Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko ekainaren 17koa, Herrizaingoko sailburuarena, Ertzaintzaren egitura berria onartzeko dena, 2010eko otsailaren 5eko Aginduaz onartutakoari egungo edukia aldatuz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 116
  • Hurrenkera-zk.: 3186
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/06/17
  • Argitaratze-data: 2011/06/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Agindu honen bidez Ertzaintzaren egitura organikoari eragiten dioten aldaketak egingo dira, behin Herrizaingo Saileko egitura organiko eta funtzionalari buruzko azaroaren 23ko 303/2010 Dekretua indarrean sartuz gero, abuztuaren 28 471/2009 Dekretuan ezarritakoa zati batean aldatzen baitzuen.

Agindu honen xedea da 2010eko otsailaren 5eko Aginduaren bidez hasitako berregituraketan sakontzea, era horretan Ertzaintzak ematen dituen zerbitzu guztiak hobetuko dituen egitura berria eratzeko.

Aldaketarik adierazgarriena da Ertzaintzaren egituraren barruan Ekintzetarako Zuzendaritza sartzea. Zuzendaritza hori funtzionario-kidego horretako agintariek osatuta egongo da eta atalen polizia-eginkizun operatiboak zuzendu eta gainbegiratuko ditu. Aldi berean, Herrizaingo Saileko zuzendaritza-egiturarekiko solaskide bakarra izango da.

Horren bidez eraginkortasunik eta arrazionaltasunik handienak lortu nahi dira Ertzaintzaren funtzionamenduan; batetik, ekintza-agintearen profesionaltasun-irizpidea indartu egiten baita eta, bestetik, figura berriak polizia-zerbitzu guztiei kohesio handiagoa ematen baitie. Beste alde batetik, figura horrek ahalbidetzen du Ertzaintzaren barruan egitura profesionalaren agintari-karrera burutzea.

Halaber, Ertzaintza Berregituratu eta Hobetzeko Planaren ildoetatik sortuta, une honetan dauden ataletan unitateen honako berregituraketa egin da:

Ikuskaritza eta Administrazio Atalak, une honetan dauden unitateak berregituratu eta Plangintza eta Administrazio Unitateak bakar bat osatuz batu baititu, Agintaritza eta Kontrol Zentro Nagusiaren Unitatea -Herritarren Segurtasunerako eta Ekintzetarako Baliabideen Atalari esleituta baitzegoen- eta Joko eta Ikuskizunen eta Segurtasun Pribatuko Unitateak bereganatu ditu, orain arte Krimen Gaietarako Poliziaren Atalari atxikirik zeudenak.

Herritarren Segurtasunerako eta Ekintzetarako Baliabideen Atala, bere egituran Indartze Brigadaren Unitatea sartu baitu, otsailaren 5eko Aginduan ezarritako unitate berberek osatzen dute (Agintaritza eta Kontrol Zentro Nagusiaren Unitatea izan ezik, Ikuskaritza eta Administrazio Atalean txertatu delako).

Krimen Gaietarako Poliziaren Atalaren barruan Krimen Gaietarako Guardiako Ikerketa Unitatea sartu da eta harengandik Joko eta Ikuskizunen Unitatea eta Segurtasun Pribatuko Unitatea bereizi egin dira.

Trafiko Atalean eta Terrorismoaren aurkako Atalean ez dago aldaketarik 2010eko otsailaren 5eko aipatu Aginduarekiko.

Amaitzeko, Aginduak ertzain-etxeen lurralde-eremuak II. eranskinean ezartzen ditu. Egungo lurralde-mugaketa orain dela 20 urte baino gehiago diseinatutako eskema baten araberakoa da. Azken urteotako demografian, azpiegituretan, hirigintzan edo gizarte-ohituretan izandako aldaketek eraginda beharrezkoa da birplanteamendua egitea; dena den, haren egokitzapena eta garapena modu progresiboan egingo dira. Aldi berean, premiazkotzat jotzen den neurrian eta baliabideak hobeto erabiltzeko eta erantzuteko denborak murrizte aldera, eremuak aldatu ahal izango dira. Horiek horrela, etorkizunean egingo diren moldaketak erraztu nahi dira eta, horretarako, beharrezkoak ez diren berrikuntzak egin gabe eranskina eguneratzea ahalbidetuko da.

