Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Ondasunen Foru-Komunikazioa

 

Ondasunen Foru-komunikazioa

Ondasunen Foru-komunikazioen araubidea espresuki arautzen da Euskal Zuzenbide Zibilaren ekainaren 25eko 5/2015 Legean, III tituluaren esparruan –ezkontzako ondasun-araubideari buruzkoa–; zehazki, II. kapituluan, 129tik 146ra arteko artikuluetan.

Araubide hori Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osorako da; beraz, euskal auzotasun zibila duten pertsona guztiei aplikatu behar zaie.

Foru-komunikazioaren bitartez, erkide egiten dira, ezkontideentzat edo izatezko bikotekideentzat erdi bana, ondasun, eskubide eta akzio guztiak, horien jatorria edozein izanik ere, batarenak izan zein bestearenak izan, edozein tituluren ondoriozkoak, bai ekarritakoak, bai ezkontza bitartean edo izatezko bikotea (hala deklaratua) indarrean dagoen bitartean eskuratutakoak, eta horien kokalekua edozein izanik ere.

Foru-komunikazioa indarrean dagoen bitartean, bereizi egingo dira irabazitako ondasunak eta ezkontide batengan edo izatezko bikotekide batengan jatorria duten ondasunak, eta bereizketa horri legeria zibil orokorrak irabazpidezko ondasunen gainean eta ondasun pribatiboen gainean ezarritako arauak aplikatuko zaizkio, jarraian adierazten den eran:


Irabazpidezko ondasunak:

  • Ezkontide edo izatezko bikotekideetatik edozeinen lanaren edo negozioaren bidez lorturikoak.
  • Ondasun pribatiboek zein irabazpidezkoek sortzen dituzten fruitu, errenta edo interesak.
  • Kostu bidez erositakoak (elkarren diruarekin), izan batentzat, izan bientzat.
  • Lehentasunez erosteko edo atzera-eskuratzeko eskubide irabazpidezkoaren bidez eskuraturikoak, nahiz eta horiek bikotekide bakar baten funts pribatiboekin eskuratuak izan. Halakoetan, irabazpidezko sozietatea ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen zorduna izango da, ordaindutako balioaren neurrian.
  • Ondasun erkideekin eraturiko enpresak.
  • Ondasun pribatiboak dira gozamen-eskubidea (edo erabilera-eskubidea) edo pentsio-eskubidea, ezkontide edo izatezko bikotekide bati dagozkionak; baina bikotearen eraketa bitartean ondasun horietatik lorturiko fruituak, pentsioak edo interesak irabazpidezko ondasuntzat joko dira.
  • Jokoaren irabaziak.
  • Irabazpidezko ondasunen sozietateak irauten duen bitartean bi ezkontide edo izatezko bikoteko bi kideen dohaintza edo testamentuen bidez eskuraturiko ondasunak sozietate horrenak izango dira; ezkontide edo izatezko bikoteko kide bakar bati utzitakoak, berriz, pribatiboak izango dira.
  • Zati bat irabazpidezko diruz, eta beste bat diru pribatiboz edo ezkontide edo izatezko bikotekide bakar baten diruz eskuraturiko ondasunak irabazpidezko sozietatearenak dira (pro indiviso araubidean), baita ezkontideen edo izatezko bikotekideena ere, bakoitzak egindako ekarpenaren proportzioan.
  • Ezkontzan zehar edo izatezko bikoteak indarrean dirauen bitartean kostu bidez lorturiko ondasunak irabazpidezkotzat jotzea adostu dezakete ezkonditeek edo izatezko bikotekideek, prezio edo kontraprestazioaren etorburua eta hori ordaintzeko modu eta epeak edozein izanda ere.
  • Azkenik, irabazpidezko ondasuntzat joko dira ezkontza bitartean edo izatezko bikotea indarrean dagoen bitartean dituztenak, harik eta frogatzen den arte kideetako bakar batenak direla.

