Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2015eko otsailaren 13koa, HABEren zuzendari nagusiarena, Euskal Etxeetako ikasleen euskara-mailak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera egiaztatzeko, 2015. urteko gaitasun-proben deialdi berezia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HABE
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 36
  • Hurrenkera-zk.: 894
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2015/02/13
  • Argitaratze-data: 2015/02/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Instituzional; Funtzio publikoa

Testu legala

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 4. artikuluan jasotako agindua garatuz, Kulturako sailburuak, 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren bitartez, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOCa) ezarritako euskararen gaitasun-mailak egiaztatzeko prozedura onartu zuen; hain zuzen ere, sailburu beraren 2000ko urtarrilaren 24 eta 2006ko martxoaren 13ko Aginduen bidez onartutako mailak egiaztatzeko, lehen hiru mailak eta laugarrena, hurrenez hurren.

Aginduaren 11. artikuluak xedatzen du ikasleak duen gaitasun komunikatiboa mailaz maila ziurtagiri batez aitortua izateko, ezinbestekoa izango duela Curriculumean zehaztutako maila bakoitzari dagokion gaitasun-proba gainditzea, eta proba hori Agindu beraren artikuluetan jasotako irizpideen arabera ebaluatuko dela.

Halaber, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagiriak baliokidetzeko eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko onartu zenak, euskararen jakite-mailak egiaztatzeko titulu eta ziurtagiriak lortzeko probekin lotutako ezagutzen azalpena eta bestelakoak jasotzen ditu modu orokorrean.

Gainera, aipatutako 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduak, 9. artikuluan, aurreikusten du deialdi ohiko zein bereziak egiteko aukera, eta xedatzen Euskal Etxeetako ikasleei zuzendutakoak deialdi bereziak izango direla.

Azkenik, aipatu Aginduaren 9. artikuluak HABEren zuzendari nagusiari ematen dio ahalmena HEOCean ezarritako mailak egiaztatzeari begira ziurtagiriok lortzeko gaitasun-proben deialdiak egiteko, urterik urte.

Hori dela eta, honako hau

Lehenengoa. Euskal Etxeetako euskara-ikasleen komunikazio-gaitasunen lehen, bigarren eta hirugarren mailak egiaztatzeko 2015. urteko azterketa-deialdi berezia egitea, I. eta II. eranskinetan agertzen diren oinarri-arau eta irizpideen arabera.

Bigarrena. Deialdi honen antolaketa eta egikaritzarako, segidan aipatzen diren funtzio-esleipenak eta izendapenak egiten dira:

Azterketa-batzordea: Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 13. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, 2015eko ohiko deialdietarako eratutako Azterketa-batzordeak, aipatu artikuluak ezartzen dizkion funtzioez gain, deialdi berezi hau dela eta, bere egingo ditu aipatutako Aginduak maila bakoitzeko epaimahaiei ezartzen dizkienak.

Deialdiaren arduraduna: Deialdi berezi honen arduradunak bere egingo ditu aipatutako Aginduak, 17. eta 18. artikuluetan, tutoreei eta lurralde-arduradunei emandako zereginak.

Horretarako, deialdi berezi honen arduradun izendatzen da: Jose Francisco Zinkunegi Uzkudun.

Aztertzaileak: Aipatutako Aginduaren 16. artikuluak ezarritako funtzioak eta betebeharrak izango dituztelarik, aztertzaile izendatzen dira:

Errukine Olaziregi Gomez: Madrilgo Euskal Etxean egingo diren egiaztatze-probetarako.

Jon Elordi Akordarrementeria: Bartzelonako Euskal Etxean egingo diren egiaztatze-probetarako.

Halaber, proba hauek zuzentzeko eta baloratzeko, deialdi honetan aztertzaile aritu ahal izango dute, horretarako baldintzak betez 2015eko ohiko deialdietarako izendatuak izan direnek.

Hirugarrena. Ebazpen honen euskal eta erdal idazkien arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal idazkiari dagokion irakurketak izango du lehentasuna.

Laugarrena. Interesatuei jakinaraztea ezen, ebazpen honen aurka, ez baitu bide administratiboa agortzen, gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Donostia, 2015eko otsailaren 13a.

HABEren zuzendari nagusia,

JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.

  1. oinarria. Xedea.

