Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2000ko martxoaren 2koa, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakariarena, 1999ko uztailaren 26an egindako Osoko Bilkuran Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak hartutako Erabakia argitaratzeko xedatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 55
  • Hurrenkera-zk.: 1295
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2000/03/02
  • Argitaratze-data: 2000/03/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

1999ko uztailaren 26an egindako Osoko Bilkuran Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak hartu zuen Erabakiari dagokion publizitatea ematearren, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua arautzen duen maiatzaren 11ko 213/1999 Dekretuaren 10 d) artikuluak ematen didan eskumenaz baliatuz, honakoa

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Antolaketa eta Jarduera Araudia onartzen duen Erabakia. Ebazpen honen eranskinean ageri da aipatu erabakia.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko martxoaren 2a.

Euskadiko Kooperatiben GorenKontseiluko lehendakaria,

JESÚS ALFREDO ISPIZUA ZUAZUA.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua, kooperatibismoa sustatu eta zabaltzeko organo gorena, erakunde publikoa da, Euskal Herri-Administrazioen kontsulta eta aholkularitzarako organoa kooperatibismoari buruzko gai guztietan.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua ondorengo hauen agindupean izango da: ekainaren 24ko 4/1993 Legea, Euskadiko Kooperatibena; maiatzaren 11ko 213/1999 Dekretua, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua arautzen duena; Antolaketa eta Jarduera Araudi hau berau; Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak edo Batzordeek —hierarki ordena honetantxe— balioz hartutako erabakiak; eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak.

Bi.– Halaber, eta 213/1999 Dekretuaren arabera, beste hauek aplika dakizkioke: uztailaren 27ko 14/1983 Legea, Euskadiko Ondarearena; maiatzaren 18ko 13/1995 Legea, Herri Administrazioen Kontratuena; eta, administrazio-ahalmenak erabiliz jokatzen duenean, azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubidearen eta Administrazio Prozedura Erkidearena, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legea, aurrekoa aldatzen duena; baita gai horietan aplika daitezkeen beste xedapen batzuk ere, eta hori guztia 213/1999 Dekretuak 16. artikuluan ezartzen duenaren kalterik gabe.

Antolaketa eta Jarduera Araudiak helburu hauek ditu:

  1. Komenigarritzat jotzen diren zehaztapenen bidez, Euskadiko Kooperatiben Legean eta 213/1999 Dekretuan ezarritako aginduak garatzea, baita azken honek Araudi honetara egiten dituen igorpenak ere.

  2. Bere xedapen-egitura osatzea, aurreko horietan, edota berorien aurka, argi eta garbi agertzen ez diren osagai, adigai edo arauak sartuz, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren jarduera hoberako beharrezkoak direla uste bada.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren eginkizunak Euskadiko Kooperatiben Legeak ezartzen dizkionak eta beste araudi batzuen igorpenez dagozkionak dira.

Bi.– Oro har, Goren Kontseiluaren oinarrizko eginkizunak kooperatibismoari buruz ondorengo bost hauek dira:

  1. Sustapena.

  2. Zabalkundea.

  3. Arbitrajea.

  4. Kontsulta eta aholkularitza, eta

  5. Lankidetza.

    Hiru.– Eginkizun hauek ahalik eta ongien betetzeko —berauen edukiak ondorengo artikuluetan zehaztuko dira— Kontseiluak tresna nagusi gisa plangintza eta koordinazioa erabiliko ditu, bai Euskadiko Kooperatiben Konfederazioarekin, bai Euskadiko Kooperatiba Federazioekin —mota bateko kooperatiben gai berezietan edo Federazio jakin baten egitasmoetan— eta bai Herri Administrazioekin.

    Lau.– Plangintza epe luzerako eta laburrerako egingo da, hirurteko Plan Estrategikoaren eta urteko Kudeaketa Planaren bidez, hurrenez hurren; hauek, lehendakariaren proposamenari jarraituz, Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartuko ditu, eta beren edukietan nahitaez izango dute, dagozkien aurrekontu-aurreikuspenez gain, beren eginkizunei buruzko ataletako bakoitzean zertu beharreko ekintza-programa.

    Bost.– Euskadiko Kooperatiben Konfederazioarekiko eta Federazioekiko koordinazioak sinergia globalak lortzea izango du helburu, bete beharreko ekintzak esleituz; hauen zehaztapena ere plangintza-dokumentuetan egingo da.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bete behar duen sustapen-eginkizunaren eduki operatiboak honako hauek izango dira:

  1. Kooperatibismoa garatzeko programak ikertzen, planifikatzen eta betetzen parte hartu, erraztu eta laguntzea.

  2. Herri Administrazio, Konfederazio eta Federazioekin koordinatuta, kooperatiba-enpresa berriak bultzatzea eta sortuta daudenak sendotzea.

