Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2013ko abenduaren 18koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2014. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europako Batasuneko beste erregio eta estatu batzuetako gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 240
- Hurrenkera-zk.: 5494
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/12/18
- Argitaratze-data: 2013/12/18
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskadiko Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 24ko 193/2013 Dekretuak Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari esleitu zizkion gazteriarekin lotuta dauden arloetan egitekoak gauzatzea.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriaren esparruan jarduerak suspertzeko lanetan dihardu beste zenbait erakunderekin batera. Helburu hori lortu nahian, deialdi honetan zehazten diren eremuetako batean sartzen den jarduera bat garatzea helburu duten pertsona juridiko, publiko edo pribatuei beren xedea gauzatzen laguntzeko bideak ezartzen dira agindu horren bitartez.
Aginduak bilatzen duen gazteen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak garatzeko laguntza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren iritziz, gazteak gizartean integratzeko beste tresna bat da, horrela Euskadiko Autonomia Erkidegoko entitateei aukera emanez beraiek askatasunez hautatutako diseinuaren araberako gazte-mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak egin ditzaten, alegia, sorkuntzarako ekimena murriztu lezaketen muga estu zorrotzetatik urrun.
Hori horrela izanik, aldez aurretiko izapideen araubidearen mendean dagoen deialdi honen bitartez bi helburu lortu nahi dira batez ere: alde batetik, diru-laguntzen deialdi guztietan izan behar diren objektibotasun, partaidetza eta publizitate printzipioak bermatzeko gutxieneko oinarri legalak ezartzea eta, bestetik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diru publikoak era egokian erabiltzen direla jakin ahal izateko bideak finkatzea.
Adierazitako guztia aintzat hartuta, gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduera bat garatu nahi duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko, publiko eta pribatuek, diru-laguntzez baliatu ahal izateko moduko esparru zabala diseinatu nahi dugu. Muga bakarra, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan arlo honetara zuzendutako diru-kopurua bera izango da.
Hori dena kontuan izanik, honako hau
2014ko urtealdian gazte arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak garatzeko diru-laguntzak banatzeko modua arautzea eta horretarako deialdia egitea da agindu honen xedea, betiere ondorengo baldintza eta betebeharrak aintzakotzat izanik.
Entitate interesdunek bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.
Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola izapidetu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/14_elkartruke/eu_elk/elk.html
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero presentziala edo elektronikoa, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.
Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak.
Aurreko artikuluan aipatutako helburua betetzera zuzenduko diren baliabide ekonomikoak aurrekontuetan xede horretarako ezarritako kredituetatik etorriko dira, eta horien osoko zenbatekoa, 125.000 eurokoa izango da. Diru kopuru hori handitu ahal izango da, lehenengo Xedapen Gehigarrian ezarritakoari jarraituz.
Agindu honetako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza duten eta 6. artikuluan zehazten diren eremuetan sustapen eta difusio jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko, publiko eta pribatuek.
Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barne hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik seigarrenaren indarrez.
Edozein kasutan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.4 artikuluaren arabera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra edo erakunde autonomiadunak ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
Entitate eskatzaileak egunean izan behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak, indarrean dagoen legediak agindu bezala.
Honako eremu hauetan egiten diren jarduera zehatzak eta urteko programak lagundu ahal izango dira:
Gazte arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak.
Gazteen arteko mugikortasun eta elkartrukearekin loturiko lurraldez gaindiko sustapen, difusio edo prestakuntza jarduerak.
Deialdi honen ondorioetarako, gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jardueratzat hartuko dira Europako Batasuneko beste eskualde edo herrialdeetako gazteekin batera egiten direnak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:
Interes orokorreko gaiak izatea, garrantzitsuak parte hartzaileentzat. Jardueren gai-kontzeptuak argia behar du izan, parte hartzaileek batera lantzeko erakargarria. Gaia adostasunez aukeratu behar da, eta parte hartzaileen interesak eta beharrak bildu behar ditu. Gaia gazte-trukaketaren eguneroko jardueretan islatu behar da.
