172. Tolosako hiri historikoaren multzoa (Tolosa)
2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA
Tolosa, Gipuzkoako antzinako hiriburua
Tolosa Oria bailaran dago, izen bereko ibaiaren ondoan. Jatorrian, herrixka Oria ibaiak eta Erretengibel errekak inguratzen zuten lursailean ezarri zen, uharte moduko batean. Bidegurutze batean kokatuta zegoenez (Gipuzkoako lurraldea Nafarroarekin eta Gaztelarekin lotzen zituzten bideak), Tolosak oso egiteko garrantzitsua izan zuen probintziaren historian. Bestalde, egoera estrategiko horri gehitu behar zaio Oria, Araxes eta Elduarain ibaiek bat egiten dutela bertan (Goierri eta Beterri eskualdeekin eta Nafarroarekin lotzen dute Tolosa ibai bidez), eta, ondorioz, hiribildua komunikazio-korapilo garrantzitsua bihurtu zen, eta probintziaren barnealdeko merkataritza-gune garrantzitsuena.
Jatorrian, herrixka Santa Maria elizaren inguruan garatu zen, eta ondoren, 1256an, Gasteizko forua lortu zuen Alfontso X.a Jakitunaren eskutik. Dokumentuetako ebidentziek erakutsi dute Tolosa, XIV. mendean, lurraldea eraldatu zuen prozesu baten buru izan zela, antzinako herrixketatik etorritako biztanleak erakarri baitzituen. Hori dela eta, Tolosa inguruko hiribildu erreferentea bihurtu, eta pixkanaka probintziako garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen. Hala izanik, XIX. mendean Gipuzkoako hiriburu izateko borrokatu zen Donostiarekin, eta 1844 eta 1854 artean hiriburu izatea lortu zuen.
Tolosako alde zaharra
Tolosak izan duen garrantziaren ondorioz, hirigune historiko aipagarria mantentzen du, monumentuez gain bestelako elementu batzuk ere badituena: Tinglado edo Zerkausiaren eraikina, edota Berdura Plaza, kasu, herriak mendeetan zehar izan duen izaera komertzialaren arrastoak, gaur egun ere mantentzen duena, izan ere, tokiko eta inguruko ekoizleak euren produktuak saltzera joaten dira larunbatero egiten den asteroko merkatuan.
XIX. mendeko gerra-gatazkek eragin handia izan zuten Tolosan, eta kalte handiak eragin zituzten. Horren ondorioz, hirigintza-eraldaketa handia egin zen, baina bide-trazadura eta Erdi Aroko partzelazioaren zati bat kontserbatzea lortu zen.
Gaur egun, hirigune historikoa sei kalek osatzen dute, eta hainbat kale eta kantoiek elkarzut zeharkatzen dituzte. Hasieran, baina, hiru kalek osatzen zuten gunea: kale Nagusiak (ardatz nagusia) eta kale nagusiaren alde banatan zeuden beste bi kalek. Gaur egun, alboko kaleetatik bakarra kontserbatzen da, egungo Agintari kalea. Bestea hiri-bilbearen etxadiak handitzearen ondorioz desagertu zen, etxeek haren trazadura okupatu baitzuten.
Hiriguneak espazio irekien multzo interesgarri bat eskaintzen du barruan: batetik, parrokia-elizaren aurrean dagoen Santa Maria plaza eta udaletxeko plaza Zaharra (udaletxea XVII. mendearen bigarren erdian handitu zuten), Tolosako plazarik zaharrenak. Bestetik, beste hauek ere badaude: plaza Berri, XVIII. mendean eraikia eta kiosko bat duena, Jose Alejandro Mugika arkitektoak 1899an eraikitako Berdura plaza, eta Gorriti plaza.
Tolosako hirigunean nagusi den eraikuntza-tipologia XIX. eta XX. mendeetakoa da. Horma mehelineko eta lauzpabost solairuko etxeak aurkitzen dira. Gainera, interes historiko eta artistiko handiko eraikinak kontserbatzen ditu, historian zehar hiriak izan zuen garrantzia erakusten dutenak. Santa Maria parroki eliza nabarmentzen da. Oria ibaiaren ondoan dago, herrigunearen alde batean, eta euskal gotikoaren eliza-zutabea da. Gaur egungo eraikina XVI. mendekoa da, hasierako tenpluak su hartu ondoren eraikia. Martin Carreraren portada eta eliz atari barrokoak nabarmentzen dira, erdian kanpandorre bat eta alboetan bi dorre txiki dituena. Barruan, bataiategiaren inguruan, Laskuraingo San Esteban ermita desagertutik eramandako gotikorako trantsizioko portada erromanikoa gordetzen du (XIII. mendea).
Arkitektura zibilari dagokionez, Tolosan jauregi-eraikin bikainak daude. Aipagarriak dira Atodo Aranburu jauregia, errenazentista estilokoa, eta Idiakez jauregia, XVIII. mendekoa, estilo barrokoa duena. Tolosak, halaber, izaera instituzionaleko eraikin garrantzitsuak ditu, hala nola Aldundiaren Jauregia, estilo neoklasikoa duena (1856an amaitu zen) eta XVII. mendeko udaletxe barrokoa, adreiluzko fatxada eta burdin forjatuzko balkoiak dituena.