  3. Kooperatiba-mugimenduaren erakundezko egituraketa sustatzea.

  4. Konfederazioarentzat, Federazioentzat eta kooperatibentzat interes komuneko zerbitzuak antolatzea.

  5. Kooperatiba-legeria ahalik eta gehien garatu dadin eragitea.

  6. Beste edozein, sustapen-arloan sartzeko modukoa izanik, Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartzen badu.

    Bi.– Kontseiluaren berariazko eginbeharra izango da aurreko atalean aipaturiko eduki bakoitza praktikan nola zertu behar den erabakitzea, bai berariazko araudien bidez bai beste edozein eredu operatiboren bidez, lehentasunak ezarriz, baliabideak aukeratuz, zertzeko ereduak osatuz, eta zereginak eta ardurak banatuz. Hori guztia plangintza-dokumentuetan —hirurteko Plan Estrategikoetan eta Kudeaketa Planetan— islatuko da, bakoitzari dagokion zehaztasun eta onarpenaren arabera.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bete behar duen zabalkunde-eginkizunaren eduki operatiboak honako hauek izango dira:

  1. Kooperatiba-identitatearen baloreak eta printzipioak zabaltzea.

  2. Gizarte-eragile eta herri-erakundeei sistema kooperatiboaren gaitasunen, bere gizarte-eginkizunaren eta bere errealitateen berri ematea, kooperatibismoaren Balantze Sozialaren bidez, batez ere.

  3. Heziketa eta prestakuntza kooperatiboa sustatzea.

  4. Organoaren helburu eta ekintzak sistematikoki jakinaraztea, barruan nahiz kanpoan.

  5. Beste edozein, zabalkunde-arloan sartzeko modukoa izanik, Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartzen badu.

    Bi.– Aurreko eduki horiek zertzeko moduek 5-Bi artikuluak xedatutakoari jarraitu beharko diote.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bete behar duen arbitraje-eginkizunaren eduki operatiboak honako hauek izango dira:

  1. Kooperatiben artean, hauen eta beren bazkideen artean, edo kooperatiba barruan bazkideen artean sortzen diren gatazketan esku hartzea arbitrajea eginez, Euskadiko Kooperatiben Legeak ezartzen dituen kasuetan eta baldintza orokorrak betez.

  2. Kooperatiben baitako gatazken konponbide alternatibo gisa adiskidetzea bultzatzea.

  3. Horretarako, eta ahalik eta segurtasun juridiko handiena lortzeko, Arbitraje Araudia onartu edo aldatzea.

  4. Arbitraje Araudia aplikatzea Kooperatiben Arbitrajeko Euskal Zerbitzuaren bidez, hau baita arbitrajeak administratzeko ardura duen erakundea.

  5. Kooperatiben Arbitrajeko Euskal Zerbitzua, honen jarduera eta Kooperatiben Arbitraje Araudia zabaltzea kooperatibetan eta bazkideen artean.

  6. Esku-hartze arbitralak erabiltzea arbitrajea eta adiskidetzea ezagutarazteko, baita kooperatibei buruzko araudien interpretazioa ere.

    Bi.– Eginkizun hau ahalik eta eraginkortasunik handienaz betetzeko, Kooperatiben Arbitrajeko Euskal Zerbitzuak bidezko iruditzen zaizkion lan-batzordeak sortu ahal izango ditu.

    Hiru.– Aurreko eduki horiek zertzeko moduek 5-Bi artikuluak xedatutakoari jarraitu beharko diote.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bete behar duen kontsulta eta aholkularitza-eginkizunaren eduki operatiboak honako hauek izango dira:

  1. Eusko Jaurlaritzak eta gainerako Herri Administrazioek eskatutakoan, legezko eta arauzko xedapen-proiektuei buruz aginduzko txostenak egitea, eta berorien alde egitea eskatzaileen aurrean.

  2. Txostenak, aginduzkoak direnean, Herri Administrazioek benetan eska ditzaten arduratzea eta, bestela, txostena eskatu ez denean, xedapen horien aurka egitea.

  3. Kooperatiben esparruko arauketa-proiektuak proposatzea, baita zerga-araudi berezia ere Foru Aldundietan.

  4. Bere eskumeneko gaiei buruz azterlanak, proposamenak eta irizpenak egitea, dagozkien instantziei kontuan hartzeko eskatuz.

  5. Beste edozein, kontsulta eta aholkularitza-arloan sartzeko modukoa izanik, Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartzen badu.

    Bi.– Aurreko eduki horiek zertzeko moduek 5-Bi artikuluak xedatutakoari jarraitu beharko diote.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bete behar duen lankidetza-eginkizunaren eduki operatiboak honako hauek izango dira:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomi eta gizarte-antolaketa hobetzeko Herri Administrazioek egiten dizkioten eskariei erantzutea.

  2. Eusko Legebiltzarrean aldizkako presentzia sustatu eta sistematizatzea, egindako ekintzak eta etorkizunerako helburu estrategikoak azaldu ahal izateko.

  3. Erakundezko harremanetan eta Herri Administrazioetatik eskatzen zaizkion gainerako agerpenetan parte hartzea.

  4. Gainerako Herri Administrazioekin koordinatuta, Euskadiko Kooperatiben Legea ahalik eta gehien ezagutu eta egoki betetzeko beharrezko ekintzak zertzea.

  5. Gorago aipaturiko Legeak 85.1, 85.4, 88.3, 90.2, 94.2, 136.6, 137.1 eta 2, 140.6, 141.3 eta 142.1 artikuluetan ezarritako eginbeharrak bete edo eskubideak erabiltzea, honako gai hauetan:

    • Kooperatibak sozietate zibil edo merkataritza-sozietate bihurtzea.

    • Kooperatibak desegin eta kitatzea.

    • Kooperatiba mistoak —osaketaz edo aldaketaz— eratzen diren unean, kitatzerakoan Nahitaezko Erreserba Fondoaren banagarritasuna baimentzea, Estatutuek ezarri bezala.

    • Gizartearen interes eta herri-onurako printzipioen aplikazioa, herri-agintariei dagokiena.

    • Kooperatiben aurka zigorrak ezartzea, kalifikazioa kentzea eta aldi baterako esku-hartzea.

  6. Halaber, Euskadiko Kooperatiben Erregistroko arauek edo beste edozein legezko xedapenek ezarritako edo ezarriko dituzten aginduak betetzea eta ezagutaraztea.

  7. Beste edozein, lankidetza-arloan sartzeko modukoa izanik, Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartzen badu.

    Bi.– Aurreko eduki horiek zertzeko moduek Araudi honetako 5-Bi artikuluak xedatutakoari segi beharko diote.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua Euskadiko Kooperatiba Federazioen, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Unibertsitateen ordezkariek osatuko dute.

Bi.– Kontseilu Nagusiko kideak 213/1999 Dekretuak 5. artikuluan estipulatuaren arabera aukeratu eta izendatuko dira.

Hiru.– Kontseiluko kide bakoitzak boto bat izango du.

Lau.– Kontseilarien izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Bost.– Kontseilarien kargua lau urterako izango da, 213/1999 Dekretuak 6. artikuluan ezartzen duen bezala, eta agintealdia bukatzen den aldi berean egingo da berriztatzea.

Kontseilariek, beren eginkizunak betetzerakoan, ez dute beren jatorrizko erakundeen nahitaezko aginduaren arabera jokatu beharrik izango, erabat beregain eta burujabe baizik, eta eskubide hauek dituzte:

  1. Hitzarekin eta botoarekin Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkuretan eta dagozkien Batzordeen bileretan parte hartzea, Euskadiko Kooperatiben Legean, 213/1999 Dekretuan eta Araudi honetan ezarritako baldintzetan.

  2. Goren Kontseiluaren esku dagoen dokumentazioa erabiltzea.

  3. Kontseiluaren Osoko Bilkurak edo Kontseiluko Batzordeek —kontseilaria bera partaide dutenek— landutako gai edo azterlanen berri izatea, baita, berariaz eskatzen badute, beste Batzordeek landutakoen berri ere.

  4. Kontseiluaren esku ez dauden baina kontseilariak bere eginkizunak betetzeko beharrezko dituen datuak eta agiriak eskatzea, Kontseiluko lehendakariaren bidez, edo horretarako ezarritako prozeduraren bidez.

  5. Mozioak eta iradokizunak aurkeztea, bai aztertzeko, baita Osoko Bilkurak edota Kontseiluko Batzordeek erabakiak har ditzaten, horretarako ezarriko diren prozeduren arabera.

  6. Kontseiluko organoetan parte hartzeagatik dagozkien ordain ekonomikoak jasotzea, horretarako ezarriko diren irizpideen arabera.

  7. Bakoitzari ez dagozkion Kontseiluko Batzordeetara ere joatea, hitzarekin baina botorik eta ordain ekonomikorik gabe.

Hauek izango dira kontseilarien betebeharrak:

  1. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkuretara eta Osoko Bilkurak bakoitzari esleitzen dizkion Batzordeetara joatea.

