta literaturari orohar lotua.
1977. urtean Hordago argitaletxearen sortzaileetako bat izan zen. 1980tik 1991. urtera bitartean Martuteneko Itzultzaile Eskolako irakasle lanetan aritu zen. EIZIEko sortzaileetako bat ere bai, eta baita Senez itzulpen eta terminologiako aldizkariarena ere.
1991 eta 2000 urte bitartean Lur Hiztegi Entziklopedikoaren zuzendari izan zen.
Gaur egun hizkuntza zerbitzuak eskaintzen dituen Rosetta enpresan ari da lanean.
Bere itzulpenen artean aipatzekoak Alphonse Daudeten Taraskoneko Tartarin, 1981. urtean Lur argitaletxeak kaleratua, Leonardo Sciasciaren Itsaso ardo kolorea, 1991an Erein-ek argitaratua, Alberdaniak 1998an argitaratu zuen Pier Paolo Pasoliniren Gauza baten ametsa eta Ereinen sei liburutan argitaratutako Munduko ipuinak. Baita ere, Maupassanten Fantasiazko Ipuinak (2000) -2001ean Euskadi literatura saria jaso zuen itzulpena-, Anne Franken Egunkaria (2005), Barojaren Jakintzaren arbola (2006) eta Popperen Gizarte irekia eta haren etsaiak (2008).
Saritutako liburuaren ingurukoak
Lau gizon, kartzela batean preso, erregeren kontrako talde iraultzaile bateko partaide izateagatik: baroia, olerkaria, soldadua eta irakaslea. Heriotza-zigorra dute laurek zain, eta sententzia bete aurreko gauean, solasean dabiltza, istorio bana kontatzea erabakiko dute, beren azken orduak zerbaitetan pasatzearren, batetik, eta baita beren biziari zentzua emango dion laburbilduma baten bila ere, gillotina jausi aurreko azken unean oroitzeko moduko irudi bat gordetzearren. Airean dabil espetxeko gobernariaren proposamena ere, lau lagunetakoren batek erakundeko buruzagiaren izena isil-gordeka salatuz gero, denak libratuko dituela
Istorioz istorio luze doa gaua, baina aldi berean labur, saihestezina baita amaiera, eta ez da faltako ustekaberik eguna argitu aurretik. Ezer ez da dirudiena, ordea, Gesualdo Bufalinok esku jostalari bezain trebez ondutako liburu honetan, eta giza izatearen galdera funtsezkoekin nahasturik ugari dira bertan idazlearen amarru eta itzal-jokoak.
Zatia
Nor gara gu, gizonok? Egiazkoak gara, margotuak gara? Paperezko tropoak, sortu gabeko itxurak, errautsezko pantomima bateko agertokira igotako ez-existentziak, prestidigitadore etsai baten tututik puztutako burbuilak? ()
Hala bada, ezer ez da egia. Okerrago: ezer ez da, bere baitatik atera ezin daitekeen zero bat da egitate oro. Apokrifoak gu guztiok, baina apokrifoa orobat gidatzen edo bridatzen gaituena, gaizki elkartzen edo banatzen gaituena; ezerez metafisikoak, gu eta hura, desbideratze errepikakor batek abuntun eta aliritzira nahastuak; inauterietako sudurtzarrak, zuloz eta absentziaz betetako burezurretan Orain dela urtebete koadro bat ikusi nuen Parisen. Tximino bat ageri zen estudio batean, bere paleta eta pintzelekin. Hori ote gara gu, negar-malkozko sorkariok? Tximino margolari baten zirriborroak? Edota txotxongiloak, gela baten erdian zutik, elkarren aurrez aurre dauden bi ispiluk mugagabe errepikatuak?
Literatura Itzulpengintzari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak
Literatura itzulpengintzari dagokion sarian, Euskadi literatura saria jaso duen liburuaz gain, hauek izan dira finalistak:
Egilea |
Izenburua |
Itzultzailea |
Argitaletxea |
Jorge Wagensberg |
Formen matxinada edo nola iraun ziurgabetasunak erasatean |
Juan Garzia Garmendia |
EHU |
Ernesto Sabato |
Tunela |
Mikel Garmendia |
Alberdania-Elkar |
Chinua Achebe |
Gainbehera dator dena |
Alberto Martínez de la Cuadra |
Alberdania-Elkar |
Stendhal |
Parmako kartusia |
Jon Muñoz |
Alberdania-Elkar |