    Oinarri hauen xedea da Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren bitartez onartu zen prozeduraren zehaztapenak egitea, Euskal Etxeetako euskara-ikasleen HEOCean zedarritutako lehen, bigarren eta hirugarren mailetako gaitasun komunikatiboa egiaztatzeko 2015. urteko azterketa-deialdi berezian.

  2. oinarria. Deialdirako oinarrizko esparrua.

    Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua izango dira azterketariaren hizkuntza-gaitasunaren neurketaren oinarri eta barruti, hurrenez hurren.

    Horrela., gaitasun-proba hauek Ebazpen honen II. eranskineko edukietara egokituko dira: ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioak.

  3. oinarria. Gaitasun-proba hauetara aurkezteko azterketariak bete beharreko baldintzak.

    Azterketa-deialdi honetara aurkezteko, azterketariak ondoren zehazten diren bi baldintzak hauek bete beharko ditu:

    Euskal Etxeren batean matrikulatuta egotea 2014ko ekainaren 1etik aurrera hasitako ikastaroren batean.

    Azterketariak 2013ko urriaren 1etik aurrera hasitako ikastaroetan, lau hizkuntza-trebetasunetan, dagokion mailaren atalasea iritsia izan beharko du Euskal Etxean 2015eko martxoaren 26rako. Ondorio horietarako, Euskal Etxeak ikasleen datuak jarriko ditu HABEren eskura. Euskal Etxeak ikasle horri emandako kalifikazioak aintzat hartuko ditu HABEk.

  4. oinarria. Euskal Etxeen egitekoez.

    Euskal Etxeak, ebazpen honen 3. oinarrian adierazitako egunerako, deialdiaren arduradunari luzatuko dio egiaztatze-probetan parte hartu nahi duten ikasleen zerrenda, euren datuak jasoz eta dagozkien gaitasun-mailen gutxienekoak egoki ziurtatuz, mailaz mailako kodeetan:

    Lehen maila: 106 kodea.

    Bigarren maila: 109 kodea.

    Hirugarren maila: 112 kodea.

  5. oinarria. Deialdiaren burutzeaz.

    Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 19. artikuluari jarraiki, HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio zein Programa Berezietarako atalei dagokie deialdi honen antolaketa burutzea eta deialdi honetako arduradunari deialdia egikaritzea.

  6. oinarria. 2015erako deialdia eta azterketa-lekuak.

    Deialdi bakarra izango da 2015. urtean eta probak Madrilen eta Bartzelonan egingo dira.

  7. oinarria. Deialdiaren egutegia.

    Oinarri hauek EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita hamar eguneko epean emango du argitara HABEk, www.habe.euskadi.eus atariaren bidez, 2015. urteko deialdirako aurreikusitako datak.

    Era berean emango du jakitera HABEk deialdia egituratzeko antolatu duen egutegia: matrikula egiteko epea, onartuen zerrendak jakitera emateko eguna, gaitasun-proben datak eta emaitzak jakinarazteko datak.

    HABEk egutegian aurreikusitako egunak alda ditzake deialdiaren kudeaketan gerta litezkeen gorabeheren arabera, azterketaldirako matrikula-epea izan ezik.

  8. oinarria. Matrikula egiteko izen-ematea eta ordainketa.

    Internet bidez bideratuko da gaitasun-proba egiteko izen-ematea eta, www.habe.euskadi.eus atarian matrikula-inprimakia betez, horretarako ezarritako epe barruan.

    Matrikularen ordainketa ere epe horren barruan egin beharko da, interneten bidez edo, bestela, horretarako bidea ematen duten finantza-erankundeetan, izena ematean eskuratzen den matrikula-inprimakia erabiliz.

    Matrikulatze-prozesua epe barruan osatu dela ulertuko da izen-ematea eta matrikula-ordainketa matrikulatzeko emandako epe barruan eginak daudenean. Beraz, izen-ematea edo matrikularen ordainketa matrikula-epearen barruan ez egin izanak egiaztatze-prozesutik kanpo gelditzea ekarriko du.

    Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez da dirurik itzuliko, non eta oker bat izan eta maila bereko matrikula birritan egin ez den.

    Matrikula egitearekin batera, Oinarri hauetara bildutako irizpide eta jokabide guztiak bere egiten dituela onartu eta aditzera ematen du izena emana duen azterketariak.

  9. oinarria. Matrikula-ordaina.

