Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2017ko ekainaren 7koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren barne-erregimeneko erregelamendu berria argitaratzeko agintzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 132
- Hurrenkera-zk.: 3496
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2017/06/07
- Argitaratze-data: 2017/07/12
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2009ko abenduaren 17ko Aginduaren bidez, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren barne-erregimeneko erregelamendua argitaratzeko agindu zen, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Legean xedatutakoari jarraikiz; lege horrek ezartzen zuen Kontseiluaren funtzioetako bat hau zela, besteak beste: «nekazaritzaren arloko eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren sailari nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren arau teknikoen multzoa eta barne-erregimeneko erregelamendua proposatzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko; azken erregelamendu horrek, beste batzuen artean, ondorengoak zehaztuko ditu: langile propioak eta ondarea. Aurreikusitako helburuak eta Kode Zibilaren 39. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute horiek guztiek». Igaro den denboragatik, Kontseiluak beharrezkotzat jo du aipatutako erregelamenduaren alderdi batzuk aldatzea eta, horregatik, 2015eko abenduaren 15ean egindako bilkuran, testu berria onartzeko erabakia hartu zuen. 2017ko martxoaren 22ko idazkiaren bidez, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak dokumentu berria igorri dio sail honi, argitara dezan.
Horrenbestez, hau
Agintzea argitaratu dadila Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren barne-erregelamendu berria, agindu honen eranskinean jasotzen dena.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 7a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Bestalde, irailaren 24ko 229/1996 Dekretuak nekazaritzako produktu ekologikoen ekoizpena, lantzea eta merkaturatzea arautu zuen, eta baita Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseilua sortu ere, Industria, Nekazaritza eta Arrantza Saileko kide anitzeko organo gisa: nekazaritza ekologikoaren arloan aholku ematea eta lankidetza eskaintzea ditu eginkizun. Kontseilu hori Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzaren menpe zegoen organikoki eta hierarkikoki, zuzendaritza horren eskumena izan baita orain arte Euskal Autonomia Erkidegoan kontrol-lana egitea, bat etorriz nekazaritzako produktu ekologikoen ekoizpenari eta etiketatuari buruz indarrean dagoen Europako araudian zehazten den sistemarekin (hemendik aurrera, «NEPen araudia»), zehazki ekainaren 28ko 834/2007 Erregelamenduaren (EEE) 27. artikuluarekin.
Kontseiluari garrantzi handiagoa emate aldera, eta, horrenbestez, bertan ordezkaturiko sektoreei ere bai, Kontseiluaren konfigurazio juridikoa aldatzea erabaki da. Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen bidez, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua sortu da: zuzenbide publikoko korporazio gisa sortzen da, berezko nortasun juridikoa, autonomia ekonomikoa eta jarduteko gaitasun osoa dituela, nekazaritzako ekoizpen ekologikoari eta nekazaritza- eta elikagai-produktuetan nekazaritza-mota horren adierazpenari aplikatu beharreko araubidearen eginkizunak betetzeko.
Etapa berri horretan, Administrazioak ikuskatze- eta zaintze-eginkizunak izango ditu bere esku; hain zuzen ere, Kontseilu horren jarduera ez ezik, jarduera hori indarrean den araudiak ezarritako betebeharrak eta helburuak betetzeari egokitzen ote zaion ere ikuskatu eta zainduko du.
Kontseiluak barne-erregelamendu hau proposatzen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sail eskudunari, berau argitaratu dezan, abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 6. artikuluko (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren eginkizunei buruzkoa) 1 zenbakiko c) letran eta azken xedapenetatik lehenengoan ezarritakoaren arabera.
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak ENEEK erreferentzia edo marka hartuko du irudi korporatiboan, sustapen- eta hedapen-materialetan, domeinu elektronikoetan eta beste argitalpen batzuetan (Kontseiluak 2008ko azaroaren 25ean aho batez harturiko erabakia).
ENEEKen eskumen-esparrua hauetara mugatuko da:
Lurraldeari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidego osora.
Produktuei eta prozesuei dagokienez, NEPen araudian zehaztutakoak, bai eta produktua lortzeko zuzenean esku hartzen dutenak eta/edo arau teknikoen koadernoan daudenak ere.
Pertsonei dagokienez, fisikoak eta juridikoak, betiere beren jarduera ENEEKi behar bezala jakinarazi badiete eta hartan parte hartzen badute.
ENEEK, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako produktu ekonomikoen kontrol-sistema ezartzeaz arduratzen den kontrol-agintaritza da.
1. 2.b) artikuluan aipaturikoez bestelako produktu eta zerbitzuen erabilera gomendatu ahalko du, produktua lortzeko zuzenean edo zeharka esku hartzen badute, baita erregistroan izena emandako ustiapen eta pertsonei emandako zerbitzuena ere, eta merkataritza-establezimendu jakin batzuena ere bai, «ENEEKek gomendaturiko produktu, zerbitzu edo establezimendua» adierazlea edo antzeko bat erabilita.
Gomendio-adierazlea erabili nahi duten enpresa guztiek frogatu egin beharko dute, ENEEKen dagozkion zerbitzu teknikoak konbentzitzeko moduan, produktu, zerbitzu eta establezimendu horiek Kontseiluak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituztela, legeak horretarako dagozkion baldintza teknikoen koadernoetan finkaturiko eginkizunen esparruaren barruan.
Kontseiluak onartu beharko ditu baldintza teknikoen koadernoak 4.1 zenbakian aipaturiko produktu, zerbitzu edo establezimenduak onesteko, eta baita ere enpresentzat onespen hori lortzeak eta mantentzeak ekarriko dituen eskakizun eta betebeharrak finkatzea ere, direla teknikoak eta ekonomikoak, direla kontrol-erregimenekoak.
Gomendio-erregimenera biltzen diren eta ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten enpresetan berehala kenduko zaie adierazleen erabilera.
Produktu, zerbitzu edo establezimenduak onesteko baldintza teknikoen koadernoak ENEEKen arau teknikoen koadrora gaineratuko dira atal espezifiko batean.
ENEEKek gomendaturiko zerbitzu eta establezimenduen titularren interesak ordezkatzen dituzten elkarte edo erakundeak kontsultatuko dituzte eraginpean har ditzaketen gaietan.
Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 6. artikuluaren 1. zenbakiaren a) letrari jarraikiz, Kontseiluak kalitate-sistema bat ezarriko du nekazaritza eta elikaduraren sektorean produktu-ziurtapenak egiteko UNE-EN ISO/IEC 17065 Europar Arauan definituriko irizpide orokorren arabera. Horrela, bermerik handiena eskaini ahalko du bere jardunen eskumenari buruz nekazaritza-ekoizpen ekologikotik lorturiko produktuen ziurtapen-jarduerari dagokionez.
Produktuaren kontrolerako eta ziurtapenerako jardueretan parte hartzen duten ENEEKen antolamenduko atal guztietan aplikatuko da sistema.
Kalitate-sistemak barne hartuko ditu kalitateari buruzko eskuliburua, ekoizpen ekologikoko nekazaritzako produktuen ziurtapenerako gidak, ziurtapen batzordearen funtzionamendu-araubidea, gainerako barne prozesu orokorrak eta berariazkoak, kontrol-planak eta kontrolerako eta ziurtapenerako jarduerarekin lotutako arau teknikoen koadernoak.
Sistemaren helburua izango da ahalik eta konfiantza maila handiena ematea alderdi interesdun guztiei, hots, pertsona eta enpresa operadoreei (hemendik aurrera, «operadoreak»), administrazioari, kontsumitzaileei eta oro har jendeari. Horretarako, printzipio hauek bermatuko dira: baldintza diskriminatzailerik ez egotea, inpartzialtasuna ongi kudeatzea, langileak adituak izatea, konfidentzialtasuna eta gardentasuna egotea, kexei eta apelazioei egokiro erantzutea, eta ziurtapen-erabakia bermatzeko behar beste ebidentzia lortzeko ardura eta konpromisoa izatea.
Kontrol- eta ziurtapen-prozesuen independentzia, inpartzialtasuna eta zuzentasuna bermatzeko Ziurtapen Batzordea sortuko da.
Sektore publikoaren kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean ezarritakoari jarraikiz, eta bereziki lege horren 3.3.b) artikuluan ezarritakoari, ENEEK sektore publikoaren zati da, eta Administrazio Publikoaz bestelako botere esleitzailetzat hartzen da lege horri dagokionez.
