Klima-aldaketaren Aurka egiteko Euskal Planak 119 neurri aurreikusten ditu 2012an EAEko CO2 isurketak % 14 gehiagoraino murriztu daitezen, 1990ekoekin alderatuta. Gaur egungo isurketekin alderatuta, ehunekoan 8 puntu jaistea esan nahiko luke horrek, eta, beste alde batetik, Plan horrek aurreikusten dituenak bezalako neurriak hartu ezean, isurketak izugarri igo daitezkeela pentsatzen da, aipatutako erreferentziazko urtekoak baino % 36 gehiagora.
Horrela iragarri du Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak, Esther Larrañagak, Plan horretan zerikusia duten Eusko Jaurlaritzako beste bost sailetako arduradunekin batera egin duen prentsaurreko batean (Garraioa, Industria; Hezkuntza, Etxebizitza eta Nekazaritza). Egin den parte-hartzerako azken foroaren eten batean egin zen agerpen hori, eta agerpen horretan eragile sozial eta ekonomiko nagusiei helarazi zitzaien ia-ia behin betikoa den Klima-aldaketaren Aurka egiteko Euskal Planaren agiria.
Larrañaga sailburuaren arabera, Plan honek agerian jartzen du EAE eragile izatera igaro dela klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta dagoeneko, Ban Ki-moon Nazio Batuen idazkari nagusiak administrazio guztiei berriki eskatzen zien seinalea erabateko argitasunez eta ahal duen indar handienez ari da igortzen. Asmoak ekintza bihurtzeko eskaria izan zen, ingurumenarena ez ezik garapenarena ere baden arazoaren inguruan.
Esther Larrañagaren iritziz, geure buruari egin behar diogun galdera ez da ea isurketak murriztea onar dezakegun, baizik ea ez egitea onar dezakegun. Alde horretatik, hau gogorarazi zuen: EAEk % 22an handitu dituela isurketak oinarrizko urtearekin alderatuta, eta, isurketak murrizteko ezer egin ezik, 2012an EAEren isurketak % 36 gehiagora igoko liratekeela, oinarrizko urtearekin alderatuta. Horrela, bada, 2012ko egoerak planarekin eta planik gabe izango lukeen aldea, 22 puntukoa izango litzateke, alajaina!
ARINTZEA ETA EGOKITZEA
Klima-aldaketaren Aurka egiteko Euskal Planak proposatzen duen HELBURUA hau da: karbonoaren mendekoa ez den eredu sozio-ekonomikoa finkatzeari begira 2020an EAE urrats itzulezinak emanda egotea lortu eta klima-aldaketaren aurrean dugun ahultasuna txikiagotzea.
Horretarako, BI LEHENTASUN ezarri dira: bata, etorkizuna bermatzera zuzendua, klima-aldaketaren aurka egin eta dituen ondorioetarako prestatzea; eta bestea, euskal ekonomia iraunkor baterantz jotzeko aukera emango duen berrikuntzaren kultura bultzatzea, ekoizpen eta kontsumo garbiko jarraibideetan oinarritua eta karbonoaren mendekoa ez dena.
Abiapuntu horrekin, Planak 4 HELBURU ESTRATEGIKO ezartzen ditu:
1. HELBURU ESTRATEGIKOA- BEGen isurketak % 14 gehiagoraino mugatzea, 1990eko oinarrizko urtekoekin alderatuta.
2. HELBURU ESTRATEGIKOA- Karbono-irensleek karbonoa eraldatzeko duten gaitasuna % 1eraino handitzea, oinarrizko urteko isurketekin alderatuta. Batez ere, baso-kudeaketan, nekazaritzako lurren kudeaketan eta larreen kudeaketan jardun behar da.
3. HELBURU ESTRATEGIKOA- Natura-baliabideen gaineko arriskuak txikiagotzea. Aurreikus daitekeen bezala, eragin nagusiak biodibertsitatea eta ekosistemen osasuna galtzeari eta ur nahiz lur baliabideen kalitatea txartzeari loturik egon daitezkeelako.
4. HELBURU ESTRATEGIKOA- Pertsonen osasuna, hiriko habitataren kalitatea eta sistema sozio-ekonomikoen gaineko arriskuak txikiagotzea. Ondoko hauek bermatzeko: energia, itsasertz eta garraio azpiegituren osotasuna, osasun-zerbitzuak egokitzea, lehen sektoreari lotutako produktibitatea mantendu edo hobetzea edo klimaren egoera berriarekin bateragarriak izango diren hiri-eredu berriak garatzea.
119 NEURRI LAU PROGRAMATAN
Helburu horiek lortzeko bidean aurrera egiteko, 119 neurriko multzoa aurkeztu da, jarduera-programa hauetan banatuta:
LEHEN PROGRAMA: KARBONO GUTXIAGO (314 kb). Programa hori ezartzeko esparrua sektore hauena da: energia, industria, garraioa, bizitegiak eta zerbitzuak, nekazaritza eta basogintza, eta hondakin-kudeaketa. Esku hartzeko ondorengo ildoetan:
-energia aurreztea eta eraginkortasuna
-energia berriztagarriak sustatzea
-energiarik sortzen ez duten isurketak murriztea
-eta karbono-irensleak kudeatzea
BIGARREN PROGRAMA: EGOKITZEA (152 kb). Honako hauetarako egokitzea: klima-aldaketari aurrea hartu eta ekosistema naturalak zaintzeko, pertsonen osasuna babesteko eta azpiegitura eta sistema sozio-ekonomikoak egokitzeko. Kasu horretan, jarduteko ildoak hauek izango lirateke:
-behaketa sistematikoa eta ikaskuntza
-irizpideak zehaztea eta egokitzapenaren plangintza egitea
-eta bitartekoak eta azpiegiturak edukitzea
HIRUGARREN PROGRAMA: EZAGUTZA (135 kb). Programa honen helburua ezagutza zientifiko-teknikoa eta soziala garatzea da, natura behatu, arazoak ezagutu eta irtenbideak sortzeko asmoz. Programa honetan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak, enpresek eta Eusko Jaurlaritzak esku hartzen dute, eta programaren ildoak hauek izango lirateke:
-oinarrizko ikerkuntza eta lankidetza
-ikerkuntza aplikatua
-eta programa honen oinarri izateko beharrezko zeharkako elementuak
Azkenik, LAUGARREN PROGRAMA, HERRITARTASUNA ETA ADMINISTRAZIO EREDUGARRIA (225 kb) izenekoa. Eta programa horretan, Eusko Jaurlaritzako sailak, foru aldundiak eta udaletxeak sartzen dira. Jarduteko ildoak, betiere bakoitzaren eskumenak errespetatuz, hauek izango lirateke:
-jarduera orokorrak eta erosketa berdea
-lantokian, etxean eta higikortasunean, aurreztea eta eraginkortasuna lortzea
-informazioa eta sentsibilizazioa (hori azpimarratzen ari gara, kontzientziazio-kanpainetan ahalegin ekonomiko handia eginez, batez ere azken urtean)
-hezkuntza eta prestakuntza
ETORKIZUNERAKO INBERTSIOA
Plan horrek duen aurrekontu-hornidura, estrictu sensu, 90 milioi euro ingurukoa da. Hala ere, zenbatu egin beharko litzateke, orobat, zerikusia duten sailek aurreikusitako beste jarduera batzuei esleitzen zaiena, beste programa batzuei esleitua izan arren Plan honen helburuekin bat datorrenean. Kontu-sail horiek kontuan hartzen baditugu, Eusko Jaurlaritzak egiten duen ahalegin ekonomikoa 600 milioi euro ingurukoa dela esan dezakegu. Kopuru hori, Larrañagaren hitzetan, ez da etorkizunean egindako inbertsioa besterik.
Plana abenduan izenpetuko du Gobernu Kontseiluak, eta urteroko ebaluazio bat egingo da, zenbat aurreratu den neurtzeko. Larrañagaren arabera, arrakastaren gakoa bai sailen artean eta bai gainerako administrazioekin ERAKUNDE ARTEKO KOORDINAZIO ezin hobea lortzean egongo da, eta erakundeek, enpresek eta herritarrek naturarekin dugun harremana ULERTZEKO dugun MODUAN ALDAKETA sakon bati bidea ematean. Horrela bakarrik izango gara gai honako hau onartzeko: “klima-aldaketari aurre egitea ez da zentzukoena soilik, baita errentagarriena ere, ingurumena, jendartea eta ekonomiaren aldetik”. Horrela amaitu zuen.
|