    Matrikula 30 eurokoa izango da maila bakoitzeko, kopuru hori ezartzen baitu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2013ko irailaren 17ko berariazko Aginduak, 5. artikuluan, HABEk eskaini eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzen dituenak.

  10. oinarria. Onartuen zerrenda.

    Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak ebatziko du gaitasun-probetan parte hartzeko onartuen zerrenda eta azterketari bakoitzak www.habe.euskadi.eus atarian ikusi ahal izango du norberari dagokion matrikula zertan den.

  11. oinarria. Berariazko egoerak.

    Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraiki, behar jakinak izan eta ziurtagiria lortu nahi duen ikaslearen kasuan, berdintasun-neurriak hartuko dituzte HABEk zein Euskal Etxeek, bakoitzak bere egitekoen baitan, azterketari horren aukerak bermatzeko, betiere, azterketaren edukia indargabetzeke edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizteke.

    Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, azterketariak azterketaldirako matrikula egiteko garaian, deialdiko arduradunari edota Euskal Etxekoari egin beharko die eskaera, eta duen desgaitasuna agiri ofizialez zuritzeaz gain, eskatzen duen egokitzapena azalduko du (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema, etab.), kasuan kasuko antolaketa-moduaren arabera.

    Eskari hauen aurrean, HABEk zein Euskal Etxeek denbora nahiz baliabideak egokituko dizkiote behar bereziak dituen azterketariari, betiere 2006ko ekainaren 9ko ORDEN/PRE/1822/2006 Aginduari edota gaitasun-probok izan egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraiki.

  12. oinarria. Gaitasun-proben ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa.

  1. Gaitasun-maila bakoitza neurtzeko prestatutako probek azterketariaren euskarazko gaitasun komunikatiboaren zenbatekoa eta nolakoa neurtuko dute: azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik, eta euskaraz aditzera eman nahi dituen diskurtsoak ahoz zein idatziz egiteko duena, bestetik.

  2. Gaitasun-probok 1., 2. eta 3. mailetan egingo dira, Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 7. artikuluaren eta Ebazpen honen II. eranskinera bildutako ebaluazio-irizpideen arabera.

    HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumari jarraiki, Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio-atalak lau trebetasunak neurtzeko probak prestatuko ditu, mailaz mailako ebaluazio-irizpideak oinarri hartuz.

    Lau trebetasunak neurtzeko probak, berriz, Euskal Etxeek eta HABEren Didaktika Zerbitzuak aplikatuko dituzte.

    Gaitasun-probak neurtzeko antolaketaren nondik norakoak (ordutegia, lekuak eta azterketarien zerrendak) froga-eguna baino bost egun natural lehenago emango dizkio aditzera Euskal Etxe bakoitzak deialdiaren arduradunari, honek egokitzapen beharrik ikusiko balu, hiru eguneko epean Euskal Etxeari jakinarazi eta egokitzapenak garaiz egin ahal izateko.

  3. Lau trebetasunak neurtzeko probak bi egunetan egingo dira: batean entzumen-, irakurmen- eta idazmen-probak eta, bestean, mintzamenarena. Entzumeneko eta irakurmeneko probak gainditu ez dituenari ez zaio zuzenduko idazmeneko proba. Mintzamen-probara aurkezteko, bestalde, gainditua izan beharko du azterketariak idazmenari dagokiona.

    Hala ere, Euskal Etxe bakoitzean deitutako egiaztatze-probetan parte hartzea eskatzen duten azterketari-kopurua hamar baino gutxiagokoa bada, trebetasun-proba guztiak egun berean eta azterketari guztiei egingo zaizkie.

  4. Gaitasun-proba gainditutzat emateko, lau trebetasunetan gainditu beharko ditu azterketariak II. eranskinean zehaztutako gutxienekoak. Maila bakoitzeko probak 100 puntu izango ditu guztira, eta gainditzeko, gutxienez, 50 puntu lortu beharko ditu azterketariak.

  5. Deialdi honen eranskinera bildutako gaitasunen ebaluaziora bideratzeko jardunak, bestalde, gailu elektroniko mugikorrek (telefono zein ordenagailu, argazki-kamera, MP3 grabagailu, edo haririk gabeko entzungailu, irakurtresnadun ordularik eta entzungai edo ikusgai diren edukietara sarbidea eskaintzen duten betaurrekoak...) eskain dezaketen edukietarako sarbiderik izan gabe daude aurreikusita eta Interneterako konexiorik gabe.