Aipatutako Legearen 175. artikuluak xedatzen du Administrazio Publikoak ez diren botere esleitzaileek nahitaez bete beharreko jarraibideak onartu behar dituztela beren etxe barrurako, eta, bertan, arautze harmonizatuaren mende ez dauden kontratuen kontratazio-prozedurak arautuko direla.
Hori guztia betetzeko, ENEEKek kontratazioko jarraibideak izango ditu, zeinak kontratuak esleitzeko prozeduretan parte hartu nahi duten guztien eskura egongo diren, eta kontratudunaren profilean argitaratuko diren interneteko www.eneek.eus webgunean.
Hau da egoitzaren helbidea: Jauregibarria auzoa 4, 1. solairua. 48340 Amorebieta-Etxano, Bizkaia.
Izen eman dezakete produktu ekologikoak ekoizten, lantzen, inportatzen eta/edo merkaturatzen dituzten enpresen titular edo titularkide diren pertsona fisiko edota juridiko guztiek, baldin eta beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen badute, jarduera horietan lan egiten dutela behar bezala egiaztatzen badute eta izena emateko prozedura betetzen badute.
Operadoreen erregistroan izena emanda egoteak ez du ematen nekazaritzako ekoizpen ekologikoko adierazle babestuak erabiltzeko baimena, ENEEKen kontrol- eta ziurtapen-zerbitzuak emandako adostasun-ziurtagiria eduki arte. Ziurtagiria izan nahi duten pertsona fisiko edota juridikoek eskatu egin beharko dute.
Ekoizpen-jarduerei dagokienez, erregistroan izena eman ondoren, eta produktuaren ziurtagiria edo babestutako erreferentziak erabiltzeko baimena izan arte, ekoizpen-unitateek ongi gainditu beharko dute NEPen araudian ezarritako bihurtze-aldia.
Baldin eta, ziurtagiriaren indarraldian egiazta daitekeen jarduerarik egon ez delako, ezin bada ziurtapenaren urteroko berritzea gauzatu, operadorearen inskripzioa gehienez bi urtez mantenduko da erregistroan. Hautematen bada ekoizpen-unitateen erabilera NEPen araudiarekin bateraezina dela, baja emango da inskripzioan.
Erregistroa operadoreen atal hauetan egituratzen da.
Nekazaritzako ekoizpen-unitateen titularrak.
Nekazaritzako, abeltzaintzako eta ekoizpeneko beste enpresen titularrak, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutakoak, ustiapen horretan lorturiko produktuak lortzeko, ontziratzeko eta lehen etiketa jartzeko lanak egiten dituztenak. Nekazaritza ekologikoko jarduera bihurtzeko prozesuan dauden ekoizpen-enpresak ere jasoko dira.
Enpresa elaboratzaileen titularrak.
Euskal Autonomia Erkidegoan produktu ekologikoak kontserbatzeko eta/edo eraldatzeko lanak egiten dituzten enpresak (animalien hilketa eta horietatik lortutako produktuen zatiketa barne), bai eta ontziratzen eta/edo etiketan produktu ekologikoarekin lotutako aldaketak egiten dituztenak ere.
Hirugarren herrialdeetako enpresa inportatzaileen titularrak.
Euskal Autonomia Erkidegoan hirugarren herrialdeetako nekazaritzako ekoizpen ekologikotik ekarritako produktuak inportatzen dituzten enpresak.
Enpresa merkaturatzaileen titularrak.
Euskal Autonomia Erkidegoan, nekazaritzako ekoizpen ekologikoko produktuak saltzeko (saltzeko eskaintza barne), banatzeko edo beste edozein modutan eskualdatzeko (kostu bidez nahiz doan) lanak egiten dituzten enpresak.
Ziurtapenaren ondorioetarako ekoizpen ekologikoko ekoizle-talde modura eratu diren nekazaritzako ekoizpen-enpresen titularrek beren banakako inskripzioa mantenduko dute erregistroan. Egoera hori ENEEK osatzen dutenentzat ezarritako gainerako betebehar eta eskubideetara ere zabaltzen da, baita zehapen-araubidera eta hauteskunde-araubidera ere.
Erregistroko atal bat baino gehiagoko jarduerak egiten dituzten operadoreek horietako bakoitzean izen emango dute.
Erregistroan datu hauek jasoko dira.
Operadorearen datuak:
Ustiapenaren titularraren edo titularkidearen izen-abizenak, IFZ eta helbidea. Pertsona juridikoak badira, IFK, sozietatearen izena, egoitza eta ENEEKen aurrean erantzulea den pertsonaren datuak.
Espedientearen datuak izena ematen duen erregistroaren atalerako:
Ekoizpen-unitateen datuak: nekazaritzako lursailetarako, SIGPAC erreferentziak, eta instalazioetarako, kokapena.
Jardueraren datuak: jarduera nagusia, dedikazio esklusiboa edo mistoa, produktuak eta/edo laboreak, kantitateak eta/edo azalerak eta kokatzen direneko ekoizpen-unitateak.
Azpikontratazioa badago, instalazioen, makinen edo beste enpresen zerbitzuen datuak.
Erregistroa euskarri hauekin antolatzen da.
Atal bakoitzaren inskripzio-liburua euskarri informatikoan eta www.eneek.eus webgunean argitaratua.
Espedienteen artxibo fisiko edo informatikoa, aurkezten diren agiriak jasotzeko.
ENEEKen zuzendariak gainbegiratuko du datuen eguneraketa.
Erregistroan izena emateko, eta izen-emate hori zabaltzeko edo berritzeko ENEEKi zuzendutako eskaera aurkeztu behar da. Eskaera ENEEKek emandako formatuan egingo da, eta behar bezala sinatuta eta, hala badagokio, zigilatuta aurkeztuko da. ENEEKen egoitzan eskura edo posta ziurtatuaren bidez entregatuko da. Laguntzako dokumentuei dagokienez, ez bada jatorrizkoa sinatuta aurkeztu behar, garantia@eneek.eus helbide elektronikora bidali ahalko dira.
Izena ematean, inskribatu beharreko jardueren titulartasuna eta dedikazioa egiaztatzen duten dokumentuak erantsi behar dira. Pertsona juridikoen kasuan, izen-ematea eskatzeko enpresako gobernu-organo gorenaren erabakiaren ziurtagiria erantsiko da, bai eta ENEEKen aurrean legezko ordezkaria denaren izendapena ere.
Izena ematearekin batera ziurtagiria eskatuko da. Eskaera hori ENEEKek ezarritako ziurtapen-prozeduraren arabera egingo da. Eskatzaileari kontrol- eta ziurtapen-jarduera emateko, legalki betearazteko akordio bat barne hartuko du, zeinak alderdi bakoitzaren erantzukizunak zehaztuko dituen.
Ekoizpen-unitateetarako bihurtze-aldiak ezarri behar direnean, izena emateko eskaera aurkezten den egunak finkatuko du bihurtzealdiaren zenbaketaren hasiera.
Erregistro honetan inskribatzeak ez ditu interesatuak salbuesten ezarritako beste erregistro orokorretan inskribatzeko betebeharretik. Eskaerarekin batera, horietan egotearen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko da.
Erregistroan izena emateak, baldintza orokorrez gain, baldintza bereziak ekar ditzake berekin, produktu-motaren edo erabilitako prozesuaren arabera. Baldintza bereziak idatziz jasoko dira izen-emate bakoitzaren ebazpenean. Izena emateko baldintzak eguneratzen dituen ebazpen berri batean bildu beharko litzateke ondorengo edozein aldaketa.
Kontseiluaren presidenteak emango ditu izen-ematearen, zabalpenaren edo berritzearen ebazpenak.
Izen-ematea indarrean egongo da ziurtagiria ez ematea edo kentzea dakarren ziurtapen-erabakirik hartzen ez den bitartean.
artikuluan ezarritakoaren arabera, ziurtagiria ezin bada berritu bi urtez jarraian jarduera-kontrolagarririk egon ez delako, erregistroko inskripzioa ezabatu egingo da.
Kasu hauetan ukatuko ditu ENEEKek izena emateko eskaerak:
Izena emateko prozesuaren baldintzak betetzen ez dituztenean.
Jarduera ekologikoa dela ziurtatu ezin denean.
Eskatzaileek kuoten ordainketa edo ENEEKekiko dituzten betebeharrak egunean ez dituztenean.
Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sail eskuduneko pertsona arduradunari.
Erregistrotik baja ematen denean, eskaera berria egiteko igaro beharreko gutxieneko denbora ezarri da, prozedura honetan azaldutako zehapen-araubideari jarraikiz.
