Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dantza tradizionala


Estilo aniztasuna: Durangaldeko Dantzari Dantza.

Garaiko Dantzari-Dantza Inolako zalantzarik gabe dantza-ziklorik ezagunena, Euskal Herri barruan zein kanpoan eta arrazoi desberdinengatik, Dantzari Dantza edo Jantzari Jantza dugu. Herrialde guztietako dantza-talde askok egiten dute urtero eta Durangaldeko merindadeko elizate askotan izaera errituala du; izatez, bertakoa da dantza-ziklo hau.

Ohiturak aginduta, bertako jai-egunaren bezperan San Juango edo Donianeatxako zuhaitza jartzen da sinbolikoki (garai batean haritza bazen ere, gaur egun makala jartzen da). Zuhaitzaren enborrari azala kendu eta adarrak moztu ondoren, adaburuan loreak eta banderaren bat jartzen dira. Zuhaitza herriko plazaren erdian jartzen da eta, herriko plaza jaietarako eremua eta, ondorioz, herritarren ospakizunetarako gunea denez gero, zenbait ekintza egiten dira zuhaitzaren inguruan egun horietan.

Zikloa osatzen duten bederatzi dantzarien kopurua aldaketarik gabe mantendu da XIX. mendeaz geroztik, gutxienez, eta batzuetan elkarren aurka dauden dantzarien bi ilara paraleloek osatzen duten irudi koreografikoak kemena, erreminten erabilera eta erremintak erabiltzeko trebetasuna irudikatzen du.

Batzuek erakustaldiaren une garrantzitsuenean beren trebetasuna erakusten duten dantzari-kopuruaren araberako izena hartzen dute: Banangoa, Binangoa, Launangoa; beste batzuek, aldiz, taldeko kideek elkar jotzeko erabiltzen dituzten tresnen araberako izena hartzen dute: Ezpata Joku txikia edo nagusia, Makil Jokua o Makil Dantza; gainerakoak beste hauek dira: Agintariena, Zortzinangoa eta, amaitzeko, Txotxongiloa. Azken honetan dantzarietako bat altxa egiten dute eta horizontalki etzanda jartzen dute airean, gainerakoek sigi-saga honen gorputzaren azpitik dantza egiteko. Elezaharraren arabera gaizkile baten exekuzioa irudika dezake edota, agian, buruzagi baten goratzea.

Antzeko ezaugarriak dituen beste dantza-ziklo bat Gipuzkoako Brokel Dantza dugu, bertan ere bederatzi dantzari dira dantza egiten dutenak eta makila handiak zein txikiak elkarren artean jotzeko erabiltzen dira. Dantza hauek brokelekin eta Zinta Dantzarekin osatzen dira, bai eta San Juanetan eta Inauterietan Berastegi eta Lizartzan egiten diren dantza-zikloekin ere.

 

 

 

Azken eguneratzea: 2006/03/24