Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2013ko abenduaren 4koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinen bidez dei egiten baita uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuan jasotako laguntzak emateko. Laguntza horiek mahastizaintza eta ardogintza arloa sustatzeko programan inbertitzen laguntzeko dira, eta programa 2014ko otsailaren 1ean bukatuko da.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 238
- Hurrenkera-zk.: 5442
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/12/04
- Argitaratze-data: 2013/12/16
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza; Ekonomia; Merkataritza eta turismoa
Testu legala
Erkidegoko mahastizaintza eta ardogintzako ekoizleen lehiakortasuna areagotzeko eta ardoen kalitatea finkatzeko, ardogintza eta mahastizaintzako merkatuaren erakunde komun bat ezarri da. Europa Batasunaren erregelamenduetan ezarritako laguntza-neurrietako bat «Inbertsioak» neurria sartu da. Beste neurri batzuk aurretik ezarritako neurrien jarraipena dira.
Merkatuen erakunde komun hori (MEK) honako arau hauen arabera ezarri zen: Kontseiluaren 2008ko apirilaren 29ko 479/2008 (EE) Erregelamendua, eta Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua Kontseiluaren 479/2008 (EE) Erregelamendua garatzeko arauak ezartzen dituena. Bi erregelamenduak Batzordearen 2010eko irailaren 1eko 772/2010 (EB) Erregelamenduak aldatu zituen. Era berean, MEK hori 1234/2007 (EE) Erregelamenduan sartu zen (erregelamendu hori bakarra zen MEKentzat).
Estatuan, 2013ko uztailaren 20an argitaratu zen uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretua, Espainiako mahastizaintza eta ardogintza arloa sustatzeko 2014-2018 programako neurriak aplikatzeko dena (2013ko uztailaren 20ko BOE, 172. zk.), otsailaren 27ko 244/2009 Errege Dekretua indargabetzen duena eta bi errege-dekretu hauek aldatu zutena: otsailaren 19ko 168/2010 Errege Dekretua eta urriarne 31ko 1547/2011 Errege Dekretua, mahastizaintza eta ardogintza arloa sustatzeko programan jasotako inbertsio-neurriak arautzen dituena. Aipatutako errege-dekretuan, II. Kapituluko 4. Sekzioan, «Inbertsioak» neurria jasota dago.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Europako Erkidegoko erregelamenduak eta Estatuko oinarrizko araudia garatu eta aplikatzeko arauak abenduaren 22ko 630/2009 Dekretuak ezarri ditu (630/2009 Dekretua, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintza eta ardogintza arloari laguntzeko, Europaren laguntza-neurriak aplikatu eta garatzeko dena). Dekretu hori azaroaren 15eko 234/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen. 2013ko laguntzetarako deialdia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2013kok martxoaren 27ko Aginduaren bidez egin zen. Baina agindu horretan ez ziren sartu gerora uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren bidez ezarritako inbertsio-laguntzak.
Beraz, agindu honen bidez inbertsioak egiteko laguntzak emateko deialdia egiten da. Laguntza horiek uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren II. Kapituluaren 4. Sekzioan jasota eta araututa daude. Laguntza horiek osorik FEAGA Europar Batasunaren aurrekontuaren pentzutan ordainduko dira, baina hori bai, 2014ko ekitaldian.
Bestalde, agindu honen bidez deialdia egiten denez uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren II. Kapituluaren 4. Sekzioan aurreikusitako inbertsio-laguntzak emateko, baina laguntza horien gastua FEAGA 2014 aurrekontuari egotziko zaionez, laguntza horiek eraginkorra izateko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko Aurrekontu Orokorretan behar besteko kreditu egokia egon behar da, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.
Hori dela eta, honako hau
Lehenengoa. Xedea.
Agindu honen bidez, uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren II. Kapituluko 4. Sekzioan jasotako laguntzetarako deialdia egiten da. Laguntza horiek mahastizaintza eta ardogintza arloa sustatzeko programan inbertitzeko dira. Programa 2014ko otsailaren 1ean bukatuko da.
Bigarrena. Baldintza.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitako ondorioetarako, agindu hau eraginkorra izateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko Aurrekontu Orokorretan.
Hirugarrena. Baterazintasuna.
Agindu honen bidez deitzen diren laguntzak bateraezinak dira helburu bereko laguntzekin, eta batez ere, (Lehiatu programa) Nekazaritza- eta elikagai-produktuak eraldatu, komertzializatu eta sustatzeko laguntzei buruzko urriaren 7ko 172/2008 Dekretuan mahastizaintza eta ardogintza arloan inbertitzeko aurreikusitako laguntzekin.
Laugarrena. Eskabideak aurkeztea.
Eskabideak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari bidali behar zaizkio, 2014ko otsailaren 1a baino lehenago, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan (Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakira; 01010 posta-kodera) aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluak xedatzen duen tokiren batean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.
Eskabidearekin batera, uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren 51. artikuluaren 2. idatzi-zatian aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, eta bertan gutxienez informazio hau eman beharko da: enpresaren datu orokorrak; informazio ekonomikoa eta finantzarioa; eta informazio teknikoa. Aipatutako arauan jasotako laguntza-eskabidearen eredua onartzen da. web-orri honetatik eskuratu ahal izango da: http: //www.euskadi.net. Aurkezten den eskabidea informatikoki bete eta grabatu beharko da,http: //www.euskadi.net web-orrian, eta gero, sinatuta aurkeztu.
Eskabideak aurkezteko epea agindu honek ondorioak sortzen dituen egunean hasi eta 2014ko urtarrilaren 31n bukatuko da. Hala ere, agindua argitaratu baino lehenago aurkeztutako proiektuak epearen barruan aurkeztutako lez hartuko dira, betiere eskabidea agindu hau argitaratu baino lehenago aurkezten bada, 2013ko uztailaren 21az geroztik.
Bosgarrena. Laguntzak izapidetzea eta kudeatzea.
Eskabideak izapidetu, ebatzi eta ordaindu, uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuaren II. Kapituluaren 4. Sekzioan ezarritakoarekin bat etorriz egingo da.
Zerbait jasota ez badago Europar Batasunaren eta Estatuko oinarrizko arauetan, Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintza eta ardogintza arloari laguntzeko, Europaren laguntza-neurriak aplikatu eta garatzeko den abenduaren 22ko 630/2009 Dekretua aplikatuko da (dekretu hori azaroaren 15eko 234/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen), osagarri moduan.
Zehazki, abenduaren 22ko 630/2009 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, aurkeztutako laguntza-eskabideak kudeatu eta ebazteko. Artikulu horrekin bat etorriz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak kudeatuko ditu laguntza horiek. Era berean, aurkeztutako eskabideak balorazio-batzorde batek baloratuko ditu, abenduaren 22ko 630/2009 Dekretuaren 12. artikuluaren 2. eta 3. ataletan aurreikusitako batzordeak, hain zuzen ere.
EAEko Erakunde Ordaintzaileak ordainduko ditu laguntzak, urriaren 3ko 194/2006 Dekretuarekin bat etorriz.
Seigarrena. Errekurtsoak.
Ebazpenak laguntza baietsi nahiz ezetsi, beraren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatuarekin bat etorriz.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.
Zazpigarrena. Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 4a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.