Erregistroko izen-ematea mantentzeko, legez ezarritako urteko inskripzio-kuota ordainduta izan beharko da. Baja-ebazpena emateak ez dakar aribideko urteko ordaindutako mantentze-kuota itzultzea.
ENEEKek bermatzen du Datu Pertsonalak Babesteari buruzko araudia betetzen dela; horrela, 15/1999 Lege Organikoari jarraikiz, erregistratutako operadoreak eta eskatzaile posibleak jakinaren gainean geratu dira, eta ENEEKi baimena ematen diote datu horiek bere fitxategi automatizatuetan sartzeko, helburu hauetako batekin:
ENEEKek ziurtapenen arloan dituen betebeharrak betetzea eta NEPen araudia betetzea.
Agintari eskudunei edo marken jabeei datuak zabaltzea edo trukatzea.
Hirugarren bati erregistratutako operadorearen izena, harremanetan jartzeko datuak eta izen emandako produktu eta prozesuen kategoriak jakinaraztea.
Marketineko jarduerak, hauek barne:
ENEEKen ekitaldien, promozioen, produktuen, kanpainen edo zerbitzuen inguruko informazioa bidaltzea erregistratuari.
ENEEKek estatistikako eta merkatuko ikerketak argitaratzea. Kasu horretan, erregistratuen datuak modu anonimoan argitaratuko dira.
Erregistratutako operadorearen datuak toki publikoetan argitaratzea, adibidez, interneten edo komunikabideetan. Operadoreak informazio hori eskuratu, zuzendu eta eguneratu dezake; horretarako ENEEKera jo beharko du. Era beran, prozedura bera erabiliz, datuak ezereztea eska dezake, edo datu-prozesaketaren edo aipatutako helburuetako batean erabiltzearen aurka ager daiteke, baina aukera horiek ENEEKen zerbitzuetatik baja ematea ekar dezakete.
ENEEKek erakundearen maila guztietan mantentzen du konfidentzialtasuna, konfidentziala den operadorearekin garatutako jardueretatik lortutako informazioari dagokionez. Ez zaie informaziorik emango hirugarrenei, salbu eta legez hala eskatzen bada, edo egiaztatzaileak edo agintari eskudunak hala eskatzen badute.
Erregistrotik baja emandako kasuetan, ENEEKek arrazoia zehaztu dezake: borondatezkoa, jarduera uzteagatik edo ziurtagiria kentzeagatik. Ziurtagiria eten edo kentzen bada, egoera hori ENEEKen webgunean adieraziko da (www.eneek.eus), beharrezkotzat jotzen den denboraz, eta gutxienez operadoreak ziurtapenaren erreferentziak eta markak erabiltzeari utzi arte.
Borondatezko bajaren eskaera araudiaren hauste oso larriak hauteman ondoren egin bada, eta arau-hauste horiek ziurtagiria kentzeko arrazoi badira, ENEEKek baja hori egokien deritzon moduan argitaratzeko eskubidea izango du.
Hauek dira izena eman dutenen eskubideak:
Izena emanda daudela aipatzea erregelamendu honetan aipaturiko moduan.
Aurkezturiko eskaeren izapidearen egoerari eta izan daitezkeen arazo eta gabeziei buruzko informazioa jasotzea.
Erabilitako indarreko prozedura eta egin daitezkeen aldaketa guztien berri izatea, bereziki ziurtapen-sistemari buruzkoak badira.
Nekazaritzako elikagai ekologikoak diren produktuei buruz ENEEKek egindako promozio- eta hedapen-jarduketa orokor guztien berri izatea eta horietan parte hartu ahal izatea.
ENEEKen hauteskunde-prozesuetan parte hartzea, hautesle eta Kontseiluko kide izateko hautagai gisa.
ENEEKek gauzatutako ekintzak errekurritzea, baldin eta kaltegarritzat jotzen badituzte beren eskubide eta jarduerentzat eta nekazaritzako elikagai ekologikoen ekoizpenen garapen orokorrarentzat.
Izena emandako ustiapenak eta enpresak jasotzen dituen indarreko direktorioan egotea; direktorio hori interesdun guztien eskura egongo da.
ENEEKekin egindako ziurtapen-akordioan jasotako beste eskubide batzuk, baldin eta adostasun-ziurtagiria indarrean mantentzen bada.
Hauek dira izena eman dutenen betebeharrak:
NEPen araudiak, barne-erregelamendu honek, ziurtapen-akordioak eta arau-teknikoen koadernoak ezarritako arauak betetzea, bai eta ENEEKek harturiko erabakiak ere, eta, oro har, indarrean dagoen nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren eta horien adierazle babestuen arloan indarrean dagoen araudia.
ENEEKek adostuta harturiko erabaki eta jardun-norabideak betetzea.
Jarduera egikaritzeko legez ezarritako edozein betebehar mota betetzea.
Ziurtapenarekiko hartutako betebeharrak betetzea, zeinak ziurtapen-akordioan xedatzen diren.
ENEEKek ezarritako kuotaren zenbatekoa ordaintzea, zeina kuotei eta indarreko kontrol-gastuei buruzko dokumentuan jasoko den; dokumentu hori eskatzaileei eta erregistratuei emango zaie, eta ENEEKen Kontseiluak urtero berrikusiko du. Zenbateko jakin batzuetatik aurrera, kuotaren ordainketa zatikatua ahalbidetuko da agiri horretan ezarritakoaren arabera.
Zehapen-espedientearen ebazpenaren ondorioz ezarritako zehapenak betetzea, administrazio-bidean epai irmo bilakatu ondoren.
ENEEKen helburuen aurka ez joatea, haren irudia ez kaltetzea eta hari ospea kenduko dion ekintzarik ez gauzatzea.
Ez erabiltzea ENEEKen edozein ziurtapen-markarekin edo irudi korporatiboarekin nahasi daitekeen ziurtapen-markarik, merkataritzako markarik, ikurrik, logorik, erreferentziarik edo seinalerik, eta horietakorik edo antzekorik ez erabiltzea izen korporatiboaren edo merkataritzako markaren zati gisa.
Nekazaritzako ekoizpen ekologikoko produktuen ekoizpena eta merkaturatzea modu aktiboan sustatzea eta bultzatzea.
Nekazaritzako ekoizpen ekologikoko produktuekin loturan hautematen dituzten irregulartasunak eta iruzurrak ENEEKi jakinaraztea eta salatzea.
Borondatezko baja hartu edo nekazaritzako elikagai ekologikoen jarduera utzi nahi bada, berehala jakinarazi behar zaio ENEEKi, idatziz.
Ziurtapena galtzen bada edo inskribatua egoteari uzten bazaio, berehala utzi beharko zaio adierazle babestuak erabiltzeari, eta erregistroan inskribatuta egotea aipatzeari, eta, hala badagokio, ziurtapen-erabakiak dakartzan baldintzak bete beharko dira (merkaturatzeke dauden etiketatutako produktuak, bezeroei jakinaraztea, etab.).
Kontseiluan kargu edo ordezkaritza bat betetzearekin edo dokumentu honetako VII. tituluan araututako hauteskunde-prozesuan parte hartzearekin interes-gatazka edo bateraezintasuna ekar dezakeen edozein egoera jakinarazi beharko da.
Erregistroan inskribatutako pertsona guztiek ENEEKen kontrol-araubidean parte hartu beharko dute, NEPen araudian ezarritako betebeharrei jarraikiz. Betebehar horien arabera, ENEEKen erregistroan izena emandako pertsonek kontrol-araubidean ezarritako baldintzak bete behar dituzte: jardueraren datu guztiak jasoko dituzten eta NEPen araudia betetzen dela egiaztatzea ahalbidetuko duten erregistro-sistemak ezartzea; kontabilitate bereiziko sistemak izatea; biltegiratutako edo igorritako produktuen identifikazio- eta jarraipen-sistemak ezartzea; euskarri guztietan adierazle babestuak erabiltzeko baimena izatea.
NEPen araudian ezarritako baldintzak betetzen ez direla hautematen bada, ziurtapenari eta adierazle babestuen erabilerari dagokienez hartu beharreko neurriak ziurtapen-prozeduran jasotzen dira.
Adostasun-ziurtagiria kentzea erabakitzen bada, operadoreari baja emango zaio erregistroan, eta Kontseiluak zehapenak ezar ditzake, zehapen-araubideari buruzko VI. tituluan ezarritakoari jarraikiz. Zehapen horien arabera, erregistroan gutxieneko baja epealdi bat ezarriko litzaioke.
Ekoizpen-unitateak hainbat autonomia erkidegotan dituzten titularren kasuan, Kontseiluak inguruko autonomia erkidegoekin akordioak egin ditzake, kontroleko lanak optimizatzeko.
ENEEKen gobernuko eta administrazioko organo gorena Kontseilua da. Kontseiluko presidentea da gobernu-organoaren ordezkari gorena.
Organo eskuordetuak zuzendaria eta ziurtapen-batzordea dira. Zuzendaria erakundearen ohiko kudeaketaz arduratzen den kargua da. Ziurtapen Batzordea ziurtapen-jarduerak kontrolatzeaz arduratzen den organo eskuordetua da.
10/2006 Legean xedatutakoaren arabera, aholkularitzarako eta laguntzarako lan-batzordeak sor daitezke lan-eremu bakoitzean. ENEEKek batzorde teknikoa eta sustapen-batzordea ditu. Kontseiluaren ekimenez, mugagabeak dira. Araudian adituak diren teknikariek eta nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren alorreko sustapenean adituak direnek hartzen dute parte, zuzendariak edo erakundeko eskuordetutako pertsonak zuzenduta. Kontseiluko presidenteak gonbidatzen ditu parte hartzaileak, zuzendariaren proposamenez. Bilerak kontsultarako dira, eta erabakiak hartuz gero, Kontseiluak onetsi behar ditu. Parte-hartzea doakoa da, eta ez da ezer ordainduko, ezar daitezkeen dietak eta kalte-ordainak salbu.
Kontseilua honela osatzen da:
Presidentea.
Presidenteordea.
Hiru kide ekoizpen-ustiapenen titularren ordezkari gisa.
Hiru kide enpresa elaboratzaileen, inportatzaileen edota merkaturatzaileen titularren ordezkari gisa.
Kide bat, kontsumitzaileen elkarteen ordezkari.
Kide bat, Nekazaritza ekologikoko Euskadiko Elkarteen Federazioaren ordezkari.
Kontseiluaren bileretara gehienez ere nekazaritza ekologikoaren arloan eskudun den Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren sailaren hiru ordezkari bertaratu ahalko dira, eta beste pertsona bat foru-aldundi bakoitzaren ordezkari gisa. ENEEKen zuzendaria ere bertaratuko da. Horiek guztiek hitz egiteko aukera bai, baina ez dute botorik izango.
Zentsu bakoitzean inskribatutako pertsonek demokratikoki aukeratuko dituzte beraien artean ekoizpenaren, lanketaren, inportazioaren eta merkaturatzearen ordezkari izango diren kideak, hauteskunde-prozesuari buruz erregelamendu honetan zehaztutako arauen arabera.
Kontseiluko kideei dagokie:
Bileren gai-zerrenda erregelamendu honetan finkaturiko aurrerapenarekin jasotzea. Kideek epe berean izango dute eskuragarri gai-zerrendan agertzen diren gaiei buruzko beharrezko informazioa, edota eskuragarri dagoena.
Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.
Botoa emateko eskubideaz baliatzea, beren boto partikularra ematea eta beren botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea.
Galde-eskeak egitea.
Norberari emandako egitekoak betetzeko behar den informazioa lortzea.
Kide izateak berez dakartzan gainerako egiteko guztiak.
Kontsumitzaileen elkarteen ordezkariak elkarte desberdinen arteko akordioaren bidez izendatuko dira.
Kontseiluko presidentea abenduaren 29ko 10/2006 Legean zehaztutakoaren arabera izendatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sail eskudunak, boto-eskubidea duten kideek osatutako Kontseiluaren proposamenez, eta ekoizpen-ustiategietako eta enpresa elaboratzaile, merkaturatzaile eta inportatzaileetako kide hautetsien artetik. Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 8. artikuluan zehaztutako eta erregelamendu honen 18. artikuluan bildutako eginkizunak izango ditu.
Gizarte-interesak ordezkatzen dituzten erakundeek beren kide titularrak ordeztu ditzakete, ENEEKeko idazkaritzan adierazita.
Kontseiluaren osoko bilkura batera joan ezin duten kideak arduratuko dira ordezko kideari deialdia jakinarazteaz eta beharrezko gainerako dokumentazioa emateaz, eta egoera hori ENEEKeko idazkaritzari jakinarazteaz.
Kontseiluko kideek beren artean aukeratuko dute presidenteordea, presidentea aukeratu duten modu berean. Hautaketa horretan, kontuan hartuko da Kontseilua EAEko bi hizkuntza ofizialetan ordezkatzeko beharra; izan ere, ordezkapen hori baldintzatuta egon daiteke, presidenteak bi hizkuntzak menderatzen ez baditu.
Kontseiluko kide hautetsien agintaldia lau urtekoa izango da, kargua berriz hartzeko aukerarekin.
Inskribatutako enpresa bateko zuzendaria izanik, hautatutako kontseiluko kide batek zuzendaritza horri uzten badio, Kontseiluko kargua ere utziko du, nahiz eta sektoreari lotuta jarraitu beste enpresa batean. Honelakoetan ordezkoa izendatuko da hauteskunde-araubidean ezarritakoaren arabera.
Kideek ezin dituzte ordezkaritza-funtzioak beren gain hartu, organoak berak ez badizkie berariaz eman, kasu jakin bakoitzerako, arau baten bidez edo balio osoz hartutako erabaki batez.
Kontseiluko kide izatea doakoa da, eta ez da ezer ordainduko, ezar daitezkeen dietak eta kalte-ordainak salbu.
NEPen araudiak ezarritako nekazaritza-ekoizpen ekologikoari eta nekazaritza- eta elikadura-produktuetako horren adierazleari aplikatzekoa zaion erregimena betetzearen ondoriozko eginkizunez gain, honako eginkizun hauek ditu esleituta Kontseiluak abenduaren 29ko 10/2006 Legean ezarritakoari jarraikiz:
Nekazaritzako eta elikagaigintzako ekoizpen ekologikoa kontrolatzea eta ziurtatzea.
Zehapen-ahalmena egikaritzea, abenduaren 29ko 10/2006 Legean ezarritakoaren arabera.
Nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren arau teknikoen koadroa lantzea eta proposatzea nekazaritza-arloan eskuduna den Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren sailari, baita ENEEKen barne-erregimeneko erregelamendua ere.
Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen eta barne-erregimeneko erregelamendu honen xedapenak aplikatzea, eta beteko direla zaintzea.
Ekoizpen ekologikoko sistemak eta horien bidez lortutako produktuak ezagutaraztea.
Nekazaritzaren arloko eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Sailari ekoizpen ekologikoaren arloko proposamen eta orientabideak proposatzea.
Nekazaritzaren arloko eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Sailari nekazaritzako produktu ekologikoak ekoitzi, landu, biltegiratu, merkaturatu edo beste herrialde batzuetatik inportatzearen inguruan sortzen diren aldaketen berri ematea.
ENEEKen presidente-kargua beteko duen pertsona nor izango den jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean nekazaritzaren arloko eskumenak dituen sailari, izenda ditzan. Horretaz gain, presidenteordetza baliatzeko hautaturiko pertsonari ere jakinaraziko zaio, beharrezkoa denean.
ENEEKen zerbitzupeko langileak hautatzea, kontratatzea, kargutik kentzea edo karguan berrestea, baita zuzendaria ere, eta beste pertsonen berezko zereginak azpikontratatzea.
Urtero zehaztea ENEEKen biltzen diren operadoreei ezarritako kuota edo tasen zenbatekoa, bai eta NEPen araudian aurreikusitako kontrol-gastuen kontribuzioagatik bildu beharreko zenbatekoa ere.
Nekazaritzako eta elikadurako produktu ekologikoak kontsumitzea eta horien berri ematea sustatzea.
Operadoreen erregistroa kudeatzea.
ENEEKen aurrekontuan adierazitako diru-sarrerak eta gastuak kudeatzea.
Aurreko ekitaldiko aurrekontua likidatzea eta ENEEKen urteroko aurrekontua onartzea.
ENEEKeko zuzendari teknikoak egindako kudeaketa ekonomikoa berrestea eta kudeaketa horren jarraibide orokorrak ezartzea.
Aurreko paragrafoetan zehaztutako eginkizunak alde batera utzi gabe, ENEEKen eginkizuna izango da bertako kideei zerbitzua eskaintzea, beren jardunerako behar dituzten lan-aholkuak barne, eta beren interes ekonomiko eta korporatiboak defendatzea. Ongi bereizi behar dira kudeaketako eginkizunak eta nekazaritzako produktu eta elikagaien kontrola eta ziurtapena.
Kontseiluak osokoa eta lan-batzordeak izango ditu jarduteko. Lan-batzordeak aldi batekoak edo mugagabeak izango dira, eta Kontseiluaren osoko bilkuraren esku utzi beharko dituzte ateratako ondorioak, edo bere funtzionamenduaren berri eman beharko dio organo berari. Batzorde horiek sortzeko akordioetan, zehazki zein eginkizun zehatz izango dituzten zehaztu beharko da.
Kontseiluak ohiko bilkura egingo du gutxienez hiru hilabetetik behin, presidenteak deituta. Era berean, ohiz kanpo bildu ahalko da presidenteak modu horretan deitzen duenean, edo Batzordearen gutxienez heren batek eskatzen duenean.
Balio osoz eratzeko, presidentea edo presidenteordea bertan egon beharko da, bai eta gutxienez kideen erdia ere.
Deialdia presidenteak edo hark eskuordetutakoak egingo du. Ohiko osoko bilkuratan, ahaleginak egingo dira data aurreko osoko bilkuran jartzeko, eta hurrengo bilkurarako erabakitako data, ordua eta tokia aktan jasoko dira. Kasu horretan, nahikoa izango da bilkurako gai-zerrenda gutxienez bost egun lehenago bidaltzea. Ohiz kanpoko edo aurretik finkatu gabeko deialdien kasuan, egiaztatu beharko da gutxienez 48 ordu lehenago eman zaiela deialdiaren berri deitutakoei. Ezingo da deialdi-aginduan ez dagoen gairik tratatu, salbu eta gaia presazkotzat jo bada, bertan dauden Kontseiluko kide guztien hiru laurdenen aldeko botoarekin.
Erabakiak bertaratutako botoen gehiengoarekin hartuko dira. Botoetan hainbana gertatuz gero, presidenteak ebatziko du bere kalitatezko botoaz.
Ez da onartuko botoa eskuordetzea.
Kideek boto partikularra eman dezakete idatziz, gehiengoaren erabakiarekin bat ez badatoz; hori egiteko berrogeita zortzi ordu izango dituzte, eta onartutako testuan jasoko da.
Zuzendariak egingo ditu Kontseiluko idazkari-lanak; horrenbestez, bilkura bakoitzeko akta egingo du, eta hartan zehaztuko ditu bilkuraren gai-zerrenda, ordua eta tokia, eta hartutako erabakien edukia; halaber, Kontseiluak hartutako erabakiak betetzen diren jakiteko jarraipena egingo du.
Organoko kideren batek eskatzen badu, aktan jasoko da erabakiaren aurka emandako botoa, abstentzioa eta bataren zein bestearen arrazoiak edo erabakiaren alde eman duen botoaren esanahia. Era berean, edozein kidek eskubidea du bere txandaren edo proposamenaren transkripzio osoa eskatzeko, betiere ekitaldian bertan ekartzen badu, edo presidenteak adierazitako epean, bere txandari fidelki dagokion testua, eta horrela jasoko da aktan edo kopia erantsiko zaio.
Organoko kideek aurkako botoa ematen edo abstentzioa egiten badute, ez dute beren gain hartuko erabakietatik erator daitekeen erantzukizunik.
Bileratik zenbatzen hasi eta hamar egun balioduneko epean igorriko zaie akta bakoitza Batzordearen Osoko Bilkurara bertaratzen diren kide guztiei, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta foru-aldundien ordezkariak eta ezin etorria adierazi duten deitutakoak barne.
Aktak hurrengo bilkuran onartuko dira. Edonola ere, Idazkariak erabakiei buruzko ziurtagiria egin dezake, aurrerago akta onartzearen kalterik gabe. Akta onartu aurretik egiten diren ziurtagirietan, berariaz adierazi behar da akta onartu aurretik eginak direla.
Interes legitimo baten titulartasuna egiaztatzen dutenek zuzendariarengana jo dezakete, erabakien ziurtagiria eskuratzeko.
Presidenteak abenduaren 29ko 10/2006 Legeak egozten dizkion eginkizunak izango ditu; hauek dira:
ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua ordezkatzea.
Deialdia egitea, eta Kontseiluaren bilkurak eta eztabaidak zuzentzea.
Berdinketa izanez gero, kalitatezko botoa ematea.
Zehapen-espedienteak ireki eta ebaztea abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 15. artikuluan xedaturikoaren arabera.
Operadoreek erregistroetan izena ematea eskatuz gero, baiezkoa edo ezezkoa ematea erabakitzea.
Agintzen dizkioten eginkizun guztiak.
Presidenteak termino hauetan eskuordetu ahalko dizkio eginkizunak presidenteordeari:
Eskuordetzea idazki bidez jaso beharko da, eta, horrekin batera, denboraldia eta delegazioa eragiten duten zirkunstantziak, eserleku hutsa, absentzia, gaixotasuna edo bateraezintasuna.
Pertsona horrek egikaritzen dituen eginkizun guztietan jaso beharko da zirkunstantzia hori.
Eskuordetzea edozein unetan ezeztatu ahalko da.
Presidentziaren eginkizun guztiak eskuordetu ahalko dira, salbu eta erregistroko izen-emateari edo deskalifikazioari buruzko ebazpena, zehapen-espedienteen ebazpena eta Osoko Bilkuraren bozketetako kalitate-botoaren egikaritzapena.
Baldin eta izena emateko, zabaltzeko eta/edo berritzeko espedienteen edo zehapen-espedienteen ebazpenen bat presidenteari edo harekin familiako, laneko edo bestelako harremanen bat duen norbaiti badagokio, presidenteak ezingo du espediente horien ebazpena eman, eta zeregin hori presidenteordeari eskuordetu beharko dio. Erabaki hori zuzendariak hartuko du, bateraezintasunak dauden ala ez erabakiko baitu.
Zuzendaria Kontseiluak izendatuko du, eta ondorengo eginkizunak izango ditu:
ENEEKek ematen dituen zerbitzuen antolamendua Kontseiluak ezartzen dituen norabideen arabera.
ENEEKen beren zerbitzuak ematen dituzten langileen zuzendaritza eta koordinazioa.
Kontrol- eta ziurtapen-lanen koordinazioa eta segimendua.
ENEEKen kudeaketa ekonomikoa, aurrekontu-aurreproiektuak eta jarduera-memoria landuta Kontseiluari aurkezteko onar ditzan.
ENEEKen baitako lan tekniko, burokratiko eta barne-erregimenekoak zuzendu eta aurrera eramatea: langileen arlokoak, ondarearen arlokoak eta baliabide material eta finantzarioei buruzkoak.
Kontseiluaren idazkari izatea; horretarako, ondorengo eginkizunak izango ditu:
Kontseiluaren lanak prestatzea eta erabakien betearazpena izapidetzea.
Presidenteak agindutako deialdiak bideratzea, bileretara bertaratzea, aktak jasotzea eta harturiko erabakien ziurtagiriak ematea presidentearen ontzat emanarekin.
Zehapen-espedienteak izapidetzea abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 15. artikuluan finkaturikoaren arabera.
Presidenteak agindu ahalko dizkion guztiak.
ENEEKeko presidenteak ematen dizkion eginkizun guztiak.
10/2006 Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, Ziurtapen Batzorde bat izango du ENEEKek. Inpartzialtasuna eta ziurtapenari buruzko konfiantza babesteko mekanismoa izango da. Kalitate-sisteman, eskuliburu batean jasotzen dira batzorde horren osaera, ardurak eta barne-funtzionamendua.
Bermatzen da ziurtapenean nabarmenki interesa duten alderdien ordezkaritza orekatua izango dela eta eginkizun guztiak bete ahal izateko beharrezko informazio guztia eskuragarri egongo dela.
Kontseiluak batzorde honen aholkuak kontuan izango ez balitu, independenteki jokatzeko eskubidea izango luke (adibidez, nekazaritza ekologikoan eskumena duten agintariei jakinarazteko), konfidentzialtasun baldintzak betez gero.
ENEEK bi lan-eremu handitan banatzen da: batetik, Kontrola eta Ziurtapena, eta, bestetik, Komunikazioa, zuzendariaren zuzendaritza eta koordinazio pean.
Kontrol- eta ziurtapen-eremuak araudia betetzen den edo ez ebaluatzen adituak diren teknikariak izango ditu, kontrolatu beharreko errolda eta jarduera guztietarako. Egin beharreko prestakuntza eta ebaluazio-lanak ziurtapen-prozeduran jasotzen dira, eta gutxienez zeregin hauek jasotzen dituzte: eskaerei erantzutea, tokian tokiko bisitak egitea eta laginak jasotzea.
