Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

187. Udaletxeko Plazaren multzoa (Beasain)

3. ETAPA: TOLOSA • ZEGAMA

Beasaingo industrializazio- eta modernizazio-prozesua

Beasain, tradizionalki, herrigune txiki bat izan zen, eta herrigunearen oinarria parrokia-eliza baten inguruan antolatutako baserriak ziren, Andre Mariaren Jasokundekoa. Frantziako eta Burgosko muga San Adriango tuneletik igaroz lotzen zuen komunikabide garrantzitsu baten oinean kokatua, bere jarduera ekonomiko nabarmenen artean burdinaren industria izan zuen (industria aurrekoa), bere jurisdikzioan zenbait burdinola zituela. Eskualdeko egitura politikoaren baitan, behe Erdi Aroan eta Aro Modernoan Beasainek beste herrigune batzuekin elkartzeko hainbat estrategia gauzatu zituen, hala nola, 1399an Ordiziako hiribilduarekin izandakoa (haren menpeko kolazio gisa), edota hiribildu titulua lortu ondoren (1615) beste hiribildu batzuekin, Probintziako Batzar Nagusietan ordezkaritza handiagoa lortzeko.

Hala ere, XIX. mendearen erdialdetik aurrera Beasaingo guneak benetako eraldaketa bizi izan zuen, eta aldaketa ugari eragin zituen ekonomian, bizimoduan eta hirigintza- eta espazio-antolamenduan. Industrializazioaren bidez gertatu ziren aldaketa horiek, Beasain modernizatzera eraman zuen garapen eredu berri baten eskutik. Industria modernoa izan zen aldaketa horiek guztiak bultzatu zituen motorra, Beasain sektore siderurgikoan espezializatu baitzen. Herrian ez zen jarduera berria, Erdi Arotik burdinola lantzen ari baitziren. Madril eta Frantzia lotzen zituen Norteko trenbidearen ezarpena, 1864an inauguratu zena, akuilu bat izan zen Beasainentzat eta bere garapen industrialarentzat. Horrela, 1862an sortu zen Beasainen lehen siderurgia-fabrika modernoa, zeritzona; XX. mendetik aurrera trenbiderako materialen eraikuntzan espezializatuz joan zen, eta 1917an Compañía Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) eratu zuten.

Gorantz zihoan industria-jarduerak immigrazio handia eragin zuen, eta ondorioz, populazioaren hazkunde demografikoa eta jatorri desberdineko pertsonen bertaratzea gertatu ziren. Hala, Beasainek gizarte-bizitza irekiagoa eta askotarikoagoa izan zuen. Hori dela eta, herriak benetako eraldaketa urbanistikoa izan zuen, hedatu egin baitzen populazio-bolumen berria hartzeko. Beasain berrasmatu egin zen eta hirigintza-kontzeptu modernoari jarraitu zion: kale eta plaza zabalak eraiki ziren, eta herritarren aisialdirako elementuak jarri; aisialdia, hain zuzen ere, industrializazioak ekarritako aldaketekin iritsi zen kontzeptu berria zen.

Beasaingo Udaletxeko plazaren multzoa

Beasaingo Loinazko San Martin plaza udaletxearen inguruan dago egituratuta eta bi altuera ditu, lursail naturalaren maldara egokitu behar izan zelako. 1924an eraiki zen, udaletxea eraikitzearekin batera.

Udaletxea, estilo artistiko eklektikoa duena, Guillermo Eizagirre arkitektoak egina da, udalari atxikitako eskolaren egile bera. Oinplano karratua du eta, ondoan, eskantzu-dorrea. Harlanduzkoa da eta bi altuera ditu, eta beheko solairuan arkupea du, erdi-puntuko lau arku dituena sarrera gisa. Lehen solairuan, burdinazko baranda batez itxitako balkoidun baoak daude, frontoi txikiz errematatuak. Eskantzu-dorrea eraikinaren gainerakoa baino nabarmenagoa da; izan ere, solairu bat gehiago du eta goiko aldean mudejarra gogorarazten duen adreilua ageri da; estalkiari dagokionez, lau isuri ditu eta pinakuluz errematatzen da, eraikina dotorezia handiz hornitzen duena. Erloju handi bat dago eraikinaren goialdeko ertzetik zintzilik, eta ordua dorrearen bi aldeetatik ikus daiteke.

Plazaren erdian aisialdirako erabiltzen den elementu ezagun bat dago: udal bandak igande arratsaldeetan egiten ziren dantza-saioak animatzeko erabiltzen zuen musika kioskoa. 1903an eraikia, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran hain modan egon zen estilo modernista du. Oinplano oktogonala du, eta zortzi arku beheratu dituen harlanduzko zokalo bat. Art nouveau estiloko motiboak dituzten zortzi zutabek mugatzen dute agertokia, eta horien gainean eusten da kioskoaren estalkia, egurrezko teilatu-hegal zabalekoa.

Azkenik, azoka nabarmenduko dugu, plazaren azpian baitago, plaza eta kale Nagusiaren arteko desnibela aprobetxatuz eraiki zena. Aipatutako Guillermo Eizagirrek egindako merkatu modernista da, 1912koa.

Partekatu

unesco