Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2014ko apirilaren 9koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuan araututako laguntzetarako deialdia egin eta 2014ko kanpainara egokitzeko dena. 13/2014 Dekretuaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan nekazaritzarako eta abeltzaintzarako «ordainketa bakarreko» erkidegoko laguntzen eta bestelako zuzeneko laguntzen erregimena garatu eta aplikatzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 76
  • Hurrenkera-zk.: 1861
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/04/09
  • Argitaratze-data: 2014/04/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Europako Kontseiluaren 2003ko irailaren 29ko 1782/2003 (EE) Erregelamenduaren bidez, Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma (NPB) eta «ordainketa bakarreko» erregimena ezarri ziren. Politika hori berraztertu zen, hizkera arruntean «NPBren osasun azterketa» izenarekin deitu zen esparruaren barruan. Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren bidez, 1782/2003 Erregelamendua indargabetu, eta osasun-azterketa horretan onartutako aldaketak gauzatu ziren.

Berriki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez, NPBren beste erreforma bat onartu da, erreforma sakona. Hala, erregelamendu horren bidez, batetik, nekazarientzako zuzeneko ordainketei aplikagarri zaizkien arauak ezartzen dira Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruko laguntza-erregimenen indarrez, eta, bestetik, indargabetu egiten dira Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak. Nolanahi ere, erreforma honen alderdi esanguratsuenak ez dira indarrean jarriko 2015eko urtarrilaren 1era arte, eta, hortaz, aurtengoa erregelamendu berrira igarotzeko trantsizio-urtea izango da.

Apirilaren 20ko Nekazaritzaren eta Landa Garapenaren Batzarrean hartutako erabakiaren bidez, onartu egin zen Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamendua Espainian aplikatzea. Erabaki haren bidez, Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioa eta autonomia-erkidegoak ados jarri ziren Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak nolabait estatu kideen esku uzten dituen alderdien inguruan.

Nekazaritzan eta abeltzaintzan zuzeneko ordainketak 2012tik aurrera aplikatzeari buruzko urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren helburua da oinarrizko zenbait arau finkatzea, hau da, Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 29ko 73/2009 (EE) Erregelamenduan ezarritako laguntza-erregimenei 2012tik aurrera aplikagarri zaizkien zenbait arau. Dekretu hori, bestalde, urtarrilaren 11ko 2/2013 Errege Dekretuaren bidez aldatu da. Arau hori 2014ko ekitaldiko trantsizio-aldira egokitzeko, abenduaren 20ko 1013/2013 Errege Dekretua argitaratu da, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretua 2014an aplikatzeko xedapen espezifikoak ezartzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoan, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuak arautzen ditu laguntza horiek guztiak, Erkidegoaren ordainketa bakarreko laguntzen erregimena eta nekazaritza eta abeltzaintzarako zuzeneko beste laguntza batzuen erregimena EAEn garatu eta aplikatzeari buruzko Dekretuak, alegia. Dekretu horren azken xedapenetako lehenengoak ahalmena ematen dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari, agindu bidez beharrezko diren xedapenak eman ditzan, dekretu hori Europako araudietan egiten diren aldaketetara eta estatuaren oinarrizko legeetara egokitzeko.

Aurreko ekitaldietan egin den bezala, agindu honen bidez, laguntzak emateko 2014ko deialdia egiten da. Aginduan, aldi berean, zuzenean aplikatzekoak diren arauzko aldaketak eta nahitaez bete beharreko estatuaren oinarrizko araudia txertatu dira, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan ezarritakoari jarraikiz.

Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

2014ko kanpainan, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuan eta agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratzeko eskabideak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bidaliko zaizkio, eta dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan aurkeztuko dira, 2014ko otsailaren 17tik maiatzaren 15era bitartean.

Bigarrena. Definizioak.

Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 2. artikuluari (definizioak) honako paragrafo hau eransten zaio:

  1. Larreak onartzeko koefizientea: erabat aprobetxatu ezin diren larreen kasuan dela emankorrak ez diren elementuak izateagatik, dela aldapa pikoak egoteagatik, dela agintari eskudunek zehaztutako bestelako ezaugarriak izateagatik, SIGPAC Nekazaritzako Partzelen Informazio Geografikoko Sistemaren koefiziente bat ezarriko da, SIGPAC esparruen onarpen-ehunekoa adieraziko duena. Hartara, zuzeneko laguntzen ondorioetarako, SIGPAC halako esparru batean onargarria den gehieneko azalera honela kalkulatuko da: esparruaren azalera bider koefizientea. Koefizientearekin ados egon ezean, alegazio arrazoitu bat aurkeztu ahal izango zaio SIGPACi.

Hirugarrena. Modulazioa.

Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoa gorabehera, 2014ko kanpainan, aurreikusitako ordainketen zenbatekoak egokitu egingo zaizkio zuzenean aplikatzekoa den Europako erregelamenduak eta EAEn nahitaez aplikatzekoa den Estatuaren oinarrizko araudiak xedatutakoari.

Laugarrena. Ordainketa bakarreko erregimenean integratzea.

  1. Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 2. eta 7. artikuluetan eta I. eranskinean xedatutakoa alde batera utzita, 2014ko kanpainan % 100ean integratuta daude ordainketa bakarreko erregimenean honako laguntza hauek:

    Belarkien laborantzako ekoizleentzako laguntza.

    Proteaginosoetarako prima berezia.

    Oskoldun fruituetarako laguntza.

    Hazi-ekoizleentzako laguntza.

    Olibadietarako laguntza.

    Abereak hiltzeagatiko primak.

    Ardi- eta ahuntz-abereen ekoizleentzako laguntza.

  2. Horren ondorioz, 2014ko kanpainan, eraginik gabe geratzen dira urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren zenbait artikulutan aurreikusitako laguntza hauek:

    Belarki-ekoizleentzako ordainketa osagarriak (25-36 artikuluak, biak barne).

    Energiarako laboreetarako laguntzak (37. artikulua).

    Oskoldun fruituetarako laguntza (38. eta 39. artikuluak).

    Hazi-ekoizleentzako laguntza (40. eta 41. artikuluak).

    Olibadietarako laguntzak (42-45 artikuluak, biak barne).

    Abereak hitzeagatiko primak (65-70 artikuluak, biak barne).

    Ardi- eta ahuntz-ekoizleentzako ordainketa osagarriak (74-78 artikuluak, biak barne).

    Bosgarrena. Lurra nekazaritzarako erabiltzea.

    Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoa gorabehera, hektarea onargarriei dagozkien lursail deklaratuak erabili ahalko dituzte nekazariek, laguntza-eskubideen ordainketa edozein nekazaritza jardueratan justifikatzeko, fruta eta barazkien eta gizakiek kontsumitzeko pataten produkzioa barne direla.

    Seigarrena. Azukre-erremolatxaren kalitatea sustatzea.

  1. Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko ii) hitz-tarteko a) idatzi-zatiko 1. atalean xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 57. eta 59. artikuluen bidez (biak barne) ezarritako azukre-erremolatxaren kalitaterako programa estatalaren esparruan, laguntza espezifiko bat emango zaie azukre-erremolatxaren ekoizleei, baldin eta artikulu horietako baldintzak betetzen badituzte eta elikagaien kalitatea ziurtatzeko sistema batean parte hartzen badute.

    Programak bete egiten ditu Batzordearen urriaren 29ko 1120/2009 (EE) Erregelamenduaren xedapenak, 73/2009 (EE) Erregelamenduaren III. tituluan aurreikusitako ordainketa bakarrari buruzkoak.

  2. Azukre-erremolatxa ekoizteko erabiltzen diren lur-azalerak izango dira programaren aplikazio-eremua, baldin eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 57. eta 59. artikuluetan (biak barne) ezarritako betekizunak konplitzen badituzte.

  3. Kalitatearen aldeko laguntza jaso ahalko dute eskabide bakarra aurkezten duten azukre-erremolatxaren ekoizleek, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

    1. Europar Batasuneko Nekazaritza Espezieen eta Landareen Katalogo Bateratuan edo Estatu kideen Katalogo estatalean aipatutako azukre-erremolatxaren aldaerak ekoiztea.

    2. Azukre-erremolatxaren ekoizleek azukrea egiteko baimena duten enpresetan entregatu beharko dute azukre-erremolatxa, Kontseiluaren urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamenduko 57. artikuluaren arabera. Entregatutako azukre-erremolatxak gutxienez 14º-ko polarimetria izango du, eta % 23ra ez dira helduko koroa-lurra eta sustraiarekin batera datozen kanpoko elementuak. Kalitate-baldintza horiek neurtuko dira ekoizleak azukre-enpresari egindako entrega guztien gainean.

    3. Azukre-erremolatxaren ekoizleek azukre-erremolatxa entregatzeko eta kuotako azukre bihurtzeko hornidura-kontratu bat eduki behar dute sinatuta azukre-enpresarekin.

  4. Diruz lagundutako azukre-erremolatxaren ekoizpenari kalitatea ziurtatzeko sistema bat ezarriko zaio, eta autonomia-erkidego bakoitzak hauetako edozein eratan aplikatu dezake:

    1. Programak eskatutako baldintzak ziurtatzeko gai direla justifikatzen duten erakunde ziurtagiri-emaile pribatu nahiz publikoen bidez, UNE/EN/45011 arauan ezarritakoa betez.

    2. Gaitasun juridiko nahikoa duen kontrol-organo bat, Ziurtatze Sisteman eskatzen diren baldintzak betetzen direla ziurta dezakeena. Kasuan kasuko egiaztatze-lanak egiteko, baliabide eta instalazio egokiak izango beharko ditu kontrol-organoak. Autonomia Erkidegoak onartutako programaren arabera egingo dira kontrolak.

  5. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da atal honetako baldintzak betetzen dituen kuotako azukre-erremolatxaren zenbat tona entregatu den baimendutako azukre-enpresetan.

    Autonomia-erkidegoen datuak jaso ondoren, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuko 97. artikuluaren c idatzi-zatiaren 2. puntuaren arabera, hainbesteko laguntza finkatuko du azukre-erremolatxaren tona bakoitzeko, eta finkatutakoa ez da aldatuko ezarritako baldintzak betetzen dituen ekoizpen osoan.

    Zazpigarrena. Lekaleen sektorean kalitateko ekoizpena izateko laguntzak.

  1. Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko ii) hitz-tarteko a) idatzi- zatiko 1. atalean xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren bidez ezarritako lekaleen kalitate-programa estatalaren esparruan, ustiategi bakoitzeko laguntza espezifiko bat emango zaie honako nekazari hauei: Nekazaritza Ekologikoa edo «Gernikako Babarruna», «Tolosako Babarruna» eta «Arabako Babarrun Nabarra» kalitateko labelen edo bereizgarrien babespean gizakiaren kontsumorako lekadunak ekoizten dituzten nekazariei.

  2. Ustiategi bakoitzeko zenbat ordainduko den kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: hektarea bakoitzeko oinarrizko laguntzaren zenbatekoa bider laguntza kobratzeko zehaztutako hektarea-kopurua, gehi, hala badagokio, JDBrako eta AGBrako osagarriaren hektarea bakoitzeko zenbatekoa bider deitura horiekin zehaztuta, erregistratuta eta/edo erregistratzeko prozesuan dagoen hektarea-kopurua, eta/edo, hala badagokio, kalitateko gainerako deituretarako osagarriaren hektarea bakoitzeko zenbatekoa bider deitura horiekin zehaztuta, erregistratuta edo erregistratzeko prozesuan dagoen hektarea-kopurua. Ustiategi bakoitzeko, gehieneko zenbatekoa 3.000 euro izango da, urtean.

  3. Ustiategi bakoitzeko ordainketaren onuradun izateko, aurreko idatzi-zatian zehaztu den moduan, eskaera egin beharko dute nekazariek, eskabide bakarrean, artikulu honetan ezarritakoa betetzen duen ustiategiaren eremurako. Horretarako, 1. idatz-zatian zerrendatutako kalitate-deituraren batean inskribatuta egon beharko dute nekazari horiek, edo inskribatzeko prozesuan, 2014ko otsailaren 1ean.

  4. Ustiategi bakoitzean, ordainketaren onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte nahitaez:

    1. Eskabide bakarrean eskatu beharko dute ordainketa hori, ezarritako moduan eta eran.

      Artikulu honetako lehenengo idatzi-zatian jasotako kalitate-deituretakoren bati dagozkion lekadunekin erein beharko dute laguntzarako adierazitako eremu osoa. Ekoizpen sistema elkartuak onartuko dira, baldin eta kalitate bereiziko deituren gaineko baldintza-pleguak hala exijitzen badu bere ekoizpen-metodoetan.

  5. Hektarea bakoitzeko, oinarrizko laguntza 100 euro izango da. Estatuan, oinarrizko azaleren guztirakoa 10.000 hektareakoa izango da, eta hiru azpiazaleratan banatuko da:

    1. Oinarrizko 1. azpiazalera: JDB, AGB: 4.000 hektarea.

    2. Oinarrizko 2. azpiazalera: Nekazaritza ekologikoa: 5.500 hektarea.

    3. Oinarrizko 3. azpiazalera: aurrekoetatik bereizitako beste kalitate-deitura batzuk: 500 hektarea.

      Laguntzarako ezarritako azalera handiagoa baldin bada oinarrizko azalera baino, modu linealean murriztuko da oinarrizko azpiazalerako zati bakoitza, gainezkatzearen araberako proportzioan; horretarako, beharrezkoa izanez gero, zehaztutako azalerak azpiazalerako zati batean dituen eskasiak orekatu egingo dira bestean dituen gainezkatzeekin. Lehentasunez orekatu egingo dira oinarrizko lehen azpiazalerako gainezkatzeak.

      Aurreko paragrafoa aplikatzearen ondorioz, JDB eta AGB peko azaleren azalera linealaren murrizketa-faktorea nekazaritza ekologikoko faktorea baino handiagoa bada, berdindu egingo dira. Gauza bera egingo da nekazaritza ekologikorako azaleretarako murrizketa linealeko faktorea handiagoa bada kalitate bereizgarriko gainerako deituretakoa baino.

  6. Diru-laguntza ordaindu ahal izateko, ekoizpen ekologikoa nahiz kalitate-bereizgarriak ziurtatzen dituzten erakundeetako arduradunek beharrezko den informazio guztia emango diote Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, 2014ko otsailaren 1a baino lehen, aurreko urte osoan erakunde horien ardurapeko kalitate-programen babesean gizakien kontsumorako lekadunak ekoitzi dituzten ustiategien eta titularren inguruan.

    Zortzigarrena. Tabakoaren sektorean kalitateko ekoizpena izateko laguntza

    Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko ii) hitz-tarteko a) idatzi-zatiko 1. atalean xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuak ezarritako Tabakoaren Kalitatea Sustatzeko Programaren barruan, laguntza espezifiko bat emango zaie tabako gordina urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 46-53 artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren arabera ekoizten duten nekazariei.

    Bederatzigarrena. Oskoldun fruituetarako laguntza.

  1. Arbendolondo, hurrondo, intxaurrondo, pistatxondo eta algarrobo sailak dituzten eta hurrengo atalean datozen baldintzak betetzen dituzten nekazariek azaleraren araberako laguntza estatal bat jaso ahalko dute, 2014an.

  2. Estatuaren laguntza jaso ahal izateko, azalerek baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Hektareako gutxieneko dentsitatea honako hau izatea espeziearen arabera: 80 zuhaitz arbendolondoaren kasuan; 150 zuhaitz hurrondoaren eta pistatxondoaren kasuan; 60 zuhaitz intxaurrondoaren kasuan; eta 30 zuhaitz algarroboaren kasuan.

