Sömme lata-itxigailua. Bilbotik mundura
Datu teknikoak
Izena: Lata-itxigailua
Urtea: 1927 inguruan (1925eko patentea)
Ekoizpena: Sömme & Sundt, Bilbo
Eragingailua: Eskuzkoa/Motorra
Sömme lata-itxigailua, Konsoni Lantegian (2012)
Konsoni Lantegian kontserbatutako objektu bakoitzak istorio ugari biltzen ditu. Gordailu horretan, makinak eta tresnak biltzen dira, euskal industriaren historiaz, ekoizpen-prozesuez eta teknika osoez gehiago jakiteko aukera ematen digutenak. Industriaren bidez beste herrialde batzuekin izan ditugun harremanak ere ezagutzeko aukera ematen digute. Punta-puntako teknologiak gure lantegi eta fabriketara iritsi dira, eta hemendik mundu osora iritsi diren berrikuntzak eta asmakizunak bultzatu dira. Joan-etorriko istorioak dira, eta gaur horietako bat idatziko dugu, gure pieza nabarmenetako bat hizpide hartuta: Sömme lata-itxigailua.
Metalezko makina-erreminta estilizatua da, 180 zentimetroko altuera duena, eta bere silueta nabe irekian ezkutatzen da, zulagailu, zerra eta fresagailuen artean. Motor txiki bat du, bere mekanismo sinplearen mugimendua errazten duena, baina, gehienetan, eskuz eragiten zen: ixteko platera izeneko pieza zirkular baten gainean jartzen zen lata betea; eta, horren gainean, estalkia, buru bat osatzen duten bi itxitura-errutinen artean. Makinak eragitean, platera altxatzen zen, ontzia taparen kontra estutzeraino, eta biratzen zen, errutinak hurbiltzen diren bitartean.
Lata-itxigailua, Sömme & Sundt enpresaren katalogoa
Makina hau Sömme & Sundt izeneko enpresak egin zuen (egun JK Sömme izen sozialarekin funtzionatzen jarraitzen du, «Bilbotik Mundura» leloa duelarik). Enpresa hori XX. mendearen hasieran Bilbon instalatu zen, eta 1908an estatu espainiarrean egindako lehen lata-itxigailua egin zuen, Reinerts T140 izenekoa. Modelo horren aldaera motorizatua da gure makina. Sömme & Sundt-en sortzailea, Johannes Kielland Sömme, Norvegiako Stavanger hirikoa zen, Eskandinaviako kontserba gune nagusietako batekoa. J. K. Sömme 1891ean finkatua zen Bilbon, Sorensen Yakhelln & Cia zur-fabrikak kontratatuta (“Compañía de Maderas” izenez ezaguna da, eta haren orubean dago gaur egun Guggenheim Bilbao Museoa). Sömmeren lata-itxigailuen fabrika (1905ean sortua) aitzindaria izan zen. Lehen, lan motela eta ez oso eraginkorra izan zen. Bere teknologia aldaketa itzela izan zen, ordura arte ontzi bakoitza eskuz soldatu behar baitzen. Ordutik aurrera modeloak hobetu zituzten, horien artean 1925ean patentatu eta 1927an merkaturatu zuten lata-itxigailu motordun hau.
Sömme & Sundt enpresaren katalogoa
Euskal industriek laster erosi zituzten makina horiek, egunean 8.000 lata ixtea ahalbidetzen zutenak. Horietako bat Conservas Astorquiza izan zen, Bermeon 1921ean sortutako enpresa, hasieratik Sömme etxeko makineriarekin hornitu zena. Astorquiza enpresak berak eman zion lata-itxigailua Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari, 1990ean. Ordutik, industria-ondare higigarriaren bildumaren pieza garrantzitsuenetakoa da.
Makina honen itxura deszifraezina izan litekeen arren, prozesu produktibo bat baino askoz gehiago ezagutzeko aukera ematen digu. Joan-etorriko istorio bat, Stavangerretik Bilbora, eta hortik Bermeora eta mundura doana.
Amaia Apraiz (AVPIOP-IOHLEE)
#IndustriaOndareaEtxetik traolarekin.
Sömme lata-itxigailua, Bermeoko Conservas Astorquiza enpresan (1990)
Sömme sistemaz itxitako ontzia
Azken aldaketako data: