Zang korapilo sare-ehungailua. Itsasorako ehunak: emakume-lana
Datu teknikoak
Izena: korapilo sare-ehungailua
Urtea: 1964
Ekoizpena: Établissements Zang. Paris
Eragingailua: Mekanikoa (4 KV-ko motorra)
Korapiloa: 9 x 200 x 14 mm
Sarea: 210/18 (2220) – 210/48 (850)
Zang ehungailua, Konsoni Lantegian /Argazkia: Amaia Apraiz (2018).
Badira ekoizpen industrialarekin inoiz lotzen ez ditugun objektuak. Ez genuke inoiz pentsatuko, adibidez, arrantza sareak ehungintza tailer moderno batean ekoiztuko zituztenik. Gure irudimenean andreek ehuntzen dituzte sareak, arretatsu, kaian eserita, arrantzontziak noiz iritsiko zain. Zalantzarik gabe, literaturak eta arteek izugarri lagundu dute behar horri duen halo erromantikoa ematen.
Konsoni Lantegia bisitatu dutenek badakite, ordea, sareak ehuntzeko lana ez dela horrelakoa; ez beti, behintzat. Eusko Jaurlaritzaren ondare industrial higigarriaren gordailuak arrantza-aparailuen fabrikazio industrialerako hainbat makina zaintzen ditu. Horien artean, nabarmentzekoa da hiru metro baino gehiagoko luzera eta 2,60 metroko altuera duen ehungailu ikusgarri hau, korapilo sareak egiteko makina. Manuel García fabrika bermeotarretik dator, ehungintzan aritzen den Bizkaiko herri horretako bakarra. Bere jabeak 1964an erosi zuen Établissements Zang enpresari. Enpresa familiar horrek, 120 urte baino gehiagoko historia duenak, 1861etik bere Gentillyko tailerrak (Paris kanpoaldean) sare-makinen ekoizpenean espezializatu zituen. Hori izan zen, hain zuzen ere, bere jarduera nagusia, hainbat patente erregistratuz, eta bere ekoizpena 1990eko hamarkadara arte mantenduz.
Zang ehungailuaren funtzionamendu-eskema / Industria Ondare Higigarriaren Gordailuko artxiboa (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila).
Ehungailu honen funtzionamendua konplexua da, aldi berean 210 nylon hari maneiatzen baititu. Horretarako, beste hainbeste bobina ditu, makinaren atzean jartzen den metalezko egitura batean jarrita. Egitura horrek, gazteleraz «lleva-bobinas» izena du; hau da, «bobinak eramailea». Ibilbide korapilatsu batean, haria txirikordatu egiten da korapilo sinple edo bikoitzak osatuz, lortu nahi den sarearen ezaugarrien arabera. Makinaren abiadura bolante baten bidez erregulatzen da, 4 KV-ko motor bati esker. Kurbatzaile bat erregela graduatu baten aurretik mugituz lortzen da sarea; horrela, korapiloen arteko distantzia oso zehatz kontrolatzen da (sarea gehiago edo gutxiago tupatzeko).
Sareak fabrikatzea lan industriala da, jakina; hala eta guztiz ere, emakumeek egindako lana ere bada. Izan ere, 1960ko hamarkadan, Zang ehungailuen publizitateak zera iragartzen zuen: «andre-langile batek makina bat baino gehiago artatu ditzake aldi berean». Esaldi horrek argi uzten zuen ehungintzan emakumeak zirela langile nagusiak. Manuel Garcia lantegia ez zen salbuespena, eta bertan sei gizonek eta 140 emakumek egiten zuten lan. Horietatik 120k sarea lortzeko makineria zaintzen zuten. Ondoren, berunak eta flotagailuak gehitu behar ziren, eta sareak elkarren artean josi, arrantza-aparailu batentzat beharrezkoak ziren neurri handiak lortu arte (151 x 59 m). Lan horretan beste 20 emakume ari ziren, saregile-maistrak. Guztira, 23tik 1era bitarteko proportzioa. Horrek argi uzten du industria horretan andreek egindako duten lanaren garrantzia.
Ehungailuaren erosketa-faktura, Établissements Zang enpresaren idazpuruarekin / Industria Ondare Higigarriaren Gordailuko artxiboa (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila).
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 1991ko abenduan erosi zuen ehungailua, eta bere makineria bilduman sartu zuen. Egun, gure ondare industrialaren mugarri ukaezina da. Gainera, Euskal Herriaren industrializazioa posible egin duten emakume eta gizonen lana aldarrikatzeko aukera ematen digu.
Amaia Apraiz Sahagún (AVPIOP-IOHLEE)
Zang ehungailuaren iragarkia / Industria Ondare Higigarriaren Gordailuko artxiboa (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila).
Zang ehungailua, bere jatorrizko kokalekuan, Bermeoko Manuel García fabrikan (1991) / Industria Ondare Higigarriaren Gordailuko artxiboa (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila).
Azken aldaketako data: