Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

BACHILLERATO. AGINDUA, PERTSONA HELDUAN BATXILERGOKO IRAKASKUNTZA ARAUTZEN DUENA.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 175
  • Hurrenkera-zk.: 4160
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/07/26
  • Argitaratze-data: 2010/09/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

23/2009 dekretuak, otsailaren 3koak, Batxilergoko curriculuma finkatu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duenak, eta 122/2010 Dekretuak, apirilaren 20koak, aurrekoa aldatzen duenak, Batxilergoa antolatzeko zenbait arau orokor dituzte, hedatu eta zehaztu beharrekoak. Otsailaren 23ko 23/2009 Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak dio helduek Batxilergoko titulua gauez erregimen presentzialean edo urrutiko erregimenean eskura dezaketela, eta beraz, beharrezkoa da bi aukera horiek zehatzago arautzea.

Agindu honek kontuan hartzen du 1467/2007 Errege Dekretuak, azaroaren 2koak, Batxilergoaren egitura ezarri eta gutxiengo irakaskuntzak finkatzeari buruzkoak, aurreikusten duena.

Helduen hezkuntzak Batxilergoa gaueko edo urrutiko erregimenean egiten duten ikasleei hezkuntza-etapa horri dagozkion gaitasunak eskuratzen lagundu behar die, hezkuntza-metodologiarik egokiena erabiliz. Gaueko erregimenean dauden ikasleentzat, metodologia hori proiektu, praktika eta lan indibidual edo kolektiboetan, monografiko, ikerketa, diziplinarteko edo antzeko beste izaera batekoetan oinarrituko da. Urrutiko hezkuntzari dagokionez, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera jasoko da lehentasunez, bai eta era autonomoan ikasteko prozesua antolatu eta kontrolatzeko aukera eskainiko duten bitarteko didaktikoen erabilera ere.

Helduentzat, Batxilergoa antolatzean, ikasleen mugikortasun-ahalmena izan behar da kontuan, bai eta ikasketak eta beste jarduera batzuk bateratzeko ahalmena ere. Horretarako, marko ireki eta malgua proposatzen da, bai eta haren ezaugarrietara egokitutako antolamendu eta egitura ere; hala, Batxilergoko titulua eskuratzeko aukera eta goi-mailako ikasketetara edo Lanbide Heziketara sartzeko aukera ahalik eta gehien erraztu behar da.

Azken finean, herritar guztiek, beren garapen pertsonal eta profesionalerako, ezagutza eta gaitasunak eskuratu, eguneratu, osatu edo sakontzeko aukera izatea da helburua, horri esker bizitza osoan zehar ikasten jarraitu ahal izateko.

Honi jarraiki,

  1. Agindu honen xedea da Batxilergoko curriculuma ezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen otsailaren 3ko 23/2009 Dekretuan eta aurrekoa aldatzen duen apirilaren 20ko 122/2010 Dekretuan xedatutakoa Batxilergoan garatzea, helduen hezkuntza arautzeari dagokionez, bai gaueko erregimen presentzialean bai urrutiko erregimenean.

  2. Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan aplikatu beharko da.

Helduentzako Batxilergoko ikasketak gaueko ikasketa-erregimen presentzialean eta urrutiko hezkuntzaren bidez garatu ahal izango dira. Horretarako baimen egokia duten ikastetxe publiko edo pribatuetan egingo dira ikasketa horiek.

  1. Helduen Batxilergoko irakaskuntzan sartu ahal izateko, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan Graduatu titulua eduki behar dute. Bestela, Batxilergoko curriculuma ezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen 23/2009 Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusten diren baldintzak betetzeaz gain, ondoko baldintza pertsonaletako bat bete behar dute:

    1. Hemezortzi urte baino gehiago izan edo ikasturtea hasten den urtean betetzea.

    2. Salbuespen gisa, hamasei urte baino gehiago izan edo ikasturtea hasten den urtean betetzea eta ikastetxeetara erregimen arruntean joateko aukera eskaintzen ez duen lan-kontratua izatea edo errendimendu handiko kirolaria izatea, eta izena ematen den ikastetxeko zuzendaritzari eskatzea.

    3. Gaixotasun, minusbaliotasun edo erregimen arruntean ikastea galarazten duen salbuespenezko beste edozein egoera pertsonalean egotea. Horrelakoetan, interesdunak matrikula-eskaera aurkeztu beharko du gaueko edo urrutiko erregimenean ikasketak egin nahi dituen ikastetxean, adierazi duen egoera berezia egiaztatzen duten agiriekin batera. Ikastetxeko zuzendaritzak txosten bat egingo du Lurralde Ordezkariarentzat, eta hark baimendu edo ukatuko du eskatutako matrikula.

  2. Ikastetxeetako zuzendariek ikasle baten matrikula baimendu dezakete: ikasturte bakoitzeko irailaren 30 arte, gaueko Batxilergoaren kasuan, eta abenduaren 30 arte, urrutiko Batxilergoaren kasuan. Data horietatik aurrera, Lurralde Ordezkaritzetako plangintza-unitateak soilik izango du matrikula berriak baimentzeko eskumena. Urrutiko Batxilergoa ematen duten ikastetxeetan, otsailean irekiko da matrikula egiteko ohiz kanpoko epea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatua helduen hezkuntzako ikastetxeetan edo Graduatuko proba askeen bidez eskuratu dutenentzat.

  3. Ezingo da Batxilergoan bi ikasketa-erregimen desberdinetan aldi berean matrikula egin. Hala ere, erregimen arrunteko ikasleek egin ahal izango dute, baldintza hau betetzen bada: haien ikastetxeak antolamendu-arrazoiak direla medio eskaintzen ez dituen ikasgaiak urrutiko erregimenean egin behar badituzte. Ikasle horien matrikula erregimen arruntekoa da eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak berariaz baimendutako ikasgaietan egingo da, Lurralde Ordezkaritzetako plangintza-unitatearen aurretiazko baimenarekin.

  4. Helduentzako Batxilergoko ikasleek ez dute izango erregimen arrunteko ikasleentzat jarraitzeko ezarritako muga. Halaxe dio Batxilergoko curriculuma ezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen 23/2009 Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak.

  1. Gaueko edo urrutiko Batxilergoko ikasleek ikasturte oso batean edo ikasgai solteetan (gehienez ere hamar) egin ahal izango dute matrikula. Edonola ere, ikasgaietan matrikulatzeko, indarreko araudian azaltzen diren arauen lehentasuna eta ikasgaien arteko bateraezintasunak errespetatu beharko dira. Gainera, hurrengo mailara pasatzeko ere ez da beharrezkoa izango gutxieneko ikasgai-kopuru bat gainditzea. Ikasgaiak banan-banan gainditu ahal izango dira, gainditutakoak berriz egin beharrik gabe.

  2. Ikasleek beren hezkuntza-ibilbidea osatuko dute Batxilergoko modalitate bat edo, arte-modalitatean, bide bat oinarri hartuta, eta aukeratutako horretan formalizatuko du matrikula. Hala, Batxilergoko titulua eskuratzeko, ikasiak eta gaindituak izan behar ditu ikasgai komun guztiak: modalitateko edo bideko sei ikasgai (horietatik, bost modalitate edo bide berekoak) eta aukerako bi ikasgai.

  3. Hala ere, gaueko Batxilergoan ikasgai bat edo batzuk gaindituta izan eta erregimen arrunteko irakaskuntzako talderen batean sartzen den ikasleak une horretan erregimen horretarako indarrean dagoen araudiari egingo dio men.

  1. Helduentzako gaueko erregimeneko Batxilergoa antolatzean, ikastetxeek kontuan izango dute, ikasgai komun guztiez gain, emateko baimena duten modalitateko edo bideko ikasgai guztiak ere eman behar dituztela.