    Idazmen-probetan, irakurgarria izango da idazketa eta ulergarria kaligrafia. Mintzamenekoetan, argi ahoskatu eta zuzen ebakiko dira hitzak.

  1. oinarria. Gaitasun-proben zuzenketa-prozesua.

  1. Lau hizkuntza-trebetasunak neurtzeko azterketariek egindako probek Euskaltzaindiak indarrean dituen arauak beteko dituzte, eta, betiere, euskara-eredu landu eta jantzian emanak etorriko dira.

    Ahozkotasuna neurtzeko probetan, azterketariak bere euskalkia erabiltzeko gaitasuna eta jariotasuna erakus dezake, betiere, egitekoaren testuinguruari hala badagokio. Honelakoetan, aztertzaileek azterketarion gaitasun- eta jariotasun-maila hori aintzat hartu eta balioetsiko dute azkenengo emaitza jartzean.

  2. Gaitasun-probak norenak diren jakin gabe zuzenduko dituzte aztertzaileek, zuzenketa izengabea bermatuz. Irakasleak ezin izango du berak izandako ikasleen gaitasun-probarik zuzendu. Horrelakorik gertatuz gero, aztertzaileak berak egin beharko dio uko egoera horri azterketaldiaren antolaketa-garaian.

  3. Irakurmen- eta entzumen-proben zuzenketa.

    Gaitasun-probaren atal hauen zuzenketa izendatutako aztertzaileen artean egin ondoren, emaitzak akta batera bilduko ditu deialdiaren arduradunak kalifikazio-proposamen gisa eta HABEren Programa Bereziak ataleko buruari helaraziko dizkio.

  4. Idazmen-probaren zuzenketa.

    1. Idazmen-proba, gutxienez, bina aztertzailek zuzenduko dute eta irizpen arrazoitua emango dute adostutako kalifikazio-fitxan. Zuzenketa-oharrak berariazko fitxa digital batera bilduko dira, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.

    2. Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:

      Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.

      Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10 baino gutxiago falta izan bazaio, baina mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15 puntu emango zaizkio, baldin eta azterketariak gutxienez ONGI kalifikazioa lortu badu atal guztietan, 2011ko urtarrilaren 19ko Kultura sailburuaren Aginduaren 7. artikuluan xedatutako irizpideen arabera eta Ebazpen honen II. eranskinera bildutako mailari dagozkion gutxienekoetan.

      Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10 baino gehiago falta bazaio, 5 puntu emango zaizkio.

    3. Aztertzaileak idazmen-proba zuzendu ondoren, jarraibide hauei lotuko zaizkie:

      Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoak baino handiagoak direnean, epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.

      Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoetara iristen ez direnean, epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.

      Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz edo tutorea ohartzen bada kalifikazio-proposamena ez dela egokitzen mailako irizpideetara, hirugarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Horrelakoetan, tutoreak ofizioz ebaluatuko ditu probak, aztertzaileei emango die horren berri, eta irizpen arrazoitu propioa proposatuko dio epaimahaiari.

  5. Mintzamen-probaren zuzenketa.

    1. Mintzamen-proba bina aztertzailek egin eta zuzenduko dute eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango dute irizpen arrazoitua. Zuzenketa-oharrak berariazko fitxa digital batera bilduko dira, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.

    2. Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, bigarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Tutoreak irizpen propioa eman eta gero, jarritako emaitzen proposamena epaimahaiaren eskura jarriko du.

    3. Mintzamen-proba guztiak grabatu egingo dira, zuzenketa-prozesuaren euskarri eta ikerketa-helburu zein aztertzaileen trebakuntzarako.

      1. oinarria. Azterketen emaitzen onartzea.

        Azterketa-batzordeak, alde batetik, aztertzaile eta tutoreek entzumen- eta irakurmen-proben gainean egindako emaitza-proposamenen aktak ikusirik, eta, bestetik, idazmen- eta mintzamen-proben inguruan egindako balorazioak aztertuz, proba bakoitzari dagozkion emaitzak onartu eta emaitza orokorrak aitortuko ditu.

      2. oinarria. Gaitasun-proben emaitzak argitaratzea.

        HABEk azterketariaren esku jarriko ditu gaitasun-proben emaitzak www.habe.euskadi.eus atarian, mailaz maila eta trebetasunez trebetasun, egutegian zehaztutako datetan.

