Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 16koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, arauturik uzteko nola lortu eta berritu behar den autobabes-planak egiteko gaitutako teknikarien akreditazioa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 105
  • Hurrenkera-zk.: 2606
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/05/16
  • Argitaratze-data: 2024/05/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi jarduerak; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Herrizaingoa; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Funtzio publikoa

Testu legala

Azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuaren bidez zeina otsailaren 12ko 21/2019 Dekretuak aldatu baitzuen zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dira, larrialdiei aurre egiteko. Dekretu horretan zehazten da nolako jardueretan behar diren autobabes-planak eta zer baldintza bete behar diren plan horiek egiteko. Baldintza horien artean dago hau: dena delako jarduerak dituen arriskuei aurre egiteko, autobabesarekin zerikusia duten alderdiei buruzko irizpena emateko gaitua dagoen teknikari batek idatzita eta sinatuta egon behar du planak.

Helburu horrekin, Herrizaingoko sailburuak agindu bat eman zuen 2012ko abuztuaren 3an. Bertan, mekanismo bat arautu zen autobabes-planak egingo dituzten teknikariak aldez aurretik akreditatu ahal izateko. Geroago, aipatutako agindua indargabetu egin zuen Segurtasuneko sailburuaren 2016ko irailaren 5eko Aginduak.

Autobabes-planak baliagarri eta fidagarriak izatea erabakigarria da arriskuak prebenitzeko eta kontrolatzeko hartutako neurrietan, bai eta pertsonen bizia eta osotasun fisikoa babestu beharra dagoen larrialdiko eta babes zibileko egoeren hasieran hartutako neurrietan ere. Hori dela eta, ezinbestekoa da halako planak egiten dituztenek gaikuntza eta trebakuntza profesional egokia izatea.

Lortutako esperientzia oinarri hartuta, aldatu egingo dira akreditazioa eskuratzeko bideak. Hala, hura lortzeko aukera ematen duten titulazioen zerrenda handitu egingo da eta akreditazioa azterketa bat gaindituz lortzeko aukera emango da. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak egingo du urtero azterketa-deialdia, Segurtasun Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzak eskatuta.

Bestalde, autobabesaren arloan gaitutako teknikari guztiei akreditazioa bost urtean behin berritzeko beharra ezarriko zaie, hura lortzeko erabili duten bidea bi posibleetako edozein dela ere. Horretarako, Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiak egindako deialdiko azterketa gainditu beharko dute.

Gainera, autobabes-planak egiten gaituta dauden teknikarien ezagutza eguneratuta mantentzeko asmoz, aurreikusita dago Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiak gai horri buruzko etengabeko prestakuntzako ikastaroak antolatzea. Ikastaro horiek online edo aurrez aurrekoak izan daitezke, urtero egin beharko dira eta, nolanahi ere, akreditazioa lortzeko edo berritzeko azterketa egin aurreko hilabetean.

Hori guztia kontuan izanik,

Agindu honen xedea hau da: azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuaren, otsailaren 12ko 21/2019 Dekretuak aldatuaren, arabera landu beharreko autobabes-planak egiteko gaitutako teknikariak akreditatzeko modua finkatzea (277/2010 Dekretuaren bidez, zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dira larrialdiei aurre egiteko).

  1. Autobabes-planak egiteko gaitutako teknikarien akreditazioa bi modutan lortu daiteke: zuzenean, berariazko titulazioa lortu dela egiaztatuz, edota agindu honen8. artikuluan aipatzen den azterketa gaindituz.

  2. Hauek lortu dezakete zuzeneko akreditazioa:

    1. Autobabes-planak edo babes zibileko planak egiteko berariazko gaitasuna edo kualifikazioa ematen duen unibertsitateko titulazio ofiziala dutenek.

    2. apartatuan jaso gabeko unibertsitateko titulazio ofiziala duten pertsonek, betiere, titulazio horretaz gain, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, Segurtasun Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzaren aginduei jarraituz, diseinatutako goi-mailako prestakuntza-ikastaro bat gainditu badute. Ikastaroa Akademian bertan edo hark onartutako erakunde edo entitateetan egin daiteke.

    3. Larrialdien Koordinazioko eta Babes Zibileko goi-mailako titulazioa (Goi Mailako Lanbide Heziketa) duten pertsonek.

    4. apartatuan jaso gabeko unibertsitateko titulazio ofiziala duten pertsonek, betiere, titulazio horretaz gain, Laneko Arriskuen Prebentzioko goi-mailako teknikari-titulu bat badute (Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera).

  3. Hauek ere lortu dezakete akreditazioa, baldin aldez aurretik horretarako aurreikusitako azterketa bat gainditzen badute agindu honetako 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz:

    1. Artikulu honen bigarren paragrafoaren a), b) eta c) apartatuetan jasota ez dagoen unibertsitateko titulu ofiziala duten pertsonek.

    2. Larrialdien eta babes zibilaren arloko unibertsitateko titulu propioak lortu dituzten pertsonek.

  1. Ebaluazio-batzordea Segurtasun Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzari atxikitako kide anitzeko organoa da, eta batzorde horri dagokio aurkeztutako akreditazio-eskabideak aztertzea, akreditazio horiek lortzeko eskakizunak betetzen diren ala ez ikustea eta ebazpen-proposamenak zuzendaritzari bidaltzea.

  2. Ebaluazio-batzordea presidenteak eta bi batzordekidek osatuko dute. Segurtasuneko sailburuordeak izendatuko ditu, ebazpen bidez, sail horren mendeko pertsonen eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren langileen artean, haien trebetasunaren arabera.

    Bi batzordekideetako batek idazkari-lanak egingo ditu, eta hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango du.

  3. Ebaluazio-batzordearen osaeran, ahalegina egingo da emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin, eta kideek trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia izan dezaten bilatuko da. Ordezkaritza hori orekatutzat joko da sexu biek gutxienez % 40ko ordezkaritza badute.

  1. Autobabes-planak egiteko gaitutako teknikariaren akreditazioa lortzeko interesa duenak eskabide bat aurkeztu beharko du Segurtasun Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzan, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen legerian aurreikusten diren moduetako edozeinetan.

  2. Eskabidearekin batera, eskatzaileak bere gaitasun teknikoa justifikatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko ditu, berariaz adieraziz alegatutako datuak eta aurkeztutako dokumentazioa egiazkoak direla. Akreditazioa emateko behar den informazioa edo dokumentazioa egiazkoa izan ezean, eskabidea baliogabea izango da ondorio guztietarako.

  3. Akreditatzeko eta berritzeko eskabideen tramitazioa egiteko, prozedura elektronikoa prestatuko da Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan.

  1. Ebaluazio-batzordeak aztertuko ditu aurkeztutako akreditazio-eskabideak eta erantsitako dokumentuak, eta eskatzaileak akreditazioa lortzeko eskakizunak betetzen dituen ala ez ikusiko du.

  2. Eskabideak ez baditu betetzen legez ezarritako baldintzak, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo ezinbesteko dokumentuak aurkezteko; gainera, jakinaraziko zaio hala egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko dela, ebazpena eman eta gero.

  3. Era berean, ebaluazio-batzordeak eskabidearen terminoak borondatez aldatu edo hobetzeko eskatu ahal izango dio eskatzaileari, edo dokumentazio gehigarria aurkezteko; horretarako ere hamar egun balioduneko epea emango dio. Aldaketa horiek aktan jasoko dira labur-labur, eta akta administrazio-espedienteari gehituko zaio.

  4. Behin ebaluazio-batzordeak dokumentazio guztia jaso duenean, dokumentazio hori aztertu, eta akreditazio-proposamena helaraziko dio Segurtasun Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendariari.

  1. Segurtasun Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendariari dagokio aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena ematea.

  2. Eskabideak ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa da, eskabidea eta dagokion dokumentazioa aurkeztu diren egunetik aurrera. Interesdunari dokumentazioa aurkezteko edo zuzentzeko eskatu bazaio, epe hori bertan behera geratuko da, errekerimenduaren jakinarazpena egiten denetik hartzaileak bete beharrekoa bete arteko denboran edo, hala dagokio, horretarako emandako epea agortu arte.

  3. Ebazteko muga-eguna igarota ebazpen bat espresuki eman eta jakinarazi ez bada, eskabidea onartutzat joko da administrazio-isiltasuna dela eta.

  1. Agindu honen xede den akreditazioak, 2. artikuluaren arabera lortuak, 5 urteko baliozkotasuna izango du. Behin epe hori igarota akreditazioa berritzen ez bada, iraungi egingo da.

  2. Akreditazioa bost urtean behin berritu behar da. Horretarako, eskabidea aurkeztu beharko da iraungipen-dataren aurreko hilean, agindu honen zortzigarren artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, Segurtasun Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzaren jarraibideen arabera, azterketa-deialdia egingo du urtero, helburu hauekin:

    1. Agindu honen 2. artikuluko 3. apartatuan jasota dauden eskakizunak betetzen dituzten autobabes-planak egiteko gaitutako teknikariak akreditatzea.

    2. Autobabes-planak egiteko gaituta dauden teknikarien akreditazioa berritzea, agindu honen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Berritzeko denean, azterketa berritze hori eskatu ondoren argitaratzen den lehen deialdian egin beharko da.

Segurtasun Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendariak, interesdunari entzun eta gero, autobabes-planak egiteko gaitutako teknikariaren akreditazio-ebazpena baliogabetu ahal izango du ebazpena eragin zuten baldintzak galdu direla ikusten duenean, bai eta 10. artikuluan aipatzen den etengabeko prestakuntza egiten ez denean ere.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak autobabesari buruzko etengabeko prestakuntza-ikastaroak antolatuko ditu aldian-aldian, autobabes-planak egiteko akreditatutako teknikarien ezagutza eguneratze aldera, Segurtasun Sailean babes zibilaren eta larrialdien arloko eskumena duen zuzendaritzak proposatuta. Ikastaro horiek online edo aurrez aurrekoak izan daitezke.

  2. Etengabeko prestakuntzako ikastaroak urtero egin beharko dira, eta, nolanahi ere, akreditazioa lortzeko edo berritzeko azterketa egin aurreko hilabetean.

Agindu hau indarrean jartzen denean tramitatzen ari diren espedienteak Segurtasuneko sailburuaren 2016ko irailaren 5eko Aginduan ezarritakoaren arabera ebatziko dira. Agindu horrek autobabes-planak egiteko gaitutako teknikarien akreditazioa arautzen du.

Indargabetuta geratzen da Segurtasuneko sailburuaren 2016ko irailaren 5eko Agindua, autobabes-planak egiteko gaitutako teknikarien akreditazioa arautzen duena.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 16a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Datu-babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Autobabes-planak egiteko gaitutako teknikarien erregistroa.

Arduraduna: Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.

Helburua: Autobabes-planak egiteko gaituta dauden teknikarien erregistroa egitea, teknikari horiek garrantzitsuak baitira Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemak behar bezala funtzionatzeko.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean egindako misioak betetzeko edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

Hartzaileak:

Foru-aldundiak.

Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.

Toki-administrazioko beste organo batzuk.

Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Gure webgunean begiratu dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/152700-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).