  2. Matrikula egiterakoan, gaueko Batxilergoa egiten duten ikasleek kontuan izango dute zein ikasgaitan bertaratu ahal izango diren erregulartasunez ikasturte bakoitzean, eta haietan matrikulatuko dira. Salbuespen gisa, matrikulatutako ikasgaietako eskolaren bateko ordutegiak berdinak izan daitezke, eta ikaslea bakoitzak aukeratu beharko du zein eskolatara bertaratu.

  3. Gaueko Batxilergoko ikasleen eskola-ordutegia 17:00etatik aurrerakoa izango da, astelehenetik ostiralera. Batxilergoko ikasgaien asteko ordutegian eranskinean dago. Ikastetxeek hiru multzotan antolatu ahal izango dituzte ikasgaiak, eranskinean azaldu bezala.

  1. Helduentzako Batxilergoko ikasgai komunen, modalitate-ikasgaien eta hautazko ikasgaien curriculuma Batxilergoko erregimen arrunterako ezarritako berbera da.

  2. Didaktika Departamentuek beren programak egokituko dituzte ikasgaiak emateko, eta hala badagokio, helduen hezkuntzarako metodologiarik egokiena erabiliko dute. Dena den, metodologia horrek informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera lehentasunez jasoko du, bai eta ikasleari bere ikasteko prozesua era autonomoan antolatzeko aukera emango dion bitarteko didaktikoen erabilera ere.

  3. Gorputz Hezkuntzaren ikasgaian, curriculumeko alde teorikoei dagozkien edukiak emango dira soilik, eta ebaluazioa horien gainean egingo da.

  1. Ikasleen ebaluazioari dagokionez, Batxilergoaren antolamendua eta ebaluazio-prozesua arautzen duen Aginduan orokorrean xedatutakoaren araberakoa izango da, promozio-baldintzak ez aplikatzeari dagozkion aldeetan izan ezik.

  2. Gaueko txandan etengabeko ebaluazioa aplikatzeko, beharrezkoa da ikasle bakoitza ikasgai bakoitzeko eskola-ordutegiaren 100eko 75ean bertaratu izana, gutxienez. Ikastetxeek idatziz jakinaraziko diete baldintza hori ikasleei, matrikula egiterakoan eta etengabeko ebaluaziorako eskubidea galtzen dutenean.

  3. Urrutiko hezkuntzaren erregimenean, ikastetxeek, ikasturtean zehar, zuzeneko eta idatzizko hiruhileko hiru proba egingo dituzte, bai eta ikasgai bakoitzari dagozkion eduki guztiak jasoko dituzten ohiko eta ezohiko deialdiei dagozkien bi proba ere.

  4. Curriculum-egokitzapen, salbuespen eta baliozkotzeek trataera berdina izango dute Batxilergoan erregimen arruntean dauden helduen kasuan.

  1. Hezkuntza Orientazioa hezkuntza-jarduerako laguntza-prozesu jarraitua eta sistematikoa da. Haren helburua ikasleei proiektu pertsonalaren eta profesionalaren jabe izateko gaitasunak lortzen laguntzea da.

  2. Ikastetxe bakoitzaren Hezkuntza Proiektuan, Tutoretza Planean adieraziko dira gaueko erregimenean ikasten dutenek behar dituzten neurri bereziak.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Tutoretza Plana egiteko eta garatzeko orientabideak emango ditu, eta irakasleek ikastetxean arduraldi zuzenean ematen duten ordutegian garatuko da batez ere, ikasleen banakako eta taldekako arreta hobea izateko.

  1. Tutoretza-laguntza urrutitik eta ikastetxean bertan egingo da, banaka edo taldeka. Ikasturte hasieran, egutegia jakitera emango da. Egutegian, ikasgai bakoitzaren banakako eta taldekako tutoretzen ordutegia zehaztuko da.