Ikaskuntza ez-formalaren metodoak aplikatzea. Jarduerek gaitasunak eskuratzea/hobetzea izango dute helburu (ezagutza, trebetasunak eta jarrerak), hartara garapen pertsonala, sozioedukatiboa eta profesionala lortzeko, ikaskuntza ez-formal eta informalaren bitartez. Jardueren abiapuntuan, sormena, parte hartze aktiboa eta ekimena (gogo ekintzailea) sustatuko dituen ikaskuntza-prozesua egongo da. Ikaskuntza-prozesu hori mugikortasun edo elkartrukerako jarduera osoan zehar planifikatu eta aztertu behar da: hausnarketarako espazio bat eskaini behar zaie parte hartzaileei, ikaskuntzarekin loturiko esperientziez eta emaitzez gogoeta egiteko.
Parte hartzaileen inplikazio aktiboa proiektuan. Eguneroko jarduera-programak eta lan-metodoek ahalik eta inplikaziorik handiena sorrarazi behar dute parte hartzaileen artean, eta ikaskuntza-prozesurako akuilua izan. Parte hartzaileak inplikatuta egongo dira, baita ere, proiektua prestatzeko eta ebaluatzeko faseetan.
Parte hartzaileen garapen soziala eta kulturala sustatzea. Jarduerek lagundu egin behar diete parte hartzaileei beren buruan ziurtasuna izaten, horrela esperientzia, jarrera eta jokamolde berriei aurre egiteko; eta lagundu behar diete beren garapen soziala edo pertsonala sendotuko duten trebetasunak, gaitasunak eta ezagutza eskuratzen edo lantzen.
Kulturartekotasuna. Mugikortasun eta elkartrukerako jarduerek gazteek beste kultura batzuenganako duten sentiberatasun positiboa areagotu behar dute, eta ingurune eta kultura ezberdinetatik datozen gazteen arteko elkarrizketa eta kulturarteko elkarguneak bultzatu behar dituzte. Horretaz gainera, laguntza eman behar dute aurreiritziak, arrazismoa eta bazterkeriak prebenitzen eta horiei aurre egiten, eta, aldiz, tolerantzia eta dibertsitatearen ulerbideak zabaltzen.
Europartasuna eta nazioartekotasuna. Mugikortasun eta elkartrukerako jarduerek balio behar dute gazteen hezkuntza-prozesua indartzeko eta haiek bizi diren ingurumari europarrarekiko eta nazioartekoarekiko kontzientziazioa handitzeko.
Iraupena. Trukaketa-jarduera bakoitzaren iraupena (bai joanekoa, bai harrerakoa) 6 eta 21 egunen artekoa izango da, egun jarraituak alegia. Horretan ez dira zenbatuko prestakuntza-egunak, trukaketaren destinorainoko bidaia, ezta jarduerak ebaluatzeko fasekoak ere.
Parte hartzaileen kopurua. Talde bakoitzetik gutxienez 6 partaide egongo dira, eta gehienez 15. Dena den, gehienezko kopurua beti izango da 60. Talde bakoitzak, gainera, monitore bat izango du gutxienez; monitore-kopurua, baina, gehienez ere bat lau pertsonako izango da, salbu eta parte hartzaileren baten beharrizan espezifikoak direla-eta monitore gehiago behar direla justifikatzen bada.
Deialdi honen ondorioetarako, gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukearekin loturiko sustapen, difusio edo prestakuntza jardueratzat hartuko dira EAEn egiten diren mintegi, prestakuntza-ikastaro edo difusio-kanpainak, baldin eta destinatzaileen artean etorkizunean beste mugikortasun edo elkartruke proiektuak egiteko xedea badute. Jarduera horiek lurraldez gaindikoak izango dira, hau da, Lurralde Historiko bateko baino gehiagoko destinatzaileak izango dituzte jomuga. Hori dela eta, ustekabe hutsez lurralde bateko baino gehiagoko parte hartzaileak egoteak berak ez du esan nahi jarduerak lurraldez gaindikotzat har daitezkeenik.
Eskaera batean berez izaera aldetik ezberdinak diren jarduera bat baino gehiago sartzen badira, banaka-banaka adierazi beharko da zeintzuk diren jarduera bakoitzaren helburuak, destinatzaileak eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontua. Horretarako, izaera aldetik ezberdintzat joko dira, xede edo destinatzaile ezberdinak dituzten jarduerak ez ezik, finantzabide propio eta bereizi bat edo gehiago dituztenak ere.
Ondorengoak joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastutzat: erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren gaineko aurrekontu banakatu eta xehatuan agertzen direnak, baldin eta zuzenean jarduera garatzearekin lotura badute.
Gazteen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jardueretan, honako gastu hauek baino ez dira diruz lagunduko:
Eskaera egiten bada bakarrik gazteak Europako Batasuneko beste erregio eta estatu batzuetara bidaltzeko, diruz laguntzeko modukotzat joko dira EAEko gazte taldeari dagozkion bidaia-gastuak, jarduerak prestatzeko eta egitekoak, eta proiektua gauzatzen den tokiko ostatu eta mantenu gastuak.
Eskaera egiten bada bakarrik Europako Batasuneko beste erregio eta estatu batzuetako gazteak hartzeko, diruz laguntzeko modukotzat joko dira gazte haientzako jarduerak prestatzeko eta gauzatzeko gastuak, eta ostatu eta mantenu gastuak ere.
Eskabide berean EAEko gazte-talde bat kanpora bidaltzeko eta Europako Batasuneko beste erregio eta estatu batzuetako gazteak hartzeko laguntza eskatzen denean, diruz laguntzeko modukotzat joko dira bai EAEko gazte-taldea bidaltzeko bidaia-gastuak bai Europako Batasuneko beste erregio eta estatu batzuetako gazteak Euskadin hartzeko gastuak, alegia, haientzako jarduerak prestatzeko eta gauzatzeko gastuak, eta ostatu eta mantenu gastuak ere.
Aurreko hiru kasuotan, honako muga hauek hartuko dira kontuan:
1. Bidaia-gastuak direla eta, jatorrizko herrialdetik jarduerak egiten diren tokirainoko joan-etorriko bidaia hartuko da aintzat, eta bitarte eta tarifa merkeenak erabiliko dira.
2. Jarduera prestatzeko eta egiteko gastuak, ostatu eta mantenu gastuak direla eta, 100 euroko gehienezko muga jarriko da parte-hartzaileko eta gauko, jarduerak dirauen bitartean.
Zergei loturiko diru-zenbatekoak laguntzeko modukotzat joko dira, eskatzaileak berak benetan ordaintzen dituenean. Ez da laguntzarik emango zeharkako zergen ondoriozko gastuetarako, berreskuratu edo konpentsatu ahal badira.
Ez da laguntzarik emango entitate eskatzailearen zeharkako gastuetarako edo egitura-gastuetarako.
Halaber, ez da laguntzarik emango inbertsio-gastuekin lotutako diru-kopuruak ordaintzeko.
Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek agertzen badira erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, edota laguntzeko modukoak izanik ere ezarritako muga gainditzen badute, Balorazio Batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu gastuok, dirulaguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.
Agindu honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira jarduera hauek:
Ikasketa akademikoetarako bidaiak.
Etekin ekonomikoa bilatzen duten elkartrukaketa-jarduerak.
Turismotzat jo daitezkeen elkartrukaketa-jarduerak.
Jaialdietan parte hartzea edo bertaratzea.
Opor-bidaiak.
Hizkuntza-ikastaroak.
Ikuskizun-birak.
Eskola-trukaketak.
Kirol-lehiaketak.
Erakundeen arauzko bilerak.
Bilera politikoak.
Auzolandegiak.
Autofinantziazioa kostu osoaren % 30 baino txikiagoa denean, hau da, erakunde eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru-sarrera propioak jarduera horren aurrekontu osoaren % 30 baino txikiagoa denean. Diru-sarrera propiotzat hartuko da administrazio publikoak partaide ez dituzten entitate pribatuek emandako diru-ekarpenak.
Gainfinantzaketa ezabatze aldera eskatutako diru-kopurua zuzentzearen ondorioz kopuru hori erabat desagertzen denean. Gainfinantzaketatzat hartuko da aurreikusitako gastuak gainditzen duen aurreikusitako diru-sarreren zatia (eskatutako diru-laguntza guztiak barne).
Funtsezko ezaugarriak zehaztugabe dituzten jarduerak. Hau da, helburuak, jarduera-programa, non egingo diren, exekuzio-egutegia, hartzaileak edo aurrekontua zehaztugabe dituzten jarduerak.