Aurrekoaren ondorioz, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 107.2 artikuluan aurreikusitako eskumenaren arabera,

  1. Ikuskaritza eta Administrazio Atala zuzenean Segurtasun Sailburuordetzaren titularraren mende egongo da eta; funtzionalki, Kabineteko eta Baliabide Teknikoen Zuzendaritzaren eta Ertzaintzaren Zuzendaritzaren mende, hain zuzen, indarreko egitura-dekretuan zuzendaritza horiei esleitutako funtzioak eta eskumenak betetzeko.

  2. Herritarren Segurtasunerako eta Ekintzetarako Baliabideen Atala, Trafiko Atala, Krimen Gaietarako Poliziaren Atala eta Terrorismoaren aurkako eta Informazioko Atala Ertzaintzaren Zuzendaritzaren mende egongo dira.

Errekurtsoak. Agindu honek administrazio bidea amaitzen duen arren, haren kontra hilabeteko epean, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Herrizaingoko sailburuari edo bi hilabeteko epean administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Bi kasuetan errekurtsoak jartzeko epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 17a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

  1. Ekintzetarako Zuzendaritza.

    Ertzaintzaren Zuzendaritzak eta Ertzaintzaren Burutza Laguntzaileak osatuko dute.

    1. Ertzaintzaren Burutza.

    Bere eginkizun nagusia da -betiere Herrizaingo Saileko zuzendaritza-organoek emandako jarraibideen arabera- Ertzaintzako atal, lurralde-unitate, unitate eta/edo sekzioen ekintzetarako agintea betetzea eta horien guztien jarduera operatiboaren zuzendaritzan, koordinazioan eta ikuskapenean erantzukizuna bere gain hartzea.

    Horretarako, irizpide eta jarraibide polizialak eman eta segurtasun-premiei erantzuteko estrategiak planifikatuko ditu. Halaber, atalen eta unitateen helburu operatiboak eta kudeaketa-helburuak ezarri, berorien emaitzak ebaluatu eta prestakuntzan eta baliabide materialen arloan dauden beharrak identifikatuko ditu.

    Orobat, Herrizaingo Saileko zuzendaritza-organoei aholku emango die segurtasun publikoaren arloan eta Ertzaintzarekin zerikusia duten alderdi guztietan.

    Ertzaintzaren Zuzendaritzak Ertzaintza ordeztuko du ekitaldi publiko eta pribatuetan zein erakunde arteko kanpo-harremanetan.

    2. Ertzaintzaren Burutza Laguntzailea.

    Bere zereginak betetzeko Ertzaintzaren Burutzak Burutza Laguntzailea izango du. Burutza Laguntzaile horrek Burutzak emandako jarraibideak betearazteko lanetan jardungo du eta, horretarako, honako hau egingo du: atalen eta unitateen koordinazio eraginkorra, berorien helburuen ikuskapena, kontrola eta ebaluazioa eta hobekuntzarako dituzten dispositiboen identifikazioa.

    Era berean, Ertzaintzaren Burutzak haren esku utzitako polizia-operatiboen plangintzaren zuzendaritza egokituko zaio, baita atal eta unitateetatik datorren barne-informazioaren bideratzea ere.

    Burutza Laguntzaileak Ertzaintzaren Burutza ordeztuko du hutsune-, absentzia- edo gaixotasun-kasuetan.

  2. Ikuskaritza eta Administrazio Atala.

    Bere eginkizun nagusia honako hau da: administrazio- eta kudeaketa-prozedurak hainbat jardun-eremutan izapidetzea; Herrizaingo Saileko zuzendaritzekiko, beste erakunde instituzional eta polizia-kidego batzuekiko harremanak bideratzea eta beraiekiko koordinazioa -gainerako polizia-atalei Agindu honetan esleitutako eskumenak bazter utzi gabe-; baita Ertzaintzaren zerbitzu guztien etengabeko hobekuntza eragiten duten antolaketa- eta lan-prozedurak ezartzea ere.

    Halaber, atal honek esku hartuko du diziplina-politikaren garapen eta sustapenean, segurtasun pribatuko jardueren kontrolean eta zorizko jokoen eta ikuskizun publikoen polizia-zaintzan eta, bestetik, Ertzaintzaren jardueraren koordinazio, ikuskapen eta kontrolean.

    Atal honek behar diren langileak eta baliabideak izango ditu; hain zuzen, indarrean dagoen Dekretuak ematen dizkien zereginetan Segurtasun Sailburuordetzari, Ertzaintzaren Zuzendaritzari, Kabineteko eta Baliabide Teknikoen Zuzendaritzari eta Udaltzaingoak Koordinatzeko eta Segurtasun Pribatuko Zuzendaritzari laguntza emateko.

    Unitate hauek osatzen dute:

    1. Diziplina Unitatea.

    Ertzaintzako langileen jokabide profesionalari dagokionez, ikerketak zuzendu, koordinatu eta garatuko ditu; horrela aintzat har daitezkeen jokabideak bultzatzeko edo legearen edo etika profesionalaren kontrako jokabideei aurrea hartzeko.

    Era berean, berariazko eginkizuna izango du Ertzaintzako diziplina-politika zehaztu, koordinatu, bultzatu eta garatzeko laguntzea eta lan egitea, horretarako prebentzio-neurriak hartuz eta diziplina-prozedurak izapidetuz. Zigor-arloko eginbide judizialen jarraipena ere egingo du, Ertzaintzako langileak beraietan sartuta baldin badaude.

    2. Administrazio Unitatea.

    Ertzaintzaren Zuzendaritzari haren zuzendaritza-eginkizunen ohiko kudeaketan zuzeneko laguntza emateko ardura duen unitatea da. Orobat, giza baliabideen, baliabide materialen eta azpiegituren esparruetan planak proposatzeko ardura izango du eraginkortasunik handiena bilatzeko eta; halaber, Ertzaintzak Giza Baliabideen Zuzendaritzarekin eta Euskal Herriko Polizia Ikastegiarekin ohiko solaskidetza lortze aldera, eremu horren barruan sartuta dauden langile guztien kudeaketarako, baita Kudeaketa Ekonomiko eta Azpiegituren Zuzendaritzarekin ere, ohiko materialei eta hornigaiei, ibilgailuei, instalazioei eta sistemari eta material informatikoari loturiko baliabideen kudeaketarako. Bestetik, elkarrizketarako organoa ere izango da, hain zuzen, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin, Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzarekin eta segurtasun-arloan ardura duten beste erakunde eta instituzio batzuekin.

    Bere eginkizun nagusia Ertzaintzaren zerbitzu guztien etengabeko hobekuntza da. Asmo horrekin, ebaluazio- eta berrikuspen-jarduerak burutuko ditu eta beroriek garatzean Segurtasun Sailburuordetza jakinaren gainean jarri eta lagundu du, baita polizia-egitekoaren antolaketa- eta objektibazio-prozedurak kalitate-estandarren arabera aplikatzean ere.

    Bere ardurapean dago Kalitatea Kudeatzeko Sistema garatzea eta Ertzaintzaren zerbitzuen ikuskapena sustatu, koordinatu eta garatzea. Orobat, premiak detektatu eta Ertzaintzaren unitateentzat prestakuntza-planak garatzeko irizpideak proposatuko ditu, hain zuzen, Euskal Herriko Polizia Ikastegira igorriko baitira.

    Ematen zaizkion azterlanak egiteaz arduratuko da interes polizialeko gaiei buruzkoak direnean.

    3. Zerbitzu Unitatea.

    Kabineteko eta Baliabide Teknikoen Zuzendaritzari haren zuzendaritza-eginkizunen ohiko kudeaketan zuzeneko laguntza emateko ardura duen unitatea da. Halaber, polizia-jardueraren kudeaketarako datuak lantzeko ardura izango du eta, ildo horretatik, datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko beharrezko antolamendu-neurriak hartuko ditu haien aldaketa, galera, prozesaketa edo baimenik gabeko atzipena eragozteko.

    Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoan eta Segurtasun Pribatuari buruzko uztailaren 30eko 23/1992 Legean aurreikusitako zehapen-erregimenaren gaineko espedienteak izapidetuko ditu.

    Bideokamerak baimendu eta kontrolatzeko zereginetan Segurtasun Sailburuordetzarekin elkarlanean arituko da. Bestetik, honako ardura hauek izango ditu: txartel profesionala egitea eta kontrolatzea, armak eta behar den dokumentazioa eman eta kentzearekin loturiko izapideak egitea, matrikula erreserbatuen kudeaketa eta barne-kontrolerako segurtasun-mekanismoak ezartzea.

    Ertzaintzako langileak izan gabe poliziaren bulego eta eraikinetara ohikotasunez sartzen diren pertsonen dokumentazioa ematea eta kontrolatzea kudeatuko du.

    Ertzaintzako terrorismoaren biktima diren kideei esker ona adierazi eta omenaldia egiteko ekitaldi ofizial eta protokolozkoetan lankidetzan arituko da, baita Musika Bandaren kudeaketan ere. Hori guztia Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzari esleitutako eskumenak alde batera utzi gabe.

