Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2012ko uztailaren 19koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren 1. aldaketari hasierako onespena ematen diona, eta aldaketa hori jendaurrean jartzea eta administrazio publikoei entzunaldia eskaintzea erabakitzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 175
- Hurrenkera-zk.: 4051
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/07/19
- Argitaratze-data: 2012/09/07
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita
Testu legala
EAEko ibaien eta erreken ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak (Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeak) behin betiko onartu ziren abenduaren 22ko 415/1998 Dekretuaren eta abenduaren 28ko 455/1999 Dekretuaren bidez hurrenez hurren. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan zehazki, Ingurune Fisikoaren Antolamenduari buruzko Kapituluan ezarritakoari jarraitu zitzaion eta bertako irizpide nagusiak zehaztu ziren.
Lurraldearen Arloko Planak, onartu zirenez geroztik, antolamendurako dokumentu baliagarriak izan dira, ibaien eremuko lurralde mailako erregulazioa ahalbidetu dutenak. Hain zuzen ere, eremu horiei tratamendu osoa eta neurrizkoa eman ahal izan zaie, dituzten ingurumen-balioei aldagai anitzekoak eta sektoreartekoak, arazo hidraulikoei eta hirigintza-potentzialtasunari begira.
Eusko Jaurlaritzak, 2004-2007 urteetan, EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planen aldaketa bat bideratzeko prozesuari egin zion aurre. Helburu bikoitza zuen prozesu horrek: batetik, plan horiek lege aldetiko berrikuntza hauetara egokitzea: Urari buruzko 2000/60/CE Esparru Zuzentaraua, 1/2001 ED (Uraren Legea); 43/2003 Legea (Red Natura 2000);183/2003 Dekretua eta 9/2006 Legea (Ingurumen Tramitazioa);1/2006 Legea (Uraren Legea); eta, bestetik, Lurraldearen Arloko Planetan sartzea uholdeak prebenitzeari buruzko irizpide arauemaile berriak, Eusko Jaurlaritzaren Ur Zuzendaritzak emandakoak, 1998tik aurrera sortutako azterketa hidraulikoetan oinarrituz.
Aldaketen prozedurari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10.10 artikuluan, 14. artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian ezartzen denez, Lurraldearen Arloko Planetan egin nahi diren aldaketak Eusko Jaurlaritzak ezarritako prozedurari jarraituz egingo dira, baldin eta plan horien berrikusketa orokorra edo funtsezkorik eskatzen ez badute. Arau hori garatzeko, Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen, Lurraldearen Zatiko Planen eta Lurraldearen Arloko Planen funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura arautzen duen irailaren 9ko 206/2003 Dekretua egin zen.
Ildo horretatik, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuaren 2007ko uztailaren 6ko Agindu baten bidez, Planaren aldaketa hau ez zela funtsezkoa deklaratu zen, eta, beraz, Plan honen aldaketa onartzeko prozedura aurreko paragrafoan adierazi den dekretuaren 5. artikuluan dago jasota.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko 3/1998 Legeak ezartzen duenez, Lurraldearen Arloko Planek eta horien aldaketek ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratua behar dute. Horregatik, uztailaren 22ko 183/2003 Dekretua eta apirilaren 28ko 9/2003 Legea aplikatuz (plan eta programa jakinak ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzkoak), Plan honek ingurumenean duen eraginaren ebaluazio bateratua egiteko prozedurari ekin zitzaion 2007ko ekainaren 27an; eta 2007ko urriaren 31n jaso genuen aipatutako ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa aditzera ematen duen Ingurumen Sailburuordetzako Ebazpena.
Gero, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak bi agindu eman zituen 2007ko abenduaren 10ean, Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren 1. aldaketa behin-behinean onartzeko: Kantauriko isurialdeko ibai eta errekei zegokiena, batetik, eta Meditarraneoko isurialdekoei zegokiena, bestetik. 91 alegazio aurkeztu ziren, ordea, eta horrek prozesua moteltzea eragin zuen.