  2. Kontseiluaren Osoko Bilkurak eta, hala badagokio, Batzordeek bakoitzari esleitzen dizkioten lanetan parte hartzea.

  3. Beren portaera Araudi honetara eta hau garatzeko erabakietara egokitzea.

  4. Osoko Bilkurako nahiz Batzordeetako eztabaidak isilpean gordetzea.

  5. Kontseilari izateaz ez baliatzea Kontseiluaren xede ez diren ekintzetarako.

Bat.– Lehendakariak Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak ezartzen dituen ordainsariak hartuko ditu, osagai guztiak batuta inola ere ezingo direlarik izan Eusko Jaurlaritzako sailburuorde-karguarentzat ezarritakoak baino handiagoak.

Bi.– Goren Kontseiluaren Osoko Bilkura eta Batzordeen bilerak prestatu eta horietan parte hartzeak eragindako gastuak ordaintzea, aurrez Osoko Bilkurak urteko Kudeaketa Planean ezarritako moduluen arabera egingo da; modulu horiek finkatzeko, bidai gastu banakotuak hartuko dira kontuan, baita gutxi gorabehera lanean emandako denbora ere.

Hiru.– Kontseiluak eragindako gastuak —aurreko paragrafoan aipatutakoez bestelakoak— ondorengo irizpideon arabera ordainduko dira:

  1. Joan-etorri, mantenu, egonaldi eta komunikazioek benetan eragindako gastuak ordainduko dira, horretarako dagozkien egiaztagiriak aurkeztu behar direlarik.

  2. Bidaia norberaren ibilgailuan egiten bada, kilometroko hainbesteko bat —une bakoitzean indarrean dagoena— ordainduko da, Kontseiluaren Osoko Bilkuretara etortzeagatiko dieten ordainketa-moduluetan ezarritakoaren arabera.

  3. Dedikazioa egun batekoa baino gehiagokoa denean, ordainketa gehigarri bat ere egingo da justifikatu gabeko gastuentzat, honen zenbatekoa Kudeaketa Planean ezarriko delarik.

  4. Aurreko kasuan, kontseilariaren eguneko lan-ordaina balioztatzeko egunean 8 orduko jarduna hartuko da kontuan, eta Kontseiluaren Osoko Bilkuretara etortzeko ezarrita dagoen ordu-tarifa aplikatuko da, edo bakoitzaren jatorrizko erakundean indarrean dagoena, hau handiagoa baldin bada.

    Lau.– Aurreko paragrafoetan aipaturiko ordainketak kontseilariei edota hauen jatorrizko erakundeei egingo zaizkie, gero bakoitzak horiei emango dien tratamenduaren kalterik gabe.

    Bost.– Eusko Jaurlaritzak izendatutako kontseilarien ordainketa-sistema bateraezintasunetarako beraiei dagokien araubidearen araberakoa izango da.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko kide izatea bateraezina izango da dagozkion eginkizunak betetzea eragotzi edo oztopatzen duen edozein kargu edo jarduera zertzearekin.

Bi.– Oro har, Goren Kontseiluko langileak ezingo dira izendatu kontseilari izateko. Halaber, ezingo dira izan ez idazkari orokor tekniko, ezta abokatu aholkulari ere.

Hiru.– Bereziki, Kontseiluko kide izatea, Eusko Jaurlaritzak izendatutako kontseilarien salbuespenaz, bateraezina izango da ondorengo hauekin:

  1. Eusko Jaurlaritzako lehendakari, lehendakariorde, sailburu eta goi-karguekin.

  2. Gorte Nagusi, Eusko Legebiltzar edo Europako Parlamentuko parlamentari-karguarekin.

  3. Ahaldun nagusi, foru-diputatu eta Foru Aldundietako goi-karguekin.

  4. Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietako kide izatearekin.

  5. Herri Kontuen Euskal Kontseilu eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kide izatearekin.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko kideek kargua uzteko kausak ondorengoak izango dira:

  1. Agintealdia bukatzea.

  2. Izendatu zituzten erakunde edo organoen proposamena.

  3. Karguari uko egin edo kargua uztea.

  4. Erabateko ezgaitasun iraunkorra edo heriotza.

  5. Araudi honek 12, d) artikuluan ezarritako isiltasuna ez betetzea, Osoko Bilkurak horrela irizten badio.

  6. Maltzurkeriazko edo kulpazko delituagatik kondenatua izatea, kargua betetzeko ezgaitzen duen epai irmo baten bidez.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua ondorengo organoez dago osatuta:

  1. Talde-organoak:

    • Osoko Bilkura

    • Batzordeak

  2. Pertsona bakarreko organoak:

    • Lehendakaria

    • Lehendakariordea

    • Idazkari Orokor Teknikoa

      Lehen atala: Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkura

Bat.– Osoko Bilkura, lehendakariaren zuzendaritzapean eta Idazkari Orokor Teknikoaren laguntzaz, organo erabakitzaile nagusia da eta berak eratzen du Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren borondatea.

Bi.– Goren Kontseiluaren Osoko Bilkura, gutxienez bi hilean behin bilduko dena, balioz eratuta geratuko da bilkuraren hasieran kontseilarien erdiak baino gehiago baldin badaude bertan.

Bat.– Aurrez Batzorde delegatuetako lehendakariekin aztertu ondoren, Osoko Bilkura ohikoetara lehendakariak dei egingo du, bilkura egin baino zazpi egun baliodun lehenago gutxienez.

Bi.– Salbuespen gisa, eta lehendakariak motibatuta horrela irizten badio, Osoko Bilkura berezira dei egin daiteke, hogeita lau ordu lehenago gutxienez.

Hiru.– Halaber, kontseilarien %25ek gutxienez eskatzen badio, Osoko Bilkurara dei egingo du; kasu honetan eskaerarekin batera Gai Zerrenda eta erabaki-proposamena bidali behar dira. Eskaera egin eta ondorengo 8 egun baliodunen barruan dei egingo du lehendakariak Osoko Bilkurara.

Bat.– Lehendakariari dagokio bilkurak hasi eta bukatzea, eztabaidak moderatzea eta Araudi hau bete dadin arduratzea.

Bi.– Lehendakariak, bai bere ekimenez, bai kontseilarietako edozeinek eskatuta, Osoko Bilkurari eska diezaioke iritzia emateko norbait hizketan jarraitzearen egokitasunaz, bilera bat bertan behera uzteaz edo eztabaida jakin bat bukarazteaz.

Bat.– Hala dagokionean, bildutako kontseilariek balioz emandako botoen gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak Osoko Bilkurak. Gehiengoarena ez bezalako jarrera duten kontseilariek beren boto erreserbatua edo desadostasuna adierazi ahal izango dute, eta aktan jasoko da gehiengoaren erabakiarekin batera.

Bi.– Inoiz ez da botoa beste inoren esku uztea onartuko.

Hiru.– Botazioak ez dira isilpekoak izango, lehendakaria aukeratzekoa izan ezik. Edonola ere, isilpekoak izango dira lehendakariak erabakitzen badu edo kontseilariren batek eskatzen badu.

Bat.– Osoko Bilkurak ez dira publikoak izango eta ez da bertan kanpoko jenderik onartuko, Osoko Bilkurak berariaz baimentzen ez badu.

Bi.– Aurrez eskatu eta Osoko Bilkurak baimenduta, Herri Administrazioetako kideek Osoko Bilkurara joan eta hitz egin dezakete beren eskumeneko gaien berri emateko.

Hiru.– Halaber, beste herri-kargu batzuek, erakunde pribatuen ordezkariek edo gizabanakoek ere Osoko Bilkurara joan eta bertan hitz egin dezakete, Osoko Bilkurak aurrez baimenduta; honek, baimena emateko orduan, gonbidatuek aztertuko dituzten gaiek kooperatibismoarentzat duten interesa balioetsiko du.

Bat.– Idazkari Orokor Teknikoak idatziko du bilkurako akta, eta hurrengo Osoko Bilkuran aurkeztuko da onespena jasotzeko. Onartu ondoren, Idazkari Orokor Teknikoak izenpetu egingo du lehendakariak ontzat emanda, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren egoitzan geratuko da gordeta.

Bi.– Bilkurako aktan, gutxienez, ondorengo puntuak sartuko dira:

  • Bilkuraren data eta gai-zerrenda.

  • Bertaratutakoen zerrenda.

  • Eztabaidaturiko gaien eta aktan jasotzea berariaz eskatu den hitzaldien laburpena.

  • Hartutako erabakiak eta botazioen emaitzak.

    Hiru.– Bilkuretako aktak, onartu eta izenpetu ondoren, azaleztatu egingo dira eta, gero, legeztatu.

    Lau.– Osoko Bilkurak erabakitzen duen eran, hartutako erabakien zabalkundea bermatuko da.

    Bigarren atala: Batzordeak

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak legez esleituta dituen eginkizunak garatu eta betetzeko Batzorde iraunkorrak erabil ditzake, Osoko Bilkurak eskuordeturiko ahalmenekin. Edonola ere, azken honi dagokio egin beharrekoaren plangintza eta kontrola.

Bi.– Osoko Bilkurak izendaturiko kontseilariek osatuko dituzte Batzordeak, bakoitzean bermatu behar delarik 213/1999 Dekretuak 5. artikuluan aipatzen dituen hiru estamentuetako kontseilariak egotea, Euskadiko Kooperatiba Federazioek izendaturikoek gehiengoa izanez.

Kontseilari guztiak egongo dira batzorderen batean, eta batean baino gehiagotan ere egon litezke.

Ez da batzorderik izango sei kontseilari baino gehiagok osatua.

Batzordeen ordezkari beren lehendakaria izango da; hau Batzorde bakoitzak bere baitan, isilpeko botazioan, balioz emandako botoen kopuru handienaz aukeratuko du.

Hiru.– Bere garaian Osoko Bilkurak erabaki ditzakeenaz gain, ondorengo batzordeak osatu dira:

  1. Sustapen eta Komunikazio Batzordea.

  2. Azterlan eta Ikerketa Batzordea.

  3. Araudien Aplikazio Batzordea.

    Lau.– Batzordeek Idazkari Orokor Teknikoaren —berorietan idazkari-lanak egingo ditu— eta Abokatu Aholkulariaren laguntza izango dute.

    Halaber, Batzordeen bilkuretara joan daitezke, kasu jakinetan eta ez iraunkorki, beren gaikuntza profesionalagatik Batzordeari beharrezko iruditzen zaizkion pertsonak.

    Aldi berean, Batzordeek lan-taldeak sortu ahal izango dituzte beren edo beste Batzorde batzuetako kontseilariez edo Goren Kontseilukoa ez den jendez osatuak, beren lanerako laguntza edo osagarri gisa.

    Bost.– Osoko Bilkurak Batzorde baten esku utz dezake barne-zerbitzuen antolaketa kontratazio, inbertsio eta langile-arloetan.

    Sei.– Batzorde bakoitzak bere barne-jarduerarako arauak ezarriko ditu, ondorengoak betez betiere:

  1. Batzorde bakoitzeko lehendakariari dagokio bileretara dei egitea Gai Zerrenda ezarriz.

  2. Batzordea balioz eratzeko, osatzen duten kontseilarien gehiengoak bildu behar du. Norberak joan behar du bertara.

  3. Erabakiak bildutakoen erdien botoz hartuko dira, kasu jakinetarako gehiengo bereziak eska daitezkeen arren. Enpate kasuan, lehendakariaren botoak erabakiko du.

  4. Batzorde bakoitzaren erabakiak dagokien Aktan jasoko dira; akta Idazkari Orokor Teknikoak egingo du eta, hurrengo bilkuran onartu ondoren, berak izenpetuko du, batzordeko lehendakariak ontzat emanda. Edonola ere, urtero Akta Liburu bat formalizatuko da ekitaldi horretako guztiak jasotzeko, eta Kontseiluko egoitzan geratuko da gordeta.

  5. Batzordeek, dagozkien eginkizunak betetzeko, kontseilari bat edo gehiago ahaldundu ditzakete, erabakitzen duten izaera mankomunatu edo solidarioaz.

    Hirugarren atala: Pertsona bakarreko organoak

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakaria Kontseiluko kideen artetik aukeratuko du Osoko Bilkurak, isilpeko botazioan, balioz emandako botoen kopuru handienaz.

Bi.– Lehendakariaren ahalmenak 213/1999 Dekretuak 10.2 artikuluan araututakoak dira.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak, bere kideen artetik, lehendakariordea izendatuko du. Honek lehendakaritza bere gain hartuko du lehendakaria kanpoan denean edo postu hori behin-behinean hutsik geratzean, baita lehendakariak berariaz bere esku uzten dizkion eginkizunak ere.

Bi.– Lehendakariordea ezingo da izan lehendakariaren talde berekoa, 213/1999 Dekretuak 11.2 artikuluan ezartzen duenez.

Idazkaritza Orokor Teknikoa pertsona batek beteko du, Lehendakaritzaren edota horretarako izendaturiko Batzorde bereziaren proposamenez, Osoko Bilkurak izendatu eta kargutik kendua. Idazkaritzak 213/1999 Dekretuak 12.3 artikuluan araututako eginkizunak beteko ditu, baita ondorengo hauek ere:

  1. Araudi honen 5.2 artikuluan aipaturiko plangintza-dokumentuak egin eta aurkeztea, Osoko Bilkurak onar ditzan.

  2. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren eguneroko zereginak zuzendu eta kudeatzea, batez ere bere langileei eta hirugarrengoei dagokienean.

    Laugarren atala: Egitura operatiboa eta bere langileak

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bere zeregina egoki betetzeko beharrezko giza baliabide eta bitartekoak izango ditu.

Bi.– Goren Kontseiluak pertsona edo erakunde espezializatuen beharrezko aholkularitza teknikoa hitzartu dezake, bete beharreko araudiaren arabera betiere.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurak izendapen askearen bidez Abokatu Aholkulari bat izendatuko du esleitzen dizkion eginkizunetarako. Abokatu Aholkulari hori izan daiteke bai Goren Kontseiluaren beraren langile bat, bai Kontseilukoa ez den profesional bat. Lehenengo kasuan, izendapena barne-lehiaketako prozeduraz egingo da; bigarren kasuan, deialdi publikoa egingo da zerbitzu-errentatze horren kontrataziorako.