  2. Banakako tutoretza telefonoz, telematikoki, postaz eta ikastetxean bertan egin ahal izango da. Tutoretza horren bidez, irakasle-tutoreak ikaslearen ikasketa-prozesuaren banakako jarraipena egingo du, orientatu egingo du eta zalantzak argituko dizkio.

  3. Taldekako tutoretzak Batxilergoko ikasgai bakoitzari buruzkoak izango dira, ikasgaiaren irakasle-tutoreak ezarriko duen jarduera-programaren arabera. Jarduera-programa hori ikasturte hasieran jakinaraziko die ikasleei.

  4. Irakasleek 25 ordu emango dituzte astean, gutxienez ere, banakako eta taldekako tutoretzak egiteko Taldekako tutoretzak egiteko, gehienez 12 ordu emango dituzte irakasleek astean. Taldekako tutoretzak ematen ari ez diren irakasleak ikastetxean izango dira, ikasleen zerbitzura, banakako tutoretzak egiteko.

  5. Urrutiko hezkuntzako ikasleen ezaugarriak direla-eta, tutoretza presentzialetara joatea borondatezkoa izango da, eta ezin izango da ebaluazio-probetara aurkezteko baldintza gisa eskatu.

  1. Batxilergoko erregimen arruntetik edo urrutiko erregimenetik datozen ikasleek gainditutako ikasgaien kalifikazioak gordeko dituzte gaueko erregimenean sartzen direnean.

  2. Batxilergoko erregimen arruntetik edo gaueko erregimenetik datozen ikasleek gainditutako ikasgaien kalifikazioak gordeko dituzte urrutiko erregimenean sartzen direnean.

  3. Jatorrizko erregimeneko aukerako ikasgairen bat ebaluazio positiboaren zain baldin badago eta gaueko edo urrutiko erregimenetan ematen ez bada, ikasleak beste bat aukeratu beharko du.

Lehenagoko ikasketa-planetatik datozen ikasleak Batxilergoaren antolamendu berrian sartzea.

  1. Teknologia eta Naturaren eta Osasunaren Zientziak modalitate zaharretako ikasleak, antolamendu berrian sartzean, Zientziak eta Teknologia modalitatean matrikulatuko dira, eta, hala badagokio, Batxilergo-titulua eskuratuko dute modalitate horretan.

  2. Ikasketa-plan berrira egokitzeko, baliokidetzat hartzen dira honako hauek: Filosofia I eta Filosofia eta herritartasuna; Filosofia II eta Filosofiaren Historia; Diseinua eta Diseinuaren oinarriak; Enpresen Ekonomia eta Antolamendua, eta Enpresaren Ekonomia. Halaber, baliokidetzat joko dira sistema berrikoen homonimoak diren sistema zaharreko ikasgai komunak eta modalitate-ikasgaiak.

    Halaber, honako hauek ere baliokidetzat hartuko dira: Irudia eta Ikus-entzunezko Kultura, Musikaren Historia, Musikaren eta Dantzaren Historia, eta Espainiako Historia.

  3. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoak ezarritako Batxilergoko lehen maila egin eta ikasgai guztiak gainditu ez dituzten ikasleek, LOEk ezarritako Batxilergoko bigarren maila hasi baino lehen, lehen mailan egindako eta gainditu gabeko ikasgaiak errekuperatu beharko dituzte, besterik ez.

  4. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoak ezarritako Batxilergoko bigarren maila egin eta errepikatu behar duten ikasleek bigarren mailan eta, hala badagokio, lehen mailan suspenditutako ikasgaiak.

  5. Xedapen honek ukitutako ikasleei ez zaie aplikatuko 1467/2007 Errege Dekretuaren 7.6 artikuluan aurretiko ezagutzak behar dituzten ikasgaiei buruz araututakoa, ikasgai hauei dagokienez: Elektroteknia, eta Lurraren zientziak eta ingurumen-zientzia.

