Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko uztailaren 18koa, Herrizaingoko sailburuarena, udalei ematen zaizkien diru-laguntzak arautu eta laguntza horiek eskatzeko deialdia egiten duena, terrorismoaren biktimentzat mingarriak edo iraingarriak izan daitezkeen edota terrorismoa goraipatzen duten pintadak ezabatzeko eta pankartak, argazkiak edo kartelak kentzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 159
  • Hurrenkera-zk.: 3743
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/07/18
  • Argitaratze-data: 2012/08/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Terrorismoaren biktimek duintasuna izateko duten eskubidea da aginte publikoek babestu beharreko oinarri morala. Begirunea izateak neurriak hartzea esan nahi du, bere izen ona zikintzen edo horiek umiliatzen dituzten eta terrorismoa goraipatzen duten ekintza publikoak gauzatzea prebenitzeko eta saihesteko.

Euskal Autonomia Erkidegoan terrorismoaren biktimentzat iraingarriak diren ekintzak gauzatzeko biderik nagusi eta ohikoena toki publikoetan pintadak egitea eta kartelak, argazkiak edo pankartak jartzea da.

Gai horri dagokionez, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko den ekainaren 19ko 4/2008 Legearen 4. artikuluak aginte publikoei eskatzen die biktimen duintasunaren aurkako pintaden eta kartelen, argazkien edo pankarten kontra jarduteko.

Jarduera horien kontra eta, oro har, indarkeria goraipatzen edo pertsonen duintasuna gutxiesten duten horien kontra, udal asko, bere eskumenen eremuan, berezko zerbitzuen bidez lanean ari dira aspaldi.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eginkizun horiek egiten jarraitzeko eta horiek areagotzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoa sustatu du elementu horiek garbitzeko eta kentzeko lanak finantzatzeko.

Adierazitakoari jarraituz, eta indarrean dagoen lege-antolamenduak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, honako hau

Agindu honen bidez arauak ezarri dira eta 2012. urteko deialdia egin da Euskal Autonomia Erkidegoko udalei diru-laguntzak emateko, pintaden garbiketak eta pankartak, argazkiak edo kartelak kentzeak sortutako gastuak ordaintzera bideratuko direnak, baldin eta terrorismoaren biktimen eta haien familiakoen izen ona galtzea, mespretxua, iraina edo umilazioa badakarte edota terrorismoa goresten badute edo terroristei omenaldia egiten badiete. Diruz lagunduko diren gastuak 2012. urtean sortuak izan beharko dira.

Agindu honen xedea betetzeko, berrehun mila (200.000) euroko zenbateko orokorra bideratuko da gehienez, dagokion aurrekontuko partidaren kontura, eta kantitate hori ezin izango da izan diru-laguntzen batura baino handiagoa.

  1. Agindu honek araututako diru-laguntzen entitate onuradunak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako udalak.

  2. Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten administrazio-zehapen edo zigor penalik jaso duten entitateek, edo horretarako ezgaitu dezakeen legezko inolako debekuan sarturik badaude.

  1. Diruz lagunduko dira pintadak, pankartak, argazkiak edo kartelak kentzeko jarduera hauek:

    Pertsona bat edo pertsona-talde bat iraintzen, mehatxatzen edo mehatxuz identifikatzen dituztenak.

    Legez kanpoko erakunde edo erakunde terrorista bat laguntzen edo goraipatzen dutenak edo horrek sinatutakoak.

    Jarduera terroristekin lotutako pertsonak laguntzen edo goratzen dituztenak.

  2. Jarduera horiek baliabide hauen bidez egin daitezke:

  1. Udaleko gastu zuzenak, pintadak garbitzeko edo pankartak, argazkiak edo kartelak kentzeko.

  2. Lehen adierazitako lanetan berezitutako enpresak edo zerbitzuak kontratatzea.

Udaltzaingoak eta Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

  1. Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak eskuratu nahi dituzten udalek arrazoitutako idazkia alkateak izenpetuta aurkeztu beharko diote Udaltzaingoak eta Segurtasun Pribatua Koordinatzeko zuzendariari, Udaltzaingoak eta Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Zuzendaritzaren erregistroan (Erandioko Larrauri Mendotxe Bidea kalea, 18) edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan onartutako edozein egoitzatan.

  2. Diru-laguntzen eskabideak Agindu hau argitaratzen den hurrengo egunetik onartuko dira 2012ko azaroaren 15a arte, hori ere barne.

  3. Agindu honen arabera, diruz laguntzen diren jardueren eskaera bakarra edo multzokatua aurkez daitezke.

  4. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

    Udaleko idazkariak luzatutako egiaztagiria, diruz lagunduko diren esku-hartzeen zerrenda jasoko duena.

    Ezabatu diren pintada, pankarta, argazki edo kartelen agiri grafikoak, memoria batek lagunduta, pintada, pankarta, argazki edo kartel horien edukia eta diruz lagunduko diren jardueren barruan sartzeko zergatia azalduko dituena. Agiri grafikoan edo memorian adierazi behar da aipatu pintada, pankarta, argazki edo kartelak noiz agertu ziren.

    Agiri grafikoak egiaztatuko du aipatu pintada, pankarta, argazki edo kartelak ezabatu egin direla, baita noiz egin den ere.

    Elementu horiek kentzeko zuzeneko gastuen fakturak.

    Elementu horiek kentzeko lanak egiteko kontratatuko den enpresak egindako banakatutako fakturak.

    Udaleko idazkariak emandako ziurtagiria, udalerriko herritarren kopurua jasoko duena biztanleen Udal Erroldaren arabera.

Udaltzainak Koordinatzeko Zuzendaritzak akats edo hutsen bat sumatzen badu aurkeztutako eskabidean, eskabide-egileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzentzeko. Epe hori agortutakoan zuzendu ez badu, eskatzaileak berak eskabidea atzera bota duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluaren arabera.

  1. Epe barruan eskabideak aurkezteko interesa duten udal guztiek, baldin eta Agindu honetan eskatutakoa betetzen dutela egiaztatzen badute, dagozkien diru laguntzak eskuratuko dituzte 8. artikuluaren arabera, aurrekontuetako baliabideak agortzen ez diren bitartean.

  2. Diru-laguntza horiek emateko ezarritako kreditua agortu eta gero, Herrizaingo sailburuak administrazio-ebazpena emango du, kreditua agortu zen eguna adieraziko duena. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  3. Eskabideak banan-banan eta hurrenkeraz ebatziko dira, behar bezala beteta geratu ahala eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, eta ordainsari bakarrean ordainduko dira, uko egiten badiote behintzat.

Deialdi honen arabera, udal bakoitzak jaso beharreko diru-laguntzen zenbatekoa aurkeztutako fakturen zenbatekoak zehaztuko du, taula honetan ezarritako gehieneko mugen barruan eta udalerriko biztanle kopuruaren arabera:

(Ikus .PDF)

Espedientea ikusi ondoren, Herrizaingoko sailburuak behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskabidea aurkezten denetik bi hilabeteko epean. Epearen barruan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea onartu dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan ezarritakoaren arabera; hala ere, aipatu legearen arabera, Administrazioak ebazpen adierazia eman behar du.

Diru-laguntza hauek jasotzea ez da bateragarria izango beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin eman ditzakeen beste diru-laguntzekin.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituzten administrazioek betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

  2. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, euren funtzioak betez, eskatutako informazioa eman beharko diete deialdi honen ondorioz jasotako diru-laguntzei buruz.

  3. Laguntza ematen duen entitateari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jaso direla xede bereko diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

  4. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, horren berri erakunde emaileari jakinarazi beharko diote.

Diru-laguntza eman ahal izateko ezarri diren baldintzetako bat ez dela bete egiaztatzen bada, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrera itzuli beharko da jasotako zenbateko osoa gehi legez dagozkion interesak.

Lehenengoa. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Herrizaingoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, aginduaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eragiten Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 18a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.