Ondasun pribatiboak dira:

  • Irabazpidezko sozietatearen aurretik ezkontide edo izatezko bikotekide bakar batek esklusiboki zituenak.
  • Irabazpidezko sozietatearen ostean doan eskuratzen direnak (opariak, dohaintzak edo jarauntsiak).
  • Ondasun pribatiboen kontura edo horiek ordeztuz lortzen direnak.
  • Ezkontide edo izatezko bikotekide bakar baten atzera eskuratzeko eskubidea baliatuz eskuratu direnak.
  • Ezkontide edo izatezko bikotekide bakar baten ondasun- eta ondare-eskubideak (pertsonari datxezkionak, eta inter vivos eskualdatu ezin direnak).
  • Ezkontide bati edo izatezko bikotekide bati edo haien ondasun pribatiboei eragindako kalteen ordaina.
  • Norberak erabiltzeko arropa eta objektuak, aparteko baliorik ez dutenak.
  • Lanbide edo ogibidean aritzeko beharrezkoak diren tresnak, salbu eta establezimendu edo ustiategi erkidearen zati osagarri nahiz gehigarriak direnean.
  • Ezkontide edo izatezko bikotekide batek aldian-aldian kantitate batzuk jasotzen dituenean bere aldeko kreditu baten ondorioz kopuru horiek pribatibotzat jotzen dira, kredituaren titularraren kapital gisa.
  • Pribatiboak izango dira, halaber, akzio edo titulu berriak, beste ondasun pribatibo batzuen gaineko titulartasunaren ondorioz harpidetuak.

Foru-komunikazioa, ezkontzeaz edo izatezko bikotearen eraketaren deklarazioarekin batera sortzen dena, sendotzen da ezkontideren edo izatezko bikotekideren bat hiltzeagatik ezkontza edo izatezko bikotea desegiten den unean, seme-alaba edo ondorengo erkideak badaude.

Hori horrela izanik, komunikatutzat joko dira ezkontide eta izatezko bikotekideetatik edozeinek ezkontza desegin edo izatezko bikotea azkendu arte eskuratutako ondasun, eskubide eta akzioak; ez, ordea, pertsonari datxezkionak, ezta ezkontide edo izatezko bikotekideetatik baten heriotzaz geroztik eskuraturikoak ere. Era berean, ez dira komunikatuko ondasun eta eskubide eskualdaezinak, ezta norberaren erabilerarako direnak ere.

  • Zamak, eta ondasunak xedatzea eta administratzea

Zamak:

Ezkontzaren edo izatezko bikotearen zamatzat hartuko dira familia mantentzeko, seme-alaba erkideak elikatu eta hezteko, eta, ezkontide edo izatezko bikotekide batenak bakarrik izanik, familiaren etxean bizi diren seme-alabak elikatu eta hezteko beharrezkoak diren guztiak.

Beste edozein gastu ondasun erkideekin ordaintzen bada, baina ezkontide edo izatezko bikotekide baten interes edo ondasunei buruzkoa baldin bada, komunikazioa likidatzeko unean itzulketa eskatzeko eskubidea sortuko da.

Ezkontzaren edo izatezko bikotearen zamak ordainduko dira:

  • Lehenengo eta behin, irabazitako ondasunekin.
  • Halakorik izan ezean, edo horiek nahikoa ez badira, ezkontide edo izatezko bikotekide bakoitzaren jatorrizko ondasunekin, horien balioaren proportzioan.. Azken horiekin ordaindutakoa etorkizuneko irabaziekin konpentsatuko da.


Ondasunak xedatzeko egintzak:

Ondasunak xedatzeko egintzetarako nahitaezkoa izango da bi ezkontideen edo izatezko bikotekideen adostasuna, baina ezkontide edo izatezko bikotekideetatik batek adostasuna ukatzen badu, epaileak xedapena baimendu ahal izango du, hori familiaren intereserako dela uste badu.


Aurreko guztia, honako salbuespen hauekin:

  • Ezkontide edo izatezko bikotekideetatik edozeinek bere kabuz xedatu ahal izango ditu bere titulartasunpeko dirua, kuotak, kooperatibei egindako ekarpenak edo sozietateetan dituen partaidetzen zati ordezkatzaileak, finantza-aktiboak edo balore higigarriak.
  • Ezkontide edo izatezko bikotekide batek beste ezkontide edo izatezko bikotekidearen mesederako egin badu pribatibotasunaren aitortzea, eta aitortza hori Jabetza Erregistroan inskribatu ondoren, beste ezkontide edo izatezko bikotekide horrek ondasun hori xeda dezake, hipoteka-legerian ezarritako moduetan, hipoteka-legeria hori dela xedapen egintzaren unean indarrean dagoena.
  • Kreditu-eskubideak, horien izaera edozein izanik ere, zein ezkontide edo izatezko bikotekideren izenean eratu eta horrexek egikarituko ditu.