  6. Mekanika modalitate-ikasgai gisa egin eta gainditu ez duten ikasleek bi aukera hauetako bat egin ahal izango dute: beste modalitate-ikasgai bat aukeratu, haren ordez; eta ikasgai hori ikasi, Mekanika aukerako ikasgairako ezarritako curriculumarekin. Azken kasu horretan, derrigorrezko sei modalitate-ikasgaietako bat izango da Mekanika ikasgaia.

  7. 2008-2009 ikasturtearen ondoren Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan musikarako eta dantzarako ezarritako lanbide-irakaskuntzak egiten dituzten ikasleei Batxilergoaren egitura ezarri eta gutxiengo irakaskuntzak finkatzeari buruzko azaroaren 2ko 1467/2007 Errege Dekretuaren 15.3 artikulua aplikatuko zaie, baldin eta Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak araututako Batxilergoko ikasgai komunak gaindituta badituzte. Horri esker, Batxilergo-titulua lortuko dute.

  8. Aurreko idatz-zatian aipatutako ikasleen batxiler-tituluan jarri beharreko batez besteko nota honela kalkulatuko da: Batxilergoko ikasgai komunen kalifikazioen eta musikako edo dantzako lanbide-irakaskuntzetako 5. eta 6. mailetako ikasgaien kalifikazioen (dagokion espezialitatean) batez besteko aritmetikoa egin beharko da. Ehunenik hurbilenera biribilduko da, eta distantziakidetasunaren kasuan, ehunen handira. Musikako edo dantzako lanbide-irakaskuntzetako 6. mailan zuzenean sartzen diren ikasleen kasuan, batez besteko nota kalkulatzeko, maila horretako ikasgaien kalifikazioak eta Batxilergoko ikasgai komun guztien kalifikazioak hartuko dira kontuan.

  1. Indargabetuta eta baliorik gabe geratuko dira agindu hauek:

    1. 1997ko irailaren 15eko agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Euskal Autonomia Elkarteko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan gaueko ordutegian Batxilergoa ematea arautzen duena (irailaren 25eko EHAA).

    2. 1999ko uztailaren 16ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan Urrutiko Batxilergoa arautzen duena (abuztuaren 6ko EHAA).

    3. 2000ko otsailaren 1eko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez, 1997ko irailaren 15eko Aginduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan gaueko ordutegian Batxilergoa ematea arautzen duenean, aldaketak egiten dira (otsailaren 23ko EHAA).

    4. 2002ko urriaren 14ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Mailako Hezkuntzako ikastetxeetan gauez Batxilergoa irakastea arautu zen Agindua bigarren aldiz aldarazten duena.

  2. Indargabetuta geratuko dira, halaber, maila bereko edo txikiagoko arauak, Agindu honetan araututakoaren aurka badoaz.

Lehenengoa. Agindu hau garatzea.

Hezkuntzako Sailburuordetzari baimena ematen zaio Agindu hau interpretatu eta garatzeko beharrezko diren xedapen guztiak emateko.

Bigarrena. Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 26a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Ikasgai komunak Orduak Ikasgai komunak Orduak

Gaztelania eta Literatura I 3 Gaztelania eta Literatura II 3

Euskara eta Literatura I 3 Euskara eta Euskal Literatura II 3

Gorputz-hezkuntza 2 Atzerriko hizkuntza I 3

Filosofia eta herritartasuna 3

Mundu garaikideko zientziak 2

Guztira 8 Guztira 14

Modalitateko ikasgaiak Orduak Modalitateko ikasgaiak Orduak

4 orduko 3 ikasgai 12

Aukerako ikasgaiak Orduak Aukerako ikasgaiak Orduak

4 orduko 2 ikasgai 8

Erlijioa 2*

Orduak, guztira 22 Orduak, guztira 22

HIRUGARREN MULTZOA

Ikasgai komunak Orduak

Atzerriko Hizkuntza II 3

Filosofiaren historia 3

Historia 4

Guztira 10

Modalitateko ikasgaiak Orduak

4 orduko 3 ikasgai 12

Orduak, guztira 22