      3. oinarria. Ziurtagiriak.

        Gaitasun-proba gainditu eta mailaren bat egiaztatu duen azterketariak dagokion ziurtagiria eskuratzeko eskaria www.habe.euskadi.eus atariaren bitartez egin behar du. HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak eskabidean eman helbidera igorriko dio dagokion ziurtagiria edo duplikatua, finantza-erakundeen bidez edo Internet erabiliz dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.

        Maila bakoitzeko agiria eskuratzeagatik, eskari-egunean indarrean dagoen tasa ordaindu beharko da, mailaren egiaztapena aurreko urtetan egin bada ere. Agirien eta duplikatuen tasen unean uneko zenbatekoak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez jakinaraziko ditu HABEk.

      4. oinarria. Erreklamazioak eta gora jotzeak.

        Deialdi honetako egiaztatze-prozesuan interesdunak uste badu prozeduran, puntuazioen zenbatzean, edo emaitzetan errakuntzarik gertatu dela, erreklamazioa jar dezake, betiere, jarraian azaltzen diren datu zein agiriak aurkezten baditu:

        Erreklamatzailearen izen-deiturak eta jakinarazpenetarako helbidea.

        Nortasun-agiriaren zenbakia.

        Egiten duen eskaera edo erreklamazioa.

        Gertaera edo errakuntza hori izan dela erakusten duten agiriak edo frogak.

        Euskal Etxea, data eta egiaztatze-maila.

        Erreklamaziogilearen izenpea.

        Erreklamazioak hiru eguneko epean aurkeztu beharko dira, onartuei buruzko erabakia hartu edota proben emaitzak ezagutzera eman eta biharamunetik kontatzen hasita. Erreklamazioak probak egin aurretik eta emaitza orokorrak onartu baino lehen ebatziko dira, hurrenez hurren.

        Interesdunek, halaber, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute HABEren zuzendari nagusiaren aurrean, azterketen behin betiko emaitzak argitaratu eta hurrengo hilabetean, edo horrela dagokionean, aurkatutako egintza gertatu den egunetik aurrera. Errekurtsoak ebazteko, HABEren zuzendari nagusiak deialdi honetako arduradunari eta Azterketa-batzordeburuari errekurtsoaren mamiari buruzko txostena eska liezaieke; txosten hori, gehienez, hamar eguneko epean emango dute. Halaber, deialdi hauetan parte hartzen ez duen kanpoko adituren baten irizpena ere eska lezake.

        Erreklamazioak zein gorako errekurtsoak HABEren Donostiako Erregistro Nagusira igorriko dira, honako helbide honetara: Vitoria-Gasteiz kalea, 3-6.a. 20018 Donostia. Horretarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, 38. artikuluaren 4. paragrafoan, ezarritako baliabideak erabili ahal izango dira.

        Edozein modutan, erreklamazioek zein gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo deialdi honetan jasotako ohiko prozedurak eta egutegia.

      5. oinarria. Informazioa eta tramitazioa on line.

        Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren ondoriozko argitaratze eta jakinarazpenak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez egingo dira, azterketak berraztertzeko eskaerei, erreklamazioei eta administrazioarekiko errekurtso eta gora jotzeen ebazpenei dagozkienak izan ezik.

        Era berean, azterketariak www.habe.euskadi.eus ataria erabiliz gauzatuko ditu oinarri hauetan horrela xedatutako izapideak.

      6. oinarria. Espedienteak ikusteaz.

        Idazmen-ataleko eta mintzamen-ataleko kalifikazio-fitxak eta egindako idazmen-proba ikusgai izango ditu azterketariak www.habe.euskadi.eus atarian, baita bere mintza-saioa entzungai ere.

      7. oinarria. Datu pertsonalen babesa.

        Egiaztatze-deialdi honen kudeaketan horretarako sorturiko fitxategian tratatuko dira datu pertsonalak. HABEren zuzendaritza nagusia bera izango da fitxategiaren administrazio-organo arduraduna eta sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko eskubidea zuzendaritza horren aurrean gauzatu ahal izango da. Fitxategi horretan jasotako datuen helburuak honako hauek izango dira:

        Ebazpen honetan araututako prozeduren kudeaketa.

        Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura emandako ziurtagiriak helaraztea, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak agintzen duen moduan.