Ondasunak kudeatzea eta administratzea

Ezkontide edo izatezko bikotekide bakoitzari dagokio, modu esklusiboan, berarengan jatorria duten ondasunak kudeatu eta administratzea.

Era berean, ezkontide edo izatezko bikotekide bakoitzak bere ondasunen fruituak eta produktuak xedatu ahal izango ditu, eta, aldian-aldian, besteari argibideak eman beharko dizkio ondasun horien egoerari buruz.

Zorrak eta betebeharrak

Ezkontide edo izateko bikotekideetatik edozeinek zorrak eta betebeharrak hartzen baditu bestearen adostasunik gabe, hartutako horiek betebehardunari dagokion erdiaren kontura bakarrik geratuko dira, honako mugapen hauekin:

1. Erantzukizunetik aske geratuko dira beti ezkontide edo izatezko bikotekide ez-zordunarengan jatorria duten ondasunak.
2. Prozesu judizialetan edo betearazpen-prozesuetan, honako erregela hauen mende geratuko da irabazitako ondasunen eta zordunarengan jatorria duten ondasunen gaineko erantzukizuna:

  • Ezkontide edo izatezko bikotekide ez-zordunari jakinarazi beharko zaio enbargoa, eta ezkontide edo izatezko bikotekide horrek eskubidea izango du edozein enbargoren aurka jartzeko, baldin eta enbargo horrek, irabazitako ondasunen gainekoa izanik, berari dagokion erdia gainditzen badu.
  • Orobat, ezkontide edo izatezko bikotekide ez-zordunak Ondasunen Foru-komunikazioaren desegitea eskatu ahal izango du; kasu horretan, betebehardunari adjudikaturiko ondasunak bakarrik geratuko dira erantzukizunaren menpe, eta ondare- eta ekonomia-harremanei ondasunen banantze-araubidea aplikatuko zaie.

Eskubide hori ez da gertatuko baldin eta hartzekodunak frogatzen badu zorrak onura ekarri diola familiari.

3. Betebeharpekoaren erdi komunikatua saltzen bada, ezkontide edo izatezko bikotekide erantzuleak ez du inolako zatirik izango beste erdiaren gainean ezkontza edo izatezko bikotearen eraketa-deklarazioaren indarrean dagoen bitartean; erdi hori beste ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen administraziopean geratuko da.
4. Ezkontideak edo izatezko bikotekideak ezin izango du erdi hori besterendu epailearen baimenik gabe, eta haren fruituak familiaren gastu arruntetarako destinatu beharko ditu.
5. Irabazpidezko ondasunen erantzukizuna subsidarioa da, eta ezkontide edo izatezko bikotekide ez-zordunak halakoak enbargatzea saihestu ahal izango du, zordunaren ondasun propioak behar besteko kopuruan adieraziz.

Edozein kasutan ere, betearazpena zein ondasunen gainean gauzatu eta ondasun horiek ezkontide edo izatezko bikotekide zordunak jasotakotzat hartuko dira, komunikazioan horiek duten partaidetzaren kontura, ezkontza edo izatezko bikotearen eraketa-deklarazioarekin sorturiko sozietatea likidatzeko unean eta haiek duten balioaren neurrian.

Jarauntsiak arbuiatzea eta onartzea

Ondasunen Foru-komunikazioaren araubideak indarrean dirauen bitartean, jarauntsira deitutako ezkontideak edo izatezko bikotekideak ezin izango dute hura arbuiatu bestearen adostasunik gabe.

Adostasunik ezean, beti ulertuko da jarauntsia inbentario-onuraren arabera onartzen dela.

