Jai eta dantza tradizionalak kronologikoki aurkezteak zenbait gai finkatzea eskatzen du. Kultura jakin batean zein jaik ematen dio hasiera jaien zikloari? Zein jaik ematen dio amaiera zikloari? Zein ezaugarri izan behar dituzte ziklo beraren barruan biltzen diren ospakizunek? Izan ere, hemen argitara ematen den moduko jaien egutegi batek bi denbora-irizpide desberdin bateratzen ditu: batetik, tokiko ekonomien denbora-zikloa eta pertsonen bizitzaren denbora-zikloa.
Honi dagokionez, naturaren ziklo biologikoaren menpe dauden ekonomia-jarduerekin bat egiten duten ospakizunen barruan biltzen dira jai eta dantzen kopuru handi bat. Era berean, dantza eta ospakizun hauek erlijiozko jaiekin -jai kristauekin zein paganoekin- lotzen direla edo bien ezaugarriak nahasten dituztela antzeman daiteke. Ospakizun hauek sailkatzerakoan folklorea ikertzen dutenek lau jai-ziklo nagusi bereizi dituzte: neguko jaiak, udaberriko jaiak, udako jaiak eta udazkeneko jaiak. Orokorrean, neguko jaietan protagonismoa jaiak ospatzen dituen herriko gazteenek izaten dute, hala gertatzen da nekazaritza-giroko euskal inauterietan eta egun desberdinetan ospatzen diren gabonsariak eta bestelako eskeak egiteko bisitaldi-jaietan. Era berean, gizakien, animalien edo landareen heriotzarekin eta berpizkundearekin lotzen diren gaiak dramatizatzen dituzte. Hori dela-eta, jai hauek birsorkuntzaren jai gisa interpretatu dira. Udaberriko jaiak, aldiz, nekazaritzako izurriteen aurkako zein familiakoengan edo norbanakoengan eragina duten gaixotasun edo zorigaitzen aurkako prebentzioari zuzentzen zaizkiola hartu da aintzat. Euskal erromeria asko mota honetako jaiekin lotzen diren dantzak dira. Udako jaiak, bestalde, zalapartatsuagoak dira eta gehienetan jaiak ospatzen dituen gizarte-taldearen bizi-iraupenerako funtsezko ekonomia-jardueren baten burutzapena edo burutzapenaren hurbiltasuna ospatzeko egiten dira, Euskal Herriko herri askotako zaindariaren jaietan antzeman daitekeen moduan. Azkenik, udazkeneko jaiek bizirik daudenen mundua eta hilik daudenena lotzen dituzte. Hildakoen ohorezko jaiak dira, hauen arimen aldekoak. Neguko jaietan bezalaxe, ospakizun hauek heriotzaren eta biziaren arteko atalasea oso txikia dela gogorarazten dute. Hala eta guztiz ere, neguko jaiek materia birsor daitekeen ideia gehiago nabarmentzen dute udazkenekoek baino, hauetan ospakizunaren ardatza arimak eta izpirituen mundua dira-eta.