Dantza Garaikidearen Zirkuitua indarberrituta dator bosgarren edizio honetan. Egitarau oparo eta erakargarria ia urte osoan eskainiko da, otsaila eta azaroa bitartean hain zuzen, SAREAko hainbat
antzokitan eta baita egitasmoarekin bat egin duten beste areto batzuetan ere. Ekimenak, oraingoan ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren eta Sarea antzoki publikoen elkartearen bultzada izan du.
Sareak Foru Aldundien eta tokian tokiko Udalen partaidetza du.
Iraupena da bosgarren edizioaren berrikuntza nagusia. Izan ere, azaroaren amaierara arte programatu dira ikuskizunak, eta beraz, aurten gora egingo du taldeen, herrien eta emankizunen kopuruak.
Horrela, bi urtetan, dozena erdi ikuskizunetik 2008an 29 programatzera igaro gara, eta 2009an 50 emankizunetik gora eskainiko dira. Dantzaren aldeko apustu argia da euskal panorama kulturalaren
barruan.
Aurreko edizioetan legez, formatu txiki eta ertaineko sorkuntza-lan berrienak bertatik bertara ikusi nahi dituzten sektoreko profesionalak eta zaletuak gogobete nahi ditu Zirkuituak. Era berean,
orain arte moduan, euskal konpainien lana ezagutarazten lagundu nahi du ekimenak, eta gainera, herri txiki eta handietako antzokiek dantza-ikuskizunetara ahalik eta ikusle gehien erakartzeko egiten
duten ahalegina sustatu nahi du.
Dantza hazten ari da eta Zirkuituak ildo horretan lagundu nahi dio. Egin dezagun dantza urte osoan.