Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2014ko martxoaren 31koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentroaren egitura eta funtzionamendua arautzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 80
  • Hurrenkera-zk.: 1944
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/03/31
  • Argitaratze-data: 2014/04/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Industria; Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa; Justizia

Testu legala

Etxeko indarkeria, eta, zehatzago esanda, genero-indarkeria da gure gizarteak duen arazo latzetako bat, eta herri-aginteek berehala eta modu osatu eta koordinatuan eman behar diote erantzuna.

Azken hamarkada honetan onartutako lege sorta garrantzitsuari esker, herri-aginteek tresna tekniko eta juridiko gehiago eta eraginkorragoak erabil ditzakete, etxeko indarkeriari eta genero-indarkeriari erantzun osatua emateko. Babes-aginduen koordinazio-puntuak erakundeen arteko lankidetzaren eta jarduera integratuaren adibide argiak dira.

Uztailaren 31ko 27/2003 Legeak Etxeko Indarkeriaren Biktimak Babesteko Agindua arautu zuen. Lege horrek babes-agindu bat sortu zuen, eta agindu hori epaileak eskatu eta ebatzi ondoren, bere baitan biltzen ditu, batetik, erasotzailearen gaineko kautelazko neurri penalak (indarkeriazko ekintza gehiagorik egin ez dezan emanak), eta bestetik, babesteko neurri zibilak eta sozialak (etxeko indarkeriaren biktimak babesik gabe gera ez daitezen eta ahulezia handiko egoera horiei erantzuna eman diezaieten).

Esandakoa aplikaturik, autonomia-erkidego bakoitzean koordinazio-puntu bat ezarri da, eta puntu horretara bidaltzen du epaileak babes-agindua, eta handik komunikazio telematikoko sistema baten bidez bideratzen dira biktimak eskatzen dituen edo behar diren laguntzak; sistema horri esker berehalaxe bidaltzen da babes-agindua, guardiako epaitegitik koordinazio-zentro horretara.

Euskal Autonomia Erkidegoko babes-aginduak koordinatzeko erdigunea da Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentroa; horixe du eginkizun nagusia eta funtsa. Zentroa Herri Administrazio eta Justizia Saileko Justizia Zuzendaritzari atxikita dago, eta zerbitzu telematiko bat erabiliz egiten du lan. Zerbitzu horrek bermatzen du eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan komunikatzen eta jakinarazten dela, berehalaxe jakinarazi ere, babes-agindua, babes-agindu hori ebazten duen organo judizialetik Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentrora. Zentroaren egoitza Bilboko Justizia jauregiko 8. solairuan dago (Barroeta Aldamar kalea 10) eta EAE du lurralde-eremua.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2009ko urtarrilaren 20ko Aginduaren bidez (2009ko otsailaren 25eko EHAA, 39. zenbakia) eratu zen Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentroa, Prozedura Kriminaleko Legearen 544 ter artikuluaren 8. idatzi-zatian ezarritakoari kasu eginik, Etxeko indarkeriaren biktimak babesteko Agindua arautzen duen uztailaren 31ko 27/2003 Legearen 2. artikuluaren 8. idatzi-zatiak emandako idazkeraren arabera.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko urtarrilaren 20eko Aginduaren 1. artikuluan, Emakumearen aurkako indarkeriaren biktimak babesteko Aginduko koordinazio-zentroaren funtzioak Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren (gaur egun, Justizia Zuzendaritza) menpeko zentro bakar bati esleitzen zaizkio, hain zuzen ere, Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentroari.

2013an, zentro horren atazak ebaluatu eta bertako langileak berrantolatzeko lanari ekin zioten, langileak lan-kargara eta, organikoki haren menpean dagoenez, Justizia Zuzendaritzako Helduen Justizia Zerbitzuaren beharrizanetara egokituz. Aholkulari juridiko batek du zentroaren ardura. Eta aholkulari horrek, administrari batek eta informatikako administrari batek osatzen dute zentroa.

Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentroari, besteak beste, eginkizun berri hauek esleitu zaizkio: Justiziarekiko Lankidetza Zerbitzuak eta Helduen Justizia Zerbitzuaren menpean dauden kanpoko zerbitzuek emandako datuak mantendu, argitaratu eta eguneratzea, Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentroak babesa eta koordinazioa emango baitie zerbitzu horiei, batez ere Biktimari Laguntzeko Zerbitzuari, Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentroarekin datuak partekatu ditzan, bere lana hobeto egiteko eta genero-indarkeriaren biktimei arreta hobeto emateko.

Azaldutako guztiagatik komeni da agindu hau onartzea Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentroa gaur egungo egoerara egokitzeko, bai eta zentro horren funtzionamendua sustatzeko eta esleitu dizkioten eginkizun berriak gauzatzeko dauden baliabideak hobetzeko ere.

Hori dela eta, honako hau

Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentroa arlo horren eskumena duen Sailaren justizia arloaren eskumena duen zuzendaritzari atxikita dago eta zerbitzu telematiko bat erabiliz egiten du lan. Zerbitzu horri esker, bere bulegoak eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan jasotzen ditu, berehalaxe jaso ere, etxeko indarkeria edo genero-indarkeria kasuetan babesa emateari buruz ebazten duen organo judizialak bidalitako jakinarazpenak.

  1. Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentroak honako eginkizun hauek ditu:

    1. Genero-indarkeriaren arloko neurriren bat jasotzen duten ebazpen judizial guztiak jasotzea, organo judizial guztiek jakinarazitakoak.

    2. Genero-indarkeriaren biktimei jakinaraztea zer prestazio ematen dituen Biktimei Laguntzeko Zerbitzuak, zerbitzu horrekin koordinatuko baita, dagozkion ondorioak izan ditzan.

    3. Izendatutako arduradunaren bidez edo, hala badagokio, arduradun horrek izendatutako pertsonen bidez, Etxeko Indarkeriaren Biktimak Babesteko Erregistro Nagusiaren informazioa eskuratzea, organo judizialek emandako babes-neurriak, behin-behineko neurriak edo behin betiko neurriak benetan bete daitezen.

    4. Taldeen bileretan parte hartzea eta erakundeekin harremanetan jardutea, informazio-sistema bat eraikitzeko. Sistema horren bidez, genero-indarkeriaren egoerak zaindu eta haien jarraipena egin nahi da.

    5. Justiziarekiko lankidetza-zerbitzuen datuak mantendu, argitaratu eta eguneratzea, zerbitzu horiek koordinatuz eta babestuz, batez ere, koordinazio-zentroarekin datuak partekatuko dituen biktimari laguntzeko zerbitzua. Bere lana hobeto egiteko eta genero-indarkeriaren biktimei arreta hobea emateko partekatuko dira datu horiek.

  2. Babes-aginduari dagokionez, Koordinazio Zentroak, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuarekin batera, funtsezko zeregin hauek ditu:

    1. Laguntza eta gizarte-babesa emateko neurriak koordinatzea.

    2. Biktimari informazioa ematea eta biktima gizarte-baliabide eta -laguntzetara bideratzea.

    3. Biktimari kalte-egilearen prozedura-egoera etengabe jakinaraztea, bai eta kautelazko neurrien irismenari eta indarraldiari buruzko argibideak ematea ere.

  3. Estatistika prestatzea non agertzen den zenbat babes-agindu, kautelazko neurri eta segurtasun-neurri jaso diren, datu pertsonalak inondik inora aipatu gabe.

Emakumearen aurkako Indarkeria Koordinatzeko Zentroaren osaerari eta funtzionamenduari justizia arloaren eskumenak dituen Sailaren giza baliabide eta baliabide materialekin erantzungo zaie. Horrek ez du, hala ere, gastu publikoa areagotzea ekarriko.

Indargabetuta geratzen da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko urtarrilaren 20ko Agindua (agindu horren bidez, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimak babesteko Aginduko koordinazio-zentroen funtzioak zentro bakarrari esleitzen zitzaion, zentro hori Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren mendekoa izango zelarik), bai eta agindu honetan xedatutakoaren aurka doan maila bereko edo apalagoko xedapen oro ere.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 31.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.