Klasetik at
Ataria interpretazio-zentroa
Salburuko hezeguneen ondoan dago, Gasteizen. Zentroak biodibertsitatearen kontserbazioari eta berreskurapenari lotutako hainbat erakusketa ditu bere instalazioetan. Horietako bat "Salburuko urmaelak" izeneko erakusketa iraunkorra da. Bertan, honako hauek ezagutuko ditu bisitariak hainbat modulu interaktiboren bidez: hezeguneetako uraren jatorria, parkearen eboluzioa eta nola funtzionatzen duen ekosistema gisa, gizarteari eskaintzen dizkion zerbitzuak eta jasaten dituen mehatxuak. Leku egokia da eskolako ordutegitik kanpoko bisita bat egiteko. Gainera, bisita osatzeko, Salburuko naturagunean dauden ibilbideetako bat egin daiteke.
Tlfno.: 945 25 47 59
'El Cárabo' aldizkaria
Umoreak eta naturari buruzko ilustrazio landuek osatzen dituzte horren orrialdeak. Argitalpena 1982an sortu zen. Frantzian hamar urte lehenago sortutako "Quercus" aldizkariaren -160.000 harpide ditu- argitaratzaileek Espainiako edizioa argitaratzea erabaki zuten urte hartan.
"El Cárabo-ren" koadernoek ingurumenari buruzko informazio-zerbitzuak eskaintzen dituzte, eta dagoeneko erreferentzia bilakatu dira natura-zientziei eta ekologismoari lotutako zale eta profesionalentzat. Gainera, irakurleak jarduerari ekiteko ideia praktikoak eskaintzen ditu aldizkariak: habia-kutxa bat egiteko planoak eta jarraibideak, trikuentzako gordelekua egiteko krokisa, ohiko perretxikoak ezagutzeko fitxak eta beste proposamen interesgarri asko.
"El Cárabo-k" bere edukien bidez haurrak entretenitzea eta aditu naturalistak gogoberotzea lortu nahi du, baita ideiak eta edukiak ematea ere irakasle, hezitzaile eta gazte-taldeen monitoreei.
Mendi-ibiliak, aukera osasungarria
Mendian ibiltzea, astialdirako proposamen entretenigarria ez ezik, aisialdiko aukerarik osasungarrienetako bat da familiarekin egiteko. Euskal ekosistemek hainbat aukera eskaintzen dituzte jolaserako, eta horietako bat hizpide duguna da. Hala, mendian ibiltzeaz gain, ekosistemek honako aukera hauek eskaintzen dizkigute, besteak beste: paisaiez gozatzea, naturarekin harremanetan egoteak eta haren soinuak entzuteak (txorien kanta, uraren soinua...) eragiten duten ongizate psikologikoa eta abar. Jarraian, zailtasun txikiko ibilbide batzuk proposatuko ditugu, mundu guztiarentzat egokiak:
GIPUZKOA
KORTAKOGAIN PR-Gi-104: Arantzazuko baserrietan zehar (5,5 km - erraza - 1:30´)
ARANTZAZU PR-Gi-105: Bide ezkutua (7km - erraza - 2:30´).
BIZKAIA
Vivero. Bilbo Handia
Ibilbide mota: joan-etorriko bide seinaleztatua.
Luzera: 11,1 km. Denbora: 2:30´. Zailtasuna: txikia.
Gomendatutako sasoia: udaberria, uda, udazkena eta negua.
Atxarre Urdaibai
Ibilbide mota: joan-etorriko bide seinaleztatua.
Luzera: 5 km. Denbora: 1,30 ordu. Zailtasuna: txikia.
Gomendatutako sasoia: udaberria, uda, udazkena eta negua.
Jata (600 m). Euskal Mendiak
Ibilbide mota: joan-etorriko bide seinaleztatua.
Luzera: 4 km. ordu 1. Zailtasuna: txikia.
Gomendatutako sasoia: udaberria, uda, udazkena eta negua.
ARABA
Mantxibio (937m). Izkiko Parke Naturala
Ibilbide mota: bide zirkular seinaleztatua.
Luzera: 5 km. Denbora: 1:30´. Zailtasuna: txikia.
Gomendatutako sasoia: udaberria, uda, udazkena eta negua.
PR-A 69: Kontrastako sakanak. Izkiko Parke Naturala
Ibilbide mota: bide zirkular seinaleztatua.
Luzera: 9 km. Denbora: 2:30´. Zailtasuna: txikia.
Gomendatutako sasoia: udaberria, uda, udazkena eta negua.
Lurraldearen zaintza
Natura-ondarea zaintzeko tresna da. Horren bidez, administrazio publikoek ez ezik, banakako herritarrek, jabeek, enpresa pribatuek eta gizarte-taldeek ere biodibertsitatearen kontserbazioan parte hartzea bilatzen da. Horretarako, eragile horien eta zaintza-erakundeen artean borondatezko akordioak egiten dira.
Zaindu beharreko naturaguneak honako hauek izan daitezke: jabetza pribatuko lurrak, tokiko erakundeen jabetzako herri-lurrak, enpresen jabetzako lurrak edo natura-baliabideak aprobetxatzeko eskubidea ezarrita duten lurrak. Beraz, zaintza-erakundeak ere askotarikoak izan daitezke, esaterako erakunde kontserbazionistak, herritarren elkarteak, gizarte-eragileak, fundazioak eta baita tokiko erakundeak ere, hala nola udalak, administrazio-batzarrak, mankomunitateak edo partzuergoak. Hori bai, irabazi asmorik gabeko erakundeak izan behar dute eta biodibertsitatea zaintzeko jarduerak garatzea izan behar dute helburuen artean.
Informatu eta parte hartu: