Dantza tradizionala aztertzeko garaian dantzak sailkatzeko jarraitu beharreko irizpidea finkatu behar da. Julio Caro Barojak eta beste batzuek dantzak denboraren arabera sailkatzeko irizpidea jarraitu dute. Irizpide honen arabera dantza tradizionalak erkidego baten jai zehatzen inguruan gertatzen diren kultur adierazpenak dira eta, honela, hauek guztiek urte osoan zehar banatzen diren jai eta dantza tradizionalen egutegia osatzen dute. Hortaz, jaiak eta jai hauetan egiten diren dantzak pertsonaren bizimoduan eta gizarte-taldeetan funtsezkoak diren gizarte-aldaketa, nekazaritza-ziklo eta urte-sasoi desberdinen barruan hari bat osatuta gertatzen diren ospakizunak dira.
Ikertzaileak ez dira ados jartzen dantzak sailkatzeko garaian nagusitu behar den irizpideari buruz. Esate baterako, Juan Antonio Urbeltz-ek irizpide morfologikoak eta koreografikoak jarraitu ditu euskal dantzak1 sailkatzeko sistema landu duenean. Bestetik, José Antonio Quijera euskal folklorearen ikertzaileak irizpide formalak eta koreografikoak jarraitu ditu eta proposamen honen ondorioak eta Juan Antonio Urbeltzen proposamenarenak desberdinak dira. Juan Antonio Urbeltzek2 egindako proposamenean zazpi epigrafe nabarmentzen dira, honako ordenari jarraituta: gizonezkoen norbanako dantzak; emakumezkoen norbanako dantzak; gizonezkoek soilik egiten dituzten taldekako dantzak; emakumezkoek soilik egiten dituzten taldekako dantzak; gizonezkoek eta emakumezkoek egiten dituzten taldekako dantzak; inauterietako dantzak eta konpartsak; lanbideen dantzak, jolas-dantzak eta jolasak. Era berean, Juan Antonio Urbeltzek aipatutako epigrafeen barruan beste banaketa batzuk egin ditu eta dantzak sailkapen honen arabera zerrendatu ditu. José Antonio Quijerak, aldiz, erremintak erabiltzen dituzten eta ez dituzten dantzen arteko bereizketan oinarritzen den sailkapen-sistema proposatzen du, ondoren bere sailkapeneko atal nagusi hauek azpiatal zehatzagoetan banatzen ditu eta dantzak azpiatal hauen arabera zerrendatzen ditu.
Jaien banaketa kronologikoa aukeratu duten ikertzaileen artean Julio Caro Baroja nabarmentzen da, ikertzaile honek idatzitako ondoko lanetan ikus daitekeen moduan: El carnaval: análisis histórico-cultural3 eta El estío festivo: fiestas populares del verano4 . Euskal Dantzarien Biltzarrak argitaratzen duen Dantzariak aldizkariak bere lehen zenbakietan Euskal Herriko jaien egutegia eman zuen argitara emanaldika. Dantzariak aldizkariak landutako jai eta herri eta hauetan ikus daitezkeen dantza eta beste berezitasun batzuen egutegia urtarrilaren 1arekin hasten zen eta egunez egun urtean aurrera egiten zuen abenduaren 31ra arte. Nolanahi ere, Fiestas populares: España día a día liburuan 5María Ángeles Sánchezek jaien zikloak eta egutegi zibila bat ez datozela dio. Ikertzaile honen iritziz egokiena egutegiari abenduaren 13an Santa Luzia jaiarekin hasiera ematea da. María Ángeles Sánchezek neguko jaien zikloa Gabonetako jaiekin hasten dela eta Gabonetako jaiak Santa Luziaren omenezko ospakizunekin hasten direla uste du. María Ángeles Sánchezen egutegiarekin bat eginik, José María Jimeno Jurio ikertzaileak Nafarroan landutako jaien egutegiak egutegi zibila eta jai herrikoien egutegia bat ez datozela islatzen du. Haatik, José María Jimeno Jurioren iritziz jai herrikoien egutegiari 6abenduaren 24an ematen zaio hasiera.
--------------------------------------------------------------------------------
1 Juan Antonio Urbeltz, Reflexiones sobre el folclore coreográfico vasco, Cuaderno de Sección de Folclore nº1, Sociedad de Estudios Vascos, San Sebastián, 1983. También se puede consultar el nº10 de la revista Dantzariak, páginas 4-8, Euskal Dantzarien Biltzarra, Bilbao, 1979. 2 José Antonio Quijera, Sistematika euskal folklore koreografikoan, Jentilbaratz nº7 Sociedad de Estudios Vascos, San Sebastián, 2000. 3 Editorial Taurus, Madrid, 1965. 4 Editorial Taurus, Madrid, 1984. 5 María Ángeles Sánchez, Fiestas populares: España día a día, Maeva Ediciones, Madrid, 1998. 6 José María Jimeno Jurio, Calendario festivo de invierno, Panorama nº 10, Gobierno de Navarra, Pamplona, 1988.