Horrez gain, arlo horretatik, erregistroaren mantentze-lanak egingo dira, eta laguntza emango zaio Kontseiluak sorturiko lan-batzorde teknikoari ekoizpen ekologikoko araudia aztertu eta garatzeko, eta idazkaritza teknikoko lanak egingo ditu batzorde horretarako.
Komunikazio-eremuak teknikari arduradunak izango ditu webguneko edukiak eta gainerako gidak eta argitalpenak mantentzeko-lanekin lotutako zereginetarako, sustapen- eta hedapen-jarduerak kudeatzeko eta baliabide materialak administratzeko eta kudeatzeko agindutako beste eginkizun batzuetarako.
Eremu horretan Kontseiluak onartutako lan-batzorde baten laguntza izango dute promozio-jardueren jarraipenerako; batzorde horretan nekazaritzako ekoizpen ekologikoan interesa duten elkarteek parte hartuko dute.
ENEEKi zerbitzuak eman behar dizkien langileak aukeratzeko behar besteko publikotasuna bermatzen duen deialdia egin beharko da; halaber, deialdian Kontseiluak ezarritako parte-hartzeko baldintzak eta baloratuko diren merituak zehaztuko dira. Kontseiluak hainbat kidek eta zuzendariak osatutako batzordea osa dezake prozesu hori abiarazteko.
Hona hemen ENEEKen organigrama:
(Ikus .PDF)
Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, nekazaritza eta elikadurako ekoizpenaren kalitatearen defentsaren arloan indarrean dagoen legerian tipifikatuta dauden nekazaritza-ekoizpen ekologikoko araudiaren arau-hausteak legeria horretan aurreikusirikoaren arabera zehatuko dira. Zehazki, abenduaren 22ko 6/2003 Legean ezarritakoa, (Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzkoa); ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuan ezarritakoa (Kontsumitzailearen defentsaren eta nekazaritza eta elikagaien arloko arau-hauste eta zehapenak arautzen ditu); eta abenduaren 23ko 17/2008 Legean ezarritakoa (Elikadura Politikari buruzkoa). Era berean, aurreko horiek osatu edo aldatzen dituen beste edozein xedapen ere bete beharrekoa izango da.
Maiatzaren 7ko 5/2004 Legearen ezarpen-eremuaren baitan sartzen diren produktu ekologikoei dagokienez (Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzen ditu), lege horretan bertan eta uztailaren 10eko 24/2003 Legean (Mahasti eta Ardoei buruzkoa) aipatzen diren arau-hauste eta zehapenak ezarriko dira.
Operadoreek ENEEKekin duten loturaren ondoriozko arau-hausteak eta ezarritako zehapenak barne-erregelamendu honetan tipifikatuta daude.
Ez dira barne hartzen osasunaren eta kontsumitzailearen babesaren arloan egindako arau-hausteak, horiek zigortzea eta zehatzea Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuen eskumenari baitagokio.
Zehapen-prozeduran, ondorengo legeek esaten dutena beteko da: abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 15. artikuluak dioena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak IX. tituluan dioena (baina urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak egindako aldaketen arabera), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen Zehapen Eskumenei buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legeak dioena.
Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 2. zenbakiaren 15. artikuluak esleituriko eskumenei jarraikiz, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua da organo eskuduna aurreko artikuluan aurreikusiriko arau-hausteengatiko zehapen-prozedura irekitzeko eta ebazteko organo eskuduna. Zehapen-prozedura bideratzeko eskumena Kontseiluaren idazkariari dagokio. Espediente horiek presidenteak irekiko eta ebatziko ditu.
Aurreko artikuluaren 21.1 eta 21.2 zenbakietan aurreikusitako arau-hausteengatiko irekitako zehapen-prozeduren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio nekazaritza-arloan eskuduna den Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren dagokion sailari, administrazio-prozeduraren arauetan ezartzen diren epean eta eskakizunekin. Aurreko artikuluaren 21.3 zenbakian aurreikusiriko arau-hausteengatik irekitako zehapen-prozeduren ebazpenaren aurka barne-erregimeneko erregelamendu honetan xedaturikoak aginduko du.
Zehapen-prozeduraren ebazpenaren aurka helegitea aurkezteak ez du eraginik izango ziurtagiria kentzeko erabakian.
Burututako arau-hausteak soilik izango dira zehagarri; horrenbestez, ez dira zehatuko ez arauak hausteko konspirazioa, ez proposamena, ez eta probokazioa ere.
Zehapen-prozedurak modu hauetan abiaraziko dira: idazkariaren ekimenez edo alderdi interesdunak eskatuta, beste administrazio-organo batzuk arrazoiturik eskatu ondoren, edo salaketa baten ondorioz. Zehapen-prozeduran, salaketak ez du berez interesdun bihurtzen salaketa-egilea. Salaketa-egileak, legitimaziorik izan ezean, modu honetan soilik parte hartuko du prozeduran: eskubidea izango du organo eskudunaren ahotik jakiteko prozedura hasi den ala ez, eta haren amaierako ebazpenaren berri izateko.
NEPen araudiak nekazaritzako ekoizpen ekologikorako ezarritako metodoan aldaketa dakarten ez-betetzeak ENEEKekiko loturaren ondoriozko arau-hauste administratibotzat jotzen dira.
Ez dira arau-haustetzat joko nekazaritzako ekoizpen ekologikoko metodoan aldaketarik ez dakarten jarduketa edo omisio administratiboen ondoriozko ez-betetze arinak.
Arau-hauste administratiboak larriak eta oso larriak izan daitezke.
Arau-hauste larriek ziurtapena denbora batez etetea dakarte. Jardueran, instalazioetan edo ekoizpen- eta lanketa-prozesuetan eska daitekeen kontrola edo neurriak ez izatearen ondoriozkoak dira. Halaber, arau-hauste larritzat joko da urtebetean hiru arau-hauste arin egitea.
Etenaldian, titularrak erregistroan duen antzinatasuna mantenduko du, eta ez du izena emateko eskaera berriz egin beharko. Denbora baterako etenaldiak ez du aldi horretako kuota ordaintzetik salbuesten.
Arau-hauste oso larriek ziurtapena kentzea eta babestutako adierazleak erabiltzeari uztea dakarte. Gaitzustez egin direla irizten den eta/edo babestutako produktuen irudia eta/edo kontsumitzailea kaltetu duten falten ondorio dira. Halaber, arau-hauste oso larritzat joko da urtebetean hiru arau-hauste larri egitea.
Arau-hauste oso larriek zehapen hauek izango dituzte.
Oso larritzat kalifikaturiko arau-hausteak adierazlea erabiltzeko eskubidea guztiz kentzearekin zehatuko da, eta erregistroan baja erabat ematearekin urte batetik bost urtera bitarteko aldirako.
Arau-hausteak arau-hauslearentzat mozkin ekonomikoa dakarrenean, isuna aplikatuko da lorturiko mozkin guztirako. Isunaren zenbatekoan, hala badagokio, erasandako merkantzia edo produktua konfiskatzearen ondoriozko gastuak sartuko dira.
Zehapen ekonomikoak ezartzearen ondoriozko diru-sarrerak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira, eta ENEEK finantzatzera bideratuko dira, abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 13.d) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Erregelamendu honek arauturiko hauteskundeei dagokienez, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:
Ekoizpen-errolda, operadore ekologikoen erregistroan ekoizpen-unitateen titularren atalean izena eman dutenek osatua, Erregelamendu honen 8.3.a) artikuluan jasotzen denaren arabera, bai eta titularkideak ere.
Elaborazioaren, hirugarren herrialdetiko inportazioaren edota merkaturatzearen errolda, erregelamendu honetako 8.3 artikuluaren b), c) eta d) letretan aipaturiko erregistroaren ataletan izena emandako pertsonek osaturikoa.
Bi erroldek, hala badagokie, enpresen titularkideak barne hartuko dituzte, baldin eta erregistroan behar bezala inskribatuta badaude.
Errolda bakoitzeko kideen hautaketan, hauek hartuko dira hautesletzat: pertsona fisikoak, adinez nagusi badira; eta pertsona juridikoak, operadoreen erregistroko dagokien atalean behar bezala inskribatuta badaude beren jardueraren arabera, eta Erregelamendu honetan zehaztutako betebeharrak betetzen badituzte.
Pertsona juridikoen kasuan, hautesletzat hartuko da horien legezko ordezkaria; horretarako, egoera hori ahalordetze-eskrituraren edo zuzenbidean onargarri den beste edozein froga bidez egiaztatu beharko du.
Hainbat jarduera egiten dituztelako erregistroaren atal batean baino gehiagotan izena emandako operadoreek dagokien errolda bakoitzean eman ahalko dute botoa.
Boto-eskubidea egikaritzeko hauteskunde-legeria orokorrak bilduriko eskakizunak ere bete beharko dira.
Kontseiluko kidetzat hautatu ahalko dira aurreko artikuluak ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoak nahiz juridikoak.
Ezin hautatu ahalko dituzte honako zirkunstantzia hauetakoren batean bilduriko pertsona fisiko edo juridikoak:
Erregelamendu honetan eskaturiko hautagai-eskakizunak ez biltzea.
Ezarritako zehapena bete gabe Kontseiluak zehatuta egotea.
ENEEKekiko betebehar ekonomikoak eguneratuta ez izatea.
Hauteskunde-erregimen orokorra arautzen duen legeriak ezarritako hautatua izatea eragozten duen kausaren batean egotea.
Aurreko ataleko baldintzak pertsona juridikoen ordezkariari ere eskatuko zaizkio eta, halaber, Kontseiluko kide-egoera edo hautaketaren ondoriozko beste edozein kargu mantentzeko eskatu ahalko dira.
Boto-eskubidea duten hautesleak zenbat eta nor diren zehazteko, ENEEKek errolda zehatza egingo du, inskribatutako operadoreen erregistroan oinarrituta. Hauteskunde-errolda ixteari dagokionez, hauteskundeen deialdiaren aurretik presidenteak sinaturiko ebazpen bidez onarturiko azken kideraino hartuko dira hautesletzat eta hautagarritzat.
Aurreko atalaren ondorioetarako, ekoizpen-errolda lurralde historiko bakoitzeko azpi-errolda batean banatzen da.
Errolda egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sail eskudunari emango zaio.
Errolda jendaurrean jarriko da ENEEKen egoitzan eta webgunean (www.eneek.eus), hauteskunde-batzordea eratzen denetik bost egun balioduneko epean, eta hamabost egunez. Epealdi horretan, egokitzat jotzen diren alegazioak eta zuzenketak aurkeztu ahalko zaizkio hauteskunde-batzordeari. Epe hori agortu ondoren, hauteskunde-batzordeak gehienez bi egun balioduneko epean ebatziko ditu aurkeztutako erreklamazioak.
Egokitzat jotako alegazioak txertatu ondoren, hauteskunde-batzordeak behin betiko errolda onartuko du.
Kontseiluaren presidenteari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail eskudunarekin adostuta, hauteskundeen data zehaztea.
Hauteskunde-deialdiaren 30 egun ondoren, egutegiko 10 eguneko epea zabalduko du Hauteskunde Batzordeak hautagaiak aurkezteko.
Errolda bakoitzerako hautagaitzak banakakoak dira bozketaren eta zenbaketaren ondorioetarako, nahiz eta aurkezpenerako eta hauteskunde-kanpainarako zerrendatan elkartu daitezkeen. Hautagai bakoitzak dagokion erroldan izena emandako pertsonen arteko gutxienez bost sinadurak abalatuta aurkeztu beharko du bere kandidatura, salbu eta legez eraturiko nekazaritza-erakunde batek edo nekazaritza ekologiko elkarte batek abalatuta badago. Proposatutako elkarteak ez baditu bost kide baino gehiago dagokion erroldan, hautagaiak eskatutako sinadura kopurua osatu beharko du.
Hautagaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
ENEEKeko kide izatea; horretarako behar bezala izena emanda egon behar dute erregistroaren dagokion atalean (dela titular gisa, dela titularkide gisa). Pertsona juridikoen legezko ordezkariek hautagai den enpresarekin duten lotura frogatu beharko dute.
Dagokion erroldarako aurkeztea, hau da, ekoizpenaren erroldarako edo elaborazio, inportazio edo merkaturatzearenerako. Hautagai batek ezingo du izena emandakoaz bestelako errolda batean aurkeztu. Erregistroko hainbat ataletan izena eman badu eta bi erroldetan badago, horietako batean soilik aurkeztu ahalko da. Titularkide bat baino gehiago dituzten enpresen kasuan, horietako bakarra aurkeztu daiteke hautagaitzara, baldin eta behar bezala inskribatuta badago.
Zehatza eta ez nahasteko moduan jaso behar ditu izena, abizenak eta indarren dagoen NANa, baita helbidea eta jakinarazpenetarako beste harreman-bitarteko batzuk ere.
Hautagai titularren baldintza berberak betetzen dituen ordezko hautagai bat aurkeztea. Inola ere ezingo da izan enpresa bereko beste titularkide bat.
Artikulu honetako 1. zenbakiak ezarritako epea amaitu ondoren, hauteskunde-batzordeak onartutako hautagaiak nor diren adieraziko du, hiru egun baliodunen epean. Epealdi horretan, ikusi diren eta zuzendu daitezkeen irregulartasun, akats eta hutsune guztiak jakinaraziko zaizkie hautagaiei, zuzendu ditzaten.
Hautagaitza bakarra izendatu bada, ez da bozketarik egingo dagokion erroldarako.
Erroldaren baterako behar adina hautagai aurkeztu ez badira, bete gabeko plazak gero osatuko dira, boto gehien lortu dituzten hautagaien ordezkoekin.
Hautagaiak izendatu ondoren, bi egun balioduneko beste epe bat zabalduko da erabakia errekurritzeko. Errekurtsoa hauteskunde-batzordeari aurkeztu beharko zaio, eta organo horrek gehienez bi egun baliodunen epean ebatzi beharko du.
Errolda bakoitzeko Kontseiluko kideen zuzeneko hautaketan, hautesle bakoitzak inskribatuta dagoen erroldako hautagai titularrei (nork bere ordezkoa duela) botoa eman ahalko die.
Ekoizleen erroldan, hautesle bakoitzak dagokion lurralde historikoko azpi-erroldako bi hautagairi eman ahalko die botoa gehienez ere.
Elaboratzaileen erroldan, hautesle bakoitzak dagokion lurralde historikoko azpi-erroldako lau hautagairi eman ahalko die botoa gehienez ere.
Errolda bakoitzean, Kontseiluko kide hautetsien izendapena modu honetan egingo da:
Ekoizleen errolda: azpi-errolda edo lurralde historiko bakoitzeko gehien bozkatutako hiru hautagaiak eta hiru azpi-errolda edo lurralde historikoetako edozeinetan boto gehien dituen hurrengo hautagaia izendatuko dira.
Elaboratzaileen errolda: boto kopuru handiena duten hautagaiak izendatuko dira, erroldako lau kide hautetsiak osatu arte.
Hainbat titular erroldatuta dituzten enpresen kasuan, horietako batek soilik eman ahalko du botoa, eta bozkatzen lehena izango da.
Hautagaiak izendatu ondoren, hauteskunde-batzordeak zehaztuko du zein modutakoak izan behar duten eta zer baldintza bete behar dituzten hauteskunde-kanpainan zehar gauzatuko sustapen-ekintzek. Hauteskunde kanpaina ezingo da hamar egun natural baino gehiago luzatu.
Hauteskunde-batzordeak eredu ofiziala egingo du hauteskundeko boto-paper eta gutun-azaletarako, eta egiaztatuko du hautagaiek egindakoak eredu horrekin bat datozela.
Hauteskunde-prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatzeko, hauek osatuko dute hauteskunde-administrazioa:
Hauteskundeen deialdiaren 3 egun ondoren eratuko den Hauteskunde Batzorde bakar batek ENEEKen instalazioetan izango du egoitza eta honako hauek osatuko dute:
Presidentea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sail eskuduneko titularrak izendatuko du.
Presidenteordea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sail eskuduneko titularrak izendatuko du.
Kideak:
(1) Aholkulari juridiko bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sail eskuduneko titularrak hautaturikoa, eta idazkari-eginkizunak egikarituko ditu.
(1) Ordezkari bat, sindikatu-arloko nekazaritza-erakunde profesional bakoitzak izendatutakoa.
(3) Ordezkariak, bakoitza foru-aldundi bakoitzak izendaturikoa.
(1) Kontseiluaren gerentziaren eginkizunak egikaritzen dituen pertsona.
Hauteskunde-mahai bat lurralde historiko bakoitzeko, Kontseiluak erabakitako lekuan eratuko dena. Presidente batek eta kide batek osatuko du, eta kargu horiek Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzako funtzionario batek eta ENEEKeko langile batek beteko dituzte, hurrenez hurren. Mahaian bi hautetsontzi egongo dira, berritu beharreko errolda bakoitzeko bana.