    2. Kontseiluaren 2007ko urriaren 27ko 1234/2007 (EE) Erregelamenduaren 125 ter artikuluaren arabera, oskoldun fruituen kategoriaren baten barruan aitortuta dagoen ekoizle-erakunde edo -talde baten ekoizpen-baliabideen artean egotea.

    3. Lursailaren gutxieneko azalera 0,1 hektareakoa izatea.

  3. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak azaleraren araberako laguntza bat emango du, gehienez 60,375 euro/ha eta urteko, betiere aurrekontuen mende. Espainian, gehienez 568.200 hektareako azalerek jaso dezakete laguntzarik.

  4. Arabako Foru Aldundiak, bere funtsen kontura, azaleraren araberako laguntza bat emango du: gehienez 60,375 euro/ha eta urteko. Era horretan, estatuaren laguntza, gehienez, 120,75 euro/ha eta urteko izango da.

  5. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren laguntza autonomia-erkidego bakoitzari emango zaio, betiere aurrekontuaren mende, azaroaren 26ko 47/2003 Aurrekontu Lege Orokorraren 86. artikuluari jarraikiz.

    Ondorio horietarako, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak autonomia-erkidegoei emango die laguntza ordaintzeko dirua. Horretarako, oinarritzat hartuko dira laguntza eskatu duten azalerak, aurreikusitako zenbatekoa eta aurreko transferentzietako soberakinak.

    Hamargarrena. Oskoldun fruituen espezie batzuetan ingurumen-onurak dakartzaten nekazaritza-jarduera espezifikoak sustatzea.

    Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko v) hitz-tarteko a) idatzi-zatiko 1. atalean xedatzen duena betez, eta oskoldun fruituetan ingurumen-onurak dakartzaten nekazaritza-jarduera espezifikoak sustatzeko Programa Estatalaren barruan (programa hori urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren bidez ezarri zen), laguntza espezifikoak emango zaizkie arbendolak, hurrak, intxaurrak eta algarrobak ekoizten dituzten nekazariei, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 41-45 artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren arabera.

    Hamaikagarrena. Behi ume-hazleak dituzten abeltzainen desabantaila espezifikoak orekatzeko laguntzak.

  1. Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikuluko 1. paragrafoko b) idatzi-zatiak xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 64-66 artikuluei jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie behi ume-hazleak dituzten abeltzainei, euren ustiategien desabantaila espezifikoak orekatzeko. Horren ondorioz, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 62-64 artikuluak (biak barne) indarrik gabe geratuko dira 2014ko kanpainan, eta xedapen hauek hartuko dute haien lekua.

  2. Urtarrilaren 20ko 13/2009ko Dekretuaren 61.1.a) artikuluan aipatutako behi ume-hazleen prima-eskubideak eduki edo ez eduki, ordainketa egingo zaie, gutxienez eskabidea aurkezten den egunaren biharamunetik hasi eta ondoz ondoko 6 hilabeteetan behi ume-hazleak dituzten abeltzainei. Ez da onartuko diruz lagundutako abereen % 40tik gora txahalak izatea.

  3. Ordainketak jasotzeko, abereen elikadurari dagokionez, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren XI. eranskineko 2. puntuaren arabera, ustiategiaren abere-zamak ez du hektareako 1.5 ALU (Abeltzaintza Larriko Unitateak) gaindituko, betiere bazka-azaleraren aitorpenarekin bat etorriz eta XI. eranskin horretan xedatutakoaren arabera. Hala eta guztiz ere, ekoizleak abere-zamaren inguruko baldintza betetzetik salbuetsita egongo dira, baldin eta ustiategiko abere-kopuruak, hau da, zama zehazteko kontuan hartu behar den kopuruak, 15 ALU gainditzen ez badu.

    Ondorio horietarako, ustiategiaren bazkalekutzat hartuko da urte osoan behiak, ardiak eta ahuntzak hazteko lekua, landaketa bakarreko eta mistoko azalerak barne, Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduan aurreikusitako kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuari jarraikiz. Ez dira azalera horretan sartuko:

  1. Eraikinak, basoak, uraskak eta bideak.

  2. Beste landaketetarako erabiltzen diren azalerak, baldin eta erkidegoko laguntzak jasotzen badituzte edo landaketa iraunkorrerako edo baratzerako erabiltzen badira.

  3. Zenbait belarkiren ekoizleentzako laguntza aplikatzen zaien azalerak, bazka lehortuen laguntza jasotzen dutenak edo lurrak kentzeko estatuko edo erkidegoko programa batean sartuta daudenak.

  1. Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuak 97. artikuluko 2. paragrafoko k) idatzi-zatian xedatzen duenaren arabera autonomia-erkidegoek emandako informazioa oinarri hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak unitateko diru-zenbateko bat finkatuko du, behi ume-hazleak dituzten ustiategientzako mailaz mailako laguntza espezifikoaren modulazio-tarte bakoitzarentzat.

  2. Ustiategiko abelburu kopuruaren arabera emango dira laguntzak:

    1. Lehenbiziko 40 buruentzat, laguntza espezifiko osoa emango da.

    2. 41 abelburutik 70era, laguntza espezifikoaren 2/3 emango da.

    1. 71 abelburutik 100era, laguntza espezifikoaren 1/3 emango da.

  3. Talde bakoitzean, lehenengo 100 buruengatik bakarrik emango dira laguntzak. Elkartutako ustiategiak direnean, eskabide-epea amaitzean zenbat nekazaritza-profesional dagoen hartuko da kontuan. Ez dira kontuan hartuko laguntza espezifiko honen bidez lehendik laguntza bat jasotzen duten ustiategiko bazkideak, nekazaritza-profesionalak izanda ere.

  4. Titulartasun Partekatuko nekazaritza-ustiategiak baldin badira eta Titulartasun partekatuko nekazaritza-ustiategiei buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legearen arabera inskribatuak badaude, titulartasun partekatuan dagoen titular bakoitza hartuko da kontuan.

  5. Ustiategien titularra pertsona fisikoa denean, kontuan har daitezke haren lehen mailako senideak bai odolkideak, bai ezkontza-ahaideak, baldin eta nekazaritza-profesionalak badira. Familien ustiategiak direnean, ez dira kontuan hartuko laguntza espezifiko honengatik lehendik laguntza bat jasotzen duten nekazaritza-profesionalak.

    Hamabigarrena. Behi-aziendaren haragiaren kalitatea hobetzeko laguntza.

  1. Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikuluko 1. paragrafoko b) idatzi-zatiak xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 61-63 artikuluei jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie behi-aziendaren haragiaren ekoizleei, behi-aziendaren haragiaren kalitatea eta merkaturatzea hobetzeko. Horren ondorioz, 2014ko kanpainan indarrik gabe geratuko dira urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 62-64 artikuluak (biak barne), eta xedapen hauek hartuko dute haien lekua.

  2. Behi-aziendaren haragia ekoizten duten abeltzainei emango zaie laguntza espezifikoa, zenbat buru hiltzen duten aintzat hartuta, eta legez ofizialki onartutako haragi-kalitatearen sistema hauetakoren batean sartuta badaude:

    Europar Batasunaren esparrukoak:

    1. Adierazpen geografiko babestuak.

    2. Jatorri-deitura babestuak.

    3. Abeltzaintza Ekologikoa.

      Estatuaren esparrukoak:

    4. Abeltzaintza Integratua.

    5. Haragiaren hautazko etiketatzea, eskakizunak araudi orokorrekoak baino handiagoak badira. Kasu horretan, balio erantsia ematen duten elementu gisa hauetako bat dutenak bakarrik onartuko dira:

      1. Aberearen ezaugarriak: bertako arrazetako abereak.

      2. Ekoizpenaren ezaugarriak: jardunbide estentsibo ekoizpena, edo amarekin gutxienez 5 hilabetean egon diren abereak gizendu eta hiltzea.