    Azkenik, polizia-kidego eta -administrazioekiko harreman operatiboak bideratuko ditu, baita polizia-koordinaziorako prozesuen jarraipena ere.

    4. Agintaritza eta Kontrol Zentroaren Unitatea.

    1. Agintaritza eta Kontrol Zentro Nagusiaren Unitatea.

      Bere eginkizun espezifikoa da Ertzaintzaren Burutzari Ertzaintzako atal eta unitate guztien ohiko polizia-jardueraren plangintzan, zuzendaritzan, koordinazioan, ikuskapenean eta kontrolean laguntzea, baita Ertzaintzaren zerbitzuek egiten dituzten polizia-operatiboena ere.

      Halaber, bere eginkizuna ere bada Lurraldeko Agintaritza eta Kontrol Zentroak antolatzea eta kontrolatzea.

    2. Lurraldeko Agintaritza eta Kontrol Zentroak.

      Zentro horiek, bestalde, Ertzaintzaren lurralde-burutzei eta unitateei lagunduko diete. Eginkizun hori betetzean, honako zereginak izango ditu: polizia-baliabideak eta -zerbitzuak koordinatzea, kanpoko deiak bideratzea, gorabeherak izapidetzea, taktikak eta protokoloak aplikatzea, jarduketak gainbegiratzea eta kasuan kasuko organoak jakitun jartzea.

    3. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari Laguntzeko Zerbitzua (LAZLZ).

      Agintaritza eta Kontrol Zentro Nagusiaren Unitatearen mendekotasun organikoa dela eta, bere eginkizun espezifikoa da larrialdiak kudeatzeko sistemen eragiketan Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari laguntzea.

      5. Joko eta ikuskizunen Unitatea.

      Bere eginkizun espezifikoa da, indarrean dagoen legediari jarraiki, zorizko jokoen, ikuskizun publikoen eta jolas-jardueren burutzapenaren zaintza. Horretarako, administrazio-poliziari loturiko zereginak beteko ditu Hauteskunde Administrazio, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzaren mendekotasun funtzionalaren pean.

      6. Segurtasun Pribatuko Unitatea.

      Udaltzaingoak Koordinatzeko eta Segurtasun Pribatuko Zuzendaritzari zuzeneko laguntza emateko ardura duen unitatea da, hain zuzen, segurtasun pribatuaren arloko haren zuzendaritza-eginkizunen ohiko kudeaketan. Horrez gain, Autonomia Erkidegoko segurtasun pribatuaren eremuko enpresak, langileak eta jarduera gainbegiratzeko ardura du eta, bestetik, berari ere badagokio ikuskapen-, kontrol-, erregistro- eta espedienteen tramitazio-eginkizunak betetzea.

      Eraikinen segurtasunari buruz bere gain utzitako azterlanetan aholkularitza- eta laguntza-eginkizunak beteko ditu.

  3. Herritarren Segurtasunerako eta Ekintzetarako Baliabideen Atala.

    Atal honen eginkizun nagusiak dira:

    Ordena publikoa eta herritarren segurtasuna prebenitzea, mantentzea eta, hala badagokio, berriro ezartzea.

    Trafikoa eta errepideko garraioa zaintzea eta kontrolatzea, bere eskumenen esparruan eta Trafikoko Atalarekin koordinatuta.

    Krimen Gaietarako Poliziaren Atalarekin ikerketa eta azterketa kriminaleko eginkizunetan lankidetzan aritzea, hain zuzen, lurralde-unitateen bitartez.

    Bere unitate eta zerbitzu espezifikoen bidez Ertzaintzaren egitura osatzen duten gainerako unitate eta atalei babesa eta laguntza espezializatua ematea.

    Atal hau koordinatuta dauden bi egitura funtzional handik eratzen dute. Hona hemen: batetik, Herritarren Segurtasunarena eta, bestetik, Babeserako eta Ekintzetarako Baliabideena, Ataleko Burutzari laguntzeko behar diren langileak eta zerbitzuak izango baitituzte; hain zuzen, beraiei dagozkien jardueretan eta Polizia Jarduera Kudeatzeko Sistema koordinatu, gainbegiratu eta kontrolatzeko beren eskumeneko zereginetan, baita esleituta dituen giza baliabideen eta baliabide materialen plangintzan ere.

    Bestalde, aipatutako egiturek barnean honako unitate, sekzio eta zerbitzuak hartzen dituzte:

    1. Herritarren Segurtasuna.

    Berari dagozkio alorreko jarduerak koordinatu eta gainbegiratzeko zereginak, bere eskumenekoa den Polizia Jarduera Kudeatzeko Sistemaren kontrola eta esleituta dituen giza baliabideen eta baliabide materialen plangintza.

    1. Ertzaintzaren Lurralde-burutzak.

      Lurralde Historiko bakoitzean daude kokatuta eta beren helburua polizia-jarduerak planifikatu, koordinatu eta zuzentzea da, herritarren segurtasunekoak zein ikerketa eta azterketa kriminalekoak, baldin eta lurralde bakoitzean beren eskumenekoak diren ertzain-etxe, sekzio eta zerbitzuek burutzen badituzte.

      Beren eginkizunak betetzeko, Polizia Jarduera Kudeatzeko Sistema gainbegiratu eta kontrolatzeko beharrezkoak diren langileak eta zerbitzuak izango dituzte, baita premiazko giza baliabideak eta baliabide materialak ere. Zenbait arlo ere izango dute, hala nola, herritarren segurtasuna, plangintza eta kudeaketa, ikerketa kriminala eta azterketa kriminala eta; gainera, Lurraldeko Agintaritza eta Kontrol Zentroek babesa eta laguntza emango dizkiete.

    1. Ertzain-etxeak.

      Beren eginkizuna da dagokien lurralde-eremuan herritarrei segurtasuna, babesa eta laguntza ematea, horretarako, polizia-jarduerak planifikatuz eta garatuz. Hona hemen beteko dituzten zereginak: ordena publikoa eta herritarren segurtasuna prebenitu, mantendu eta, hala badagokio, berriro ezartzea; trafikoaren eta bide-segurtasunaren zaintza eta kontrola; erakundeen zaintza eta jagoletza, zuzenean zein zaintzaren ardura duten segurtasun pribatuko zerbitzuei laguntza emanez; Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeen artean atxilotuak, presoak eta zigortuak garraiatzea eta beren lurralde-eremuan ikerketa eta azterketa kriminal arloan dagozkien egitekoak. Era berean, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak dituen barne-araubideko arauak betetzen direla zainduko dute.

      Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoa harturik, honako ertzain-etxe hauek egongo dira:

      1. Araban.

      Guardiako ertzain-etxea

      Laudioko ertzain-etxea

      Vitoria-Gasteizko Ertzain-etxea

      2. Bizkaian.

      Balmasedako ertzain-etxea

      Basauriko ertzain-etxea

      Bilboko ertzain-etxea

      Durangoko ertzain-etxea

      Erandioko ertzain-etxea

      Galdakaoko ertzain-etxea

      Gernika-Lumoko ertzain-etxea

      Getxoko ertzain-etxea

      Muskizko ertzain-etxea

      Ondarroako ertzain-etxea

      Sestaoko ertzain-etxea

      3. Gipuzkoan.

      Azkoitiko ertzain-etxea

      Beasaingo ertzain-etxea

      Bergarako ertzain-etxea

      Donostia-San Sebastiángo ertzain-etxea

      Eibarreko ertzain-etxea

      Hernaniko ertzain-etxea

      Irungo ertzain-etxea

      Errenteriako ertzain-etxea

      Tolosako ertzain-etxea

      Zarautzeko ertzain-etxea

      Zumarragako ertzain-etxea

    2. Miñoien, Mikeleteen eta Foralen sekzioak.

      Hauek dira beren eginkizun espezifikoak: foru-erakundeak ordezkatzea, beraien agintariak babestea eta foru-ondarearen ondasunak babestu eta zaintzea. Halaber, Trafiko Atalarekin koordinatuta, errepideko garraioaren zaintza- eta ikuskapen-eginkizunak bete ahalko dituzte, baita errepideen kontserbazio- eta zaintza-eginkizunak ere.

    1. Brigada Mugikorraren Unitatea.

      Bere eginkizun espezifikoa da arrisku larriko egoeretan ordena publikoa prebenitu, mantendu eta, hala badagokio, berrezartzea; baita istripuak, hondamendia edo herri-lazeria daudenean esku hartzea ere.

      Orobat, bere eginkizun iraunkorra ere bada Herritarren Segurtasunerako eta Ekintzetarako Baliabideen Ataleko unitateei eta gainerako atalei laguntza ematea, bereziki masak kontrolatu, atxilotuak zaindu eta lekualdatzeko eta antolatutako segurtasun-dispositiboetan parte hartzeko; baita, bakoitzaren beharren arabera, ataletako unitateei esleitutako eginkizunak eta zereginak osatzeko ere.

