Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2013ko urriaren 21ekoa, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearena, zeinen bidez Mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzak emateko 2013ko ekitaldiko deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoen kopuru berria jakinarazten baita. Laguntza horiek azaroaren 11ko 185/2008 Dekretuan (Leader programa) aurreikusita zeuden. Deialdi hori Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2013ko irailaren 11ko Aginduaren bidez egin zen.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 214
- Hurrenkera-zk.: 4852
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/10/21
- Argitaratze-data: 2013/11/11
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza; Ekonomia
Testu legala
2013ko irailaren 25eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (183. zk.), Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2013ko irailaren 11ko Agindua argitaratu zen, mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzak emateko 2013ko ekitaldiko deialdia egiten zuena. Laguntza horiek azaroaren 11ko 185/2008 Dekretuan aurreikusita zeuden, eta, dekretu haren bidez, 2007-2013 aldiko Euskadiko Landa Garapen Iraunkorreko Programaren arabera Leader ikuspegiaren aplikazioa arautzen zen.
Aginduaren ebazpen-zatiaren laugarren paragrafoko lehenengo atalean xedatzen denez, deialdirako guztizko zenbatekoa berrehun eta hirurogeita hamar mila eurokoa (270.000) da, 2013. urterako luzatutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako ordainketa-kredituei dagokiena, eta ehun eta hogeita zazpi mila eta berrogeita hemeretzi euro (127.059), Feader (Landa Garapeneko Europako Nekazarien Funtsa) funts komunitarioaren konturako kredituei dagozkienak, eta kreditu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzaileak egingo dituen ordainketen bidez aplikatuko dira.
Bestalde, azaroaren 11ko 185/2008 Dekretuaren 5.2 artikuluak ezartzen duenez, emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta legeriarekin bat etorriz aurrekontu-aldaketak onartzen badira eguneraketa egitean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere. Gehikuntza hori gertatuz gero, aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da, eta horren berri Kultura, landaren eta itsasertzaren garapenaren eskumena duen sailburuordearen ebazpen baten bitartez emango da.
Ildo horretatik, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak erabaki du, behar diren izapideak egin eta gero, deialdiko zenbatekoari ehun eta hirurogeita bost mila euro gehitzea (165.000), 2013. urterako luzatutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura, eta hirurogeita hamazazpi mila seiehun eta berrogeita sei euro (77.646), Feader (Landa Garapeneko Europako Nekazarien Funtsa) funts komunitarioaren kontura (diru hori defizitaren baretzeak eragindako aurrekontu-zuzkiduraren eguneratzetik dator).
Horregatik guztiagatik, honako hau,
Mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzak emateko 2013ko ekitaldiko deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoen kopuruan egindako gehikuntza argitara ematea. Laguntza horiek 2007-2013 aldiko Euskadiko Landa Garapen Iraunkorreko Programaren arabera Leader ikuspegiaren aplikazioa arautzeko azaroaren 11ko 185/2008 Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusita zeuden. Berrehun eta berrogeita bi mila seiehun eta berrogeita sei (242.646) eurokoa da gehikuntza.
Beraz, mikroenpresak sortu eta garatzeko laguntzak emateko 2013ko ekitaldiko deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoen kopurua gehienez ere seiehun eta hogeita hemeretzi mila zazpiehun eta bost eurokoa da (639.705), eta horietatik laurehun eta hogeita hamabost mila euro 2013. urterako luzatutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordainduko dira, eta berrehun eta lau mila zazpiehun eta bost euro, ordea, Feader funts komunitarioaren kontura.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 21a.
Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea,
VICTOR OROZ IZAGUIRRE.