Alfa josteko makina, A modeloa (Eibar). Krisi-garaian berritzea
Datu teknikoak
Izena: Alfa josteko makina, A modeloa
Urtea: 1925 (josteko makina)
1984 (mahaia)
Ekoizpena: Cooperativa Alfa (Eibar)
Gehieneko abiadura: 1.200 puntu minutuko
Puntadaren gehieneko luzera: 4,2 mm
Ehunaren gehieneko lodiera: 7 mm
Beheko espazio librea: 220 x 125 mm
Plakaren neurriak: 372 x 173 mm
Pisu garbia (burua): 11,3 kg
Orratz sistema: 705
Alfa josteko makina, A modeloa (Industria Higigarriaren Kultura Ondarearen Gordailuko artxiboa. Eusko Jaurlaritza).
Historiako ia aldi guztietan izan dira krisialdiak. Mendeetan zehar aldaketa sakonak gertatu dira; eta aldaketa horiek eguneroko bizitza, egoera politiko eta soziala, eta, jakina, ekonomia eta eredu produktiboak guztiz aldatu dituzte. Garai horietan, errealitateari aurre egiteko, funtsezkoa izan da ekoizteko era berriak sortzeko gaitasuna. Konsoni Lantegian pieza asko daude ideia hori irudikatzeko, baina gutxi dira Alfa A bezain gogorarazleak.
Ez da nabean sartzean ikusiko dugun lehen objektua; nekez erreparatuko diogu, tamaina handiko makina eta tresnen artean. Hala ere, bisitari gehienak erakartzen ditu, bere eguneroko itxurari esker.Zerk lotzen ditu ia ehun urteko josteko makina hori (amamaren trastelekuan topatu ahal dugun tresna hori) euskal industriaren berrikuntza-gaitasunarekin?
Alfa A modeloa josteko makinaren burua, bere forma estilizatuagatik “beltxarga lepoa” ere deitua.
1920ko hamarkadara jo behar dugu erantzunaren bila, eta Eibarrera joan. Une horretan, krisi ekonomiko eta sozial gogorrak astindu zuen armen fabrikazioa, inguruko ekoizpen-jarduera nagusia. Grebak eta ugazaben itxierak garai gorabeheratsu batean gertatu ziren. Horrek, ordea, aurrekaririk gabeko planteamendua sortarazi zuen euskal enpresa-panoraman: 1920ko urriaren 28an Sociedad Anónima Cooperativa de Producción de Armas de Fuego Alfa eratu zen, Espainiako estatuko lehen enpresa kooperatiboa. Bertan lan egiten zutenak akziodunak eta ekoizpen-baliabideen jabeak ere baziren. Hala ere, kooperatiba berria ezin zen une okerragoan sortu: lehiak armen merkatua saturatzen zuen, prezioak amiltzen ari ziren eta armamentua kontrolatzeko lege berriek ia ezinezko egiten zuten armak atzerrian saltzea. Ez zeukaten egiten zituzten errebolberrak saltzerik; ezinbestekoa zen ekoizpena dibertsifikatzea.
Testuinguru horretan plazaratu zuten josteko makina. Garai hartan etxe batzuetan zeukaten halakorik, baina produktu garestia zen, atzerriko fabrikaziokoa. Estrategia argia zen: metala eta zura eraldatzeko eta doitasun-mekanismoen muntatzeko ezagutzak, errebolberrak fabrikatzeko ezinbestekoak, aprobetxatzea eta josteko makinak ekoizteko erabiltzea. Arrakasta erabatekoa izan zen: Alfa enpresaren lehen modelo hori 260 pezetan saltzen zen, bere lehiakiderik zuzenena zen Singer estatubatuarrarekiko 80 pezetako aurrezpena suposatuz. Alfak 1932an behin betiko utzi zion armak egiteari; urte horretan 12.000 josteko makina baino gehiago atera ziren Eibarko fabrikatik.
Alfa markaren xehetasuna josteko makinaren egituran.
Gure pieza enpresak merkaturatutako lehen modeloari dagokio: Alfa A modeloa (gerora 20 modeloa deitua), bere forma estilizatuagatik “beltxarga lepoa” ere deitua. Kooperatibako bulego teknikoak 1925ean diseinatu zuen. Pedalari eragiten dio, eta bere ezaugarrien artean anezka oszilatzailea nabarmentzen da. Pieza horren bidez,egiteko funtzio asko gehitzen dira: tolesturak, brodatua, bigungarria, zurdatua, hesitua eta zimurtua… baita ehun lodietan ere, larrua kasu. Itxuraz, objektu apala eta konbentzionala izan arren, euskal diseinuaren mugarri da, eta XX. mendeko krisi ekonomiko sakonenetako bati industriak erantzun adimentsuaren erakusketa. Izan ere, 1984an Alfa enpresak berak eman zion Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari , Industria Ondare Higigarriaren bilduman sartzeko, eta gordailuaren lehen piezetako bat izan zen.
Amaia Apraiz Sahagún (IOHLEE)
Sociedad Anónima Cooperativa Alfa enpresako langileak. Josteko makinen katalogoa “Máquinas de Coser Alfa. Industria Nacional”, ca. 1935. Sociedad Cooperativa Alfa Artxiboa (Eibar).
Alfa josteko makinen publizitatea. Catálogo de productores y exportadores españoles, 1930.
Alfa A modeloa josteko makinaren ezaugarri teknikoen eskema. (Industria Higigarriaren Kultura Ondarearen Gordailuko artxiboa. Eusko Jaurlaritza).
Alfa A modeloa josteko makinaren ezaugarri teknikoen eskema. Industria Ondare Higigarriaren Gordailuko artxiboa (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila).
Alfa josteko makinen publizitatea, ABC, 1950.
Josteko makinen katalogoa “Máquinas de Coser Alfa. Industria Nacional”, ca. 1940, Sociedad Cooperativa Alfa Artxiboa (Eibar).
Alfa A modeloa josteko makina erabiltzeko argibideak. Sociedad Cooperativa Alfa Artxiboa (Eibar).