      3. Elikadura: okelaren kalitate organoleptikoa edo elikagarria hobetzeko asmoz pentsuan labore, bitamina, gantz-azido eta beste osagai batzuen gutxieneko portzentaje edo kopuru batzuk erantsi dituzten elikadura-sistemak.

      4. Ingurumena: ustiategian energia berriztagarriak erabiltzea, energia edo baliabideak (batez ere, ura) aurrezteko programak izatea, berotegi-efektuko gasen igorpena murriztea.

        Dena dela, baldintza-pleguak abeltzaintzako ustiategia izan behar du abiapuntu, balio erantsia ematen duten elementu guztiak betetzea ustiategian bertan egindako jardueren araberakoa izango delarik.

        Baldintza-agiri guztiek bete beharko dute abenduaren 12ko 1698/2003 Errege Dekretua, behi-aziendaren haragia etiketatzeko sistemei buruzko erkidegoko erregelamenduak aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena. Kontrol-erakunde independenteek balio erantsia ematen duten ezaugarriak betetzen direla egiaztatuko dute, auditoretzen bidez. Horretarako, behar beste irizpide tekniko aplikatuko dituzte ekoizpen osoaren ezaugarriak kontrolatzen direla ziurtatzeko.

        Baldintza-agiria kudeatzen duen erakundeak bere esku izan beharko du aukerako etiketatzeari buruzko baldintzen barruan hildako abereen identifikazioari eta erregistroari buruzko informazio guztia, hain zuzen ere autonomia-erkidegoko organo kudeatzaileak informazio hori eskatuz gero haren esku jartzeko, 97. artikuluaren 2. paragrafoko j) idatzi-zatiaren jakinarazpenean ezarritakoaren ondorioetarako.

        Horrela, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoko j) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera autonomia-erkidegoek emandako informazioa abiapuntu hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, otsailaren 1a baino lehen, idatzi-zati honetako baldintzak betetzen dituzten aukerako etiketatzeen pleguen zerrenda estatal bat egingo du.

  3. Espainian ofizialki aitortutako behi-aziendaren haragiaren kalitate-sistemaren baten barruan.gizendu eta hildako abereak bakarrik onartuko dira.

  4. Laguntza ordaindu ahal izateko, aukerako etiketatzeari buruzko baldintza-pleguen arduradunek, adierazpen geografiko babestuen kontseilu arautzaileek nahiz abeltzaintza ekologikoaren ekoizpena ziurtatzen duten erakundeek informazioa emango diote Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren X. eranskinaren arabera erakunde horien ardurapean dauden kalitate-programen babesean aurreko urte osoan hildako abereen inguruan ekoizleak 2014ko otsailaren 1a baino lehen eman beharko du informazio hori.

  5. Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuak 97. artikuluko 2. paragrafoko j) idatzi-zatian eta X. eranskinean xedatzen duenaren arabera autonomia-erkidegoek emandako informazioa oinarri hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak honela zehaztuko du abelburu bakoitzeko zenbateko laguntza emango den: funtsen kopuru osoa zati 62. artikuluko baldintzak betetzen dituzten abelburuen kopurua (gehienez, 200 abelburu ustiategi bakoitzeko).

  6. Gizendegi komunitarioak direnean, bazkide bakoitzari aplikatuko zaio ustiategi bakoitzeko 200 abelburuen muga hori. Gizendegi komunitarioko bazkide izatea justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da. Alde horretatik, gizendegi komunitarioek baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatuko da:

    1. Beren helburuetako bat izatea bazkideek behi ume-hazleak dituzten ustiategietan hazitako txahalak elkarrekin gizentzea. Hori egiaztatze aldera, bazkide bakoitzeko 200 abelbururen muga hori murriztu egingo da ustiategiko behi ume-hazleetatik jaiotako txahal kopurura, 200 baino gutxiago badira.

    2. Eskabideari abelburuak eransten dizkioten bazkide guztiek behi ume-hazleak eta prima-eskubideak edukitzea, eta urte zibil horretan behi ume-hazleen prima eskatuta edukitzea. Baldintza hori betetzen ez duten bazkideen abelburuak ez dira sartuko gizendegi komunitarioaren modulazio gehigarrian.

  7. Gizendegi komunitario batek aurkeztutako eskabide batean agertzen den bazkide bakoitzak bere aldetik ere eska dezake kalitateko behi-aziendaren haragia ekoizteko laguntza espezifikoa. Dena dela, ekoizle bati emandako laguntza, banakako eskabidea eta gizendegi komunitarioaren eskabidea gehituta, inoiz ez da izango 200 abelburutik gorakoa. Horrelako kasuetan, ekoizleak banakako eskabidean adierazi beharko du laguntza espezifikoa eskatu duen gizendegi komunitario bateko bazkide dela, gizendegiaren IFZ emanez.

    Hamahirugarrena. Esnekien sektoreko ordainketa gehigarria.

    Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren arabera, eta 2012tik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari ordainketa zuzenak egiteari buruzko urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren arabera, 2014ko kanpainan indarrik gabe geratuko dira urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 79-80 artikuluetan (biak barne) aurreikusitako esnekien sektoreko ordainketa gehigarriak.

    Hamalaugarrena. Ardi- eta ahuntz-ekoizpenaren kalitatea hobetzeko laguntza.

  1. Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko 1.a).ii) idatzi-zatian xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuko 67. eta 68. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie esne- eta/edo okel-ekoizpenaren zati bat kalitate-deitura baten babespean merkaturatzen duten ardi- eta ahuntz-ekoizleei.

  2. Ondorio horietarako, kalitate-deituratzat joko dira ardi eta ahuntzen sektorean ofizialki onartutako kalitate-sistema hauek:

    Europar Batasunaren esparrukoak:

    1. Adierazpen geografiko babestuak.

    2. Jatorri-deitura babestuak.

    3. Espezialitate Tradizional Bermatuak.

    4. Abeltzaintza ekologikoa.

      Estatuaren esparrukoak:

    5. Abeltzaintza Integratua.

    6. Aukerako etiketatzeak bat etorri beharko du Nekazaritza eta Abeltzaintzako Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren 2009ko irailaren 10eko Ebazpenarekin, Arkume- edo antxume-okelaren aukerako etiketatzearen gida onartzen duenarekin, alegia, edo Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak arau bidez aitortutako kalitatea ziurtatzeko edozein eskemarekin.

      Horrez gain, laguntza kobratzeko, honako hauek baino ez dira kontuan hartuko: urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien Elkarteei eta horien Batasunei buruzkoan, ezarritakoaren arabera erregistratutako elkarte bateko eme hautagarrien ekoizpena (okela edo esnea).

      Horrela, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoko j) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera autonomia-erkidegoek emandako informazioa abiapuntu hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, otsailaren 1a baino lehen, idatzi-zati honetako baldintzak betetzen dituzten aukerako etiketatzeen baldintza-pleguen zerrenda estatal bat egin eta jakinaraziko du.

  3. Laguntza ordainduko da ardi edo ahuntz hautagarri bakoitzeko urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, betiere araudiari jarraituz identifikatuta eta erregistratuta badaude 2014ko urtarrilaren 1ean atal honetako baldintzak betetzen dituzten ustiategietan.

  4. Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten abeltzainek gutxienez eme hautagarrien 2014ko ekoizpenaren % 35 merkaturatu beharko dute kalitate-programen barruan, betiere ustiategiko espezieak banatuta. Bai ardiak, bai ahuntzak dituzten ustiategietan, aztertu egingo da espezie bakoitzak baldintza hori betetzen duen. Espezie berarentzat hainbat ekoizpen-orientazio dituzten ustiategien kasuan betekizun hori betetzat jotzeko, ustiategiko ekoizpen-orientazioetako batean lortu beharko da portzentaje hori. Nolanahi ere, espezie berean, ekoizpen-orientazio bakarrak jasoko du laguntza. Kalitate-deitura guztiei dagokienez, merkaturatutako gutxieneko portzentaje hori betetzen dela zenbatzen hasiko da erakunde emaileak lehenbiziko ziurtagiria luzatzen duen egunetik hasita, aginte eskudunak baimena eman ondoren. Dena dela, ziurtagiri hori berritzeko orduan, urte naturalean merkaturatutako kopurua hartuko da kontuan.

  5. Gutxieneko portzentaje horiek ezartzeko, 2014an merkaturatutako esne-kantitatea edota arkume nahiz antxume kopurua umetarakoen kopurura bihurtzeko koefizienteak aplikatuko dira, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren XIII. eranskinean xedatutakoaren arabera.

  6. Abere hautagarri bakoitzeko emango den laguntzaren zenbatekoa honako hau izango da:

    1. Erkidegoaren esparruko kalitate-deiturak baldin badira, laguntzaren zenbateko osoa emango da.

    2. Estatuaren esparruko kalitate-deiturak baldin badira, laguntzaren zenbateko osoaren ehuneko 80 emango da.

      Ustiategi batean, kalitate-ekoizpenak aldi berean bi esparru horietako erkidegoko eta estatuko deituren babesean merkaturatzen badira, bi esparru horietako bakoitzean laguntza jasoko duen abere kopurua honela kalkulatuko da:

      Erkidegoaren esparruaren babesean merkaturatutako ekoizpena nahikoa baldin bada laguntza jasotzeko gutxieneko portzentajera iristeko alde batera utzita estatuaren esparruan izandako kalitate-ekoizpena, ordainketa jasotzeko eskubidea duten ustiategiko abere guztiengatik jasoko da laguntzaren zenbateko osoa.

      Gutxieneko portzentajera iristeko Europako esparruaren kalitate-ekoizpena nahikoa izan ez, baina Europakoa eta Estatukoa batuta nahikoa baldin bada, esparru horietako bakoitzean Europakoan eta Estatukoan laguntza jasotzeko eskubidea duen abere-kopurua kalkulatzeko, esparru bakoitzean merkaturatutako ekoizpena hartuko da aintzat.

      Laguntza ordaindu ahal izateko, aukerako etiketatze-pleguen arduradunek, adierazpen geografiko babestuen kontseilu arautzaileek, jatorri-deitura babestuek nahiz abeltzaintza ekologiko eta integratuaren ekoizpena egiaztatzen duten erakundeek beharrezko den informazioa emango diote Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, aurreko urte osoan beren ekoizpena urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren XII. eranskineko datuen arabera erakunde horien ardurapekoak diren kalitate-programa horien babesean merkaturatu duten ustiategien eta titularren inguruan. Informazio hori eskabide bakarra aurkeztu den urtearen hurrengoan eman behar dute, otsailaren 1a baino lehen.

  7. Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoari eta XII. eranskinari jarraituz autonomia-erkidegoek emandako informazioa oinarri hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak honela zehaztuko du abelburu bakoitzeko zenbateko laguntza emango den: guztira dauden funtsak zati 68. artikuluko baldintzak betetzen dituzten abelburuen kopurua.

    Hamabosgarrena. Ardi-sektoreko nekazarien desabantaila espezifikoak orekatzeko laguntzak.

  1. Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikuluko 1. paragrafoko b) idatzi-zatiak xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 70-72 artikuluei jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie elkartutako ardi-ustiategien titularrei, hain zuzen ere lehiakortasuna bultzatuz edo eskaintza ordenatuz edo ekoizpenaren balioa handituz jarduerari eutsi diezaioten.

  2. Laguntza ordainduko da ustiategian dauden ardi hautagarrien kopurua aintzat hartuta urtarrilaren 20ko 13/2009 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, betiere araudiari jarraituz identifikatuta eta erregistratuta badaude 2014ko urtarrilaren 1ean, eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

  3. Nekazaritza Ustiategiak Modernizatzeko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen 6. artikuluko a) eta b) idatzi-zatietan aipatutako elkarteren batean eskabide bakarra aurkezteko epea amaitu aurretik bildutako ardi-ustiategien titularrei baino ez zaizkie emango laguntzak; elkartutako ustiategietako titularrak umetarako 5.000 ardiren jabe izango dira, eta eskabidea aurkezteko epea amaitu aurretik eginak eta estatutuetan jasoak izango dituzte zenbait jarduera honako helburu hauetakoren bat lortzeko asmoz:

    1. Arkumeak gizentzeko eta tipifikatzeko edota haragia, esnea edo esnekiak edota artilea elkarrekin merkaturatzeko azpiegiturak izatea.

    2. Ekintza bateratuak egitea, ekoizpenaren trazabilitatea eta/edo etiketatzea hobetzeko.

    3. Ohiko zerbitzuak eta ordezkatzekoak izatea (esate baterako, larratzeko, ilea mozteko...).

    4. Ekoizpen- eta/edo merkaturatze-arloan, ekintza bateratuak egitea, trebatzeko, hobekuntza teknologikoak egiteko eta berrikuntza garatzeko.

      Ardi-ustiategi bateko titularrak laguntza-eskabide bakarra aurkez dezake, berak eskabidean adieraziko duen elkarte bati lotuta betiere.

      Eskatzaileak laguntza jasotzeko eskubidea izango du, baldin eta, elkarte bateko kide den aldetik, lehenago esandako eta elkarte horrek berak antolatutako jardueraren batean parte hartu badu 2014an.

  4. Era berean, honako hauek izango dira elkarteen konpromisoak:

    1. Lehen laguntza eskatu duten egunaz geroztiko hiru urteetan, hau da, laguntza eskaeraren urtean eta hurrengo bietan, jarduerari eta, gutxienez, elkarteko errolda adierazlearen % 90 eustea.

      Elkarteko errolda adierazleari eusteko konpromisoen ondorioetarako, eskatzaileen abere hautagarriak bakarrik hartuko dira kontuan.

      Elkartearen umetarako ardi hautagarrien errolda adierazlea 2014ko urtarrilaren 1ekoa izango da.

    2. Elkarteko kide diren ekoizleek banan-banako konpromisoa hartzea elkartean gutxienez 3 urtez egoteko eta bajaren berri gutxienez eguna baino 6 hilabete lehenago emateko.

      Bazkide eskatzaile batek justifikaziorik gabe ematen badu baja, elkartean egoteko banan-banako konpromisoa bete gabekotzat joko da, elkartearen errolda adierazlearekin edo gutxienekoarekin gertatzen dena gertatzen dela. Horrelakoetan, eskatzaile horiei aurreko urteetan jasotako dirua itzultzeko eska dakieke eta, gainera, urteko laguntza espezifikoa ukatuko zaie, baldin eta beste elkarte bateko kide izateko eskabidea aurkeztu badute.

      Horretaz gainera, bazkide eskatzaile baten bajaren ondorioz, elkartearen errolda adierazlea hasierako erroldatik % 90etik behera jaitsi bada urte batetik bestera, edo gutxieneko errolda 5.000tik behera jaitsi bada, elkartearen bete gabeko konpromisotzat hartuko da eta kide guztiei eragingo die. Halakoetan, konpromisoari eutsi dioten bazkideei ez zaie eskatuko aurreko urteetan jasotako dirua itzultzerik.

      Dena dela, eskatzaile batek erretiroa hartu izana, egoera bereziak eta ezinbesteko kasuak ere kontuan hartuko dira.

