206. Tourseko San Martin eliza (Gazeo, Iruraitz-Gauna)
5. ETAPA: SALVATIERRA-AGURAIN • VITORIA-GASTEIZ
Erromanikoa Santiagoko Bidearen ondoan
Compostelara zihoazen erromes askorentzat Arabako Lautada igarobide bihurtu zen Erdi Aroan. Araban XIII. mendetik aurrera eratu zen Donejakue Bidea, Gaztela Kantauriko portuekin eta Frantziarekin lotzen zuen artilearen merkataritza-ibilbidea aprobetxatuz. Bide horri esker, Gaztelako merino ardiaren artileari irteera ematen zitzaion Europarantz, eta haren mugarri nagusia San Adriango tuneleko pasabidea zen. Erromesek, bada, bidaiarientzako azpiegitura ugari zituen bide hau baliatu zuten.
Donejakue Bideak zeharkatzen dituen Arabako Lautadako herrietan eliza eta ermita ugari daude, arte-elementu erromaniko bikainez beteta. Estilo hau XII. mendetik aurrera sartu zen lurraldean, Arabako lurraldeko eliz geografiaren aldaketaren ondorioz, bere elizak Calahorrako gotzaindegiaren menpe geratu baitziren.
Lautadako erromanikoaren adibide onenetako bat Gazeon dago. Landa-eremuko kontzeju txiki horretan, Donejakue bidearen ertzean eta Iruraitz-Gauna udalerriaren barruan, Tourseko San Martin eliza dago, XIII. mendeko eragin protogotikoak dituen tenplu txiki bat. Bere kanpoko itxura ikusita, urteetan zehar jasan dituen eraldaketek asko aldatua, ezin da imajinatu barruan gordetzen duen harribitxia: absidea betetzen duten horma-pinturak, presbiterioko alboko hormetan eta gangetan zehar hedatzen direnak. Margolan hauek programa ikonografiko aberatsa erakusten dute, kalitateagatik eta kontserbazio-egoera onagatik nabarmentzen direnak.
Gazeoko pintura muralak, fede-dogmen irudiak
Estilo gotiko linealeko horma-pinturak dira, XIV. mendeko lehen hamarkadetakoak, baina eredu ikonografiko erromanikoak dituzte (garai honen aurrekoak). Tenpera-pinturaz eginak dira (pigmentu, kola, erretxina eta arrautza), eta freskoaren teknika dute.
Kristau tenpluetako pintura erromanikoek funtzio pedagogikoa zuten, kristau fedearen dogmak ezagutzera ematen baitzituzten. Eliztar gehienak analfabetoak ziren, hala ere, pinturen hizkuntza eta haren sinbolismo guztia ezagutzen zutenez, sinboloen bidez irudietako Itun Zahar eta Berriko eszenak ulertzen zituzten.
Tourseko San Martineko horma-pinturak aberastasun narratibo handikoak dira. Absidearen erdian, Jainko Aita irudikatzen da, Hirutasuna osatzen duten beste pertsonekin batera: Espiritu Santuaren usoa eta Seme Gurutziltzatua. Bere tronua santu eta birjinez inguratuta dago. Presbiterioko gangetan Jesusen bizitzako hainbat eszena kontatzen dira, haurtzaroari eta bizitza publikoaren hasierari dagozkionak. Pasioaren eta Berpizkundearen eszenek gangen zatirik handiena hartzen dute. Kristoren heriotzaren gaineko garaipenaren-unea nabarmentzen da, bertan dauden gizakiak salbatzeko linbora jaisten den unea.
Absidean, Kristok heriotza garaitu zuela nabarmentzen da, eta horra hor eliztarrei helarazi nahi zien mezu nagusia: salbazioa arau kristauei jarraituz baino ez dela posible, bizitzaren amaieran gizakiak balantzari aurre egingo baitio, non bere obra on eta txarrak pisatuak izango diren.
Pinturak ondo egituratuta daude: mezua hobeto ulertzen laguntzen duten gertaerak bereizi agertzen dira, modu sinbolikoan antolatuta. Zerua, gunerik santuena, absidean irudikatua ageri da; epaiketa, aldiz, gune baxuagoan kokatzen da; infernuak zatirik baxuena hartzen du, presbiterioaren eskuinaldean.
Tourseko San Martineko horma-pinturen multzoa Euskal Herriko Erdi Aroko horma-pinturen multzorik onenetakoa da; bizitzari, heriotzari eta haraindikoaren etorrerari buruz hitz egiten du, eta, hala, XV. mendeko kristauen irrika eta kezkak agerian uzten ditu.