Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2015eko irailaren 23koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, 2015. urteko laguntzetarako deialdia egiteko dena, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzat.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 185
- Hurrenkera-zk.: 4078
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2015/09/23
- Argitaratze-data: 2015/09/29
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa; Instituzional
Testu legala
Herrizaingoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Aginduaren bidez, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautu ziren. Agindu horren 6. artikuluan ezartzen denez, urtero egingo da laguntzetarako deialdia, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Deialdian zehaztu behar da zer baliabide bideratuko diren urtero laguntza horietara, eta baliabide horiek nola egongo diren banatuta programa-moten artean eta diru-laguntza jaso dezaketen jardueren artean.
Orobat, 187/2013 Dekretuaren 20.3 artikuluari jarraikiz (Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du), Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du bere eskumen-arloko diru-laguntzen deialdia.
Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko da.
Ondorioz, Lehendakaritzaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, hau
Ebazpen honen bidez, terrorismoaren biktimei laguntzeko programak eta jarduerak finantzatzeko laguntzetarako deialdia egiten da. Programa eta jarduera horiek 2015. urtean gauzatuko dira, eta terrorismoaren biktimen edo giza eskubideen arloan aritzen diren erakunde eta elkarteek sustatuak izan beharko dira, hala baitago ezarrita Terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzeko Herrizaingoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Aginduan.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Eskabideak eta hurrengo paragrafoan aipaturik dagoen dokumentazioa Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan aurkeztu ahal izango dira, bertara joanez (Nafarroa kalea 2, Vitoria-Gasteiz); bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako erakundeetan aurkeztu daitezke. Bide telematikoak erabiliz ere aurkeztu ahal izango dira, honako egoitza elektroniko honetan:
http://www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2014/asociaciones-victimas-terrorismo/r48-pazconte/eu/
Eskabide-eredua eta haren eranskina gehitu zaizkio ebazpen honi, eta lehen aipatutako URL egoitza elektronikoan ere eskura daiteke, non jaso baitaitezke laguntza horiek izapidetzeko bide telematikoak erabiltzeko argibideak.
Eskabide normalizatua behar bezala beteta aurkeztuko da, eta horrekin batera, honako agiri hauek:
Erakunde eskatzailearen izenean eskabidea sinatzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzea.
Terrorismoaren biktimen elkarteen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako atentatuen ondorioz terrorismoaren biktima diren elkarteko kideen kopurua egiaztatzea eta/edo biktima horien lehen mailako senitartekoen kopurua.
Proiektuaren memoria, alderdi hauek zehaztuta:
Helburua.
Metodologia.
Lan-prozedura.
Proiektua norentzat den eta zein ezaugarri dituen.
Aurreikusitako parte-hartzaileen kopurua.
Erakundeko zein pertsonak garatuko duten proiektua, eta, hala badagokio, zein pertsona kontratatuko dituzten horretarako.
Non garatuko den.
Helburuak lortuko direla eta gastua eraginkorra izango dela bermatzeko erabiliko diren kontrol-bideak.
Erakunde eskatzaileak eskabidea barematzeko egoki iritzitako beste edozein informazio, agindu arautzailearen 10.3 artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz. Eskabidean baloratu beharreko irizpideren bati buruz informaziorik ematen ez bada, irizpide horrek 0 puntu izango du.
Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehaztua, honako hauetatik datozen ekarpen ekonomikoak berariaz aipatuz:
Erakunde eskatzailea.
Proiektuaren hartzaileak.
Beste erakunde pribatu batzuk.
Beste edozein administrazio publiko.
Nolanahi ere, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari eskatu ahal izango dio nahi beste dokumentazio eta informazio, eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.
Ebazpen honen diru-hornidura berrehun eta hirurogei mila (260.000) eurokoa izango da. Diru horren erdia laguntza horiek arautzeko Herrizaingoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Aginduaren 10.1 artikuluan ezarritako prozeduretako bakoitzarentzat izango da. Prozeduraren batean emandako diru-laguntzen zenbatekoak prozedura horri esleitutako hornidura agortzen ez badu, soberako baliabide ekonomikoak beste prozedurari gehituko zaizkio.
Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Kide hauek izango ditu:
Batzordeburua:
Nieves Martínez de Antoñana, Lehendakaritzako Araubide Juridikoaren zuzendaria.
Batzordekideak:
Laura Sagastizabal, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria.
Rosa Ballesteros, Segurtasun Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzako teknikaria.
Idazkaria:
María Angeles Sánchez, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 23a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: AGINDUA, 2011ko ekainaren 22koa, Herrizaingoko sailburuarena, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzen dituena.
- Ikus: EBAZPENA, 2015eko azaroaren 18koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako 2015. urteko laguntzetarako deialdia ebazten duena.