  5. Era honetan banatuko da abelburu bakoitzak jasoko duen dirua:

    1. Ardi- eta ahuntz-esnea edo -esnekiak erosten dituztenek egin beharreko deklarazioei buruzko urtarrilaren 21eko 61/2011 Errege Dekretuaren arabera, esnerik edo esnekirik merkaturatzen ez den ustiategietan, laguntza osoaren zenbatekoa emango da eme hautagarri bakoitzeko.

    2. Urtarrilaren 21eko 61/2011 Errege Dekretuaren arabera, edozein espezieren esnea edo esnekiak merkaturatzen diren ustiategietan, eme hautagarri bakoitzeko emango den zenbatekoa laguntza osoaren % 70 izango da.

  6. Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoaren n) idatzi-zatiari jarraituz autonomia-erkidegoek emandako informazioaren arabera, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak honela zehaztuko du abelburu bakoitzeko zenbateko laguntza emango den: guztira dauden funtsak zati atal honetako baldintzak betetzen dituen abelburu kopurua.

  7. Elkarteek zerrenda batean idatziko dituzte bazkide eskatzaileen izen-deiturak eta NAN/IFZ, bai eta eme hautagarrien errolda eta ustiategien REGA kodea ere. Izen soziala non dagoen, hango aginte eskudunari helaraziko zaio zerrenda hori, eskabide bakarra aurkezteko epea amaitu aurretik.

    Hamaseigarrena. Ahuntz-sektoreko nekazarien desabantaila espezifikoak orekatzeko laguntza.

  1. Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikuluko 1. paragrafoaren b) idatzi-zatiak xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 73-75 artikuluei jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie eremu ahuletan dauden ahuntz-ustiategien titularrei, 9.1.1 eranskinean ageri den zerrendari jarraituz: 9.1.1 eranskina, Espainiako eremu ahulen zerrenda biltzen duena, 2000-2006 aldiko laguntza-neurrien landa-garapeneko programaren barruan; zerrenda hori azaroaren 24ko C (2000) 3549 Erabakiaren bidez onartu, eta otsailaren 22ko C (2006) 607 Erabakiaren bidez aldatu zen; aintzat hartuko dira, halaber irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduko 2. atalaren 90. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera zerrenda horren gainean egindako aldaketak.

  2. Laguntza ahuntz hautagarri bakoitzeko ordainduko da urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, betiere araudiari jarraituz identifikatuta eta erregistratuta badaude 2014ko urtarrilaren 1ean eta atal honetako baldintzak betetzen dituzten ustiategietan.

    10 ahuntz hautagarri edo gehiago dituzten ustiategiek bakarrik jasoko dute laguntza.

  3. Laguntza horiek eremu ahuletan kokatutako ahuntz-ustiategiek eskuratu ahalko dituzte, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 73. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

    Ustiategiaren ekoizpen-unitateak hainbat eremutan daudenean, ustiategia eremu ahulean dagoen jakiteko, ekoizpen-unitate bakoitzean dauden ahuntzen kopurua hartuko da kontuan, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 2. artikuluari jarraituz. Ustiategia eremu ahulekotzat hartuko da baldin eta artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera eremu ahulen batean dagoen ekoizpen-unitatean edo unitateetan ustiategiko ahuntz guztien % 50 baino gehiago badaude.

    Halakoetan, hautagarritzat hartuko diren ahuntz bakarrak izango dira, aurreko atala betetzeaz gain, eremu ahuleko ekoizpen-unitateetan daudenak.

  4. Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoaren n) idatzi-zatiari jarraituz autonomia-erkidegoek emandako informazioa oinarri hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak honela zehaztuko du abelburu bakoitzeko zenbateko laguntza emango den: guztira dauden funtsak zati atal honetako baldintzak betetzen dituen abelburu kopurua.

    Hamazazpigarrena. Esne-sektoreko abeltzainen desabantaila espezifikoak orekatzeko laguntza.

  1. Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikuluko 1. paragrafoaren b) idatzi-zatiak xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 73-75 artikuluei jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie esne-behien ustiategiei, kuoten erregimena pixkanaka kentzen hasi daitezen.

  2. Laguntzak abere hautagarri bakoitzeko eta urteko emango dira. Abere hautagarriak esne oneko behiak izango dira, urriaren 29ko 1121/2009 (EE) Erregelamenduko IV. eranskinean zerrendatutako behi-arrazaren batekoak, 24 hilabetekoak edo gehiagokoak, eta eskabidea aurkeztu den urteko apirilaren 30ean ustiategian egon beharko dute, bai eta Abereen Banakako Identifikaziorako Erregistro Orokorrean inskribatuta ere, betiere 728/2007 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

    Esan bezala, abereek urriaren 29ko 1121/2009 (EE) Erregelamenduaren IV. eranskinean adierazitako behi-arrazaren batekoak izan beharko dute, eta, horrez gain, EAEn hautagarritzat joko dira suitzar arrea, Simmental eta Montbeliarde espezietako behiak, abeltzainek horretarako egiten dituzten eskaerak aintzat hartuta.

    Ondorioz, laguntza hori kobratzeko hautagarritzat har daitezkeen suitzar arrea, Simmental edo Fleckvieh eta Montbeliarde arrazetako abereak esne onekotzat joko dira eta ez ume-hazletzat. Beraz, 2014ko kanpainan, behi ume-hazleentzat dauden laguntzak kobratzeko eskubidea galduko dute.

    Foru-aldundiek adieraziko dute ustiategi bakoitzeko zenbat animalia hautagarrik betetzen dituzten hurrengo idatzi-zatian eremu ahul bakoitzerako eta modulazio tarte bakoitzerako ezarritako betekizunak.

  3. Laguntza horiek urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuko 60. artikuluan ezarritakoa betetzen duten esne-behien ustiategiek eskuratu ahalko dituzte, izan Espainiako eremu ahuletakoak nahiz eremu ahuletatik kanpokoak.

    Ustiategiaren ekoizpen-unitateak hainbat eremutan daudenean, ustiategia nolako eremutan dagoen jakiteko, eskabidea aurkezteko azken egunean ekoizpen-unitate bakoitzean dagoen abere hautagarri kopurua hartuko da kontuan. Abere hautagarri gehien dauden ekoizpen-unitatearen eremua hartuko da ustiategi osoaren eremutzat.

    Hain zuzen ere, ustiategiaren eremu horretako ekoizpen-unitateetan hasiko dira zenbatzen laguntza jasoko duten abereak, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 78. artikuluaren 2. puntuan ezarritako modulazioaren ondorioetarako. Ondoren, hurrengo eremuan edo eremuetan egingo da zenbaketa, abere hautagarri gehien dauden eremuetatik gutxien daudenetara.

  4. Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 76.2.a. artikuluan adierazitako eremuetan dauden eta esne-abereak elikatzeko bazkalekua duten ustiategietako abeltzainek laguntza osagarria jaso ahalko dute, baldin eta bazkaleku hori 0,40 hektareatik gorakoa bada eme hautagarri bakoitzeko, hala ezarrita baitago urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 77. artikuluko 1. paragrafoan.

    Laguntza honen ondorioetarako, bazkalekuak izango dira 65. artikuluaren 2. paragrafoan emandako definizioarekin bat etorri, SIGPAC sisteman larre edo lur goldagarri izan, eta ustiategia kokatua dagoen udalerrian edo inguruko udalerriren batean daudenak.

  5. Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluko 2. paragrafoaren ñ) idatzi-zatiari jarraituz autonomia-erkidegoek emandako informazioa oinarri hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak honela zehaztuko du abelburu bakoitzeko zenbateko laguntza emango den: urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 76. artikuluko 2. paragrafoaren arabera guztira dauden funtsak zati atal honetako baldintzak betetzen dituen abelburu kopurua, betiere hurrengo ataleko modulazioa kontuan hartuta.

