Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Eskumenak eta transferentziak

Inprimatu

4/1983 DEKRETUA, urtarrilaren 17koa (Dekretu horren bidez, trafikoaren eta ibilgailuen zirkulazioaren gaineko Estatuko legeria betearaztearen arloan Transferentzien Bitariko Batzordeak hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen)

Identifikazioa

  • Egoera: Eginda
  • Transferentziaren urtea: 1982
  • Gaia: Segurtasuna
  • Jardun-eremua: Herrizaingoa
Xedea:

1. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu eginkizun eta eskumen hauek, Estatuak trafikoaren eta ibilgailuen zirkulazioaren arloan emandako legeak betearazteari buruzkoak: 

a) Zirkulazio Kodean ezarritako zigor-ahalmena, 2.a) idatz-zatian eta hurrengoan zehaztutako eran. Ahalmen horrek berekin dakartza espedientearen instrukzioa egitea, espedientea burutzeko ebazpena ematea eta betearaztea eta, behar izanez gero, isunen zenbatekoa handitzea. 

b) Zirkulazio Kodeari jarraiki, ibilgailu historikoei EAEko lurraldetik ibiltzeko baimena emateko ahalmena. 

c) EAEn gidari-eskola partikularrak jartzeko eta abiarazteko baimenak emango ditu, eta, orobat, EAEn dauden eskolei emandako baimenak iraungitzat jo eta kentzeko edo baliogabetzeko ahalmena izango du, betiere, Barne Ministerioak emandako arauei jarraituz; arau horiek, bestalde, EAEk ere beteko ditu, autoeskolak ikuskatzeari eta zigorrak jartzeari dagokionez. 

d) Gidari-eskola partikularretan zuzendari- edo irakasle-lanetan aritzeko baimenak eman, baliogabetu, kontrolatu eta ezeztatuko ditu, autoeskolei buruz indarrean dagoen erregelamenduak arautzen duenaren arabera; nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko beste administrazio batzuek erregelamendu horren arabera emandako lanbide-gaitasuneko ziurtagiriek balioa izango dute gure autonomia erkidegoan. Orobat, ziurtagiri horiek emateko kalifikazio-epaimahaiak izendatuko ditu. 

e) Bide-hezkuntzari eta -prestakuntzari buruzko dibulgazio- kanpainak prestatuko ditu EAErako, eta Trafikoko Buruzagitza Nagusiak Estatu osorako antolatutako kanpainak ere zabalduko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan. 

f) Udaltzaingoek EAEn zirkulazio-arauak nola bete eta interpretatu behar dituzten azaltzeko jarraibideak emango ditu Trafikoko Buruzagitza Nagusiarekin koordinatuta. 

g) Ibilgailuek bide publikoetan ibiltzeko behar dituzten zainketa- eta murriztapen-neurriak ezartzea indarrean dagoen legeriaren arabera. 

h) Ibilbide osoa EAEn duten kirol-probak baimenduko ditu Zirkulazio Kodeari jarraiki; orobat, zaindu eta babestu egingo ditu, hala kirol-proba horiek nola EAEn ibilbidearen zati bat baizik ez dutenak. 

j) Aurreko eskumen horiek baliatzearen ondorioz sortzen diren eskubide-sariak edo tasak jasoko ditu. 

2. Ahalmen horiek baliatzean, arau hauek bete beharko dira:

a) Autonomia Erkidegoko organo eskudunari dagokio Zirkulazio Kodean eta xedapen osagarrietan zehaztuta dauden zigorrak ezartzea, honako hauek izan ezik: alkateen esku utzitakoak, gidabaimenak aldi baterako kentzea eta gidatzeko lizentzia[1] baliogabetzea. Arau-hausteengatik isuna ezartzeaz gain gidabaimena aldi baterako kendu edo gidatzeko lizentzia baliogabetu behar bada, EAEk eskumena duen Probintziako Trafiko Burutzari igorriko dizkio zigor-espedienteak, aldi baterako kentze edo baliogabetze horri buruz dagokiona egin dezan. 

b) Estatuari dagokio gidari-eskola partikularretako zuzendari edo irakasle izateko gainditu behar diren baldintzak eta proben gutxieneko edukiak finkatzea. 

Autonomia Erkidegoak deialdia egingo du eskola horietako zuzendari edo irakasle izateko behar den lanbideko gaitasun-ziurtagiria eskuratzeko probetarako, Trafikoko Buruzagitza Nagusiaren deialdiak duen programa berberarekin eta egun berean. 

Zuzendari edo irakasle izateko lanbideko gaitasun-ziurtagiria eskuratzeko proben kalifikazio-epaimahaietan, Trafikoko Buruzagitza Nagusiko eskala teknikoko funtzionario bat –Buruzagitzak berak izendatutakoa– egongo da, kide gisa. 

Autonomia Erkidegoak egindako ziurtagiriek Espainia osoan izango dute balioa. 

Trafikoko Buruzagitza Nagusiari 1.c) eta 1.d) idatz-zatietan aipatutako ahalmenak erabiliz egindako jardueren berri eman beharko zaio, dena behar den moduan planifikatze eta koordinatze aldera. 

c) Trafikoko Buruzagitza Nagusiak eta Autonomia Erkidegoko dagokion organoak batera erabakiko dute Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo ere igaroko diren kirol-probetan zaintza eta babesa nola koordinatu. 

d) Eusko Jaurlaritzako organo eskudunak ibilgailuen joan-etorrien operazio handiei buruzko jarraibide erabatekoak bete eta betearazi beharko ditu. 

e) Eusko Jaurlaritzak eredu ofizialean bidaliko dizkio istripuen agiriak Trafikoko Buruzagitza Nagusiari, istripuei buruzko estatistika orokorrari begira. 

f) Lehenengo idatz-zatian aipatutako eginkizunak eta eskumenak baliatzeko, Trafikoko Buruzagitza Nagusiak gidariei eta ibilgailuei buruz dituen fitxategietara sartzeko modua edukiko du Eusko Jaurlaritzak, dagokion eskabidea eginez eta datuen terminalez baliatuz.


[1] Espainiako legediak bereizi egiten ditu “permiso de conducir” delakoa eta “licencia de conducción” delakoa. Horregatik euskaraz ere bereizketa hori.