        Horrela dagokionean, maila egiaztatu duten azterketarien informazioa ikasleei zuzendutako diru-laguntzen proposamena egiteko, horretarako deialdia onartzen bada.

        Datu pertsonalen babesari buruzko argibideak jasoko dituen klausula jasoko da egiaztatze-prozesuan parte hartzeko bete beharreko eskabide-orrian.

        Egiaztatze-deialdian parte hartuko duten administrazio-langileek eta berariaz izendaturiko kideek deialdiaren kudeaketan ezagutzen dituzten datu pertsonalen gaineko sekretua zaindu beharra dute.

        Prozesuko faseen publizitateak publizitate-printzipioari eusteko gutxieneko datu pertsonalak izango ditu, eta erreklamatzeko epeak igaro arte bakarrik jasoko ditu. Informazio horrek datuok izaera pertsonala dutela ohartarazten duen klausula bat izango du, alegia, datu pertsonalok datuak babesteko arloan egungo legedia betetzen dutela eta euren helburu bakarra prozedura honen faseari publikotasuna eman eta, hala behar denean, parte-hartzaileei jakinaraztea dela adieraziz. Horretaz gain, informazio-paragrafo bat izango du; bertan, adieraziko da informazioa ez dela jendearen eskurako iturri eta ezingo direla ez osorik ez partez kopiatu, ez eta informazioa errekuperatzeko inongo sistemaren bidez transmititu eta erregistratu ere, ukituek eurek baimena eman ezean.

        Egiaztatze-prozesua amaitu ondoren, lau trebetasunak neurtzeko egin probak prestakuntza eta ikerketetarako erabili ahal izango dira, betiere datu pertsonalak bereizi ondoren, indarrean dagoen legediak agintzen duen moduan.

      8. oinarria. Jarduerak isilpean gorde beharra.

        Aztertzaile, tutore, deialdiaren arduradun zein Azterketa-batzordekideen betebeharra da isilpean gordetzea, egiaztatzegintzari lotutako ezein eragileri buruz, beren egitekoen jardunean jakindako gertaera, ezagututako dokumentu, izandako eztabaida eta emandako egoerak.

      9. oinarria. Bateraezintasuna.

        Deialdi honetan parte hartzen duten azterketariek ezin izango dute parte hartu HABEren zuzendari nagusiaren 2015eko urtarrilaren 9ko Ebazpenaren bidez eginiko ohiko deialdiaren lehen egiaztatze-deialdian.

  1. maila

    Irakurmena:

    Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea edota testutik informazioa ateratzea eskatuko zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez zaio punturik kenduko. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 35 minutu ingurukoa.

    Idazmena:

    Azterketariari egoera bat emango zaio testuinguru jakin batean, eta, gutxienez, 140 hitzeko testu bat edo 100 inguruko bi testu idatzi beharko ditu. Testuak inprimaki, ohar, jakinarazpen, gutun informal, kontakizun labur... erakoak izan daitezke. Idatzien ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa; eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Ebazpen honen 13.4 oinarrian xedatutakoari jarraiki, zati honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Probaren iraupena 60 minutukoa izango da.

    Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

    Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

    Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

    Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

    Horrez gain:

    Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

    Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

    Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

    Entzumena:

    Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko testu grabatua entzungo du. Testu horren ulermena frogatzeko, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Entzungaia testu luze bat izan liteke edo zenbait testu labur. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira, entzungai-motaren arabera, eta azterketariak denbora jakin bat izango du grabazioa entzun aurretik, galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia jasotzen jakin beharko du, informazio garrantzitsua bereizten edota xehetasun batzuk nabarmentzen. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 25 minutu ingurukoa.

    Mintzamena:

    Azterketariak elkarrizketa bat izango du, aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak hiru atal izango ditu: a) aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) aurrez prestatutako gai baten azalpena eta c) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri hartuta. Mintzamena neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den; eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen. Gehienez, 30 puntu izango ditu atal honek, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.

    Antolaketa.

    Azterketak Madril eta Bartzelonako Euskal Etxeetan gauzatuko dira.

    Lau trebetasunak neurtzeko probak bi egunetan egingo dira: batean entzumen-, irakurmen- eta idazmen-proba eta, bestean, mintzamenarena. Hala ere, Euskal Etxe bakoitzean deitutako egiaztatze-probetan parte hartzea eskatzen duten azterketari-kopurua hamar baino gutxiagokoa bada, trebetasun-proba guztiak egun berean eta azterketari guztiei egingo zaizkie.