6. artikuluko 1.b ataleko arloan jasota dauden jarduerak, lurralde historiko bakar bateko destinatzaileei zuzenduta daudenean.
Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu honek eragina duen egunetik aurrera.
Eskabideak bertatik bertara aurkez daiteke, behar bezala beteriko eskaera-orri normalizatu baten bidez, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan (Zuzenean), edota 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Eskaera-orria euskadi.net guneko honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/14_elkartruke/eu_elk/elk.html
Eskabideak bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira, aipatutako euskadi-net gune horretan.
Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
Eskabidea, 11. artikuluan adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak barne, euskadi.net gune elektronikoan ere eskuragarri dagoen inprimaki normalizatuan beteko da.
Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
Proiektuari buruzko memoria zehatza, programa edo jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua barne, euskadi.net guneko honako helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/14_elkartruke/eu_elk/elk.html
Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartelaren fotokopia.
Entitatearen ordezkariak, bide presentziala erabilita, ez badu bere oniritzia ematen Barne Ministerioak nortasun-datuak benetakoak direla egiazta dezan, datuok paperean (kopiak) edo euskarri elektronikoan (pdf formatuko kopia eskaneatua, sinadura elektronikoarekin) aurkeztu beharko ditu, eta honako honen bidez frogatuko du hori: Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo pertsona fisikoa identifikatzeko balio dezakeen antzeko agiriren bat.
Gainera, proiektua hobeto baloratzeko entitate eskatzaileek egokitzat jotzen duten beste edozein dokumentu ere aurkeztu ahalko da.
Espedientea osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eskatu ahal izango dizkio Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak entitate eskatzaileari, eta entitateak aurkeztutako datuak egiaztatzeko behar diren frogak egin ahalko ditu.
Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki eta behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten entitateek Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du eskatzaile horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Zergak Nafarroan ordaindu behar dituztenen kasuan, zerga guztiak ordainduta dituztela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.
Eskatzaileak baimena eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatu ditzan, bai bide presentziala erabiltzen denean bai elektronikoa erabiltzen denean ere, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.
Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:
Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
Erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik, eta ez izatea laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege-debekuen eraginpean, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.
Entitatea dagokion erregistroan legez eratuta eta inskribatuta egotea.
Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.
Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, gerta daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak aparte utzi gabe. Gainera, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean Administrazio Publikoak ezarri ahal izango du interesdunak diru-laguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.
Administrazioak diru-laguntzen ordainketa egin ahal izateko, erakunde eskatzailea Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datubasean jasota egon beharko da.
Erakunde eskatzaileak bide elektronikoa erabiltzen badu, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko du alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, honako helbidean https://www.euskadi.net/y22-tresnak/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html
Erakunde eskatzaileak bide presentziala erabiltzen badu, alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko formularioa bete eta adierazitako tokietan aurkeztu beharko du. Hirugarrenaren datuen alta/aldaketa atalean daude argibideak, honako helbidean http://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
Deialdi honi lehiaketa bidez emango zaio ebazpena. Diru-laguntzak emateko, ezarritako epearen barruan aurkeztu diren eskaera guztiak alderatu egingo dira eta lehentasun-hurrenkera baten arabera sailkatuko dira, 14. artikuluan ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideei jarraituz. Nolanahi ere, laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da 40 puntutik gora jasotzea. Kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak eskatutako zenbatekoaren ehuneko jakin bat ematea proposatuko du; hain zuzen, ezarritako irizpideak aplikatu ostean lortzen diren puntuen araberakoa izango da ehuneko hori. Ehunekoa lortzeko formula hau aplikatuko da:
100 x (puntu kopurua-40) / 20.
Lortutako puntu-kopurua 60 baino gehiago denean, eskatutako zenbateko osoa ematea proposatuko da. Dena den, beti bete beharko da 15. artikuluan diru-laguntzen zenbatekoa eta mugei buruz ezarritakoa.
Lortutako emaitza zenbaki hamartarra bada, hurbilen duen zenbaki osoarekin biribilduko da.
Aurreko puntuan adierazitakoa aplikatu, eta diru-laguntza guztiek batera gainditzen badute jarritako diru-baliabideak, proportzionalki murriztuko dira laguntzen kopuru horiek.
