Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2014ko ekainaren 4koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinen bidez onartzen baita hasieran Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduaren gidalerroak aldatzea, bizitegi-kuantifikazioari dagokionez.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 122
  • Hurrenkera-zk.: 2906
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/06/04
  • Argitaratze-data: 2014/06/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2010eko urriaren 26ko bileran, erabakia hartu zuen, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduaren gidalerroak otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onartuak aldatzeko prozedura hasteko (aurrerantzean LAG), eta, bestetik, irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren ondorioetarako, aldaketaren izaera ez-funtsezkoa deklaratzeko.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko otsailaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen hasieran LAGen aldaketa horien azterketa berriz egitearen ondorioz eta agiri horien entzunaldia egiteko eta jendaurrean jartzeko izapideak egitea, betiere, lehen aipatutako 206/2003 Dekretuan aurreikusitako prozedurari jarraikiz, eta Eusko Jaurlaritzako eta gainerako administrazioetako gainerako sailen informazioa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak emandako txostenak eta bildu gero. Izapide horietan, 287 alegazio aurkeztu ziren.

Alegazio horien edukia ikusirik, 2014ko martxoaren 4ko Jaurlaritzaren Kontseiluaren bidez erabaki zen bi erritmo ezartzea JATak aldatzeko prozesuan: batetik, bizitegi-kuantifikazioari buruzko arloa, lurraldearen antolamenduan duen garrantzia eta transzendentziarengatik, berariazko garapen aurreratua hartu duena, eta, bestalde, gainerako aldaketa-agiriak, zeinentzat egoki iritzi baita haien izapidetzea ez jarraitzea, LAGen berrikusketa-prozesuari ekin nahi baitzaio.

Honela, lehen aipatu 2014ko martxoaren 4ko Jaurlaritzaren Kontseiluan erabaki zen izapidetzen jarraitzea Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduaren gidalerroen aldaketa ez-funtsezkoen agiriak, bizitegi-kuantifikazioari dagokionez.

Beraz, LAGak aldatzeko prozedurarekin jarraituko da, baina bizitegi-kuantifikazioari dagokionez soilik, zeinetarako prestatu baita agiri berri bat. Agiri horri, irailaren 9ko 206/2003 Dekretuan ezarritako izapideei jarraituz, Lurralde Politikako Aholku Batzordeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak txostena egin diote, 2014ko maiatzaren 21ean egindako bilera banatan. Organo horiek aldeko iritzia eman eta gero, agiriari hasierako onarpena eman zaio.

Gainera, lurralde-jasangarritasunaren ildoan planteatzen da, udal-planeamenduaren bizitegi-gaitasunerako emaitza mugatuagoak dakartzan heinean berarekin, dinamika berriekin bat egiten duen ildoan.

Halaber, betiere gobernantza onaren markoan eta bizitegi-kuantifikazioarekin zerikusia duen gaiaren garrantzia ikusirik, uste da egokia dela informazio publikoko eta kontsultako fase berri bat ematea beste administrazioei, gobernuak arlo honetan duen gardentasunaren alde egitearen mesedetan, eta parte-hartzearen bidez arau-testua aberastearen mesedetan.

Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, 2014ko maiatzaren 5eko Ebazpenaren bidez, erabaki zuen ez egitea ingurumenaren ebaluazio estrategikoa lurralde-antolamenduaren gidalerroen aldaketari, bizitegi-kuantifikazioari dagokionez. Izan ere, zuzendaritza horrek uste du LAGen aldaketaren ezaugarriak eta espero litezkeen eraginen neurria ikusirik, eta kontsultak izapidetzean jasotako erantzunen edukia ikusirik, aldaketa horrek ingurumenaren gaineko izan litzakeen eragin posibleak ez direla esanguratsuak.

Hori dela eta, aipatutako aurrekariak ikusita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10. artikuluan eta irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 3.5 artikuluan jasotako eskumena baliatuz, honako hau

Lehenengoa. Onartzea hasieran Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduaren gidalerroak aldatzea, bizitegi-kuantifikazioari dagokionez.

Bigarrena. Aldaketaren agiria jendaurrean jartzea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik 2014ko irailaren 30era arte, partikularrek eta elkarte interesdunek egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten.

Epe horretan, aldaketa-agiri hori ikusgai eta aztergai egongo da www.ingurumena.net web-orrian, Irekia komunikazio-kanalean www.irekia.euskadi.net eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzan:

Eusko Jaurlaritza.

Ingurumen eta Lurralde Politikako Saila

Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritza

Donostia kalea 1, 2. solairua

01010 Vitoria-Gasteiz

Hirugarrena. Jendaurreko epearekin batera, entzunaldirako epea ere irekitzen da interesa duen Lurraldeko Administrazio Publiko ororentzat, egoki iritzitako alegazioak, oharrak eta iradokizunak aurkeztu ahal ditzaten; epe hori agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik 2014ko irailaren 30erakoa izango da.

Erabaki honi ezin zaio errekurtsoa aurkeztu, izan ere izapide-egintza bat da Lurralde-antolamenduaren gidalerroak aldatzea behin betiko onartzeko prozeduraren barnean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 4a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.