    2. Indartze Brigadaren Unitatea.

      Bere eginkizun espezifikoa da Euskal Autonomia Erkidegoan izango diren gertakizun berezietan zerbitzuak egitea, baita komisariek egiten duten lana indartzea ere; hau da, herritarrei babesa eta laguntza ematea. Horretarako, hainbat polizia-jarduera antolatu eta garatuko dute; ordena publikoa eta herritarren segurtasuna prebenitu, mantendu eta, hala badagokio, berrezarriko dituzte; trafikoaren eta bide-segurtasunaren kontrola egingo dute, erakundeak zainduko dituzte etab.; gainera, bere jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoa izango da.

      Aurreko eginkizunez gain, bakoitzak dituen beharren arabera, ataletako unitateei esleitutako egitekoak eta zereginak osatu ahal izango dituzte.

      2. Babeserako eta Ekintzetarako Baliabideen Arloa.

      Berari dagozkio alorreko jarduerak koordinatu eta gainbegiratzeko zereginak, bere eskumenekoa den Polizia Jarduera Kudeatzeko Sistemaren kontrola eta esleituta dituen giza baliabideen eta baliabide materialen plangintza. Halaber, mehatxupean edo arriskuan dauden pertsonentzako segurtasun-zerbitzuak egiteko ardura du.

    1. Helikopteroen Unitatea.

      Bere eginkizun espezifikoa da ataletako unitateei edo zerbitzuei aireko laguntza eskaintzea prebentzio, ikerketa edo esku-hartze zereginetan. Era berean, larrialdietako arreta-zerbitzuei laguntza emateko eginkizunak beteko ditu.

    2. Esku hartzeko Unitatea.

      Ertzaintzaren beste unitate batzuei segurtasun handiko estaldura emateko eginkizunak ditu.

    3. Txakurren Unitatea.

      Bere eginkizun espezifikoa Ertzaintzaren beste unitate batzuei txakurren bidezko laguntza ematea da.

    4. Babes eta Segurtasuneko Unitatea.

      Bere eginkizun espezifikoa da agintari edo goi-kargudun izaera duten edo izan duten pertsona jakin batzuei eta mehatxatutako pertsonei babes espezializatua eskaintzea, baita enpresa pribatuek ematen duten zerbitzu hori kontrolatzea ere.

    5. Eraikinen segurtasuna.

      Bere eginkizun espezifikoa da eraikin eta instalazioetan segurtasun-zerbitzuak ematea, beroriek duten interes bereziagatik edo arriskuagatik hala behar dutenean, baita enpresa pribatuek ematen duten zerbitzu hori kontrolatzea ere.

  4. Trafiko Atala.

    Hona hemen bere eginkizun nagusiak:

    Trafikoa eta errepideko garraioa prebenitzea, zaintzea eta kontrolatzea, Herritarren Segurtasunerako eta Ekintzetarako Baliabideen Atalarekin koordinatuta.

    Berari dagozkion istripuak eta delituak ikertu eta aztertzea; hain zuzen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateen bitartez.

    Trafikoari dagokionez, Herritarren Segurtasunerako eta Ekintzetarako Baliabideen Ataleko ertzain-etxe eta sekzioei babesa eta laguntza ematea.

    Orobat, bere eginkizuna ere bada Ertzaintzaren Zuzendaritzaren eta Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzaren artean adostutako politikak eta jarraibideak ezarri eta betearaztea.

    Bere eskumenekoa den Polizia Jarduera Kudeatzeko Sistema gainbegiratu eta kontrolatzeko behar diren langileak eta zerbitzuak izango ditu, baita horretarako premiazkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak antolatu eta kudeatzeko ere.

    Esleituta dituen eginkizunei erantzuna emateko honako zerbitzu eta unitate hauek ditu:

    1. Bulego Teknikoa.

      Bere eginkizun espezifikoa da ataletako unitateen jarduerak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzeko zereginetan laguntzea, baita giza baliabideak eta baliabide materialak antolatzeko ere. Halaber, Herritarren Segurtasunerako eta Ekintzetarako Baliabideen Atalari laguntza espezializatua ematea ere.

    2. Trafikoko Lurralde Unitateak.

      Beren eginkizun espezifikoa da arauz zehaztutako bideetan ibilgailuen trafikoa eta bide-segurtasuna zaintzea eta kontrolatzea. Horrez gain, honako eginkizun hauek dituzte: errepideko garraioa kontrolatzea, garraio bereziei eta kirol-probetan laguntzea, trafikoko istripuen ikerketa, bide-segurtasunaren aurkako delituak jazartzea, istripu-kopuruen azterketa eta ertzain-etxeei laguntza espezializatua ematea.