Diru-laguntzak emateko egiten duen proposamenean, Balorazio Batzordeak laguntzeko jarduerak eta baztertzekoak aipatuko ditu banaturik. Eskabide berean izaera ezberdinetako jarduerak badaude eta denak laguntzen ez badira edo denak baztertzen ez badira, hots, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez.
Aurkeztu diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:
Batzordeburua: Nestor Arana Arabaolaza, Gazteriako arduraduna. Ordezkoa: Maite Artabe Urkidi, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria.
Bokala: Agurtzane Iriondo Goti, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: Fco. Javier Gutiérrez Páramo, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria.
Bokala: Arantza Urizar Sarasua, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria; idazkari moduan jardungo du. Ordezkoa: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria.
Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: 14. artikuluan aipatzen diren balorazio- eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteriako eta Kiroletako zuzendariari.
Eskabideek lortzen duten puntuazioa, 12.1 artikuluan aipatua, jarraian adierazten diren irizpideak aplikatzearen ondorioz eskuratutakoa izango da:
Entitate eskatzailean:
1. Entitate eskatzaileak jarduera horretarako dituen sarreren eta jarduerarako aurrekontu osoaren arteko proportzioa, diru-sarrera propioen ehunekorik handiena baloratuz: 10 puntu gehienez.
2. Entitate eskatzailearen jarraitasuna, egonkortasuna eta kaudimena jarduera edo programaren eremuan: 10 puntu gehienez.
Proposatutako programan edo jardueran:
1. Proiektuaren kalitatea eta proposatutako metodoak. Kontuan hartuko da proiektuaren helburuak argi eta garbi definitzea, helburu horietara programa zenbateraino egokituta dagoen, proiektua garatzen den bitartean bertan parte hartzen dutenen babeserako eta segurtasunerako dauden neurri zehatzak, eta proiektua bera eta haren emaitzak ahalik eta jasangarrienak izate aldera bukaerako ebaluazio-prozesu bat txertatzea. Gehienez ere 30 puntu.
2. Programa edo jarduerako parte hartzaileen eta onuradunen kopurua eta soslaia. Kontuan hartuko da jardueretan parte hartzen dutenen kopurua eta onuradunen kopurua; aukera gutxi duten gazteek parte hartzen duten, eta, trukaketa-jardueren kasuan, talde elkartuen eta parte hartzaileen kopuruaren arteko oreka. Gehienez ere 25 puntu.
3. Generoaren ikuspegia, hots, proiektuaren garapenean sistematikoki aintzat hartzea emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta beharrizan ezberdinak, ezberdintasunak ezabatzera eta berdintasuna sustatzera zuzendutako helburu eta jarduketa zehatzak txertatuz: gehienez 12,50 puntu.
4. Euskararen erabilera programa edo jarduera garatzean, bai giza-baliabideen alorrean bai baliabide materialen alorrean: gehienez 12,50 puntu.
Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak aurkezten den proiektu bakoitzaren aurrekontu onartuaren %70eraino irits daitezke. Emandako kopuruak exekutatutako aurrekontuan gastu guztien %70etik gora egiten badu, muga horretaraino murriztuko da eman beharreko laguntza.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, deialdi honen babesean entitate eskatzaile bakoitzari emandako dirulaguntzen guztizkoa ezingo da izan 50.000 eurotik gorakoa.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabili daitezke helburu berbererako, betiere 8.m) artikuluan aurreikusitako autofinantzaketa errespetatuz eta gainfinantzatzea ez badakar. Gainfinantzaketa gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekotik murriztu egingo da dagokion kopurua, gehienezko mugara iritsi arte.
Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
Gazteriako eta Kiroletako zuzendariak deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusi eta gero.
Ebazpen hori entitate interesdun guztiei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Ebazpen horrek administrazio bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, emandako diru-laguntzen eta erakunde onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.
Aurreko paragrafoan aipatutako sei hilabeteko epe hori amaituta, erakunde interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.
Erakunde onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.
Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:
Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.
Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.
Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
Agindu honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonek edo entitateek konpromisoa hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren babesa berariaz eta argi aipatzeko, diruz lagundutako jarduera dela-eta diru-laguntza jaso dutela jakinarazten dien ebazpena jasotzen dutenetik aurrera egiten dituzten programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen dituzten gainerako material grafiko zein soinudunetan, zeintzuk Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan editatuak izan beharko baitute. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren liburu, liburuxka edo kartelen ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Konpromiso honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta diru-laguntza jasotzen duten erakundeak, baita diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten erakundeak ere.
