Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2014ko ekainaren 3koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 109
  • Hurrenkera-zk.: 2542
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/06/03
  • Argitaratze-data: 2014/06/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Justizia

Testu legala

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 10.14 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du espetxeetako antolaketan, araubidean eta funtzionamenduan eta gizarteratze alorrean ere. Espetxe-legeria betearaztea ere bere eskumenekoa da 12.1 artikuluaren arabera. Eskumen hori bereganatzea eskatu du Eusko Jaurlaritzak, baina oraingoz ez dute transferitu.

Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa den apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren arabera, Justizia Zuzendaritzari dagokio zigor- eta espetxe-legeria betearaztea, Jaurlaritzak eremu horietan dituen gainerako jarduerekin koordinatuta.

Egiteko horiek gauzatze aldera, Justizia Zuzendaritzaren asmoa da, ezarritako mugen barruan, 1998ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuak Europako Batasuneko espetxeen baldintzei buruz hartutako ebazpenaren gomendioak betetzen joatea; izan ere, haren bidez, Europako Kontseiluaren espetxeetako arauen xedapen guztiak aplikatzeko eskatzen baitzaie estatu kide guztiei.

Justizia Zuzendaritzaren funtsezko xedea da, lege-esparruaren barruan, espetxeetako zerbitzuen eta berriz hezteko eta gizarteratzeko programen hobekuntza bultzatzea, nazioarteko testuetan eta Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluan jasotako gizarteratze-printzipioa gauzatu ahal izateko, hain zuzen.

2011ko urriaren 7an, Barne Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen Euskal Autonomia Erkidegoan preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko prozesu integralak ezar daitezen. Hitzarmen hori Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak eta Justizia eta Herri Administrazio Sailak sinatu zuten eta horren barruan kokatuko da diru-laguntzerako honako deialdi hau.

Hitzarmena sinatu eta gero, azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren lana erregimen irekira mugatu da, hau da, preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko espetxez kanpoko proiektuetara. Lan horri esker, aurrera egin ahal izan da gizatalde horren gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko baliabide-sarea finkatzeko orduan. Baliabide horiekin Eusko Jaurlaritzak lortu nahi duena da preso dauden pertsonek eskubide osoko herritar gisa orientatzea euren bizitzak, eta espetxea utzi eta gero, gizartean erabat integratu daitezela asertziozko jarrera erakutsita.

Deialdi honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak lagundu egin nahi die preso daudenen benetako gizarteratzearen alde 20 urte baino gehiagoan diharduten irabazi asmorik gabeko erakundeei, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeekin modu profesionalen eta koordinatuta eta Eusko Jaurlaritzarekin modu efizientean eta gardenean jardun duten erakundeei, hain zuzen ere.

Bada helburu horrekin eta administrazio-ebazpenaren objektibotasuna bermatze aldera, Agindu honetan jasoko dira, zehaztasun guztiz, diru-laguntzetarako irizpideak.

Horri jarraikiz, honako hau

Agindu honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko 2014an burutuko diren proiektuetarako diru-laguntzen deialdia egiten da eta oinarri arautzaileak ezarri. Laguntzak norgehiagoka-prozeduraren araubidez emango dira.

Deialdiaren diru-hornidura 400.000 eurokoa da.

  1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuak jaso ahal izango dute diru-laguntza:

    1. Espetxeetan hasten diren proiektuak dagokion espetxeko Zuzendaritzak onartu beharko dituzte.

    2. Laguntza integraleko metodologia erabiliko dute.

    3. Espetxetik kanpoko baliabideekin burutuko dira eta ondorengo aukeretakoren bat izango da:

      1. Programatutako irteerak eta auzolandegiak.

      2. Egoitza- eta alojamendu-baliabideak.

      3. Mendekotasuna gainditzeko baliabideak droga mendekotasuna duten pertsonentzat.

      4. Prestakuntza eta trebakuntza zentroak.

      5. Lanerako orientazio- eta laguntza-zentroak.

    4. Proiektuak 2014an burutuko dira.

  2. Baldintzak proiektuak burutu aurretik eta diruz laguntzeko aldian bete beharko dira.

  1. 2014ko gastuak baino ez dute diru-laguntza jasoko, proiektuarekin zuzenean lotutakoak eta proiektua burutzeko beharrezkoak direnak, hain zuzen. Eskabideak aztertu eta baloratzerakoan, Zerbitzu Zuzendaritzak, Helduen Justiziako Zerbitzuaren bitartez, baldintza horiek betetzen dituzten gastuak zehaztuko ditu ondo arrazoituta.

    Modalitatearen arabera, honako gastu hauek jaso ahal izango dute diru-laguntza:

    1. Programatutako irteerak eta auzolandegiak: joan-etorrietako gastuak (erregaia, bide-sariak, aparkalekua eta garraio publikoa), ostatu- eta mantenu-gastuak.

    2. Egoitza- eta alojamendu-baliabideak eta mendekotasuna duten pertsonentzako mendekotasuna gainditzeko baliabideak: higiezinak eta lokalak mantentzeko gastuak, horien alokairuak, preso daudenen mantenu-gastuak eta baliabideetara atxikitako langileen ordainsariak.

    3. Prestakuntza eta trebakuntza zentroak eta lanerako orientazio- eta laguntza-zentroak: higiezinak eta lokalak mantentzeko gastuak, horien alokairuak, informatikako materiala, suntsigarriak, tailer eta ikastaroetako materiala, eta baliabideetara atxikitako langileen ordainsariak.

  2. Emandako diru-laguntzaren guztizko zenbatekotik, % 10 funtzionamenduko eta administrazioko gastuetarako izan daiteke, baina soldatak eta ordainsariak alde batera utzita, betiere programa garatzeko ezinbestekoak ez badira eta azalpen memorian horrela jasota ez badago.

  3. Espetxeetan hasten diren proiektuetan, diru-laguntza jasoko dute erakundeak kanpoko baliabideetara zein pertsona eraman behar den aukeratzeko egiten dituzten aldizkako bisitak sortzen dituzten gastuak.

  4. Diru-laguntza eskabidea 80.000 eurokoa izango da, gehienez ere.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeek jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak:

  1. Legez eratuta egotea eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta egotea.

  2. Egoitza soziala eta zerga-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.

  3. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Justizia Zuzendaritzak automatikoki ziurtatuko du, hartarako erakunde eskatzaileek baimena eman gabe ere, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  4. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenean zehaztutakoarekin bat etorriz, diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatik eragindakoak barne.

  1. Interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako eskabideak, kontsultak eta izapide guztiak egiteko. Izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira. Eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak egoitza elektroniko honetan daude: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2014/reinsercion/es

    Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak egiteko webgunea: https://euskadi.net/misgestiones.

  2. Honako hauek arautzen dituzte izapide elektronikoak: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio elektronikoari buruzkoak; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarenak, PLATEA e-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duenak.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Eskabideak euskadi.net-en helbide honetan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoz: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2014/reinsercion/es

  2. Justizia Zuzendaritzak, Helduentzako Justizia Zerbitzuaren bidez, aurkeztutako eskabide guztiak aztertuko ditu, eskatutakoak betetzen dituzten egiaztatzeko, eta izapidetzeaz arduratuko da.

  3. Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  4. Eskabideetan sartuko da badagoela aukera laguntza eskatzen duen erakundeak gainerako datuak edo agiriak organo kudeatzaileak lortu edo egiaztatu ditzala berariaz onartzeko, eta Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenen kalterik gabe. Era berean, hurrengo artikuluko erantzukizunpeko adierazpena ere sartuko da.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.6 artikuluan ezartzen duenaren arabera, honako betebehar hauek egiaztatu beharko dira, eskabidean bertan jasoko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez:

    Beste edozein administraziok edo erakundek publikoa zein pribatua izan helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.

    Itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta ez egotea edo, egon izanez gero, prozedura hori bukatuta egotea.

    Erakunde eskatzaileak egiztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

    Eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

  2. Eskatzailea legez eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribaturik egoteko eskakizuna egiaztatzeko aski izango da erantzukizunpeko adierazpen bat. Laguntza jaso baino lehen, betekizun hori egiaztatu egin beharko dituzte eskatzaileek, dagokion ziurtagiria aurkeztuz edo laguntza kudeatzen duen organoak zuzenean egiaztapena egiteko baimena emanez.

  1. Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

    1. Diruz laguntzea nahi den proiektuaren gaineko memoria. Memoria egiteko eredu normalizatua («Proiektuaren memoria») euskadineten dago: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2014/reinsercion/es

      Memorian zehaztu beharko da proiektua 2. artikuluan zehazten diren zein aukeratan kokatzen den. Aukera bat baino gehiago egiten dituzten elkarteek, eskaera bat aurkeztu beharko dute aukera bakoitzeko. Era berean, aukera berberean kokatzen den proiektu desberdinak egiten dituzten elkarteek, eskaera bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko.

      Memorian, elkarteek argi eta zehaztasunez azaldu beharko dute egingo den jarduera, presoekin egingo den lana, proiektuaren helburu zehatzak eta erabiliko den metodologia.

    2. Proiektua gauzatzeko aurrekontu banakatua; beste finantza-iturririk izanez gero, zehaztu egin beharko da, eta halakorik ez badago, zinpeko adierazpen baten bidez adierazi beharko da ez duela ez baliabide propiorik ez kanpokorik, proiektua finantzatzeko. Eredu normalizatua («Aurrekontu banakatua») euskadinetetik jaitsi daiteke: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2014/reinsercion/es

  2. Eskaerak baloratzeko, aurreko paragrafoan aipatutako dokumentuak bakar-bakarrik hartuko dira kontuan. Dena den, erakundeek dokumentu osagarriak aurkeztu ahal izango dute, horiek proiektua hobeto baloratzen lagunduko duela uste badute.

  3. Jarduerak gauzatuta baldin badaude, egindako gastuak justifikatzeko behar diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira, agindu honetan eskatzen den moduan.

  4. Justizia Zuzendaritzak, Helduentzako Justizia Zerbitzuaren bidez, espedientea behar bezala osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eta azalpenak eska diezazkioke erakunde eskatzaileari. Gainera, egiaztatu egin ahal izango ditu eskatzaileak emandako datuak.

Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan, Justizia Zuzendaritzako Helduentzako Justizia Zerbitzuak ezer falta dela edo daturen bat falta dela ikusten badu, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emango dio akats horiek zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, zuzendu ezean, eskabidean atzera egin dela ulertuko dela, hala ezartzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 71. artikuluak. Inork eskabidean atzera egin duela erabakitzeko, ebazpena onartu beharko da berariaz, 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako eran.

  1. Balorazio batzorde bat ezarriko da, zeinak diru-laguntza emateko proposamena egingo duen.

  2. Honako hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:

    Arabako espetxeko zuzendaria.

    Basauriko espetxeko zuzendaria.

    Martuteneko espetxeko zuzendaria.

  3. Idazkari-lanak Helduentzako Justizia Zerbitzuari atxikitako pertsona batek egingo ditu, eta Justiziako zuzendariak aukeratuko du.

  1. Eskabide bakoitza balorazio-irizpide eta puntuazio-eskala honen arabera baloratuko da:

  1. Eskatzaileari dagokionez:

    Eskaera egin duen erakundeak presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanetan egin duen ibilbidea. 0-10 puntu.

  2. Proiektua:

    1. Programaren onurak jasoko dituzten pertsonen kopurua, eta, gizartearen ikuspegitik, zenbateraino den egokia eta interesgarria. Balorazio handiagoa lortuko dute gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko problematika espezifikoa duten kolektiboei (ijitoak, etorkinak, emakumeak eta osasun mentala duten pertsonak) zuzendutako proiektuak. 0-10 puntu.

    2. Presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko prozesuari egingo dion ekarpena; balorazio altuagoa emango zaie presoei espetxetik kanpo bizimodua ateratzeko aukera ematen dieten proiektuei. 0-20 puntu.

    3. Proposatzen diren jardueretan entitate horrek presoekiko esku-hartze sozialean jarduten duten beste erakunde batzuekin eta Lanbiderekin erakutsi duen lankidetzaren eta baterako parte-hartzearen maila. Balorazio handiagoa lortuko dute presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanean ari diren erakundeekin egindako lankidetzak eta idazkiaz egiaztaturikoak. 0-10 puntu.

    4. Proiektua hainbat urtetan gauzatzeko aukera, proiektua finantzatzeko beste iturri batzuk izatea eta autofinantzaketa. 0-5 puntu.

    5. Proiektuan edo programan boluntarioek parte hartzea. 0-5 puntu.

      1. Irizpideak baloratzeko, eskaeraren edukiaz gain, kontuan hartuko da irizpide horiek egiaztatzeko aurkeztu den dokumentazioa.

      2. Balorazio-irizpide horiek aplikatuta, gehienez ere 60 puntu lortu ahal izango dira.

      3. Diru-laguntza emateko, aurreko irizpideen arabera 30 puntutik gora lortu beharko ditu eskabideak.

  1. Justizia Zuzendaritzak, Helduentzako Justizia Zerbitzuaren bidez, aukera izango du diruz laguntzekoak ez diren gastuak edo proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak hartzen dituzten eskabideetako diru-kopuruak doitzeko, diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztu baino lehen.

  2. Balorazio-irizpideen arabera 30 puntu baino gehiago lortu dituzten eskabideei zenbateko diru-laguntza dagokien urrats hauek jarraituko dira:

    Eskabideak puntuaziorik altuenetik txikienera antolatuko dira. 60 puntu lortu dituen eskabideari (gehienez ere) portzentaje teoriko bat aplikatuko zaio, eskatutako kopuruaren % 100. Gainontzeko eskaerei balorazio irizpideetan lortutako puntuen araberako portzentaje proportzionala aplikatuko zaie, hurrenez hurren.

    Diru-laguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-hornidura gainditzen bada, diru-laguntzen zenbateko guztiak proportzionalki egokituko dira, diru-laguntza teoriko guztiei portzentaje berbera jaitsiko zaielarik. Portzentaje hori honela kalkulatuko da: diru-hornidura zati zenbateko teoriko guztia.

    Diru-laguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-hornidura ez bada gainditzen berriz, soberakoa eskabide guztien artean banatuko da proportzionalki, aurreko paragrafoan ezartzen den prozedura bera jarraituta. Horrela kalkulatutako zenbatekoak ezingo du inondik inora gainditu diruz lagun daitekeen gastuaren % 100.

    Edozein modutan, proiektu bakoitzari eman ahal zaion gehienezko diru-laguntza 60.000 eurokoa izango da.

  1. Balorazio batzordearen proposamena ikusita, eskatutako diru-laguntzak emateko nahiz ukatzeko ebazpena emango du Justizia zuzendariak. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde interesdunei jakinarazteko.

  2. Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan esanbidezko ebazpenik eta jakinarazpenik ematen ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, nahiz lege horrek Administrazioari esanbidez ebazteko betebeharra ezartzen dion.

  3. Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  4. Diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunek emandako antzeko diru-laguntzaren bat dela-eta, oraindik itzulketa edo zigor prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.

  1. Onuradunaren aldetik diru-laguntza onartzeak esan nahi du onartu egiten dituela Agindu honetan ezarritako gainerako arauak, bai eta 698/1991 Dekretuan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako bermeak eta diru-itzulketen eta zehapenen erregimena ere (abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu, eta 1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen du).

  2. Laguntza onartu egin dela ulertuko da, laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpenaren hurrengo egunetik aurrera 5 egun pasa ondoren onuradunak besterik adierazi ez badu.

Erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako diru-laguntzak xede duen proiektu zehatza egiteko erabiltzea diru-laguntza hori, Agindu honen 19.1.b) artikuluan aurreikusitakoa aplikatzekoa bada izan ezik.

  2. Administrazioari jakinaraztea proiektuak gauzatzeko aldian diruz lagundutako proiektuak finantzatzeko emandako edozein diru-laguntza, edo laguntza eman diotela edo ukatu diotela, horren berri izan bezain laster.

  3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia eman behar dute, laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera.

  4. Diru-laguntza eman eta onartu ondoren argitaratzen diren programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko eta soinuzko materialen aleetan beren-beregi adierazi Herri Administrazio eta Justizia Sailaren laguntza jaso dela. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunari buruzko eskuliburua onartzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da. Informazio gehiago eta eskabideak eskuratzeko: http://www.ivap.euskadi.net/r61-2347/es/contenidos/informacion/identidad_corporativa/ es_5611/identidad_corporativa.html

  1. Diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, laguntzaren % 75 ordainduko da. Gainerako % 25, 18. artikuluan aipatutako dokumentuak Justizia Zuzendaritzan aurkeztu ondoren ordainduko da, diruz lagundutako jarduera amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean.

  2. Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, laguntza ematearen aldeko Ebazpena argitaratu baino lehen amaituta dauden jarduerei dagozkien diru-laguntzak osorik eman daitezke, ordainketa bakarraren bidez, baldin eta, eskabidearekin batera, aurreko paragrafoan adierazitako justifikatzeko agiriak aurkezten badira.

  3. Administrazioak diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuraduna Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko da, hau da, erregistratuta egon beharko da aipatutako Sailaren Hirugarrenen Erregistroan.

    Bankuko datuak erregistratzeko edota daudenak aldatzeko:

    Aurrez aurre: jarraian adierazitako egoitza elektronikoan ezarritako ereduaren araberako inprimaki bidez: https://euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

    Bide elektronikoaren bidez: hirugarrenen erregistro telematiko bidez, jarraian adierazitako egoitza elektronikoan: https://euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

Erakunde onuradunek, diruz lagundutako jarduera amaitu eta gehienez bi hilabeteko epean eta, beti ere, 2015eko otsailaren 28a baino lehen, Justizia Zuzendaritzan justifikatu beharko dute diru-laguntza jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak betetzen dituztela, baita diru-laguntzaren xede den proiektua burutu izana ere. Jakinarazi egin beharko dute, halaber, proiektua osorik edota zati batean burutzea ezinezkoa egiten duten gerora sortutako gorabeheren bat gertatzen bada.

Justifikazioak bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira helbide honetan: https://euskadi.net/misgestiones

Justifikazioak alde bi izango ditu: bata materiala, erakundeek justifikatzeko memoria aurkeztu beharko dutelarik (diru-laguntza eskabidearekin aurkeztu beharreko proiektu-memoria ez dena), eta bestea, ekonomikoa, justifikazio kontua aurkeztu beharko delarik.

  1. Justifikatzeko memoria.

    Justifikatzeko memoria edozein formatutan aurkeztuko da, jarduera edo programa deskribatuko du eta honako hauek zehaztuko ditu, gutxienez: erabiltzaileen kopurua, sexuaren arabera bereizita, eta, hala badagokio, laneratzeko zaila den talderen batekoa bada (ijitoak, etorkinak, emakumeak edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak). Ahal izanez gero, diru-laguntza jaso duen jarduera burutu dela ziurtatzen duten argazkiak edota dokumentu grafikoak aurkeztuko dira memoriarekin batera, eta hala dagokionean, argitaratutako programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko eta soinuzko materialen aleak.

    Memoriaren bitartez, diru-laguntza jaso duen ekintza burutu den eta haren xedea bete den egiaztatuko dira, baita diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak bete diren ere.

    Era berean, justifikazio materiala egiaztatzeko Justizia Zuzendaritzara atxikitako Helduen Justizia Zerbitzuko langileek egoki iritzitako bisitak egin ahal izango dituzte erakunde onuradunekin aldez aurretik geratuta.

  2. Justifikazio kontua.

    Justifikazio kontuko memoria ekonomikoa jarraian zehaztutako egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen «Justifikazio kontu sinplifikatua» inprimakiaren arabera egingo da: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2014/reinsercion/es eta honako hauek bilduko ditu, gutxienez:

    1. Jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda, datu hauekin: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data, eta ordainketa-data. Gastu bakoitza zein helbururekin egin den azalduko da labur-labur. Diru-laguntzaren kontura egindako gastuak zeintzuk diren argi azalduko da. Gastu horiek diru-laguntzaren zenbatekoaren beste izan behar dira.

    2. Diru-laguntza jaso duen jarduera berbera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-laguntza edo finantzazio iturrien aipamena, baldin eta aurretik horien berri ez bazegoen.

      Justizia Zuzendaritzak, Helduen Justiziako Zerbitzuaren bitartez, edozein momentutan eskatu ahal izango ditu jatorrizko justifikazio-agiriak, beharrezko iritzitako auditoretzak egiteko.

  1. Honako hauek izango dira ez betetzeak:

    1. Jasotako diru-laguntza osoa edo horren zati bat bere garaian aurkeztutako proiektuaren arabera onartu zen jarduerari ez dagokion bestelako jarduera baterako erabiltzea.

    2. Diruz lagundutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta funtsezkotzat hartzen ez direlako, Justiziako zuzendariak esanbidez onartzen baditu, betiere baimen arrazoituaren ondoren.

    3. Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan azaltzen den daturen baten faltsutasuna.

  2. Erakunde onuradunak betetzen ez baditu diru-laguntzak emateko ebazpenean edota Agindu honetan ezarritako baldintzak, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta ordura arte jasotako diru-laguntza eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Era berean, dagozkion zehapenak ere ezarriko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Dekretu horren bitartez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako dirulaguntzak bermatu eta itzularazteko modua, baita dirulaguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek errespetatu beharreko baldintza, jarraibide eta betebeharrekoak ere. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileen Legearen testu bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da.

Beste edozein Administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk eman dezakeen diru-laguntza edo laguntza ororekin bateragarriak dira diru-laguntza hauek. Baina, helburu berbererako eskuratutako diru-laguntzen zenbateko guztia aurrekontua baino handiagoa bada, agindu honen bidez emandako diru-laguntzaren zenbatekoari gehiegizko zenbatekoa kenduko zaio.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Horretarako, Justiziako zuzendariak likidazioa egiteko ebazpena emango du, eta, ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, baina interesatuak berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezake zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epe biak agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan aurreikusi ez den guztian, prozedurari dagokionez, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik sortuko ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 3a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.