Bi.– Lehiaketaren emaitza eta ondorengo izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango dira argitara.

Hiru.– Abokatu Aholkulariak besteak beste eginkizun hauek izango ditu:

  1. Kontseiluaren Osoko Bilkurak —eta, hala badagokio, Batzordeek— hartutako erabakiak zuzenbidearen araberakoak diren ala ez adieraztea.

  2. Eskatzen zaizkion arazoei buruz informatzea, hala dagokionean txosten idatzia ere prestatuz.

  3. Oro har, Kontseiluaren interesen alde egitea Justizi Epaitegietan.

    Lau.– Kontseiluko langileren bat izendatzen bada kargu honetarako, aurreko puntuan adierazitako eginkizunez gain, bere postuari dagozkionak ere, Osoko Bilkurak jada ezarriak, beteko ditu.

    Bost.– Abokatu Aholkularia Batzordeetakoa ere izango da, hauek egozten dizkioten arazoetan.

    Sei.– Abokatu Aholkulariak, Kontseiluaren eta besteren aurrean erantzukizun pertsonal eta mugagabea hartzen duenez, Kontseiluaren Osoko Bilkurak erabakitzen dituen ordainsariak jasoko ditu.

Bat.– Idazkari Orokor Teknikoak txostena egin ondoren, lehendakariak beharrezko pertsonal teknikoa hartzea proposatuko dio Osoko Bilkurari.

Bi.– Proposamen horrek, gutxienez, hartu nahi diren langileen profil funtzionala, sailkapen profesionala eta hierarki mendekotasuna adierazi behar ditu.

Hiru.– Langileak deialdi publikoaren bidez aukeratuko dira eta merituan eta gaitasunean oinarrituriko sistemen arabera.

Lau.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren zerbitzura dauden langileak Kontseiluari lotuta geratuko dira ohiko erlazioaren bidez, eta lotura hori Bulegarien Lan Hitzarmenean ezarritakoak arautuko du.

Bat.– Kudeaketa Plana egitea Idazkari Orokor Teknikoaren eginkizuna izango da, eta honek Lehendakaritzara bidaliko du dagozkion ondorioetarako. Kudeaketa Planean gutxienez helburuak, ekintzak, egutegiak eta arduradunak sartuko dira, baita denboraldi horretarako aurrekontu ekonomikoa ere.

Bi.– Osoko Bilkurak onartu ondoren, eta lau hilabetean behin gutxienez, Idazkari Orokor Teknikoak deskargua egingo du ea zenbateraino ari den betetzen aipaturiko Kudeaketa Plana, behar baldin bada, aurreikusitako zerbait berrikustea proposatuz.

Bat.– Urtero, urteko lehen Osoko Bilkuran, Idazkari Orokor Teknikoak ekintzen oroitidazkiaren proposamena egingo du; bertan Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak aurreko ekitaldian zertutako ekintza eta kudeaketak azalduko dira, baita aurrekontuen ingurukoak eta euskal kooperatibagintzaren datu nagusiak laburtuko dituen estatistika-eranskina ere.

Bi.– Lehendakariak ontzat eman ondoren, proposamen hori Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio onar dezan, eta gero argitaratu egingo da hurrengo urteko lehen lauhilekoaren barruan.

Bat.– Idazkari Orokor Teknikoak Hainbat urtetarako Plan Estrategikoa proposatuko du; bertan eginkizuna, ikuspegia, baloreak, helburu estrategikoak, ekintzak, arduradunak eta epeak zehaztuko dira denboraldi jakin baterako, esparru horretan zertuko direlarik Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren ekintza eta jarduerak.

Bi.– Hainbat urtetarako Plan Estrategikoaren proposamena, lehendakariaren aurretiazko adostasunez, Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio onespena emateko, eta gero urteroko Kudeaketa Planetan zehaztuko da; baina hori guztia Plan Estrategiko horretaz egin daitekeen azterketaren edota berrikuspenaren kalterik gabe.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurari dagokio bere eginkizunak betetzeko egokiak iruditzen zaizkion erakundeetan, baita arauzko xedapenez ezarritakoetan ere, parte hartzeko erabakia.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak parte hartzen duen organoetan bere ordezkaritza zertuko duten pertsonak erabakitzeko, arau orokor gisa, funtzionaltasuna eta ahalik eta errendimendurik handiena hartuko dira irizpidetzat; Goren Kontseiluko kide izatea ez da ezinbesteko baldintza eginkizun horretarako.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak parte hartzen duen erakundeetan bere ordezkari izateak eragindako gastuen ordainketa, Goren Kontseiluko kideak nahiz bestelako jendea izan, Araudi honetako 13. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da.