Diruz lagundutako jarduerak edo programak ordaindu behar den zerbitzu edo produkturen bat eskaintzen badu, erakunde onuradunak abantailak eskainiko dizkie, batez ere ekonomikoak, gazte-txartela dutenei.
Diruz lagundutako jarduketa, programa edo zerbitzuetan gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.
Diru-laguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da: lehen zatian, diru-laguntzaren kopurutik ehuneko berrogeita hamar ordainduko da, diru-laguntza aitortzen duen Gazteriako eta Kiroletako zuzendariaren ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera zenbatzen hasita bi hilabeteren barruan; bigarrenean, gainerako kopurua ordainduko da, egindako programa edo jarduera hurrengo artikuluan ezarritakoari jarraituz justifikatu ondoren.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, diru-laguntza ordainketa bakar batean ere eman ahal izango da, 16. artikuluan aipaturiko Gazteriako eta Kiroletako zuzendariaren ebazpenaren ondoko bi hilabeteetan, betiere eskabidearekin batera aurkezten bada jardueraren aurrekontuaren exekuzioa egiaztatzen duen dokumentazioa, agindu honen 19. artikuluan xedatutako eran justifikatuta.
Behin diruz lagundutako jarduerak bukatu eta gero, eta betiere abenduaren 31 baino lehen, diru-laguntzen entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
Buruturiko jarduera edo egitarauari buruzko txosten zehatza, diru-sarreren eta gastuen gauzatutako aurrekontua barne, euskadi.net guneko honako helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/14_elkartruke/eu_elk/elk.html
Diruz lagundutako jarduerak sortu dituen gastuak justifikatzen dituen dokumentazioa, emandako diru-laguntzaren adinakoa.
Nolanahi ere, organo eskudunak hala eskatzen duenean, eta hiru hilabeteko epearen barruan, aurkezpen-epetik hasita, onuradunek aurkeztutako gastuen aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen duten gainerako fakturak edo dokumentuak haren esku jartzeko konpromisoa hartuko dute.
Toki-entitateen kasuan, lagundutako jarduerak egiteko gastuen dokumentazio justifikagarria organo eskudunak, kontu-hartzaileak edo idazkari kontu-hartzaileak emandako ziurtagiri bat izango da. Ziurtagiri horretan, laguntzaren xedea eta helburua bete direla egiaztatuko du, eta horretarako erabilitako diru-kopuruak zehaztuko ditu, espresuki eta banatuta azalduta zein kopuru dagokion entitate eskatzailearen ekarpenari, eta zein kopuru dagokion beste pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatuetatik jasotakoari.
Egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko, idatzizko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.
Justifikazioak bertatik bertara aurkez daitezke, behar bezala beteriko eskaera-orri normalizatu baten bidez, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan (Zuzenean), edota 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Eskaera-orria euskadi.net guneko honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/14_elkartruke/eu_elk/elk.html
Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dira, http://www.euskadi.net/nirekudeaketak
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira betiere diru-laguntzaren xedea bete bada edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gazteriako eta Kiroletako zuzendariak bidezko likidazio-ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura erabiliz (abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena).
Hauek izango dira ez-betetzeak:
Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
Beste xedapenen batek izaera orokorrez ezarritako beste edozein obligazio betetzen ez denean.
Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten izaiki laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
artikuluan jaso den guztirako zenbateko osoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontutan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Gazteriako eta Kiroletako zuzendariaren ebazpen baten bitartez.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera, deialdi honen izapidetzan jasotako datu pertsonalak fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau eta berarekin loturiko beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzeko helburuz, bai eta bertan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Gazteria eta Kirol Zuzendaritza izango da arduraduna. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da, horretarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek, beren onespena ematen dute fitxategiko datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publikoei lagatzeko, deialdiaren helburuekin bat datozen xedeetarako baldin bada, eta baimena ematen diote Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari beste erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuen egiazkotasuna.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
EAEko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen dituen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzak emateko nahitaezko baldintza da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko aurrekontu orokorretan kreditu egokiak eta nahikoak egotea.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 18a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.