Talleres de Deusto enpresako prentsa hidraulikoa. Presiopeko lana.
Datu teknikoak
Izena: Prentsa hidraulikoa
Urtea: 1922
Ekoizpena: Talleres de Deusto
Eragingailua: Motorra
Neurriak: 275 x 180 x 110 cm
Talleres de Deusto (Industria Higigarriaren Kultura Ondarearen Gordailuko artxiboa. Eusko Jaurlaritza)
Konsoni Lantegirako bisitetan azpimarratzen dugu berrikuntza zerbait berria asmatzea baino askoz gehiago dela. Bai, gure enpresek mendeetan zehar erakutsi dute egokitzeko gaitasuna. Eta, askotan, gaitasun horren ondorioa da euskal industriaren bilakaera. Gaur aurkeztutako piezak oso ondo adierazten du. XVII. mendeko printzipio fisiko bat giltzarria izango da XX. mendearen hasieran euskal industriak aurrera egitekoa. Ezagutu nahi duzu bere istorioa?
XVII. mendearen erdialdean, Blaise Pascal matematikari frantziarrak printzipio hau enuntziatu zuen: zirkuitu itxi batean fluido batean egindako presioak fluido hori modu uniformean hedatzen du. Joseph Bramah asmatzaile ingelesak kontutan hartu zuen Pascalen Printzipio hori mende bat beranduago, 1795ean, prentsa hidraulikoa sortzeko. Makina horrek neurri ezberdineko pistoiek bultzatutako edalontzi komunikatzaileen mekanismo bati esker funtzionatzen zuen: eremu txikiagoko pistoiaren gainean indar txiki baten bidez, azalera handienekoan indar handiago bat lortzen zuen.
Hasieran, nekazaritzan erabili ziren prentsa hidraulikoak, belarra estutzeko. Laster, ordea, industria britainiarrak ehungintzan metatzen zen kotoia prentsatzeko erabili zituen. Handik gutxira, metalgintza sektoreak metalak moldatzeko baliatuko zuen teknologia hau. Prentsa berri hauek, noski, askoz handiagoak ziren eta presio itzela eragiten zuten.
Prentsa bultzatzeko lau gorputzeko bonba (Industria Higigarriaren Kultura Ondarearen Gordailuko artxiboa. Eusko Jaurlaritza)
XIX. mendearen amaieratik aurrera, euskal enpresek metalak moldekatzeko makina horiek eskuratu zituzten. Atzerrian erosten zituzten lehenak, eta, ondorioz, oso teknologia garestia suertatzen zen. Horregatik, euskal fabrika batzuk prentsa hidraulikoak eraikitzen hasi ziren. Hori da Talleres de Deusto enpresaren kasua. Besteak beste, Ibarra, Pradera, MacMahon eta Ayarragaray industria-familiek sortua, Deustuko elizatean zegoen (urte batzuk geroago zubia eraikiko zen tokiaren ondoan) eta aingurak, errailak eta tren-bagoiak egiteko altzairu moldeatua eta forjatua egiten zuten. Instalazio horiek 1965ean itxi eta Lutxanara (Erandio) joan ziren, eta han egon ziren 1980ko hamarkadara arte. Gaur egun, Deustuko orubean etxebizitza-eraikinak daude, eta enpresaren hiru etxe baino ez dira kontserbatzen (Ugasko auzoan, Artxandako tunelen ondoan), Diego Basterra Berastegui arkitektoak 1926an proiektatuak.
Gure prentsa Deustuko tailerretan egin zen 1922an. Bi elementuz osatuta dago: lau gorputzeko ponpa bat, motor elektriko batez mugitua, eta 1.000 tonako prentsa, lau zutabe gidarien artean metalezko bastidore batez osatua. Bastidorearen barruan, goiko xafla finko bat eta enbolo mugikor bat daude, beste xafla batekin. Xafla horrek, enboloan presiozko likidoa sartzean, gorantz egiten du, eta erdian jarritako materialak konprimitzen ditu.
Enpresa fabrikatzailearen izenaren xehetasuna prentsa hidraulikoaren albo batean.
Bitxia bada ere, prentsa hau ez zen metalezko pieza handiak moldatzeko egin. Luis Anduiza bilbotarrak (Espainiako Errege Etxeko plateroa) enkargatu zuen, Casillako bere fabrikan objektu askoz ere delikatuagoak egiteko (bitxiak, adibidez).
Baina prentsa hidrauliko honen historia ez da hemen amaitzen. Urte batzuk geroago, Gasteizko Hijos de Orbea, S.C. kartutxo eta detonagailu enpresak (Eibarko armagintza ezagunaren zatiketa) erosi zuen. Orbeak Arabako hiriburua utzi zuen 1946an, eta Iruña Okara joan zen. Han, kartutxoen saila ezarri zuen, eta izen soziala Explosivos Alaveses – EXPAL izenera aldatu zuen. Makina honek 1986ra arte funtzionatu zuen, Unión Española de Explosivos – UEE enpresan (EXPAL xurgatu zuena). Urte horretan, UEEk Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari dohaintzan eman zion gure prentsa hidraulikoa.
María Romano Vallejo (IOHLEE)
Lurrera ainguratuta ez dagoenez, prentsa ezin da zutik mantendu, eta, beraz, Konsoni Lantegian etzanda dago.
Inertzia-bolantearen eta prentsari eragiten dion bonba-pistoien xehetasuna.
Luis Anduiza jaunarentzat eraikitako prentsa hidraulikoa. 600 Tonako presioa. Bista diagonala (Industria Higigarriaren Kultura Ondarearen Gordailuko artxiboa. Eusko Jaurlaritza)
Luis Anduiza jaunarentzat eraikitako prentsa hidraulikoa. 600 tonako presioa. Albotiko bista (Industria Higigarriaren Kultura Ondarearen Gordailuko artxiboa. Eusko Jaurlaritza)
Luis Anduiza jaunarentzat eraikitako lau gorputzeko bonba (Industria Higigarriaren Kultura Ondarearen Gordailuko artxiboa. Eusko Jaurlaritza)
Luis Anduiza jaunarentzat eraikitako lau gorputzeko bonbaren xehetasuna (Industria Higigarriaren Kultura Ondarearen Gordailuko artxiboa. Eusko Jaurlaritza)
«PAGODA» formako prentsa hidraulikoa, Luis Anduiza jaunarentzat eraikitakoa (Industria Higigarriaren Kultura Ondarearen Gordailuko artxiboa. Eusko Jaurlaritza)