Ekonomi eta finantza-autonomiaren printzipiopean eta 213/1999 Dekretuak 14.2 artikuluan esleitzen dizkion baliabideekin, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bere aurrekontua onartzen eta betetzen du.

Egiten diren eragiketa guztien kontu-erregistroa ziurtatuko da, baita, Herri Kontabilitateko Planaren arabera, urteko kontuen prestaketa ere, ekainaren 30eko 14/1994 Legeak —Euskal Herriko Administrazio Orokorrari eta bere erakunde autonomoei buruz, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontrol Ekonomiko eta Kontabilitatearen Legeak— 6.2 artikuluan deskribatzen duen terminoetan, 213/1999 Dekretuak 15.5 artikuluan ezartzen duen bezala.

Bat.– Fondoez xedatzea Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakariaren, edo Batzordeetako lehendakarien, eta Idazkari Orokor Teknikoaren eskumena da elkartasunean, honetarako beharrezko ahalmenak emango zaizkielarik.

Bi.– Aurrekoa gorabehera, fondoen xedapena milioi bat pezeta —edo eurotan baliokidea— baino gehiagokoa bada, hori era mankomunatuan egingo da Goren Kontseiluko lehendakariaren, edota hala badagokio Batzordeetako lehendakarien, eta Idazkari Orokor Teknikoaren artean.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bere aurrekontu-sistema ezarriko du, Kudeaketa Planaren esparruan finkaturiko urteko aurrekontuaren kontrola eta jarraipena ahalbidetuko dituena.

Bi.– Aurrekontuan ondorengo dirusail globalak bereiziko dira:

  1. Pertsonal-gastuak: Goren Kontseiluko plantilaren kostu guztiak.

  2. Jarduerako gastuak: Kontseiluaren ohiko jarduerak eragindako kostu guztiak, pertsonaleko gastuak izan ezik. Halaber, gutxienez beste bereizketa hau ere egingo da: orokorrak (komunikazioak, garbiketa eta antzekoak), beren izaeraren arabera bilduak, eta jarduera edo programa zehatzek sortutako gastuak, hauek ekintza edo programen arabera bilduak.

  3. Inbertsioak: indarrean dauden balorazio-irizpideen arabera egindako inbertsio guztiak bilduko dira.

  4. Egindako transferentziak: Kudeaketa Planean ezarritako laguntza gisa, egituren mantenimendurako nahiz programa berezietarako, erakundeetara egingo diren transferentzien zenbatekoa sartuko da hemen.

    Hiru.– Sozietateak kitatu eta eraldatzearen ondorioz Balantzean agertzen diren diru-sarrerak FAEC-Kooperatiben Iraungipeneko Aplikazio Fondora joango dira kooperatibismoa sustatu eta zabaltzeko. Fondoaren erabilera Kontseiluaren Osoko Bilkurak erabakiko du. Hala ere, ahalegina egingo da ekitaldi bakoitzaren bukaeran soberakinik gera ez dadin esleitu gabe.

Bat.– Urtero Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren kontuen egoera-orriak kanpoko ikuskaritza baten esku utziko dira, eta honen txostena Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, baita Eusko Jaurlaritzaren baitan Autonomia Erkidegoko aurrekontuen jarraipen eta kontrola egitea dagokion Sailari ere, 213/1999 Dekretuak 14.4 artikuluan ezartzen duen bezala.

Bi.– Osoko Bilkuraren ohiko batzarraldi bakoitzean aurrekontu-egoeraren berri emango da dagokion laburpenaren bidez: bertan kontusailen artean aurreikuspenen eta benetako datuen arteko alderaketa egingo da gutxienez.

Bat.– Herri Administrazioen Kontratu Legea ahalik eta eraginkortasunik handienaz betetzeko, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren kontratazio-organoak beharrezkoak iruditzen zaizkion kudeaketa-mandatuak izenpetu ahal izango ditu beste Herri Administrazio batzuekin.

Bi.– Goren Kontseiluaren kontratazio-organoa lehendakaria izango da, horretarako berak egin ditzakeen eskuordetzeen kalterik gabe.

Lehena.– Jarduera Araudia aldatzea.

Bat.– Araudi honen edozein aldaketak boto-eskubidea duten kontseilarien gehiengo arrunta eskatuko du Osoko Bilkuran, eta ondorengo baldintzak betetzea ere bai:

  1. Proposamena egiten dutenek txosten idatzia egitea bere justifikazioarekin.

  2. Deialdian argi eta garbi azaltzea aldatu nahi diren puntuak.

Araudi hau EHAA-n argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko abenduaren 10a.

Euskadiko Kooperatiben GorenKontseiluko lehendakaria,

JESÚS ALFREDO ISPIZUA ZUAZUA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.