    Kalifikazioak.

    1. mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

    (Ikus .PDF)

    1. Ponderazioa:

      Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia, % 25; kohesioa, % 15; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 30.

      Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 25; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 25.

    2. Emaitza: Irakurmena: Gai / Ez gai.

      Idazmena: Gai / Ez gai.

      Entzumena: Gai / Ez gai.

      Mintzamena: Gai / Ez gai.

      Guztira: Gai / Ez gai.

  2. maila

    Irakurmena:

    Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea edota testutik informazioa ateratzea eskatuko zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez zaio punturik kenduko. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 45 minutu ingurukoa.

    Idazmena:

    Azterketariari egoera bat emango zaio testuinguru jakin batean, eta gutxienez 200 hitzeko testu bat edo 150 inguruko bi testu idatzi beharko ditu. Testuak inprimaki, ohar, jakinarazpen, gutun informal, kontakizun labur... erakoak izan daitezke. Idatzien ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa; eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Ebazpen honen 13.4 oinarrian xedatutakoari jarraiki, zati honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Probaren iraupena 75 minutukoa izango da.

    Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

    Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

    Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

    Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

    Horrez gain:

    Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

    Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

    Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

    Entzumena:

    Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu grabatuta entzungo ditu. Testu horien ulermena frogatzeko, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Entzungaia testu luze bat izan liteke edo zenbait testu labur. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira, entzungai-motaren arabera, eta azterketariak denbora jakin bat izango du, grabazioa entzun aurretik, galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia jasotzen jakin beharko du, informazio garrantzitsua bereizten edota xehetasun batzuk nabarmentzen. Jakin ere jakin beharko du hizlariaren jarrera bereizten eta testuari dagozkion ondorioak ateratzen. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, 10 lortu beharko dira, gutxienez. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 25 minutu ingurukoa.

    Mintzamena:

    Azterketariak elkarrizketa bat izango du, aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak hiru atal izango ditu: a) aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) azterketariak aurrez prestatutako gai baten azalpena, eta c) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri hartuta. Mintzamena neurtzeko irizpideak honako hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den; eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen. Gehienez, 30 puntu izango ditu atal honek, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.

    Antolaketa.

    Azterketak Madril eta Bartzelonako Euskal Etxeetan gauzatuko dira.

    Lau trebetasunak neurtzeko probak bi egunetan egingo dira: batean entzumen-, irakurmen- eta idazmen-proba eta, bestean, mintzamenarena. Hala ere, Euskal Etxe bakoitzean deitutako egiaztatze-probetan parte hartzea eskatzen duten azterketari-kopurua hamar baino gutxiagokoa bada, trebetasun-proba guztiak egun berean eta azterketari guztiei egingo zaizkie.

    Kalifikazioak.

    2. mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

    (Ikus .PDF)

    1. Ponderazioa:

      Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 13; koherentzia, % 24; kohesioa, % 17; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 26.

      Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 25; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 25.

    2. Emaitza: Irakurmena: Gai / Ez gai.

      Idazmena: Gai / Ez gai.

      Entzumena: Gai / Ez gai.

      Mintzamena: Gai / Ez gai.

      Guztira: Gai / Ez gai.

  3. maila

    Irakurmena:

    Emandako testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Alde batetik, azterketariak frogatuko du ulertzen duela testuen esanahi orokorra, ideia nagusiak nahiz bigarren mailakoak edo xehetasunak, edota espresuki testuan adierazten ez diren ideiak, hala nola komunikazio-xedea, idazlearen jarrera, ikuspuntua edo iritzia, besteak beste. Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, erantzun laburrekoak, egia/gezurra erakoak, testu-zatiei dagozkien ideiak aukeratu, lotura egokiak egin, testua ordenatu, laburtu, ideiak edota paragrafoak lotu.

    Bestalde, zenbait testu azterketariaren sintaxiaren eta lexikoaren erabilera neurtzeko izango dira. Horretarako, hainbat ariketa-modu jarriko dira: azpimarratutako hitzen sinonimoak jarri emandako testuan, aukera anitzekoen bidez lexikoa aukeratu, hitz eratorri eta elkartuak erabiliz testuak berridatzi, aukera anitzen bidez egitura sintaktikoak osatu, proposatutako esaldien baliokideak eman edota egitura koherenteak sortu testua osatzeko.