  6. Abere hautagarri bakoitzeko laguntzen zenbatekoa honako hau izango da:

    1. lehenengo 40 abereentzat, laguntzaren zenbateko osoa; eta zenbateko osoaren % 80, gainerakoentzat. Ustiategi bakoitzean, gehienez ere, 100 abererentzat emango da laguntza.

    2. Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 76.2.a.) artikuluan adierazitako eremuetan dauden eta eme hautagarri bakoitzeko esne-abereentzako 0,40 hektareatik gorako bazkalekua duten ustiategien kasuan: laguntza osagarriaren zenbateko osoa lehenengo 40 abereentzat izango da, eta zenbateko osoaren % 70, berriz, gainerakoentzat. Ustiategi bakoitzean, gehienez ere, 100 abererentzat emango da laguntza.

      Hamazortzigarrena. Behi-esnearen eta -esnekien kalitatea hobetzeko laguntzak.

      1. Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikuluko 1. paragrafoaren a) idatzi-zatiak xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 79-83 artikuluei jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie ekoizpena lerro hauetakoren baten babesean merkaturatzen duten esne-behien ustiategiei:

        1. Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 80. artikuluan bildutako kalitate-deituretako bat izatea.

        2. «Q letra»dun aukerako etiketatzea, zeinak bete beharko baitu Esnean eta esnekietan Q letraren erabilera arautzen duen martxoaren 31ko 405/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa.

      2. Kalitate-deituratzat hartuko dira esne-behien sektoreak ofizialki aitortutako kalitate-sistema hauek:

        Europar Batasunaren esparrukoak:

        1. Adierazpen geografiko babestuak.

        2. Jatorri-deitura babestuak.

        3. Espezialitate Tradizional Bermatuak.

        4. Abeltzaintza ekologikoa.

          Estatuaren esparrukoak:

        5. Abeltzaintza integratua.

        6. Kalitate-ziurtagiriak edo berme-markak, baldin eta araudi orokorrean ezarritakoak baino betekizun gehiago badituzte. Kasu horretan, balio erantsia ematen duten elementu gisa hauetako bat dutenak bakarrik onartuko dira:

          1. Ekoizpen ezaugarriak: jardunbide estentsiboko ekoizpena.

          2. Elikadura: esnearen kalitate organoleptikoa edo elikagarria hobetzeko asmoz pentsuan labore, bitamina, gantz-azido eta beste osagai batzuen gutxieneko portzentaje edo kopuru batzuk erantsita dituzten elikadura-sistemak.

          3. Ingurumena: ustiategian energia berriztagarriak erabiltzea, energia edo baliabideak (ura) aurrezteko programak izatea, berotegi-efektuko gasen igorpena murriztea.

          4. Esnearen garbitasun- eta osasun-kalitatea nahitaezko lege-betekizunetatik haragokoa izatea:

            Horretan oinarritzen diren kalitate-ziurtagiriek, betekizunen artean, esne-behi gordinaren kalitate higienikoa ere bete beharko dute, irizpide hauei jarraikiz:

            Germenen koloniak 30° C-an (ml bakoitzeko): 50000.

            Zelula somatikoen kopurua (ml bakoitzeko): 350000.

            Baldintza hori bete den egiaztatzeko, kontuan hartuko dira esne-biltegietako laginen batez besteko geometrikoak, hau da, abenduaren 21eko 1728/2007 Errege Dekretuaren arabera Q letraren datu-basean jasoak, edo aginte eskudunak baimendutako beste edozein erregistrotan jasoak.

            Horrela, esnea eta esnekiak kalitate-sistema horien barruan merkaturatzen dituen ekoizleak laguntza hau jaso ahal izateko, gainerako baldintzak betetzeaz gain, 2014. urtean bere ustiategian hartutako lagin guztiek bete behar dituzte lehen aipatutako irizpideak.

      3. Estatuaren esparruko kalitate-ziurtagiriek urtarrilaren 23ko Errege Dekretuaren 80. artikuluko f) idatzi-zatian jasota daude ofizialtasun-aitortza eskuratu behar dute autonomiaren esparruko kasuan kasuko lege-arauaren bidez, eta, horretarako, arauak barne hartu beharko ditu kalitate-sistemaren baldintzak eta betekizunak. Euskal Autonomia Erkidegoan, arau hori Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko apirilaren 20ko Aginduan biltzen da. Agindu horren bidez, «Euskal Esnea-Leche del Pais Vasco» bereizgarriaren kalitatea ziurtatzeko eskema onartzen da.

        Eusko Jaurlaritzako Elikadura Kalitatearen Zuzendaritza arduratuko da kalitate-ziurtagiriak ofizial egiteaz, eta ofizialtasun horrek estatu osorako balioko du.

      4. Kontrol-erakunde independenteek egingo dute kanpoko kontrola, eta horien erakunde ziurtatzaileak hauek izango dira: abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretuan onartutako Industriaren Kalitaterako eta Segurtasunerako Azpiegituren Erregelamenduko II. kapituluaren 2. atalean araututakoak, edo, hala badagokio, European Co-operation for Accreditation-en Elkar Aitortzeko Hitzarmena sinatu duen beste edozein erakunde ziurtatzaile, betiere UNE-EN 45011 arauari jarraituz (UNE-EN 45011 araua, nekazaritzako elikagaien erakunde ziurtatzaileek bete beharreko baldintzei buruzkoa). Erakunde horiek gutxienez urtebeteko antzinatasuna izan behar dute.

        Kontrol-erakunde independente horiek UNE-EN 45011 araua bete behar dute, kasuan kasuko ziurtapen-eskeman ezarritako irismena aintzat hartuta.

        Nolanahi ere, kontrol-erakunde independenteak zer autonomia-erkidegotan duen egoitza soziala edo lanean non hasi behar duen, autonomia-erkidego horrexetako agintari eskudunek behin-behineko baimena eman ahalko diote erakunde horri, aldez aurreko ziurtagiririk gabe, honako baldintza hauekin:

        1. UNE-EN 45011 araua betez ziurtaturik egotea nekazaritzako elikagaien arloan, gutxienez urtebete lehenagotik, eta kalitate-sistemaren ziurtagiria eskaturik edukitzea.

        2. Behin-behineko baimena indarrean egongo da erakunde eskatzaileari jakinarazten zaion datatik aurrera 2 urtez gehienez, edo ziurtagiria lortu arte, epea laburragoa bada. Kontrol-erakunde independenteak ez balu ziurtagiria eskuratuko epe horretan, behin-behineko baimenak automatikoki galduko du indarra, eta pertsona fisiko edo juridiko berak ezingo du behin-behineko beste baimenik eskatu autonomia-erkidego berean edo beste batean. Dena dela, ziurtagiria lortu ez izana erakundearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik izan bada, epe hori 6 hilabete gehiago luzatu ahalko da.

        3. Behin-behineko baimenak estatu osorako balio du. Nolanahi ere, kontrol-erakunde independenteak aurretik aginte eskudunari adierazi behar dio haren lurralde-esparruan lanean hastera doala, baldin eta aginte hori ez bada behin-behineko baimena eman zuena.

      5. Kontrol-erakunde independenteek balio erantsia ematen duten ezaugarriak betetzen direla egiaztatuko dute auditoretzen bidez. Horretarako, behar beste irizpide tekniko aplikatuko dituzte, kalitate-ziurtagirien babespean dagoen ekoizpen osoaren ezaugarriak kontrolatzen direla ziurtatzeko.

        Horrela, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoko o) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera autonomia-erkidegoek emandako informazioa abiapuntutzat hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, otsailaren 1a baino lehen, atal honetako baldintzak betetzen dituzten kalitate-ziurtagirien zerrenda estatal bat egingo du.

      6. Abere hautagarri bakoitzeko eta urteko ordainduko da laguntza. Abere hautagarriak izateko, ardiak 24 hilabetekoak edo gehiagokoak izango dira. Gainera, Abereen Banakako Identifikaziorako Erregistro Orokorrean inskribatuta egon behar dute, 728/2007 Errege Dekretuan xedatzen denaren arabera, eta ustiategian kokatuak egon, eskabidea aurkezteko azken egunean; ustiategi horren ekoizpenak, gainera, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 79.1 artikuluko lerroren baten babespean egon beharko du merkaturatua.

