Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2013ko martxoaren 27koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programetarako zein -egintzetarako abenduaren 22ko 630/2009 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzen deialdia 2013. urterako egiteko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 76
- Hurrenkera-zk.: 1909
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/03/27
- Argitaratze-data: 2013/04/22
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza; Informazio etak komunikazioak; Merkataritza eta turismoa
Testu legala
Erkidegoko mahastizaintza eta ardogintzako ekoizleen lehiakortasuna areagotzeko eta ardoen kalitatea finkatzeko, ardogintza eta mahastizaintzako merkatuaren erakunde komun bat ezarri da. Erkidegoko araudiak ezarritako babes-neurrien artean, erkidegoko ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetako merkatuetan sustatzea aurreikusten da. Beste neurri batzuk aurretik ezarritako neurrien jarraipena dira.
Merkatuen Antolakunde Bateratua (MAB) honako arau hauen arabera ezarri zen: Kontseiluaren 2008ko apirilaren 29ko 479/2008 (EE) Erregelamendua, eta Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua Kontseiluaren 479/2008 (EE) Erregelamendua garatzeko arauak ezartzen dituena, zein Batzordearen 2010eko irailaren 1eko 772/2010 (EB) Erregelamenduak aldatu baitzuen. MAB hori, bestalde, 1234/2007 (EE) Erregelamenduari atxiki zitzaion (MABetarako Erregelamendu bakarra).
Estatu mailan, otsailaren 27ko 244/2009 Errege Dekretuaren bitartez. ardogintza eta mahastizaintza espainiarraren sektorea laguntzeko programan jasotako neurriei aplikatzeko oinarrizko araudia finkatu da. Dekretu hori aldatu egin zen otsailaren 19ko 168/2010 Errege Dekretuaren bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Europako Erkidegoko erregelamenduak eta Estatuko oinarrizko araudia garatu eta aplikatzeko arauak abenduaren 22ko 630/2009 Dekretuak ezarri ditu (630/2009 Dekretua, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko mahastigintza eta ardogintza sektoreari laguntzeko, Europaren laguntza-neurriak aplikatu eta garatzeko dena). Dekretu hori azaroaren 15eko 234/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen.
Oraintsu, 2013ko martxoaren 8ko 202/2013 (EB) Betearazpen Erregelamenduak aldatu egin du Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua. Aldaketa horrek laguntza hauek arautzen dituzten funtsezko arauak aldatzera behartzen du, baita eskabideak aurkezteko epeak eta horiek kudeatzeko gainerako jarduerak atzeratzera ere.
Beraz, agindu honen bitartez, aipatu araudian erregulatutako eta jasotako laguntzetarako 2013-2014 kanpainarako deialdia egiten da, hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programa zein egintzak burutzeko laguntzak emateko.
Hori dela eta, honako hau
Lehenengoa. Eskabideak aurkezteko epeak.
Hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programa zein egintzetarako laguntzak jasotzeko eskabideak, 2013-2014 kanpainarakoak, 15 eguneko epean aurkeztu beharko dira, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Laguntza horiek aurreikusiak dira honako arau hauetan: Kontseiluaren 2007ko urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamendua; otsailaren 27ko 244/2009 Errege Dekretua; eta abenduaren 22ko 630/2009 Dekretua, azaroaren 15eko 234/2011 Dekretuak aldatua.
Laguntza-eskabideak Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira, organo horrek kudeatuko baititu laguntzok. Eskabide-orria Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saileko bulegoetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) eta www.nasdap.ejgv.euskadi.net web orrian eskuratu ahalko da.
Bigarrena. Egokitzapena.
Laguntza hauek Batzordearen 2013ko martxoaren 8ko 202/2013 (EB) Betearazpen Erregelamenduan eta erregelamendu horrek sartutako aldaketak Estatu espainiarrean bete beharrekoak garatzen dituen estatuko oinarrizko arauetan ezarritakora egokituko da.
Hirugarrena. Baliabideak.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke, hilabeteko epean, nekazaritza gaietan eskumena duen sailburuari; edo, baita ere, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean; bietan ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Laugarrena. Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 27a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.