Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zirkuito - 2015

AURKEZPENA

Zirkuitua - 2015 - Kartela

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bultzatutako eta antzoki publikoen sareak (Sarea) koordinatutako 'Dantza-Bultzatuz' programaren eskutik, Dantza Garaikidearen Zirkuitua bere hamaikagarren ediziora iritsi da jada, eta proposamen zabala eta kalitatekoa ekarri digu aurtengoan, bai programari dagokionez, bai parte hartuko duten udalerrien kopuruari dagokionez.

Dantza Garaikidearen Zirkuituaren XI. edizioa urtarriletik abendura bitarte izango dugu honako udalerri hauetan: Gasteiz, Dulantzi, Amurrio, Zornotza, Barakaldo, Basauri, Durango, Elorrio, Gernika, Leioa, Sopela, Berriz, Andoain, Arrasate, Azpeitia, Donostia, Eibar, Hondarribia, Irun, Lasarte, Tolosa eta Errenteria.

Duela hamaika urte, sektoreko profesionalek eta zaleek kezka agertu zuten formatu txiki eta ertaineko sorkuntza berriak aurkezteko gune egonkorrik ez zegoelako, eta kezka horri erantzuteko asmoz jarri zen abian Dantza Zirkuitua. Horrez gain, ikusleak horrelako proposamenetara erakartzeko antzokiak egiten ari ziren ahalegina babestu nahi izan zen.

Lehen edizioan parte hartu zuten guneek lehenago ere interes nabarmena erakutsi zuten dantza garaikidearekiko. Duela bederatzi urte, beste bi gunek hartu zuten parte, eta 2007an, berriz, hirugarren batek. 2008. urtean, 11 agertoki aukeratu ziren, 2009an 16, eta 2010., 2011. eta 2012. urteetan, berriz, 19. Aurreko urteetan, 4-6 obra programatu ziren guztira, 2009. urtean 18 (29 emanaldi), 2010ean 29 (63 emanaldi), eta 2011n ere 29 (54 emanaldi). 2012. urtean, 31 koreografiak hartu zuten parte 59 emanalditan, eta 2013an eta 2014an, berriz, 26 koreografiak 60 emanalditan.

Ikus daitekeenez, esanguratsua da urte osoan programatutako emanaldien kopurua: dozena-erdia lehen edizioan eta, aurreikusitakoaren arabera, 66 2015ean.

Gauza bera esan daiteke parte hartu duten herriei dagokienez, kopuruak gora egiten baitu urtez urte (22 dira dagoeneko). Datu horiek, zalantzarik gabe, antolatzaileek eta parte-hartzaileek Dantzarekin duten inplikazioa eta konpromisoa islatzen dute, eta atsegin handiz esan dezakegu ikusleen erantzun eta inplikazioaren maila joera positibo hori berresten ari dela.