Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko apirilaren 12koa, Osasuneko sailburuarena, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2021eko eta 2022ko laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 80
  • Hurrenkera-zk.: 1776
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/04/12
  • Argitaratze-data: 2022/04/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak erregulatzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua 2013ko azaroaren 28ko EHAAn argitaratu zen, 227. zenbakian, eta argitaratu eta hurrengo egunean jarri zen indarrean. Dekretu horretan erregulatzen dira gaixotasun- eta behar-egoera objektiboan dauden pertsonentzako laguntzak, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak bete ditzaten, tratamenduok finantzaketa publikoaren xede direnean betiere.

Dekretu hori aldatu egin da; lehenik, azaroaren 14ko 247/2017 Dekretuaren bidez (azaroaren 17ko EHAA, 220. zk.), dekretu horren 3. artikuluan ezartzen diren laguntzen onuradunen kolektiboa handitzeko, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren zenbait apartatu aldatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen arazoaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 2.1 artikuluan ezarritakoari egokitu dadin, eta Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzak jarrai dezan aipatu laguntzak kudeatzeko eskumenak izaten.

Eta, bigarrenik, 2019ko otsailaren 5eko 16/2019 Dekretuaren bidez (otsailaren 11ko EHAA, 29. zk.), Osasun Sistema Nazionalerako Irispide Unibertsalari buruzko uztailaren 27ko 7/2018 Errege Lege Dekretura egokitzeko. 7/2018 Errege Lege Dekretuak Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.1 eta 3 ter artikuluak aldatzen ditu, eta ezartzen du osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titular direla, batetik, espainiar nazionalitatea dutenak eta Espainian bizilekua duten atzerritarrak, eta bestetik, Espainian erregistratu gabe edo egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrak, espainiar nazionalitatea dutenen baldintza berberetan osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea dutenak.

Aipatutako 447/2013 Dekretuak dioenez, Osasuneko sailburuaren esku egongo da laguntza horien deialdia egitea. Zehatz esanda, 2.2 artikuluaren arabera, «Osasuneko sailburuaren esku egongo da laguntzen deialdia egitea, honako hauek adieraziko dituen agindua emanez: laguntzak zehazteko aldiak, izapideei zuzenekoei zein elektronikoei buruzko zehaztapenak, eskaerak aurkezteko epea, tokia eta modua, laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak, bai eta horiek emateko baldintzak egiaztatzeko eskatutako agiriak eta eskaera-eredua ere; hori guztia dekretu honetan jasotako arauak garatuz eta aplikatuz».

Artikulu hori aplikatuz, 2013ko abenduaren 23ko Agindua onartu zen (2013ko abenduaren 31ko EHAAn, 248. zenbakian, argitaratua), agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2013ko eta 2014ko ekitaldiei dagozkien laguntzetarako deialdia egiten duena. Deialdi horretan, 2013ko uztailaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra bitartean eta 2014ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindako gastuengatiko laguntza horiek arautzen dira.

Urtero argitaratu dira laguntzak arautzeko aginduak, eta azkena Osasuneko sailburuaren 2021eko maiatzaren 11ko Agindua da (2021eko maiatzaren 19ko EHAA, 97. zk.), agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2020ko eta 2021eko ekitaldiei dagozkien laguntzetarako deialdia egiten duena. Deialdi horretan, 2020ko abenduaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra eta 2021eko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindako gastuengatiko laguntza horiek arautzen dira.

Aurrekoa kontuan hartuta, agindu honen bidez beste deialdi bat egiten da, 2021-2022 aldirako.

Osasun Sailaren 2022ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak, Osasuneko sailburuaren 2022ko otsailaren 25eko Aginduaren bidez onetsiak, «Agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak» jasotzen ditu, 2022ko ekitaldiari dagozkionak, «Osasunaren sustapena eta gaixotasunen prebentzioa» arloaren barruan. Dokumentu hori herritarren eskura dago Sailaren webgunean.

Horren arabera, honako hau

Agindu honen xedea da Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak finantzaketa publikoa duten tratamenduak betetzea errazteko laguntzen deialdia egitea. Laguntza horiek 2021eko abenduaren 1etik 31rako eta 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30erako tarteetarako dira.

  1. Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa hiru milioi eta berrehun mila (3.200.000) eurokoa da. Baliabide horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz.

  2. Deialdi honetan guztira emango diren laguntzen zenbatekoak ez du diru-izendapen hori gaindituko, ez eta, indarrean dauden legeen arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira, zenbateko hori eguneratuta sortzen den diru-izendapena ere.

  3. Halaber, deialdi honetarako izendatutako kreditua edo hori eguneratzearen ondoriozkoa agortzen bada, zirkunstantzia horri publikotasuna ematearren, Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat emango du, zeinetan zehaztuko baita zein egunetan agortu zen kreditua, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; guztia ere, azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuko 11. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

  1. Gaixotasun- eta beharrizan-egoera objektiboan dauden pertsonek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, betiere betetzen badituzte laguntza horien onuradun izateko azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 3.1 artikuluan ezarritako baldintzak (dekretu horren bidez, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dira), eta laguntza horien xede den gastua deialdi honetan zehaztutako aldian egin badute. Zehatz esanda, honako pertsona hauek:

    1. Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, baldin eta Gizarte Segurantzan pentsiodunak badira, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.

    2. Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, baldin eta legezko langabezia-egoeran badaude, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.

    3. Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, baldin eta beren laneko errentak osatzeko diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.

    4. Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, baldin eta aurreko hiru apartatuetan aipatutako aseguratuen onuradunak badira eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.

    5. Espainiako Estatuan erregistratu gabe edo egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrak, baldin eta osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea badute Espainiako nazionalitatea dutenen baldintza berberetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskubide hori aitortzeko emandako egiaztagiria badute.

  2. Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten pertsonek ezin izango dute lehiaketan parte hartu jasotako zigorrak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren bat dutenek, horretan barne direlarik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea aplikatzearen ondoriozkoak.

  3. Pertsona onuradunei laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasitako eta izapideetan dauden prozedurak, alegia.

  4. Eskatu ahal izango da, bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko, egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

    Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, pertsona horien baimenik gabe, hala xedatuta baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2.e) artikuluan, bai eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22.4 artikuluan ere xedatutakoarekin bat etorriz.

  1. Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu mediko bat betetzeko 2021eko abenduaren 1etik abenduaren 31rako eta 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30erako tarteetan ordaindu behar izan dituzten zenbatekoak itzuliko zaizkie pertsona onuradunei, betiere finantzaketa publikoa jaso dezaketen tratamendu farmakologikoei, eta efektu eta osagarriei dagokienez.

  2. Ordaindu ahal izango dira, halaber, 2022ko epealdi berean ordaindu behar diren zenbatekoak, hain justu ere Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu mediko bat betetzearen ondoriozkoak, finantzaketa publikoa jaso dezaketen produktu dietetikoei dagokienez.

  1. Interesdunek prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte; hartarako, administrazioan onartutako sinadura elektronikoko sistemen bitartez identifikatuko dira.

  2. Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez dago erregulaturik: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa Platea ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

  3. Eskabidearen ondorengo izapideak bide elektronikoz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkaria

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  1. Oro har, izapidetze erraztuaren bitartez kudeatuko dira deialdi honetan araututako laguntzak, betiere organo kudeatzaileak eskabideak ebazteko behar besteko informazioa badu, bai pertsona onuradun izatearen kondizioaz, bai laguntzaren xede den gastua egiteaz, eta eskatzaileek berariaz baimena eman badute aipatutako datu horiek egiaztatzeko.

  2. Beraz, honako pertsona hauek erabili ahal izango dute izapidetze erraztua:

    1. Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa aseguratuta daudenak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen banako osasun txartelaren titularrak badira, bai eta pertsona horien onuradunak ere, salbu eta diruz lagundu nahi den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada, gastu hori ordaintzeko beste eskabide bat egin beharko baita, ohiko prozedura erabiliz, hurrengo artikuluan araututa dagoen eran.

    2. Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, langabeziaren legezko egoeran daudenak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen banako osasun txartelaren titularrak badira, bai eta pertsona horien onuradunak ere, salbu eta diruz lagundu nahi den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada, gastu hori ordaintzeko beste eskabide bat egin beharko baita, ohiko prozedura erabiliz, hurrengo artikuluan erregulatuta dagoen eran.

    3. Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, beren laneko errentak osatzeko diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak, baldin eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira, bai eta pertsona horien onuradunak ere, salbu eta diruz lagundu nahi den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada, gastu hori ordaintzeko beste eskabide bat egin beharko baita, ohiko prozedura erabiliz, hurrengo artikuluan erregulatuta dagoen eran.

    4. Espainian erregistratu gabe edo egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrak, baldin eta osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea badute espainiar nazionalitatea dutenen baldintza berberetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskubide hori aitortzeko emandako egiaztagiria badute.

  3. Egoera horretan dauden pertsonek I. eranskineko eskabide-eredua bete beharko dute. Eskabide horretan, Administrazioari baimena emango zaio eskatzaileak adierazten duen kontuan ordainketa egiteko. Horretarako, lehenago egiaztatu beharko da, batetik, eskatzailea onuraduna dela, eta, bestetik, laguntzaren helbururako gastua egin dela. Eredu hori eskuragarri egongo da, halaber, Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren osasun-zentroetan eta Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan, aurrez hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta.

  4. Izapidetze erraztuko prozeduraren informazio-fitxa, izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak eskuragarri dituena eta eskabide-inprimakian sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daiteke: https://euskadi.eus/zerbitzuak/0336318

  1. Aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz izapidetze erraztua egiterik ez badago, ohiko izapidetzearen bidez kudeatuko dira deialdi honetan araututako laguntzak. Hau da:

    1. Pertsona eskatzaileak Administrazioari berariazko baimenik ematen ez badio gastuari buruzko datuak egiaztatzeko.

    2. Dirulaguntzaren xedea den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada.

    3. Baldin eta agindu honetako bigarren xedapen gehigarrian zehaztutako pertsonen arlokoa bada eskabideak izapidetzea.

  2. Kasu horretan, interesdunek, banako osasun-txartelaren bidez edo Euskal Osasun Sistemaren osasun-prestazioak jasotzeko bidea ematen duen dokumentu identifikatzailearen bidez nor diren egiaztatu ondoren, eskabidea aurkeztuko dute, agindu honetako II. eranskineko eredua behar bezala betez. Eredu horri honako dokumentu hauek erantsiko zaizkio:

    1. Eskatzailea onuraduna dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

    2. Tratamendu aktiboaren orria edo errezetaren paperezko kopia, laguntzaren xede diren tratamendu medikoen preskripzioak jasotzen dituena.

    3. Eskuratutako produktua pagatu izana justifikatzeko agiriak, non jasotzen baitira jaso dituzten produktuen identifikazio-datuak eta eskatzaileak egindako ekarpenak, tokatzen den epealdian diruz lagundutako gastuei dagokienez.

      Paperezko euskarrian edo euskarri elektronikoan (pdf formatuan) aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.

  3. Eskabide-eredua eskuragarri egongo da Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren osasun-zentroetan eta Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan, aurrez hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta.

  4. Izapidetze arrunteko prozeduraren informazio-fitxa, izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak dituena eta eskabide-inprimakian sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daiteke: https://euskadi.eus/zerbitzuak/0336317

Dirulaguntzetarako eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio. Administrazioak halako eskabideei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta eskatutako gainontzeko dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, horixe baitago ezarria Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan.

  1. Deialdi osorako izapidetze erraztuko eskabide bat aurkeztea aski izango dute pertsona interesdunek, eta hori egin ahal izango dute edozein unetan, agindu hau ondorioak sortzen hasten denetik 2022ko abenduaren 10era bitartean.

  2. Izapidetze ohikoari dagokionez, deialdi honetan pertsona interesdunek bi eskabide aurkeztu ahal izango dituzte gehienez ere; lehena, 2022ko ekainaren 10era arte, eta bigarrena, berriz, 2022ko abenduaren 10era arte, lehenengoan justifikatu gabeko gastuei dagokienez.

  3. Eskabideak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu ahal izango dira, bai eta Osakidetzaren osasun-zentroetan eta Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan ere, aurrez hitzordua eskatuta soilik, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta.

    Era berean, eskabideak aurkeztu ahal izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan eta honako helbide hauetan: izapidetze errazturako, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336318 eta izapidetze ohikorako, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336317

  1. Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bidez eman edo ukatuko zaizkie laguntzak onuradunei, organo kudeatzaileak proposatuta, eta ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa) argitaratuz jakinaraziko da, bai eta Osasun Saileko dagokion lurralde-ordezkaritzan, osasun-zentroetan eta helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0336318 eta https://www.euskadi.eus/servicios/0336317

  2. Planteatzen den izapidetze-era edozein delarik ere, laguntzaren helburuari dagokion gastua zehaztu ostean, laguntzak esleitzeko ebazpenak emango dira, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bidez, 2022ko hirugarren hiruhilekoan eta 2023ko lehen hiruhilekoan, hurrenez hurren 2021eko abenduaren 1etik 2022ko maiatzaren 31ra bitartean egindako gastuengatiko laguntzetarako, eta 2022ko ekainaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindako gastuengatiko laguntzetarako. Edozelan ere, izapidetze arruntean formulatutako eskabideen gaineko ebazpenek beharko dute izan koherenteak eskabideotan jasotako eskaera zehatzarekiko.

  3. Aurrekoa alde batera utzi gabe, izapidetze-era edozein delarik ere, 2022ko ekainaren 10az geroztik egiten bada eskabidea, laguntzak emateko ebazpen bakarra emango da 2023ko lehen hiruhilekoan, dirulaguntzari dagokin aldian zehar pertsona onuradunek egindako gastuei dagokienez.

  4. Laguntzen onuradun izaera aitortzeko eskabideak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, dirulaguntzarako eskaera ezetsitzat joko da, berariazko ebazpenik ematen ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluko 9. paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako. Testu Bategina 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Dekretuak onartu zuen.

Laguntzak emateko ebazpena argitaratzen denetik harako bi hilabeteko epean ordainduko zaizkie emandako laguntzak pertsona onuradunei.

Laguntzak baiesteko edo ezesteko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuordeari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako era eta epeetan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Deialdi honetan ezartzen den 18.000 eurotik beherako urteko errentetako diru-sarreren muga, honako kopuru hauen arabera neurtuko da: 2021eko abenduan egindako gastuei dagokienez, 2020ko ekitaldian likidatutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko aurrezpen eta likidazio-oinarri orokorraren laukian kontsignatutako zenbatekoa; 2022ko ekitaldian egindako gastuei dagokienez, 2021eko ekitaldian likidatutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko aurrezpen eta likidazio-oinarri orokorraren laukian kontsignatutako zenbatekoa.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsonek II. eranskineko eredua bete beharko dute bere eskabidea izapidetzeko, ohiko izapidetzeari jarraikiz. Horretarako, MUFACE, MUGEJU edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezien titular eta 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pentsiodunak izan beharko dute (klase pasiboak), betiere horien bermatzailea Estatuko Osasun Sistema bada; beren onuradunak ere bete beharko dute eredu hori, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude, eta onartuta badaude Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 47/2013 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 1. eta 2. apartatuetan.

  2. Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:

    1. MUFACE, MUGEJU edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezietan afiliaturik egotea eta pentsiodun-izaera (Klase Pasiboak eta Erregimen Orokorra) edo haietako pentsiodunen baten onuradun izatea egiaztatzen duen dokumentu ofizialaren kopia.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dagoela ziurtatzen duen agiria.

    3. Hartzen ari den tratamenduaren orria edo errezetaren paperezko kopia, laguntzaren xede diren tratamendu medikoen preskripzioak dakartzana.

    4. Erositako produktuak ordaindu izanaren egiaztagiriak, non adierazita dauden eskatzaileak dagokion aldian erositako produktuak eta egindako ekarpenak, elektronikoki izapidetu ez diren gastu lagungarriei edo Estatuko Osasun Sistemako langileek agindutako diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez.

  3. Diru-sarrerei buruzko datuak (PFEZ aitorpena edo diru-sarrera nahikorik ez egoteagatik aitorpena egitera behartuta ez egotearen ziurtagiria) organo kudeatzaileak kontsultatuko ditu ofizioz, salbu eta interesdunak aurka egiteko eskubide arrazoitua baliatzen badu; kasu horretan, 2020ko eta 2021eko ekitaldietan likidatutako PFEZaren aitorpena aurkeztu beharko du.

    Diru-sarrerak agindu honetan ezarritako baldintzetan egiaztatzeko soilik, Osasun Sailak behar-beharrezkoa den informazioa eskatuko die foru-ogasunei, NISAE Elkarreragingarritasun Nodoko PFEZ-Errenta Maila Zerbitzuaren bidez.

  4. Kasu horietan, eskabideak 10. artikuluan aipatutako epean eta tokietan aurkeztuko dira.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, honako arau hauetan ezarritakoa aplikatu beharko da: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, eta haren Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuz onartua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua; 447/2013 Dekretua, azaroaren 19koa, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzekoa; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

    Agindu honek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 12a.

    Osasuneko sailburua,

    MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

    (Ikus .PDF)