  5. Krimen Gaietarako Atala.

    Delinkuentzia arruntaren alorrean, bere eginkizun nagusiak dira delitua eta faltak ikertzea eta jazartzea eta; bestetik, ordena publikoa eta herritarren segurtasuna prebenitu eta mantentze aldera, informazioa bilatu eta tratatzea eta azterketa kriminala egitea.

    Eginkizun horiei erantzuna emateko honako unitate eta zerbitzuak ditu:

    1. Zerbitzu Zentralen Unitatea.

      Bere eginkizun nagusia da Krimen Gaietarako Poliziaren Atalaren Burutzari laguntza ematea ikerketa kriminalari eta polizia judizialari loturiko zereginak zuzendu eta gainbegiratzeko, Ertzaintzako unitateekin eta agintaritza eta kontrol-zentroekin koordinatuta.

      Gainera, Informazio kriminalaren arloan beste polizia-kidego batzuekiko koordinazioa zentralizatzen du.

      Halaber, Krimen Gaietarako Atalarentzat giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzeko eginkizunak betetzen ditu, baita dokumentazio-zerbitzu eginkizunak ere.

    2. Krimen Gaietarako Ikerketa eta Polizia Judizialeko Unitatea.

      Delinkuentzia arruntaren eremuan, bere eginkizun orokorra da delituak eta faltak jazartzeko ikerketa eta informazioa antolatu eta kudeatzea eta, bestetik, bere eginkizun espezifikoa da delitu larriak eta krimen antolatua jazartzea.

      Egoitza nagusia du eta, bestetik, lurralde-egoitzak; hain zuzen, Lurralde Historiko bakoitzean kokatutakoak. Polizia Judiziala den aldetik, funtzio hori betetzea organo judizialen lurralde-hedapenera moldatuko da; hain zuzen, kasu bakoitzean bidezkoak diren giza baliabideak atxikirik.

    3. Krimen Gaietarako Guardiako Ikerketa Unitatea.

      Delinkuentzia arruntaren eremuan, bere eginkizun orokorra da delituak eta faltak jazartzeko ikerketa eta informazioa antolatu eta kudeatzea eta, bestetik, bere eginkizun espezifikoa da delitu larriak eta krimen antolatua jazartzea.

      Egoitza nagusia, lurralde-egoitzak eta tokiko egoitzak ditu.

    4. Polizia Zientifikoaren Unitatea.

      Bere eginkizun nagusia da honako zerbitzu hauek ematea: kriminalistikakoak, identifikaziokoak, analitikakoak eta ikerketa teknikokoak. Era berean, organo judizialek agindu dizkioten aditu- eta dokumentazio-txostenak egingo ditu.

  6. Terrorismoaren aurkako eta Informazioko Atala.

    Bere eginkizun nagusiak dira erakunde terroristek egindako delituak ikertzea eta jazartzea, baita informazioa biltzea, tratatzea eta aztertzea ere; baldin eta informazio hori askatasunez baliatzearen eta pertsonen segurtasunaren kontrako mehatxuei aurrea hartzeko eta ordena eta segurtasun publikoa bermatzeko interesgarria bada.

    Bere eskumenekoa den Polizia Jarduera Kudeatzeko Sistema gainbegiratu eta kontrolatzeko behar diren langileak eta zerbitzuak izango ditu, baita horretarako premiazkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak antolatzeko ere.

    Eginkizun horiei erantzuna emateko honako unitate eta zerbitzuak ditu:

    1. Ikerketa Unitatea.

      Bere eginkizun espezifikoa da talde edo erakunde bortitz eta terroristek egindako arau-hauste penalen ikerketa antolatzea, kudeatzea eta zuzentzea. Egoitza nagusia du eta, bestetik, lurralde-egoitzak; hain zuzen, Lurralde Historiko bakoitzean kokatutakoak.

    2. Informazio Unitatea.

      Bere eginkizun espezifikoa da terrorismoari aurrea hartzeko eta ordena eta segurtasun publikoa mantentzeko interesgarria den informazioaren bilketa, tratamendua eta azterketa antolatzea, kudeatzea eta zuzentzea. Egoitza nagusia du eta, bestetik, lurralde-egoitzak; hain zuzen, Lurralde Historiko bakoitzean kokatutakoak.

    3. Euskarri Operatibo eta Teknikoko Unitatea.

      Bere eginkizun espezifikoa da ikerketa- eta informazio-zereginak burutzeko laguntza operatiboa eta teknikoa ematea.