Eginkizun hauek izango ditu:
Hautagaiak jasotzea eta izendatzea.
Bozketen behin betiko zenbaketa egitea.
Hautetsien izendapena egitea.
Behin betiko errolda onartzea.
Hauteskunde-prozesua erregulatzeko beharrezko araudia proposatzea erregelamendu honek aurreikusten ez duen guztirako, eta ager daitezkeen interpretazio-arazoak konpontzea.
Hauteskunde-prozesua hobeto bideratzeko beharrezkoa den beste edozein.
Idazkariak bilkura guztien akta egingo du, eta, onartu ondoren, kideei banatuko die. Era berean, hauteskundeen behin betiko emaitzen akta jasoko du.
ENEEKen egoitzan edo Kontseiluak onartutako beste edozein tokitan egingo da. Inola ere ez da onartuko botoa eskuordetzea, behar bezala erroldatutako titularkideen artean salbu.
Bozketa egun bakar batean egingo da, 9:30etik 17:00etara.
Hautagai bakoitzak kontu-hartzaile bat hautatu ahalko du, eta horretarako, bozketa baino 10 egun lehenago izendapen idazki bidez igorri ahalko dio Hauteskunde Batzordeari, eta bertan jasoko dira hautagaiaren eta kontu-hartzailearen izenak, abizenak eta NANak.
Bozketa baino bost egun lehenago, hauteskunde-batzordeak kontu-hartzailearen akreditazioaren ziurtagiria aurkeztuko du; hiru ale banatuko ditu: bat hautagaiari, bestea kontu-hartzaileari eta hirugarrena hauteskunde-mahaiari.
Kontu-hartzaileek mahaiko presidenteari egiaztatuko diote egoera hori, hauteskunde-batzordeak egindako ziurtagiriaren bidez, eta, mahaia eratzen denean, bertara batuko dira.
Mahaia eratu ondoren, ez da onartuko beste inor batzerik; nolanahi ere, kontu-hartzailea berandu heltzen bada, boto-eskubidea izango du, baina ezingo du kontu-hartzaile funtzioa bete.
Hauteskunde-mahaia 9etan eratuko da, eta bozkatzeko epea 09:30ean irekiko da; hautesleak hauteskunde-mahaira joango dira, eta, nork bere nortasuna behar bezala adierazi ondoren, boto-papera duen gutun-azala emango diote mahaiko presidenteari. Orduan, presidenteak gutun-azala hautetsontzian sartuko du.
Zenbaketa prozedura honen bitartez burutuko da:
Bozketaldia amaitutakoan, hautestontzia irekiko da, eta bozketako gutun-azalak atera eta irekiko dira, edukia ozenki irakurriko da, txartela kontu-hartzaileei erakutsiko zaie eta hautagai bakoitzari dagokion botoa idatziko da.
Txartelen irakurketa amaitutakoan eta zenbaketa egindakoan, mahaiko idazkariak zenbaketaren eta bi erroldetan lorturiko emaitzaren akta egingo du, eta hautagai bakoitzak loturiko boto kopurua, boto baliogabeak eta boto zuriak jasoko ditu, baita bozketan izandako eta kontu-hartzaileek jaso nahi dituzten gorabehera guztiak ere.
Mahaiko kideek sinatuko dute akta, eta kontu-hartzaileek ere bai, eta ziurtaturiko kopia bat emango zaie.
Zenbaketa-akta gutun-azal batean sartuko da, mahaiaren eraketa-aktarekin batera, eta mahaiko kideek sinatuko dute, sinadurak ondoren ireki beharreko gutun-azalaren aldean gurutzaturik, eta Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, zenbaturiko botoen behin betiko prozedurari ekin diezaion.
Hauteskunde-batzordeak hiru hauteskunde-mahaietako akta jaso ondoren, behin betiko zenbaketa hasiko du, eta errolda bakoitzean boto-kopuru handiena lortu duten hautagaiak izendatuko ditu, bai eta izendatutako hautagaien boto-paperetan agertzen diren ordezkoak ere.
Bi hautagai edo gehiagoren artean berdinketa egonez gero, erregistroan antzinatasun handiena duena gailenduko da.
Boto-paperik ez duten edo boto-paperean hautagairik adierazten ez duten gutun-azalak boto zuri modura zenbatuko dira.
Boto balioduntzat hartuko dira:
Sektore bereko hautagai berei bozka ematen dieten bi txartel edo gehiago biltzen dituzten gutun-azalei dagozkienak. Zenbaketari dagokionez, boto bakartzat zenbatuko da.
Gurutze batekin markatuta, inguratuta, azpimarratuta edo iraingarria edo laidogarria ez den inskripzio edo adierazpenen batekin agertzen diren zerrendako izen bat edo gehiago biltzen dituzten gutun-azalei dagozkienak, betiere gehikuntza horiek hautagaien izenak irakurtzea eragozten ez badute.
Boto baliogabetzat hartuko dira:
Izen marratuak edo ezabatuak biltzen dituzten gutun-azalei dagozkienak, edo inskripzio iraingarriak edo laidogarriak biltzen dituztenak.
Hautagai desberdinei edo erroldatakoei botoa ematen dieten bi txartel edo gehiago dituzten gutun-azalei dagozkienak.
Hauteskunde Batzordeak onarturiko ereduari ez dagozkien txartelei emandakoak.
Hautetsien izendapen-ekitaldia eta geroko hiru egun baliodunen barruan errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio hauteskunde-batzordeari.
Izendatutako eta ez izendatutako hautagaiek jar dezakete errekurtso hori.
Hauteskunde-batzordearen ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sail eskuduneko sailburuari errekurritu ahalko zaio, gora jotzeko errekurtso bidez.
Kontseilua hauteskundeak egin eta 20 egunera osatuko da, salbu eta hautetsien izendapenaren aurkako errekurtsoa jarri denean; kasu horretan, hauteskundeak egin eta 40 egunera osatuko da.
Erregelamendu honetan ezarritako hauteskunde-araubideak aurreikusten ez duen guztian, hauteskunde-araubide orokorreko indarreko araudi erregulatzailea aplikatuko da.
ENEEKen ondarea edozein titulu dela eta berari dagozkion ondasun eta eskubideek osatzen dute, eta edozein ondasun mota eskuratu eta sal dezake. ENEEKen hasierako ondarea zero eurokoa da.
ENEEKek, bere jarduerak aurrera eramateko, diru-baliabide hauek aurreikusten ditu:
Kontribuziotik datozen diru-sarretatik, izena eman duten operadoreetatik, eta NEPen araudian aurreikusiriko kontrol-gastuetatik bilduriko kopurua, eta kontrol-gastu horiek izaera publikoko ondare-prestaziotzat hartuko dira.
ENEEKen biltzen diren operadoreek ordainduriko kuota edo tasen zenbatekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura urtero ezartzen diren aurrekontu-esleipenak, baita administrazio publikoek erakundearen alde ematen dituzten beste diru-laguntza batzuk ere.
Zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko diren zehapenak kobratzearen zenbatekoak, zuzenbide publikoko gainerako diru-sarreren erregimen beraren pean.
Dohaintzak, legatuak, laguntzak eta legokiokeen beste edozein baliabide.
ENEEKi edo ENEEKek ordezkatzen dituen interesei eragindako kalteengatik kalte-ordain gisa jasotako kopuruen zenbatekoa.
Ondarearen errentak eta produktuak.
Edozein titulu dela eta berari dagozkion gainontzeko baliabide guztiak.
Artikulu honen a eta b letretan xedatutakoa betetzeko, ENEEKek kuoten eta kontrol- eta ziurtapen-tarifen indarreko dokumentu bat izango du, eta interesdun guztientzat eskuragarri egongo da, baita ENEEKen webgunean argitaratuta ere.
Jarduera ekonomikoak gauzatuz (zerbitzuak ematea barne) ENEEKek lortzen dituen irabaziak bere helburuak betetzeko baino ez dira erabiliko. Inola ere ezingo dira operadoreen edo Kontseiluko kideen artean banatu, ez eta haien senideen artean ere. Ezingo zaizkie, halaber, irabazteko asmoa duten pertsona juridiko edo fisikoei doan laga.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Indargabetutakoa: AGINDUA, 2023ko maiatzaren 31koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren barne-araubideko erregelamendu berria argitaratzeko agintzen duena.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2009ko abenduaren 17koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren barne erregimeneko erregelamendua argitaratzea agintzen duena.