Momentu honetan, eta arau aldetiko egokitzapen bat beharrezkoa denez, Eusko Jaurlaritzak erabaki du EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren aldaketarako proiektua berriro ere bultzatzea, alegia, beste hasierako onespen bat eman, berriro ere jendaurrean jarri eta administrazioei entzunaldia eskaintzea. Halaber, bitartekoetan ahalik eta gehien aurreztu nahian, Lurraldearen Arloko Planaren aurreko bi aldaketak (Kantauriko isurialdea eta Mediterraneoko isurialdea) dokumentu bakarrean sartu dira. Era berean, dokumentuari erantsi zaizkio, ez bakarrik lege aldetiko azken berrikuntzei buruzko edukiak, baita uholdeen prebentzioari buruz Uraren Euskal Agentziak eta Konfederazio Hidrografikoek adostutako azken garapen-araudiak ere.
Lurraldearen Arloko Planaren aldaketa honek dokumentu hauek barne hartzen ditu:
Memoria.
Araudiari buruzko dokumentuari egingo zaion idazketa berria, osorik. Honako hauek izango dira dokumentu horren eduki nagusiak:
E kapituluaren idazketa berria (Berariazko Araudia, hidraulika-osagaiaren alderdia).
Beste ekarpen batzuk, A.4 atalari (Definizio terminologikoak).
Araudi mailako zenbait doikuntza, garrantzia gutxiagokoak.
Lurraldearen Arloko Planaren eranskin gisa sartzea honako dokumentazio hau:
Era berean, aipatu dugun Dekretu arautzailearen 5. artikuluari jarraituz, Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 2012ko urriaren 12an egin zuen bilkuran aldeko txostena egin zuen Lurraldearen Arloko Planaren aldaketaren gainean.
Hori dela eta, aipatutako aurrekariak ikusita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean 16. artikuluan, lehen xedapen gehigarrian eta 13. artikuluan eta irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 5.1 artikuluan jasotako eskumena baliatuz, honako hau
Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren 1. aldaketari hasierako onespena ematea.
Planaren aldaketaren agiria eta horrek ingurumenean duen eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlana jendaurrean jartzea, partikularrek eta elkarte interesdunek egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 2012ko urriaren 31ra arte.
Adierazitako epe horretan, herritarrek ikusgai izango dute Planaren aldaketaren agiri teknikoa www.euskadi.net web orrian eta toki hauetan:
Eusko Jaurlaritza:
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila.
Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza
Donostia-San Sebastián kalea 1.
01010 Vitoria-Gasteiz
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Gipuzkoako lurralde-bulegoa.
Villa Begoña.
Kristina infantaren kalea 11 (Ondarreta)
20008 Donostia-San Sebastián
Mendebaldeko Kantaurialdeko Arroen Bulegoa.
Ibañez de Bilbao kalea 28, 8. Solairua.
48009 Bilbao.
Jendaurreko erakustaldiarekin batera, lurralde-administrazio publiko guztiei entzunaldia eskaintzen zaie, epe horretan Planaren inguruko alegazioak, oharrak eta iradokizunak egin ahal izan ditzaten.
Indarrik gabe uzten dira 2007ko abenduaren 10eko bi Aginduak, Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren 1. aldaketa behin-behinean onartu zutenak (Kantauriko isurialdeko ibai eta errekei zegokiena, bata; Mediterraneoko isurialdekoei zegokiena, bestea). Ildo horretatik, agindu hau banan-banan jakinaraziko zaie 2007. urtean behin-behineko onespena eman zitzaien agirien gaineko alegazioak aurkeztu zituzten erakunde eta pertsonei.
Erabaki honen aurka ezin da errekurtsorik jarri, EAEko ibaien eta erreken ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak (Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeak) behin betiko onartzeko prozeduraren barruko izapide-egintza bat baita.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 19a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: 455/1999 DEKRETUA, abenduaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (Isurialde mediterraneoa) behin betiko onesten duena.
- Ikus: 415/1998 Dekretua, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (Isurialde kantauriarra) behin betiko onesten duena.