      7. Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 79.1 artikuluko bi lerroetako edozeinetan laguntzak eskatu nahi dituzten abeltzainek, 60. artikuluko xedapenak betetzeaz gain, kasu bakoitzeko baldintzen barruan merkaturatu beharko dituzte esnetarako emeen ekoizpenaren % 25, gutxienez. Aginte eskudunak baimena eman ondoren, erakunde emaileak lehenbiziko ziurtagiria luzatzen duen egunetik aurrera hasiko da zenbatzen merkaturatutako gutxieneko portzentaje hori betetzen dela. Dena dela, ziurtagiri hori berritzeko orduan, urte naturalean merkaturatutako kopurua hartuko da kontuan.

        Adierazpen geografiko babestuak, jatorri-deitura babestuak eta espezialitate tradizional bermatuak arautzen dituzten kontseiluetako arduradunek eta abeltzaintza ekologiko eta integratutako ekoizpena, kalitateko ziurtagirien eskemak eta Q letra arautzen dituzten kontseiluetako arduradunek beharrezko informazioa emango diote Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, eskabide bakarra aurkeztu den urtean ez baizik eta hurrengo urteko otsailaren 1a baino lehen, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuko XIV. eranskinean xedatutakoaren arabera.

        Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 80. artikuluaren f) idatzi-zatian aipatzen diren kasuetan, hau da, kontrol-erakunde independenteak ziurtapen-eskema horien betekizunak ustiapenaren mailan ez baizik eta geroagoko fase batean egiaztatzen baditu, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 79. artikuluko 1.b) idatzi-zatian jasotzen den Q letraren logotipoa etiketan jartzeari dagokionez, XIV. eranskinaren B) idatzi-zatian aipatzen den merkaturatutako esne kilogramoen baturak bat etorri behar du eskemaren arduradunak edo Q letraren erabiltzaileak merkaturatutako esne kopuruarekin.

        Egiaztapen hori egin ahal izateko, kontrol-erakunde independenteak ziurtatu beharko du esnearen zer bolumen merkaturatu den aipatutako markarekin edo logotipoarekin. Kopuru hori idatziko da urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren XIV. eranskinaren c) idatzi-zatian, eta kontuan hartu beharko da eranskin horretako b) idatzi-zatian ipinitako kopuruen batuketak ezingo duela % 10etik gora gainditu c) idatzi-zatiko kopurua.

      8. Ustiategi bakoitzean 2. paragrafoko baldintzak betetzen dituen eme hautagarrien kopurua zein den jakiteko, eragitea hau egingo da: 2014. urtean kalitate-deituren eta Q letraren barruan merkaturatutako kiloak zati Espainiaren batez besteko esne-errendimendua (urriaren 29ko 1121/2009 (EE) Erregelamenduan zehazten da Espainiaren errendimendua).

        Dena dela, aginte eskudunak berak onartutako edozein dokumentu erabili ahalko du abeltzain bakoitzaren esne-abereen batez besteko errendimendua ziurtatzeko. Aginte eskudunak egiaztatzen baldin badu ustiategi bateko ekoizpen osoa kalitateko ekoizpen baterako edo batzuetarako dela, eskabidea aurkezteko azken egunean ustiategian kokatuta dauden 24 hilabeteko edo gehiagoko eme guztiak laguntza jasotzeko hautagarriak izango dira, esne-errendimenduaren kalkuluak egin gabe, baldin eta, 728/2007 Errege Dekretuan xedatzen denaren arabera, Abereen Banakako Identifikaziorako Erregistro Orokorrean inskribatuta badaude.

      9. Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoaren o) idatzi-zatiari eta XlV. eranskinari jarraituz autonomia-erkidegoek emandako informazioa oinarri hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak honela erabakiko du abere hautagarri bakoitzeko zenbateko laguntza emango den: guztira dauden funtsak zati laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituen abere kopurua.

      10. Abere hautagarri bakoitzeko laguntzen zenbatekoa honako hau izango da:

        1. Erkidegoaren esparruko kalitate-deiturak baldin badira, laguntzaren zenbateko osoa emango da.

        2. Gainerako kalitate-deituren eta Q letraren logotipodun aukerako etiketatzeen kasuan, berriz, laguntzaren zenbateko osoaren ehuneko 80 emango da.

          Ustiategi batek aurreko a) eta b) idatzi-zatien barruan merkaturatzen badu bere ekoizpena, idatzi-zati bakoitzeko abelburu hautagarriak zenbatuta kalkulatuko da laguntzaren zenbatekoa.

          Hemeretzigarrena. Datuak jakinaraztea.

          Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 72. artikuluko 3. paragrafoa honela idatzita gelditzen da:

          Aukerako etiketatze-pleguen arduradunek, adierazpen geografiko babestuen kontseilu arautzaileek edo abeltzaintza ekologikoaren ekoizpena egiaztatzen duten erakundeek, eskabidea aurkeztu den urtean ez baizik eta hurrengo urteko apirilaren 1a baino lehen, laguntza-erregimen hauetan ezarri diren laguntzak kudeatzeko beharrezko den informazioa emango diote Eusko Jaurlaritzan elikaduraren kalitatearen eskumena duen zuzendaritzari, eta, ondoren, zuzendaritza horrek informazio hori helaraziko dio Eusko Jaurlaritzan nekazaritza eta abeltzaintzaren eskumena duen zuzendaritzari.

          Hogeigarrena. Eskabideak aldatzea.

          Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 84. artikulua (Eskaerak aldatzea) honela idatzita gelditzen da:

          Eskabide bakarra aurkezteko epea bukatu ondoren, nekazariek maiatzaren 31ra arteko epea izango dute banakako partzelak edo ordainketa-eskubideak gehitzeko, betiere kasuan kasuko laguntza-erregimenean ezarritako baldintzak betetzen badira. Gainera, eskabide bakarrean deklaratutako partzelen erabilera edo laguntza-erregimena aldatu ahal izango dute, baldin eta eskabide bakarreko beste partzela batzuetan ere hala eskatu badute. Aldaketa horiek eragina baldin badute aurkeztu beharreko ziurtagiri edo kontraturen batean, horiek ere aldatu ahal izango dira.

          Hogeita batgarrena. Erabilera komuneko bazka-azaleren kasuan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

          13/2009 Dekretuaren V. paragrafoaren (Informazio eta dokumentazio gehigarria) XI. eranskinari (Eskaera bakarrean adierazi beharreko gutxieneko informazioa) honako paragrafo hau eransten zaio:

          1 bis. Bazkaleku komunen kasuan, partzela bakoitzeko, entitate jabeak honako hauek aurkeztu beharko ditu: bazkaleku kolektiboaren guztizko azalera egiaztatzen duen dokumentazioa, dagokion kanpainan bazkaleku hori erabiltzen duten azienda larrien guztizko kopurua, abeltzain guztien arteko banaketa, eta abere horiek bazkaleku kolektiboetan ematen duten denbora.

          Hogeita bigarrena. Laguntzen zenbatekoak jakinaraztea.

          Agindu honetan aurreikusitako laguntzen diru-zenbatekoak eta modulazio-arauak zehaztu ondoren, zehaztapen horien berri emango da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen bidez.

          Hogeita hirugarrena. Ondorioak.

          Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Dena den, 2014ko kanpainaren hasieratik (2014ko otsailaren 1etik) aplikatuko dira urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuak araututako ordainketa bakarreko erkidegoko laguntzen erregimenean eta zuzeneko laguntzen beste erregimen batzuetan agindu honen bidez egindako egokitzapenak.

          Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 9a.

          Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

          MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.