    Guztira, 20 puntu izango dira, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 60 minutu ingurukoa.

    Idazmena:

    Azterketariak, gutxienez, 300 hitzeko testu bat edo 180 hitzeko bi testu idatzi beharko ditu. Hainbat idatzi-mota gauza ditzake: iritzi-artikulua, gutuna, proposamena, laburpena, eskaera, informazio-orria... Eskatuko zaion egitekoaren egoera, gaia, testu-generoa, erabilera-esparrua, enuntziatzailearen eta hartzailearen rola eta xede komunikatiboa zehaztuko zaizkio. Idazlanaren ebaluaziorako kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa; eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Ebazpen honen 13.4 oinarrian xedatutakoari jarraiki, zati honek 30 puntu izango ditu gehienez eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira, eta gainera, ezinbestekoa izango da zuzentasunean nahikoa izatea. Probaren iraupena 90 minutukoa izango da.

    Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

    Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

    Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

    Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

    Horrez gain:

    Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

    Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

    Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

    Entzumena:

    Azterketariak kultura orokorreko gaien inguruan grabatuta entzungo dituen testuen ulermena frogatu beharko du, egingo zaizkion zenbait galderari erantzunez. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira entzungai-motaren arabera, eta azterketariak denbora jakin bat izango du grabazioa entzun aurretik galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia, informazio garrantzitsua edota xehetasunak ulertu beharko ditu. Era berean, informazioa eta iritzia bereizi edo ondorioak ere atera beharko ditu. Hainbat egiteko-mota erabil daitezke: aukera anitzekoak, egia/gezurra erakoak, erantzun laburrekoak, esaldiak osatzekoak, taulak osatzekoak edo loturak egitekoak. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, 10 puntu lortu beharko dira, gutxienez. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 25 minutu ingurukoa.

    Mintzamena:

    Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Atal honek bi ariketa izango ditu:

  1. Azterketariak aurrez prestatutako egiteko bat gauzatzea. Aztertzaileek gai bat eskainiko diote azterketariari presta dezan. Horretarako, testu-aipamenak, elementu grafikoak edo irudiak eman dakizkioke azterketariari egitekoa prestatzeko. Azterketariak 20 minutu izango ditu azaldu beharreko gaia prestatzeko, eta 5 minutuz hitz egitea eskatuko zaio aztertzaileen aurrean. Epaimahaiaren aurrean gaia garatzeko gidoiaz balia daiteke, baina ez da onartuko aldez aurretik prestatutako testurik irakurtzea. Tarteka, aztertzaileek gaiaren inguruan egin ditzaketen galderei ere erantzun beharko die azterketariak.

  2. Argazki edo beste elementu grafikoez baliatuz, bat-bateko elkarrizketa aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Bat-bateko elkarrizketak 10 minutu inguru iraungo ditu (azterketari bakoitzak 5 minutu).

    Bi ariketen kalifikazioak, gehienez, 30 puntu izango ditu, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko ditu.

    Mintzamenaren ebaluaziorako kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den; eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen.

    Antolaketa.

    Azterketak Madril eta Bartzelonako Euskal Etxeetan gauzatuko dira.

    Lau trebetasunak neurtzeko probak bi egunetan egingo dira: batean entzumen-, irakurmen- eta idazmen-proba eta, bestean, mintzamenarena. Hala ere, Euskal Etxe bakoitzean deitutako egiaztatze-probetan parte hartzea eskatzen duten azterketari-kopurua hamar baino gutxiagokoa bada, trebetasun-proba guztiak egun berean eta azterketari guztiei egingo zaizkie.

    Kalifikazioak.

    3. mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

    (Ikus .PDF)

    1. Ponderazioa:

      Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 20; koherentzia, % 20; kohesioa, % 20; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 20. Hala ere, proba gainditzeko, ezinbestekoa izango da zuzentasunean nahikoa izatea.

      Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 20; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 20; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 20. Hala ere, proba gainditzeko, ezinbestekoa izango da zuzentasunean nahikoa izatea.

    2. Emaitza: Irakurmena: Gai / Ez gai.

      Idazmena: Gai / Ez gai.

      Entzumena: Gai / Ez gai.

      Mintzamena: Gai / Ez gai.

      Guztira: Gai / Ez gai.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.