Ondasunen Foru-komunikazioaren bukaera

Ondasunen Foru-komunikazioari buruzko araubidea zuzenean bukatuko da ezkontideen arteko banantze-epaia, ezkontzaren deuseztasunari buruzkoa edo dibortzio-epaia ematean, edo eratutako izatezko bikotea azkentzean, bai eta ezkontzako itunak egilestean ere, baldin eta ezkontideek beste izaera bateko araubide ekonomikoa ezartzen badute, edo, izatezko bikoteen kasuan , ekonomia- eta ondare-araubidea aldatzen badute.

Ondasunen Foru-komunikazioaren araubidea bukatuko da, halaber, epailearen erabakiz eta ezkontideetatik edo izatezko bikotekideetatik batek hala eskatuta honako kasu kasuetan:

  1. Beste ezkontidea edo izatezko bikotekidea epaiketa bidez ezgaituta geratu denean, haren absentzia-adierazpena eman denean edo hartzekodunen konkurtso-adierazpena eman denean.
  2. Beste ezkontideak edo izatezko bikotekideak xedatze- eta kudeatze-egintzak gauzatzen dituenean, haren kalterako edo haren eskubideei iruzur eginez.
  3. Egitez urtebete baino gehiago bananduta egon direnean, nahiz eta elkarrekin adostutako banantzea izan.
  4. Ondasunen Foru-komunikazioaren araubidea desegin ondoren ezkontza edo eratutako izatezko bikotea ez bada azkentzen, ezkontideak edo izatezko bikotekideak ondasunen banantze-araubidearen mende geratuko dira, kontrakoa itundu ezik.

Ondasunen Foru-komunikazioaren araubidea desegitea
Ezkontideetako edo izatezko bikotekideetako bat seme-alaba eta ondorengo erkideak utzita hiltzeagatik desegitea.

Ezkontza desegiten bada ezkontideetatik edo izatezko bikotekideetatik baten heriotzaren ondorioz, eta seme-alaba edo ondorengo erkiderik badago, foru-komunikazioa sendotu eta ondasun-erkidego bihurtzen da, batetik, alargunaren edo bizirik dirauen izatezko bikotekidearen eta, bestetik, aurrez hildakoaren oinordeko diren seme-alaba edo ondorengoen artean, ondasunak zatitu eta adjudikatu arte.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren salbuespen gisa:

1. Alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea komisario izendatu bada, alargun edo bizirik dirauen bikotekide horrek bere buruari adjudikatu ahal izango dio ondasun guztien erdia, eta beste erdia aurrez hildakoaren oinordetzarako utzi ahal izango du, oinordetza-erreserbei kalterik egin gabe.
2. Kausatzaileak kontulari-banatzailea izendatu badu, ezkontide edo izatezko bikotekide komisarioak, kontulari-banatzailearekin batera, eratutako erkidegoaren desegitea eta likidazioa egin ahal izango ditu; horrela, kausatzailearen oinordetzan geratuko dira horri adjudikaturiko ondasunak.

Era berean, hori egin ahal izango du ustezko oinordekoekin batera, edo, osterantzean, berak epaileari hala eskatu eta harexen erabakiz.

3. Ezkontza edo izatezko bikotea desegin bada seme-alabak edo ondorengoak daudela, alargunak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak hildakoaren oinordekoei eskatu ahal izango die, epaiketa bidez, haren intereseko jarauntsietatik edozein onartzea.

Epaileak adierazitako epea ezin izango da hogeita hamar egunetik gorakoa izan; eta, behin hori igarota oinordekoek ez badute adierazi jarauntsia onartzeko borondatea dutenik, edo jarauntsia arbuiatu badute, aipatutako ezkontideak edo izatezko bikotekideak jarauntsi hori onartu ahal izango du, inbentario-onuraren arabera.

Ezkontideetako edo izatezko bikotekideetako bat komisarioa izendatuta utzita hiltzeagatik desegitea.

Kausatzaileak komisarioa izendatu badu, ondasunak erkidegoan egongo dira, oinordekoa izendatu arte. Ondasunak egoera horretan diren bitartean, alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea izango da, testamentugileak kontrakoa xedatu ezean, jarauntsiaren ordezkari bakarra eta ondasun guztien administratzailea, izendatutako oinordekoek jarauntsia onartzen ez duten bitartean.

Era berean, alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea komisario izendatu bada, bera bakarrik edo beste pertsona batzuekin batera, alargun edo bizirik dirauen izatezko bikotekide horrek xedatzeke dauden ondasunen gaineko gozamena izango du testamentu-ahalordea erabiltzen ez duen bitartean, eta ez du fidantza emateko betebeharrik izango; salbu eta testamentugileak kontrakoa xedatu ezean.

Komunikaziopeko ondasunen adjudikatzea.

Komunikaziopeko ondasunak adjudikatzean, honako erregela hauek beteko dira:

  1. Lehenengo eta behin alargunari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari adjudikatuko zaizkio, bere hartzekoa ordaintzeko, berarengan jatorria duten onibar tronkalak.
  2. Horiek ez badira nahikoa, alargunaren edo bizirik dirauen izatezko bikotekidearen hartzekoa ondasun higigarri eta onibar ez-tronkalekin osatuko da.
  3. Aurreko bi ondasunak nahikoa ez direnean, eta orduan bakarrik, aurrez hildako ezkontidearen onibar tronkala erabiliko da.

Ezkontideetako edo izatezko bikotekideetako bat ondorengo erkiderik utzi gabe hiltzeagatik edo banantze-, deuseztatze- edo dibortzio-epaia emateagatik desegitea.

Honako erregela hauek aplikatuko dira:

  1. Ezkontide edo izatezko bikotekide bakoitzari dagozkio berarengan jatorria duten ondasunak edo horiekin eskuratutakoak nahiz haien salmentaren ondorioz eskuratutakoak. Eskuraketa beste jatorri bateko ondasunekin egin bada zati batez, halako ondasunetan proindibisoa sortuko da ondasunon titularren artean, bakoitzak jarritako kopuruaren arabera.
  2. Irabazitako ondasunak erdibanatu egingo dira bi ezkontide edo izatezko bikotekideen artean.
  3. Ezkontide edo izatezko bikotekide baten ondasuna edo horren balioa familiaren intereserako gastatu bada, kontuan hartuko da horren balio eguneratua, irabazitako ondasunekin ordaintzeko; eta irabazitako ondasunak nahikoa ez badira, falta denetik beste ezkontideak edo izatezko bikotekideak berari dagokion zatia ordainduko du, bakoitzak dituen ondasunen balioaren arabera.

Desegitea gertatzen bada ezkontideetatik edo izatezko bikotekideetatik baten heriotzaren ondorioz, eta ez badago ondorengorik, orduan, aurreko artikuluko erregelez gain, honako hauek aplikatuko dira:

  1. Alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea aurrez hildakoaren baserrira ezkondu bada, orduan eskubidea izango du, betiere alargun dirauen bitartean, baserri horretan geratzeko urtebete eta egun bat; horrek ez die kalterik egingo legezko edo borondatezko xedapenaren ondorioz alargunak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak dituen beste eskubideei.
  2. Alargunak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak ezkonsaria ekarri badu edo bestelako ekarriak egin baditu, aurreko erregelan ezarritako epea (urtebete eta egun bat) luzatu egingo da hildakoaren jaraunsleek alargunari ekarri horiek itzultzen ez dizkioten bitartean.
  3. 3Onibar tronkalak kostu bidez eskuratu badira, edo horietan hobekuntzak egin badira, eskuraketa eta hobekuntza horiek izango dira ondasunok zein lerrotatik etorri eta lerro horretako ezkontide edo izatezko bikotekidearentzat edo horren jaraunsle tronkeroentzat; baina ezkontza-sozietatea edo izatezko bikotearen eraketa-deklarazioan sortutakoa likidatzean aintzakotzat hartuko da egindako inbertsioen balio eguneratua, eta beste ezkontideari izatezko bikoteari edo horren jaraunsleei ordainduko zaie hari dagokion hartzekoa.

Gerta daiteke ordainketa horrek ondorerik ez izatea alarguna edo bizirik dirauen bikotekidea hil arte, horri eskubidea aitortzen baitzaio bizirik dagoen bitartean bere erdia askatasunez gozatu eta lupertzeko

Azken aldaketako data: 2010/06/14