    4. Koordinazio Unitatea.

      Bere eginkizun espezifikoa da Terrorismoaren aurkako eta Ikerketako Atalaren arduradunei laguntzea; hain zuzen, Ertzaintzaren unitateek erakunde bortitz eta terroristei buruz egindako ikerketa eta informazioarekin loturiko irizpide operatiboak koordinatu eta gainbegiratzeko zereginetan. Halaber, erakunde terroristei buruzko ikerketa- eta informazio-arloan beste polizia eta erakunde batzuekiko koordinazio- eta lotura-eginkizunak betetzen ditu.

      Bestetik, Terrorismoaren aurkako eta Ikerketako Atalean giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzeko eginkizuna du.

    5. Lehergailuak Indargabetzeko Unitatea.

      Bere eginkizun espezifikoa da izaera nuklear, erradiologiko, bakteriologiko edo kimikoa duten gai leherkorrak edo lehergailuak neutralizatu behar diren egoeretan esku hartzea.

  1. Araban.

    Guardiako ertzain-etxea. Mañueta, Berantevilla, Bernedo, Elciego, Bilar, Kripan, Bastida, Lagran, Laguardia, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Moreda Araba, Navaridas, Oyón-Oion, Peñacerrada-Urizaharra, Samaniego, Eskuernaga, Iekora eta Zambrana.

    Laudioko ertzain-etxea. Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio, Okondo, Urduña, Orozko eta Gaubea.

    Gasteizko Ertzain-etxea. Alegría-Dulantzi, Armiñón, Arraia-Maeztu, Arrazua-Ubarrundia, Asparrena, Barrundia, Kanpezu, Kuartango, Burgelu, Harana, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Lantarón, Legutio, Erriberagoitia, Erribera Beitia, Gesaltza-Añana, Agurain, San Millán, Urkabustaiz, Vitoria-Gasteiz, Zalduondo, Zigoitia eta Zuia.

  2. Bizkaian.

    Balmasedako ertzain-etxea. Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Karrantza Harana, Galdames, Gordexola, Gueñes, Lanestosa, Sopuerta, Trucios-Turtzioz eta Zalla.

    Basauriko ertzain-etxea. Basauri eta Etxebarri Doneztebeko Elizatea.

    Bilboko ertzain-etxea. Bilbao

    Durangoko ertzain-etxea. Abadiño, Amorebieta-Etxano, Arantzazu, Areatza, Artea, Atxondo, Bedia, Berriz, Dima, Durango, Elorrio, Garai, Igorre, Iurreta, Izurtza, Lemoa, Mañaria, Otxandio, Ubide, Zaldibar eta Zeanuri.

    Erandioko ertzain-etxea. Derio, Erandio, Larrabetzu, Leioa, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio.

    Galdakaoko ertzain-etxea. Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Galdakao, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberio.

    Gernika-Lumoko ertzain-etxea. Ajangiz, Arratzu, Arrieta, Bakio, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Laukiz, Lemoiz, Maruri-Jatabe, Mendata, Meñaka, Morga, Mundaka, Mungia, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta.

    Getxoko ertzain-etxea. Barrika, Berango, Getxo, Gorliz, Plentzia, Sopelana eta Urduliz.

    Muskizko ertzain-etxea. Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi eta Zierbena.

    Ondarroako ertzain-etxea. Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar-Arbatzegi Gerrikaitz eta Ondarroa.

    Sestaoko ertzain-etxea. Barakaldo, Sestao eta Valle de Trápaga-Trapagaran.

  3. Gipuzkoan.

    Azkoitiako ertzain-etxea. Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bidegoian, Errezil eta Zestoa.

    Beasaingo ertzain-etxea. Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Ikaztegieta, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zerain.

    Bergarako ertzain-etxea. Antzuola, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga, Oñati eta Soraluze-Placencia de las Armas.

    Donostia-San Sebastiángo ertzain-etxea. Donostia-San Sebastián.

    Eibarreko ertzain-etxea. Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro eta Mutriku.

    Hernaniko ertzain-etxea. Aduna, Alkiza, Andoain, Asteasu, Astigarraga, Hernani, Larraul, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Villabona eta Zizurkil.

    Irungo ertzain-etxea. Hondarribia eta Irun.

    Errenteriako ertzain-etxea. Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteria.

    Tolosako ertzain-etxea. Albiztur, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Irura, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa eta Tolosa.

    Zarautzeko ertzain-etxea. Aia, Aizarnazabal, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia.

    Zumarragako ertzain-etxea. Ezkio-Itxaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga.