Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Eskumenak eta transferentziak

Inprimatu

8/1981 DEKRETUA, urtarrilaren 16koa (Dekretu horren bidez, jatorrizko deituren arloko eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen).

Identifikazioa

  • Egoera: Eginda
  • Transferentziaren urtea: 1980
  • Gaia: Nekazaritza eta Arrantza
  • Jardun-eremua: Nekazaritza eta Arrantza
Xedea:

Eskualdaketa honen bidez, nekazaritzako gaien jatorrizko deiturari buruzko eskumenen arloan, Euskal Autonomia Erkidegoak eginkizun hauek hartu zituen bere gain: 

1. Jatorrizko deituraren edo bestelako izendapenen babesa duten ardoen eta gainerako produktuen ekoizpena, lanketa eta kalitatea bideratu, zaindu eta koordinatzea. 

2. Aurreko puntuan sartzen ez diren kalitate-ezaugarrien kontrola gainditu behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko produktuen ekoizpena, lanketa eta kalitatea zaintzea. 

3. Interes orokorrekotzat jotzen diren jatorrizko deiturak sustatu eta baimentzea EAEn, betiere, Administrazio Zentralari egin beharreko aldez aurreko kontsultak egin ondoren. 

4. Jatorrizko deituren izen ona zaintzea eta, behar ez den moduan erabiltzen badira, aurka egitea. 

5. Laguntza ematea ardogintzako eta mahastizaintzako katastroa zaintzeko eta prestatzeko agintzen dizkioten eginkizunetan. 

6. Laguntza ematea mahasgintza eta jatorrizko deituraren babesa duten produktuen ekoizpen-prozesua hobetzeko azterlanak egiteko; orobat, azterlan horiek sustatzea, edo bestela, berak egitea; eta beste horrenbeste produktu horiek merkaturatzeko azterlanei buruz eta produktu horien kontsumoa sustatzeari dagokionez. 

7. Kontseilu arautzaileen jarduera zaintzea, eta behar diren neurriak hartu edo proposatzea kontseilu horiek esleiturik dituzten xedeak bete ahal izan ditzaten. 

8. EAEko jatorrizko deituren kontseilu arautzaileak eratzea, indarrean dagoen araudiari jarraiki eta Administrazio Zentralak, Eusko Jaurlaritzak eta gainerako autonomia-erkidegoek, elkarren arteko adostasunez, kontseilu guztientzat oro har prestatu eta ezarri duten epearen barruan. Kontseilu horien buruak izendatzea; halaber, indarrean dagoen legeriak arlo honetan ezarrita dituen gainerako eginkizunak betetzea. 

9. Eusko Jaurlaritzak lankidetza eta laguntza teknikoa eskatu ahal izango dizkio Instituto Nacional de Denominaciones de Origen delakoari, bai eta gai hauekin zerikusia duten Nekazaritzako Ministerioaren beste erakunde batzuei ere. 

10. Euskal Autonomia Erkidegoak, jatorrizko deituren erregelamenduak onetsi ondoren, Nekazaritza Ministerioari aurkeztuko dizkio, Ministerioak haien berri izan dezan eta berrespena eman diezaien; eta Ministerioak berretsi egingo ditu, indarrean dagoen araudiarekin bat badatoz. 

11. Nahastea eragin lezaketen izena eta marka erabiltzeari buruz ebatziko du. 

12. Zigor-espedienteak hasiko ditu eta haien instrukzioa egingo du, Euskal Autonomia Erkidegokoak ez diren jatorrizko deituren arloan Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden enpresek egindako arau-hausteengatik; eta espedienteak gai horien gaineko legeriaren arabera ebatziko dira. 

13. EAEk, Estatu mailako deitura espezifikoen eta jatorrizko deituren kontseilu arautzaileetan, kide bat edo batzuk izango ditu, baldin eta jatorrizko deiturak EAEko lurraldean eragina badu, betiere gai honetako araudiak xedatutakoarekin bat. 

14. Kontseilu arautzaileek organo deskonzentratu edo autonomoak izaten jarraituko dute 

15. INDOk (Instituto Nacional de Denominaciones de Origen) eta Eusko Jaurlaritzan dagokion organoak koordinazioko tresnak sortuko dituzte, elkarren artean informazioa trukatzeko eta nork bere gain hartutako eginkizunak behar bezala kudeatzeko.